Net Hurbil: Waoundé idorra urrun joandakoen sosak berdatzen du


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Waoundé Senegaleko herri txiki bat da, Dakarretik 730 kilometrotara Senegal ibaiaren bazterrean dagoena. Harantz joan zen duela gutxi Frantziako L'Express astekariko Eric Chol. Kazetari honek ezagutzen zituen Frantzian, eta batik bat Paris inguruetan, bizi diren waoundétar ugarietako batzuk, eta haien sorterria ikusi nahi zuen. Horrekin batera, Senegaldik Europara etorritako inmigranteek jaioterrira bidaltzen duten dirua noraino iristen den ezagutu nahi zuen.

Western Union diru garraio enpresaren bulego txiki bat aurkitu du kazetariak 12.000 biztanleko herrian. Estatu Batuetako filmeetan sarri ikusi dugu marka hori, urrea, dirua eta agiriak zaldiz, trenez edo autoz garraiatzen. Afrikan ere zabaldu ditu orain bere besoak. "Egun batzuetan diru kobraketa 75.000 eurotara iristen da" aitortu dio bulegoko buruak. Hori gertatu berria da musulmanek Ramadanaren bukaera ospatzeko egiten duten Aid-el-Kebir festaren inguruan, urtero legez: inguruetako familiek ospakizunetan jaten dituzten bildotsak Europatik iritsitako txanponez ordaindu dira.

Beste bankurik ez da parajeotan. Ibaiaz beste aldetik den Mauritaniatik ere etortzen dira, urrutiko ahaideek igorritako diruen bila. Waoundé bertatik joandako herritarrak berriz milatik gora dira Europan, eta denen artean bataz beste hilero 150.000 euro bidaltzen dute sorlekura. Diru asko, Afrika idorreko herri baterako. Alkateak aitortu dio kazetariari ez dela etxerik herrian bere emigrante-ongilea ez duenik. Herritarrek askoz diru gehiago mugitzen dutela Udalak berak baino.

Western Union mana banatzen

Emigranteek nork bere etxera bidaltzen dute dirua, baina herriko azpiegiturak ere haien laguntzaz eraiki eta mugitzen dira. Hala eginak dira posta bulegoa, ureztatzeko bonbak, ur biltegia, mediku zentroa, eskolaren berriztatzea... Udaletxe berria diru horrekin ari dira altxatzen.

Afrika osoko fenomenoa da emigranteek bidalitako diruarena, eta Senegalen urtero zifra ofizialetan 600 milioi eurotara iristen da. Munduko herrialdeetan 157. lekuan da Senegal aberastasunari dagokionez, pobreenetako bat beraz. Bere garrantzia ulertzeko hona beste datu bat: atzerriko laguntza ofiziala 450 milioitara iristen da urtean. Izan ere, solidaritate laguntzak murrizten ari dira urteotan: OCDEko herrialdeen laguntza Barne Produktu Gordinaren %0,33tik %0,23ra jaitsi da azken hamar urteotan.

Aldiz, emigranteek mundu osoan zehar jaioterrietara bidaltzen duten dirutza %50 hazi da azken bost urteotan. Estatu Batuen adibidea hartuta, kanpo laguntzarako urtean 15.700 milioi dolar ematen dituzte eta aldiz emigranteek iaz 35.000 milioi bidali dizkiete senideei.

Aditu batzuek gainera kopuru ofizial horien atzean dauden beste diru ezkutuak ere kontatu behar direla uste dute, mundu osoan mugitzen diren 93.000 milioi dolar ezagutuei beste %50 erantsiz, era informalean »arropa artean gordeta, postaz, bide ilegalez, eta abar» bidalitako dirua, alegia. Horrela, munduan gaur diren 175 milioi emigranteak dira »105 milioi ziren duela hamar urte» hirugarren munduan egiten den aurrerapen urria nagusiki finantziatzen dutenak.

Diru trafiko horren kontrola bereganatu nahian, urte gutxitan mundu osoan barreiatu ditu bulegoak Western Union famatuak. Armada baten indarra dauka: 195.000 agente eta milaka bulegoren bidez, iaz 81 milioi eragiketa egin zituen. Afrikan, hiru herrialdetan zegoen 1994an eta 49tan dago gaur egun. Zabaltze horretarako marketing zorrotza erabili du, telebista programak, herriz herri dabiltzan publizitate karabanak, komikiak, lehiaketak »sariak bildotsak dira, noski»... Senegalen orain Western Unioek 260 bulego ditu, handi eta txiki. Aldiz, senegaldarren %5ak baino ez dauka konturen bat inongo bankutan.

Waoundéko familia arrunt bat deskribatu du L'Expresseko kazetariak. Camara-tarren etxeko atarian, urez betetako pitxar handien artean, gizon zahar bat dago eserita otoitz egiteko bere tapizaren gainean irratia entzunez. Semeetatik hiru Frantzian ari dira lanean, eta haiek biziarazten dute etxea. Django seme gazteenak 33 urte ditu eta eguneroko diru beharrez arduratzen da, bera da Western Unionera joaten dena. "Hemengo aurrekontuko gastu nagusia janaria da" esplikatu dio.

Gaztea herriko osasun batzordean ere badago, eta han botika generikoak banatzeaz arduratzen da, lan honen ordainetan urtean 1.000 euro eskas kobratuz. "Anaiek ordaintzen dituzte eguneko gure gastu gehienak. Hilabete bakoitzean hiruren artean 685 euro bidaltzen dizkigute. (...) Ramadana denean, zekorrak erosi behar izaten ditugu eta bakoitza 380 pagatu behar izaten dugu. Horretarako beste 10 familiarekin gaude elkartuta, eta denok ere gure emigranteei egiten diegu eskea". Eskatzen hasita, gustura hartuko luke laguntza osasun-etxeko bere bulegoa txukuntzeko, han zerbitzu gehiago eskaini ahal izateko. Baina Django gazteak ere emigratzearekin egiten du amets.

Familiakoen beharrak ahal bezala aseta, eskari gehiago eta bereziagoak ere izaten dituzte urruti joandako senideek. Urrutiko diruak finantziatu du herriko meskita berria. Azpiegiturazko obra handietan diru publikoarekin batera emigranteei laguntza eskatu zaie.

Waoundé Senegal ibaitik hiru kilometrora dago eta horren Dioulol besoa da herri ondoan dagoena; euri garaian urez erraz iristen dira garraiobideak Waoundéraino, baina lurrezko pista zakarra putzutan geratzen da. Dakarretik datozen kamioiak blokatuta geratzen dira herritik kilometro pare batera; bizkarka, txalupa txikietan eta ahal bezala hustu eta ekarri behar izaten dituzte herritarrek zamak herriraino.

Komunikaziorik ezean, nekazaritzan edo industrian egindako inbertsioek ez dute deusetarako balio. Frantzian diren waoundétarrek beren elkartearen bidez egin dituzte moduak Frantziak pista berria eta zubia eraikitzeko laguntza eman dezan, aldi berean beraien artean 12.000 euro bildu eta aurreratuz, baldintza hori eskatu baitzien Parisko Gobernuak, laguntza ematekotan.

Waoundé »Afrikako herri asko bezala» perfusio edo sueropean bizi den herri pobrea baldin bada, Europatik hileroko laguntza dosiak puska txikitan bidaltzen dituzten emigranteak ere bisitatu ditu kazetariak. Senegaldik Frantziarako bidea aspaldi ikasi zuten hangoek. Senegal ibaian ohitutako askok aurkitu zuen lana Hexagonoko portuetan, adibidez, XX. mendeko lehen erdian. Gerra aitzakiatan ere asko pasatu ziren Europatik, Hitlerren kontra bandera trikolorearen zerbitzuan. Senegal Frantziaren kolonia zen garaiak ziren.

Gaur Pariseko kale garbitzaile ari den Cissé Bouna elkarrizketatu du jurnalistak, emigrante tipikoa delakoan, eta honek kontatu dio hilabeteko 1.300 euro irabazten dituela, horietatik hilero bere gastuak pagatu ondoren 250 euro igortzen dizkiela Senegalen dituen emazte eta haurrei. Beste laguntza bat pagatzen dio Waoundéko hezkuntza, osasun eta garapenerako elkarteari. "Hori da afrikarren solidaritatea, gure kulturan txertatuta dago".

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Senegal
Tarajalgo sarraskitik 10 urtera, genozidio isila Atlantikoko mugan

Ceutako Tarajal hondartzan hamalau lagun hil zituzten duela hamar urte, itsasoz igeri Europara iritsi nahian, guardia zibilen eta Marokoko polizien tiro artean. Haien senide eta lagunek urteurrena baliatu dute justizia eskatzeko, auzia oraindik epaitegietan baita. Justizia... [+]


63 pertsona hil dira Cabo Verdeko kostaldean, hilabete baina gehiagoz Espainiako Estatura iritsi nahian zebiltzala

Ontzia uztailaren 10ean abiatu zen Fass Boyetik (Senegaldik) eta guztira 101 pertsona zeuden bertan, Senegalgo Gobernuak azaldu duenez. “Itsasoko heriotza hauek ohikoak dira, izan Atlantikoan izan Mediterraneoan, eta bizi hobe bat lortzeko helburua duten ehundaka pertsonen... [+]


Senegalgo iraultzaren argi-ilunak

Protestak kalean, Polizia oldartuta, oposizioko burua bortxaketagatik salatua, gero atzera egin eta delitu arinagoagatik salatua; orain, gazteak galbidean jartzeagatik zigortua, etxean atxilotuta. Bitartean, kalean, zazpiehun atxilotu inguru eta gutxienez hogei hildako... [+]


2023-06-06 | Leire Artola Arin
Senegalgo Gobernuaren errepresioa salatu dute Iruñean eta Bilbon astearterako manifestazioa deitu dute

Fleming doktorearen plazatik abiatuko da manifestazioa 17:00etan. Macky Sall presidentearen "diktadura" bertan behera uzteko eskatuko dute, besteak beste, azken asteetan areagotutako errepresioari erantzunez. Gutxienez 12 gazte hil eta 500 atxilotu ditu gobernuak,... [+]


2023-03-03 | Gedar
Migratzaile senegaldarrak hegazkinez deportatzeari ekin dio berriz ere Espainiako Barne Ministerioak

Azken bi asteetan bi hegazkin irten dira Madrildik Senegalera, gutxienez 36 senegaldar migratzaile inguru erbesteratzeko. Pandemia hasi aurretik ere hegazkin bidezko deportazioak egiten zituen Senegalera Barne Ministerioak; ezagutzen den azkeneko aldia 2018an izan zen. 2020ko... [+]


Turkian lurrikarak ‘low cost’ hirigintzaren ondorioak azalerazi ditu

Anatoliako failak Kurdistanen, Turkian eta Sirian eragindako lurrikarak goitik behera jausi ditu milaka etxebizitza, eta agerian geratu da Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren eta eraikuntza sektorearen artean dagoen ustelkeria. Baina baita munduan nagusitzen ari den eredu baten... [+]


Musika elektronikoa, 4.000 hiztuneko menik hizkuntza salbatzen saiatzeko

Beni Fadi da bere izen artistikoa, Senegal hego-ekialdekoa da eta menik hizkuntzan musika elektronikoa egiten hasi da. Duela hogei urteko datuen arabera, 3.375 lagunek hitz egiten dute hizkuntza hau, ordutik ez da berriro zenbatu eta desagertzeko zori-zorian dago. "Zerbait... [+]


2020-11-12 | ARGIA
Azken asteetan, gutxienez 480 senegaldarrek galdu dute bizia Kanariar Uharteetara bidean

Heriotza eta desagerketa horiek aurrean, dolu eguna ari dira antolatzen Senegalen azaroaren 13rako.


“Ez dago memoriaren zaborra ezkuta dezakeen alfonbrarik”

Amerika eta Afrikako bake-eta memoria historikoaren prozesuetan adituak diren bost lagun bildu dituzte Paz con Dignidad elkarteak, Foro Sozialak eta EHUk. Herrialde oso anitzetako errealitateak izan dituzte hizketagai, eta elkarren artean desberdintasunak nabariak badira ere,... [+]


2019-07-09 | Pako Sudupe
Pape Niang senegaldarra gure artean

Zenbat aldiz pentsatu ote dugu –nik behintzat bai–, kale-saltzaile afrikarrak kalean, manta zabalduta, edo tabernan edo nonahi jendeari salgai merkeak eskaintzen ikusita, edota plastikozko poltsa handia arrastaka daramatela: zenbatez hobeto izango zuten gizajo horiek... [+]


2019-06-03 | ARGIA
“Pape Niang. Hasiera berri bat” liburuaren aurkezpena, Bilbon eta Trintxerpen

Senegaldik Bilbora Pape Niang-ek egindako bidaia eta migrazio prozesuari lotuta protagonistak bizitako barne-bidaia kontatzen ditu Pape Niang. Hasiera berri bat liburuak, “Inor ez da ilegala” proiektuaren baitan sortua. Liburua Bilboko Bira kultur gunean aurkeztuko... [+]


Eguneraketa berriak daude