Hitzaren balioa munduan zehar defendatzea da nazioartean diren ehun eta berrogeitik gora pen clubek duten helburu lehena. Zentsuraren aurka eta adierazpen askatasunaren alde egiten dute. Hitza lan tresna izan eta hura adierazteko oztopoak eta trabak dituztenen defentsan aritzen dira.
Euskal Pen Kluba hirugarrenez sortu da Euskal Herrian. Aurreko saiakerek bizitza laburra izan zuten. Oraingoan, ordea, erantzun ona izan du eta apiriletik hona penkide kopurua bikoiztu egin dute. Durangoko Azokan, jendaurrean azaltzeko aukera izan zutenean, egile batzuek kidetzeko asmoa azaldu zuten. Hori baino lehen, Euskarazko Kazetaritzaren Kongresuan izan ziren azaroan, Bertsolarien Elkartean lehenago eta orain editore, itzultzaile eta hainbat idazlerekin ere hitz egiten ari dira, guztiak ere penkide bihurtzeko gonbidatu asmoz. Urtebeteren buruan, oraingo zifra berriro bikoiztuko dutelakoan dira.
Laura Mintegi da proiektu honen lehendakari eta bere hitzetan oso harrera ona ari da izaten jendartean: "Inork ez du kolokan jartzen Euskal Pen Kluba bezalako erakunde baten beharrizana munduan zehar euskal literaturaren berri emateko". Erakundeek ere harrera ona egin dietela kontatu digu Mintegik eta uste du Jaurlaritzak egin duen Euskal Kulturaren Planean bete-betean sartzen den ekimena dela. Aurrerago beste administrazioei aurkezteko asmoa ere badute.
Hirugarrenean, bai
Hori baino lehen, taldea sendotu eta jendearen babesa lortu nahi dute. Klubeko lehendakariak ezinbesteko jotzen du hori lortu beharra, kanpora begira lanean hasteko: "Lehendik dudan esperientziagatik, badakit kanpoan lan egiteko aukera handiak direla baina horretarako ezinbestekoa da guk egitura sendoa izatea. Oraingoan, irauteko hasi gara lanean. Kontziente naiz hasieran bakar batzuen artean egin beharko dugula aurrera, baina gero errazagoa izango da guztia". Horretarako, berebiziko garrantzia izango du, lehendakariaren hitzetan, 2005eko lehen hilabeteetan martxan jarriko duten web orrialdeak.
Dena den, garrantzi handia duen deialdi batean hartu dute parte dagoeneko, idazle presoaren egunean, hain zuzen. Mundu osoko 141 taldek ekitaldiak egin zituzten eta Euskal Pen Klubak berea egin zuen Durangoko Kafe Antzokian. Ekitaldi literarioa izan zen, non kartzelan diren hainbat idazleren testuak irakurri zituzten eta euren egoeraren berri eman zuten.
Hurrengo urteko agendan, Venezian egingo den Chairs of Human Rights of the Writers izeneko bilkura, Slovenian egingo den Nazioarteko 71. Kongresua eta On Kixoteren 400. urteurrenaren ospakizunera joateko gonbita dituzte seinalaturik.
Nazioartera tranpolina
Pen clubetako ordezkarien asanblada urtean behin biltzen da, aldian aldian herrialde batean eta gutxienez, zentro bakoitzeko bi ordezkarik parte hartzen dute bertan. Astebeteko kongresua izaten da eta bilerez gain, beti izaten dira ekitaldi osagarriak, kongresua antolatu duen herrialdea eta bertako literatura eta musika ezagutzeko.
Azken kongresua Norvegiako Tromso hirian izan zen, aurreko urteko irailean. Euskaldunek bertan eskuratu zuten taldearen nazioarteko onarpen ofiziala gainera. Katalanek eta ingelesek aurkeztu zuten Euskal Pen Kluba batzar hartan, baina galegoek, espainolek eta Iberoamerikako Federaziokoek ere euren alde hitz egin zuten. Babes horri esker, inongo eragozpenik gabe sartu ahal izan ziren nazioarteko taldean.
Ordezkarien asanblada urtean behingo kongresu horretan biltzen da, baina International Penek bere baitan hartzen dituen batzordeak etengabe aritzen dira lanean. Euskal Pen Klubak horietako hirutan parte hartuko du: Preso dauden idazleen aldeko batzordean, Itzulpen eta hizkuntza eskubideen aldekoan eta Emakume idazleenean. Batzordeok bilkura puntualak egiten dituzte, urtean behin edo bitan. Elkarren ondoan diren herrialdeek, maizago ere egiten dituzte, zonaldeko arazo zehatzak aztertzeko bilerak.
Batzorde horien artean Idazle presoen aldekoa da indartsuena (Writers in Prison Committee). 70 zentrok parte hartzen dute, hau da, erdiek gutxi gorabehera. Batzorde honek giza eskubideen aldeko hainbat erakunderekin batera lan egiten du eta atxilotuta edo jazarpen egoera larrian den egileari laguntza eskaintzea du jomuga. Adibidez, idazle bat adierazpen delituagatik atxilotzen badute, zentro guztiei ematen die atxiloketaren berri. 2004an, urtarriletik ekainera bitarte, bere jardun profesionalaren ondorioz jazarritako 740 idazleren kasuren berri eman eta haien jarraipena egin zuen, 99 estatutan. Kasu horien artean, epe luzeko kartzelaratzeak, erasoak, mehatxuak, atxiloketak eta erailketak deskribatu dituzte. Horrelakoetan, estatu horretako pertsona garrantzitsuei gutunak igortzen dizkiete pertsona horien alde agertuz eta haien askatasuna aldarrikatuz.
Irauteko jaioa
Taldeko lehendakaria hasi da heltzen zaion informazio guztiarekin buletin xumeak egiten, taldeko kideentzat. Azkeneko batean, Suitzan, Lausanan, idazleentzat dagoen hotelari buruz hitz egin zien. Idazleek oporrak pasatzeko leku aproposa omen da, mundua ahaztu nahi duenak, lasaitasunean idatzi ahal izan dezan. Bertan, bakarrik egon nahi duenak ba omen du horretarako aukera eta taldean, beste idazle batzuekin solasean aritu nahi duenak ere, badauka egiterik.
Nazioarteko Pen Clubak badu magazine bat urtean bitan argitaratzen dena. Bertan, zentro batek monografikoa ateratzea eskatzen du eta bere literaturari buruzko material pila bidaltzen du eta hori mundu guztiari heltzen zaio. "Norvegian banatu zutena adibidez, literatura samiari buruzkoa izan zen. Zirkulu polar artikoan bizi den etnia baten literatura da. Oso literatura interesgarria dute, oso berezia. Horri esker izan dut nik adibidez, literatura horren berri, orain arte ezagutzen ez nuena. Horrek zer esan nahi du? Guri suertatzen zaigunean mundu osoan zehar izango dutela euskal literaturaren berri eta hori oso interesgarria da guretzat", azpimarratu du Euskal Pen Klubeko lehendakariak.
Asko dago egiteko oraindik ere eta lehendakariaren hitzetan baliabide gutxi hori guztia betetzeko. Dena den, gogoz ari dira honetan eta oraingoan "irauteko" egiten ari direla azpimarratu nahi izan du: "Gauzak perspektiba apur batekin begiratzen ditudanean ohartzen naiz, ez dela urtebete asmo honekin hasi ginela eta ezin azkarrago egin ditugula gauzak. Beraz, aurrerantzean ere gauzak fin egingo ditugulakoan nago".