Suizidio Ahalegin baten Museoa" izenburu erakargarria ipini dio Jon Else zinegile eta irakasleak berrikitan idatzi duen artikulu bati. 1950eko hamarkadan AEBetako Nevadako lurretan egin ziren leherketa nuklearrei buruz ari da dokumentala egiten, eta hartarako irudi bila zebilela aurkitutako hondakin, zabor eta aurriek eragin zioten sentipena hitz horiekin definitu zuen: The Museum of Attempted Suicide.
Berkeleyko unibertsitatean kazetari berriei irakasten egiten duen lanaz gain, egin dituen film dokumentalek eman diote izena Jon Elseri. Gerraren eta arma nuklearren inguruan aritu da behin baino gehiagotan.
Bere filmen artean ezagunena The Day After Trinity izango da »bonba atomikoa sortu zuen J.R. Oppenheimer zientzigizonaren historian oinarritua» eta orain artekoetan azkena, Afganistango egitura politikoei buruz aurkeztu duen dokumentala. Hainbat sariren jabe ere bada, Award, Sundance, eta abar.
Jon Else joan den udan Nevadako basamortura joan zen, duela 50 urte han AEBetako armadak egiten zituen leherketa atomikoen arrastoen bila. Ikusi zituenen artean »hala idatzi du geroztik San Francisco Chronicle egunkarian» honakoa egin zitzaion deigarriena: "Mosler markako diru-kutxa blindatu handia zegoen Frenchman Flateko laku idortuan abandonatu eta ahaztua. Itsustua eta herdoildua dago, Infernutik iritsitako gaileta kaxa dirudi: hein batean hura da Amerikaren itxaropenari eta pentsamendu argiari eraikitako monumenturik handiena".
Diru-kutxa ez dago kasualitatez paraje hartan banketxe edo instituzioren bat egoteko partez. Energia Atomikoaren Batzordeak 1957an frogatu nahi izan zuen ea zer kalte egiten zieten leherketa erraldoiek kutxa blindatu horiei. Honako hau »benetako bati dagokion moduan» bono, titulu, urre, zilar, diru eta aseguru polizaz beteta ipini zuten, Priscilla bonba atomikoak astindu kiskalgarria eman ziezaion.
Esperimentuak bazuen zergatia: 1945ean Hiroshiman bonba atomikoa jaurti zutenean, militar amerikarrak ohartu ziren gero Teikoku bankuaren behebarruetan »leherketaren Ground Zero erdian» Mosler kutxak oso-osorik geratu zirela. Hiriaren errautsen artean horrelako hamarka aurkitu zituzten egun batzuk beranduago yankiek.
Nevadako Frenchman Flaten ez zuen kutxak hain zorte ona izan. "Gaur hormigoi armatuzko kutxa hartatik »espreski testetarako eraikitakotik» han geratzen den bakarra beton kozkor handi bat da eta armiarma herdoildu batzuk, beso baten lodierakoak, burdinez osatuak, haizeak okertutako katu bizarrak ematen dutenak". Hori da Priscilla bonba atomikoak 1957ko ekainaren 24an utzi zuen arrastoa. Baina kaxa blindatuaz aparte, beste hainbat gauza ere testeatu zituzten egun hartan.
Priscillaren indar hilgarria -Hiroshimakoa baino anitzez handiagoa- neurtzeko herri oso bat eraiki zuten. Su hartatik babesteko lubakietan zeuden militarrek geroztik idatzi dute Priscilla beldurgarria piztu zenean beren besoen hezurrak ikusi ahal izan zituztela. Sasi-herrian, 5 zentimetroko lodierako aluminioz egindako kaiolatan ipini zituzten txerriak kiskalita geratu ziren, eta kaiolak berriz, gazteek zanpatzen dituzten freskagarri potoak bezala, zapal-zapal. Bonbak birrindu zituen sasi-herriaren betonezko eraikinak, parkinetan ipinitako autoak, autobusak, tren geltokia, 55 tonako diesel lokomotora, aireplanoak, Txina eta Errusiako uniforme babesgarriz jantzitako manikiak eta hormigoi gainean baso baten moduan jarritako pinu multzoa.
Une hartan Frenchman Flat gainean zebiltzan bele eta beste hegaztiak seguru kixkali zituela Priscillaren infernuak. Eta honek mugiarazitako lainoekin batera joan zen bere erradiaktibitatea ere, haizeak urruti eramanda. "Gaur egun, 1957az geroztik jaiotako edozein pertsonak bere hezurretan daramatza Priscillak askatutako Etrontzio-90aren zenbait atomo", idatzi du Jon Elsek.
Sosak labezomorroentzat
1957 hartan politikari askok gainean ikusten zuten Sobiet Batasunaren eta Estatu Batuen arteko gerra nuklearra. Priscilla zen une hartan AEBek zituzten 6.744 bonba nuklearretako bat »errusiarrek 660 zeuzkaten orduan». Orain Ipar Koreak lau edo hamar bonba omen dituela eta aztoratuta gabiltza, edo oraindik bakar bat ez duen Iran kontrolatu nahian; 1957an »lehen bonba Hiroshiman zapartatu eta hamabi urtera» AEBek egunean hamar egiten zituzten, urtean 3.000 fisio bonba. Horien artean handienak, Mark-21 izenekoak, Hiroshima txirtxilatu zuenaren 400 halako ahalmena zeukan.
Surrealista dirudi halako txikizio ahalmena dagoenean diru-kutxa blindatuak frogatzen aritzea. Elsek eszena harrigarria margotu du: "Imajina ditzakegu leherketan bizirik gelditutakoak »Adan eta Eba postnuklearrak ile gabe eta esterilizatuak, egarriak arrastaka Txernobileko kale hutsetan noraezean dabiltzan zakurrak bezala» beren jantzi zarpail odolduekin bankuko diru-kutxara hurbiltzen, zenbaki konbinazioa gogoratzen, beren akzioen bila, edo aitonaren urrezko erlojuaren edo aseguru zertifikatuen xerka. Baina beste etorkizun bat ere imajina dezakegu, diru-kutxa irekitzeko gizakirik geldituko ez zen etorkizuna (...) soilik txindurri eta labezamorroak ibiliko ziren diru-kutxa birrindu eta beroaren gainean bueltaka, noizbait Nevada izana zen hondar zelai erradiaktiboan".
Gero nonbait politikari azkarrenak ohartu ziren gizadi osoaren iraupena zegoela jokoan leherkari haiekin »etsaiari erasoz gero norbera ere bertan akabatuko zela» eta sobietar eta amerikarrak akordioa bilatzen hasi ziren. Eisenhower lehendakari amerikarra eta Cabot Lodge bere ministroa Priscilla lehertu eta laster hasi ziren indar nuklearren handitzea kontrolatzeko planetan. Gogor bultza behar izan zuten horretan hainbat jakitun, militante eta indar sozialek, baina pixkanaka arma nuklearra mugatzen ikusi zen: Kennedyren garaian atmosferan proba nuklearrak egiteko debekua lortu zen eta Brezhnev sobietarraren garaietan SALT akordioak iritsiko ziren.
Baina arma nuklearren mehatxuak bere horretan jarraitzen du. AEBek 10.000 bonba dauzkate stockean. Bush aitak lurpeko frogak eten zituen, baina berriro hasteko pronto daude eraikin guztiak. Mundu osoan 70 estatutan milaka bunker antinuklear daude barreiatuak, eta horiek zulatzeko indarra izango duten bonba atomiko berriak garatu nahi lituzke Bush lehendakariak.
Nevada Test Site delakoan bertan, aipatu diru-kutxa blindatu lehertua dagoen lekutik dozena erdi kilometrotara, gobernuak bukatu berri du bonben zati eta atalak lotzeko edo desmontatzeko erabiliko den eraikuntza, 100 milioi dolar.
Honela bukatu du bere artikulua Jon Elsek: «Garai nahasi hauetan aspaldiko kontua dirudi gerra nuklearraren posibilitateak; baina Frenchman Flat bisitatzea derrigorrezkoa izan beharko genuke Ameriketan. Hautsez betetako hondakinen artean egoteak, atzeratu egin zen etorkizun ikaragarri baten aurrien artean egoteak, gerta dakigukeena sakonki ulertzen lagunduko liguke».
www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.