Urte garai honetan egiteko aproposena ez da izango, baina guri horrela suertatu zaigu. Eguerdian iritsi gara Atxartera »Abadiñoko Mendiola auzotik pare bat kilometrora», Durangaldeko kareharri haitz artera; Urkiola alde batera, Untzillaitz atzeko aldean »Mendiola aranak gugandik bereizitako 941 metroko haitza» eta aurrez aurre, "Urresteiko normala" bidea delakoa.
Atxarteko eskalatzeko eskolara abiatu gara gaur. Behe-lainoa itxia da oso, baina Mikel ziur dago altxatuko duenaz eta eguzkiaz gozatuko dugunaz eta haitza ere berotuko denaz. Oraingoz, behintzat, fresko samar dago harria eta bera izango dugu lagun gure bide osoan zehar, beraz, hobe, epeltzen bada.
Baina Mikelek arrazoi, orain dela urte batzuk ekoizteari laga zion harrobi ondora iritsi garenean, sumatu dugu eguraldiak altxatu gura zuela. Ez da berehalakoan izan; Atxarteko Santo Kristo ermita aurretik pasatu eta eskumara dagoen erreka-zubia zeharkatu ostean gora egiten hasi arte, ez dugu behe-lainoak egiten duen jolas ederrarekin harritzeko aukerarik izan.
Errekatxo hori uda partean bainua hartzeko leku aproposa dela esan dit txoritxo batek. Antza, putzu berezitxo bat dago bertan eta elkargune ederra da eskalatu eta bueltan freskatzeko. Horra ailegatzeko, zubian aurrera egin behar da ibaian gora. Iturria ere badago.
15 bat minutu egin dugu gorantz. Gora begiratu egin dugu, baina lainoak ez digu oso argi ikusten uzten zein den igo gura dugun harrizko mendia. Mikelek eta Enekok asmatu dutela uste dute eta eskumara okertu dute norabidea apur bat. Berehala, geratu eta motxilak bizkarretik kendu ostean, atzera begiratu dugu, Untzillaitz aldera. Hori argazki zoragarria: beheko aldea ezkutatzen digu lainoak, baina mendi gaina erabat garbi ikusten dugu. Zeruak urdin-urdin agurtu gaitu eta eguzki izpien berotasuna ere sumatu dugu.
Aitz-Txiki mendia (791 metro) dugu aurrez aurre. Bere ezkerrera Abadiñoko Mendiola auzoa ikusten da lehen mailan. Hantxe dago Atxartera batzen diren eskalatzaileen beste topaleku bat: Olondo jatetxea. Udan garagardo freskoa hartzeko eta neguan kafesne beroa edateko. Harago begiratuz gero, Abadiñoko Zelaieta eta Muntsarantz auzoak ikusten dira. Goragotik, Oiz mendia ere ikusiko dugu. Eskumara, Urkiolara igotzen den errepideko bihurgune apetatsuak begiztatzen dira eta gorago begiratuz gero, Urkiolako santutegia ere begi parean izango dugu.
Materiala prestatzen
Dena dut berria. Inoiz, nerabea nintzela, trenbide zaharreko orman behera jaitsi nintzen herrian, sokaz lagunduta, baina harrezkero horrelakorik egin barik nengoen. Eta arnesak, katu hankak, friend delakoak eta antzeko berbak entzuten hasi naiz. "Jantzi ezazu hau eta buruan kaskoa jarri; harri solte asko egoten da paraje honetan-eta", esan dit Enekok. Mikelek, berriz, katu-hankak utzi dizkit eta bidea egiteko erabiliko duen soka lotu dit. 60 metroko bi soka daramatzagu. Nik egia esateko, oraindik ez dakit oso ondo zertarako diren gerri bueltan, arnesera lotuta, dituzten zintzilikario horiek guztiak, baina "eurak dira dakitenak eta fidatu beharko naiz" pentsatu dut. Horrela bada, Mikelek ekin dio bideari. Berak egingo digu bidea eta soka segurtatu ostean guk noiz ekin adieraziko digu. Bere abisuaren zain geratu beharra daukagu, luze bakoitzeko. Segurtasuna. Gehienetan, bistatik galdu dugu Mikel eta bere ahotsa entzun zain egon behar izan dugu Enekok eta biok. "Ixo, ea entzuten dugun", esan behar izan dit Enekok behin baino gehiagotan.
Putreak buru gainean
Putreak adi-adi begira genituela ekin diogu bideari. Gure oinarrizko kanpamendura iritsi aurretik hegazti handi bat ikusi dudala iruditu zait. Putrea zen. Bere lagunengana hegan egiten ikusi dugu. Guk igo behar dugun ondoko horma gainera egin du. Han, beste bi putre ditu zain. Adi-adi begira izan ditugu hirurak, denbora luzez. Eta kontuz ibiltzeko abisua ere eman digute. Mikelen burutik oso gertu egin du hegan batek. Urkiolako Natur Parkearen mugen barruan gaude eta hori ezin dugu ahaztu. Hegazti harrapari ugaltzaileen herena harkaiztegietan biltzen da eta eskalada horma eta labarren goialdetan ibiltzea araututa dauka Urkiolako Patronatuak hegaztien komunitatearen inkubazio eta hazkuntza aldian kalterik ez eragiteko. Atxarteko hormetan baimenduta dago eskalatzea, eta leku guztietan legez, gutxieneko arauak bete behar dira. Ez diot bakarrik inguruko hegaztiak pakean uzteagatik, baizik harkaitzean gora egiteko moduak ere zaintzea komeni da. Esaterako, ikusi dugu pioletez haitzean gora egiten eskalatzaile bat. Ni neu, aitortzen dut, ez naiz aditua horretan, baina uste dut, tresna horiek markak uzten dituztela haitzean eta hurrengoan atzetik datorrenak arazoak izan ditzakeela igotzeko.
Hainbat luze
Gora hainbat luzetan egin dugu. Lehen zatia nahiko samur egin dugu. "Urresteiko normala" delako bidea zailtasun gutxiko igoera da »200 metro, IV+ zailtasun maila», baina "inoiz eskalatu ez duenarentzat, baliteke zati zail samarren bat izatea". Eskerrak abisatu zidaten! Izan ere, azkeneko zatian txarto samar pasatu nuen. Harri niretzako handiegi baten gainaldera igotzea falta zitzaidan, "balkoitxora" iristeko eta bistaz gozatzeko. Loturik nengoen; Mikelek aseguratuta ninduen, baina ez nekien nora heldu. Atxartek helduleku asko izateko fama du, baina justu ni nengoen harri hark ez zuen non heldurik; edo nik ez nuen aproposa zitzaidan zulo arrastorik sumatzen.
Enekok nire aurretik pasatzea erabaki du; "begira nondik pasatuko naizen eta zuk gauza bera egin". Erraza dirudi horrek, baina ordurako izutu samar sentitzen nuen neure burua, eta banekien, han bertan ezin nuela amore eman. Beraz, Mikelek aurrez prestatu zidan soka zatiari heldu nion eta gerritik lotuta nuenari tiratzen zion bitartean, animatu nintzen eta halako batean, paraje izugarriaz gozatzen ari nintzen.
Hori, ordea, azkeneko zatia izan zen. Osterantzeko bidea, lagun biei esker, nahiko ondo egin nuela uste dut eta inguruaz gozatzeko aukera eskaini zidatelako pozik nago.
Rappel egiteko horma
Hogeita hamar bat metro luze den harrizko horma jaitsi arazi didate Enekok eta Mikelek. Aurretik jakina, nola egin azalduz. Eskua gerritik behera, atzerantz, soka eskuan dudala; "eskua zabaldu ahala soka askatu eta behera egingo duzu -azaldu didate-; baina ez askatu soka erabat inoiz; sokak bidea egin dezan baino ez".
Agindutakoa bete dut, baina ez didate esan beste eskua, soka berari helduta dudana baina buru gainetik, hainbeste ez sakatzeko eta behera heldu naizenean itzelezko urratua izan dut eskuan; "hasi berrien gaitza hori ere! Indarra egitea, heltzeko gogoa da eta, behar ez den indarra egiten amaitzen da", esan didate lagunek. Horrela izango zen; nire joera, badaezpada ere, heltzea izan delako. Heldu eta askatu ez; bertigorik ez daukat, hori ziur, baina jausteari beldurra bai...
Horma jaitsi ondoren, malda luzea dugu oraindik aurretik motxilak utzitako lekuraino. Gero, erreka-zubiraino jaitsiko gara errepidera ailegatzeko.