Kanpandorreek erakusten dute Eliza Katolikoaren handitasuna. Oraindik ere, gure ingurura begiratu eta herri gehienetako eraikinik nabarmenenak elizak dira. Garai batean, Erromatik abiatutako erakundeak izandako nagusitasunaren erakusle dira.
Denbora, ordea, ez da alferrik pasatzen eta garaiak aldatu egiten dira. Hainbeste esparrutan izan zuen nagusitasun hura, murriztu egin da. Politika mailan ez du ia aparteko eraginik, gizarteak ez dio lehen adinako jaramonik egiten bere moralari eta jarraitzaileak urritu egin dira.
Hori, gure artean, nabarmenagoa izan da Espainiako Gobernuan alderdi aldaketa izan denetik. Iazko martxora arte, Alderdi Popularra agintean izanda, Elizako agintarien ahotsa ez zen gehiegitan entzun.
PSOE agintera iristearekin, ordea, lege erreforma askoren iragarpenak, Elizako goi agintarien amorrua azaleratu du.
Erreforma horietako asko, Eliza Katolikoaren doktrinak zigortzen dituen gaien ingurukoak dira: abortoaren lege erreforma, dibortzioarena, homosexualen arteko ezkontzak baimentzea... Eskola publikoetatik erlijio ikasgaia kentzea edota Elizari diru publikoa emateari iraungitze data jartzeak ere haserrea piztu du.
Gai hauek guztiek erabat asaldatutako gotzain askoren adierazpen publikoak eragin dituzte. Agerraldi horietan esandakoek, komunikabideetan bildu eta gehientsuenetan, iritzi publikoaren babesik ez dute jaso. Are gehiago, gizarte mugimendu eta herritar askoren haserrea piztu dute.
Adibide argiena, orain gutxi eman du Fernando Sebastian Iruñeko Artzapezpiku eta Tuterako Gotzainak, gutun pastoralean. Homosexualen ezkontza legeztatzearen harira, homosexualak gaizki eratutako pertsonak direla eta dena libre den gizartean, homosexual epidemia sor daitekeela esan zuen.
Inor ez da gutun pastoral horren alde hizketan nabarmendu. Aurka berriz, ahots asko entzun da, jendea kalera irten da eta homofobia bultzatzeagatik epaitegietara eramatea komeni dela aipatu duenik ere bada.
Eliza gizartearen gehiengoarekin bat ez datorrela argi adierazten du horrek. Askoren ustez, Elizaren adierazpen atzerakoiak, txikitzen ari den inperio batek defentsiban dagoela izandako amorraldiaren ondorio dira.
Elizatik, ordea, bere doktrinan gauza bat esan arren eta hierarkiaren adierazpenak norabide berean doazen arren, bestelakorik ere irtetzen da. Eliza Gara mugimendua horren erakusle da: Eliza barrutik, Eliza bera berritu, aldatu eta astindu nahian.
Jarrera ofizialarekin deseroso
Bea eta Egoitz, errealitate desberdinetatik datozen arren, biak giro elizkoiean haziak dira. 30 urteren bueltan dabiltza.
Adin horretarako, gazte gehientsuenak aldenduak dira, egungo gizartean, Eliza Katolikoaren itzaletik. Eurek, ordea, bertan jarraitzeko hautua egin dute.
Kristautasuna barruan sentitzen dute eta Elizaren baitan bizi izan dute betidanik. Ez daude, ordea, eroso. Gizarte honetakoak dira eurak, gizarte honetako arazoak dituzte, eta ez zaie iruditzen Eliza Katolikoak gaur egungo arazo hauei erantzuten dakienik.
Horregatik sortu zuten orain dela bi urte, Eliza Gara taldea. Nazioarteko mugimendu batek Bizkaian duen espresioa da uneotan Eliza Gara. "Ordurako, lagun baten etxean biltzen ginen, Eliza barruan lanean genbiltzan eta erreta geunden hainbat lagun. Pastoral lan desberdinak egiten genituen, bai boluntario, bai kontratatu bezala eta gure burua deseroso sentitzen genuen Elizaren jarrera ofizialarekin", dio Bea Uriartek. Urtebeteko gogoeta sakonaren ondoren erabaki zuten, nazioarteko mugimenduaren atal bezala eratzea.
1995. urtean sortu zen mugimendua, Alemania eta Austrian. Oso denbora gutxian hedatu zen Europako beste lurralde askotara.
Ez datoz Elizarekin bat. Sutu egiten ditu hierarkiari ikusten dizkioten hainbat jokamoldek. Baina ez daude Elizatik alde egiteko prest. Horregatik diote, "Eliza Gara".
Zer aldatu asko
Eliza solidario bat aldarrikatzen dute, emakume eta gizonezkoen artean bereizketarik egingo ez duena, demokratikoa, homosexualitatea begi onez hartuko duena edota zelibatoa aukera askeko joko duena.
Gaur egun Eliza Katolikoaren hierarkiak duen planteamendu askotatik urrun dago, eurek nahi luketen Eliza. Bea Uriartek, esaterako, emakumeak erabat bazterturik ikusten ditu. "Nik, emakume izateagatik, ezingo nuke inoiz iritsi, gizonezko bat Elizaren hierarkian irits daitekeen mailara. Ezin dut esaterako, apaiz izan. Horrexegatik, lagunen batek seminariorako bidea hartuko balu, iraindua sentituko nintzateke, nire gainetik jarri nahi duela ulertuko bainuke".
Demokrazia gutxi ikusten dute hierarkia horretan. Goitik datozen aginduak, behean obeditzen direla esaten dute. Egoitz Zabala ausartzen da esatera, Eliza "inon dagoen erakunderik antidemokratikoena" dela.
Goia eta behea bat ez datozela ere uste dute. Homosexualitatearen kasuan esaterako, Elizaren hierarkiak ez du homosexualitatea begi onez ikusten. "Kristau komunitateetan ordea, homosexualek normaltasunez bizi dezakete euren joera sexuala", dio Egoitzek.
Zergatik jarraitu?
Desadostasunak neurri honetarainokoak izanda, neurri batean kosta egiten da Eliza Katolikoaren barruan parte hartuz zergatik jarraitzen duten ulertzea. Eurek ere sarri egin omen diote galdera hori euren buruari. Egoitzek onartzen du, "orain bi urte Eliza Gara sortu izan ez balitz, agian ni gaur erabat aldenduta egongo nintzateke".
Ez zaie iruditzen, ordea, fedea, kristautasuna eta Eliza bera, hierarkiaren jabego direnik. Eurak ere Elizaren parte sentitzen dira, Ricardo Blazquez Bilboko gotzainak, "Eliza gara, ez da eliza" esan ziela gogoan duten arren.
Egoitz Zabalaren esanetan, "gauza on asko eman dizkit niri Elizak eta haren bidez jende askori lagundu ahal izan diot. Hori argi izan arren, argi dut baita ere Eliza honetako gauza askorekin ez natorrela bat eta horregatik nahi dut barrutik aldaketa eragitea".
Aldaketa horiek eragin nahian, orain arte hainbat kanpaina burutu dute. Euren lehenengo kanpaina, apaiz izateko prest leudeken 200 bat emakumeen sinadura biltzea izan zen. Urkiolako meza batean, Bilboko gotzainaren aurrean euren asmoak azalduz eta hierarkia amorratuz idatzi bat ere irakurri zuten. Laizismoaren aldeko manifestu bat sinatu berri dute orain beste hainbat talderekin eta ondorengo hilabeteetarako ere badute aurreikusitako zereginik.
Desberdintasun nabarmena ikusten dute, bestalde, nazioarteko mugimenduaren eta eurenaren arteko lan moduetan. Espainian, esaterako, "gehiago dira hitzaldiak eman, gogoeta egin eta jardunaldiak antolatzekoak. Gu ekintza zaleagoak gara", dio Bea Uriartek.
Dozena bat lagun baino gehiago biltzen dira Bilbon astero egiten dituzten bileretan. Durango, Mungia eta Arratialdean, berriz, babesten dituzten taldeak daude, egingo diren ekintzetan parte hartzeko prest.
Itxaropenik, apenas
Badakite, ordea, euren helburua zaila dela. Ez dute gainera itxaropen askorik ageri, Elizako hierarkia inoiz baino egoskorrago ikusten baitute.
Eliza aldatzen bada, hierarkiaren beharragatik izango omen da, uste osoengatik baino. Emakumeei ardura gehiago ematen bazaizkie, esaterako, ez omen da izango hala pentsatzen dutelako, apaiz eskasia handia dagoelako baizik.
Baina lorpen bezala ikusten dute gizartean eztabaida sortu izana. "Kristau komunitateetan orain arte tabu ziren gaiak ari dira irteten, jendearen artean kontzientziazio lana ari gara egiten eta eztabaidarako esparruak sortu ditugu. Hori asko da", dio Bea Uriartek.