Net Hurbil: East India Co. XVIII. mendeko multinazionala


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
East India Company 250 urteotan historiako liburuetan egon da hautsa jaten. Historialari eta erromantiko inperialista ingelesek gogorarazten zuten tarteka. Baina globalizazioa gori dabilen honetan, Londresen interes berri batez hasi dira erreparaka antzina Honourable East India Company deitu zioten hari. Liburutegi Britainiarrean erakusketak antolatu dira, eta komunikabideetan multinazional zahar haren fundatzaileak abenturazale, pionero, kontsumerismoaren sortzaile eta handiki multikultural gisa aurkeztu dituzte.

Badira ordea uste dutenak korporazio haren gorabeherek gaur guretzako erakusgai handiak dituztela. Nick Robins International Institute for Environment and Development erakunde ekologistako partaide da, eta hark idatzi du Munduko lehen multinazionala izeneko artikulua. "Merkatu indarraren abusua, dirugosea, inpunitate judiziala, finantz merkatuak puztea, eta ekonomia tradizionalak (nahiz eta orduan lurralde haiei ezin zitzaien pobreak edo garapen bidekoak deitu) errauts bihurtzea: horietatik ezer ez da berria. XX. eta XXI. mendeotako kapitalismoaren kontrako kexu gehienak aurreikusi ziren duela mende eta erdi East India Company-ren historian".

Gaia ez du orain Robinsek deskubritu. 1944an Jawaharlal Nehruk deskribatu zituen korporazio haren txarkeriak The Discovery of India liburuan. Askoz lehenago, 1776. urtean, Nazioen Aberastasuna liburu famatuan Adam Smith ekonomialari handiak konpainia hori izendatu zuen kapitalismo monopolistak libertatea eta justizia azpitik nola jan zitzakeen demostratzeko. Karl Marxek ere sakon aztertu zuen konpainia hura.

Izan ere, XX. mendean multinazional handiek egin duten gisan, orain dela bi mende eta erdi East India Companyk produkzio katearen bi muturrak kontrolatu nahi zituen, merke erosi eta garesti saltzeko. Indian, bertako lehengo agintariak kendu eta boterean buruzagi-panpinak ipini zituzten, orduan hemen Bengala deitzen zitzaien lurraldeetan.

Konpainiak Britainia Handiko merkataritza legeak hautsi eta berehala kontrolatu zuen bertako komertzio osoa. Nick Robinsen hitzetan, "konbinatuz indar ekonomikoa lapurreta estentsiboarekin eta armada pribatu txiki baina sendoa zabalduz, konpainiak hainbat 'iraultza' antolatu zituen. Iraultza horiek lurraldearen eta ekonomiaren kontrol osoa eman zioten".

Inperioa, sosak eta heriotza

Palashi-n ingelesek lortutako garaipen militarraren ondoren (1757) konpainiak harrapatu zuen Bengalako diru kutxa osorik. Zerbaitengatik esaten da ingelesez harrapakina loot, hitz hindua. Bertako urre eta zilar guztia hartu eta ibaian barna Calcutara eraman zuten ingelesek, ehun itsasontzitan. Aberastasun horien erdiak Clive buruzagi britainiarrak sakelaratu zituen, eta beste erdiak konpainiarentzako. Historia liburuetan Palashi ingelesek India berenganatzeko urrats gisara azaltzen da, baina berdin esan genezake East India Company "aireratu" zen unea izan zela.

Konpainiak ehun eta oihal hobe eta merkeagoak eraman zituen Bengalara. Bertako ehungileek azkar igarriko zioten. Garai hartan Ingalaterran ehungintzan ari ziren obreroak baino hobeto bizi ziren Bengalako ehungileak, elkarte moduan funtzionatu eta negoziatzen zutelako.

East India Companyk errotik moztu zuen ehungile horien eta merkatarien askatasuna, eta merkatua zanpatu. Indarrez ezarri zituen ordura arte baino %40 merkeagoko prezioak, eta langileak kolpatu eta espetxeratzen hasi zen. Haien egoera goizetik gauera jasanezina bihurtu zen. Ba omen dira kronikak aipatzen dutenak nola desesperatutako zeta-oihalgileek eskuetako behatz lodiak ebakitzen zituzten, horrela zeta jostera behartu ez zitzaten.

Merkataritza konpainia izaten hasi eta korporazio indartsu bihurtu ahala, ustelkeria nagusitu zen buruzagien artean. Historian markatua den lehen finantza burbuiletakoa East Indiak eragin zuen. Palashiko garaipenaren ondoren, korporazioaren akziodunek pentsatu zuten agortu ezinezko diru iturria aurkitua zutela Bengalan, eta akzioen prezioak gorakada beroan hasi ziren. Gorabeherekin baina beti gorantz. 1769an »Palashikoa gertatu eta hamabi urtera» Indian berriro gerra piztu zela zabaldu zenean hasi ziren akzioak behera: hilabetean %16 apaldu ziren. Ondorengo hamabost urteetan beherantz segitu zuten, eta 1978an hondoa jo zuten %55 erorita.

Urte horretan, ordea, krisiari beste hondamendia gehitu zitzaion: montzoi hezeek huts egin zuten eta lehorte izugarria zabaldu zen Indian. Salerosketa guztiak kontrolatzen zituen konpainiak espekulatzeko gorde zuen arrozik gehiena eta prezioak eta zergak handitu. Ondorioz, hamar milioitik gora herritar hil zituen goseak.

East Indiak kiebra jo zuen 1772an, eta buruzagiek Estatuari eskatu zioten laguntza aurrera egiteko. Orduan hasi ziren »pagatzea egokitu zitzaienean» kexuka elite britainiarrak, aipatuz nola Erromako inperioak Asia konkistatu zuenean etxe barruko libertateak galdu zituen bezala, Bengalan East Indiak egindakoak ekarri zezakeen despotismoa Britainia Handira.

Gauzak bere garaian ulertzeko, azpimarratu behar da Frantziako Iraultza (1789) gertatu gabea zela artean. Robins ikertzaileak dioenez, orduan hainbat kritiko eta politikari ingelesek esandakoak ("Ingeles batek irabazitako errupia bakoitza Indiak betirako galdu du" adibidez) gaurko altermundialista askok sinatuko lituzkete.

Konpainia menderatzeko neurriak erabaki ziren XVIII. mende bukaeran: jokabide kodeak exekutiboentzako, akziodunen kontrako gehiegikeriak saihesteko arauak, erregulaketak... Baina nazionalizazioa ez zen iritsiko 1857a arte, Indian konpainiaren kontra matxinadak gertatu ondoren.

Bitartean, konpainiako buruzagiek agintariekin arazoak izan arren, lortu zuten nola edo hala onik ateratzea. Robert Clive buruzagia, Palashiko gudua irabazi zuena, doi-doi libratu zen parlamentuaren zentsuratik, eta geroago bere burua hil zuen, 1778an. Warren Hastings Bengalako gobernadore nagusia ikertu zuten gero parlamentuan. Salaketak ez ziren bromakoak: opio produkzioan monopolioa antolatu zuela gero East India Companyri saltzeko, Txinak opioarekin trafikatzeko zeukan debekua hausten saiatu zela...

Edmund Burke wigh (liberal-demokrata) politikari bereziak zera esan zuen parlamentuan Hastingsen kontra: "Moralitatearen legeak berdinak dira edonon. Gauza bat ezin da izan lapurreta, espekulazioa, sobornoa edo zapalketa Ingalaterran, eta ez izan gauza bera Europan, Asian edo Afrikan". Gogor mintzatu zen Burke "moralitate geografikoa" delako horren aurka, baina George III.a erregea erotu egin zelako estraina eta Frantzian Iraultza lehertu zelako gero, zortzi urte ondoren auzia ezerezean geratu zen Lord-en ganbaran.

Urte eta mende hauen ondoren, ez da Burke baizik eta Clive ustela Londresko Kanpo Arazoetarako Ministerioaren aurrean estatua daukana. Ez da kasualitatea. Robinsek honela definitu du arrazoia: "Britainiak ez du oraindik aztertu bere iragan inperialaren eta konpainien arteko lotura. Ez da ahanztura, marka bat baizik: erakusten du oraindik sinesten dugula merkatu agintea eta irabazi pertsonalak mugarik gabe bilatze hori izugarri harrotzeko modukoa dela".

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
2025-03-21 | Iñaki Lasa Nuin
Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]


2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Eguneraketa berriak daude