Ihesi: Erreka zulotik mendi kaxkora


2021eko uztailaren 26an

"Anixko lo egitan dionak txiki ikastan du" dio Erronkariko atsotitz batek, horregatik goiz ernatu gara. Kalean dabilen haize finak di-da bizkortu gaitu. Eta goizeko lanbroak eta ke usainak neguko hotza gertuago dagoela akordarazi digute. Ibilbidea Burgiko zubi zaharrean hasiko dugu. Salvatierra de Esca aldera egingo ditugu hasierako kilometroak. Bailaran behera giharrak berotzeko eta Burgiko haitzartearen handitasunaz gozatzeko aprobetxatu dugu. Zintzurreko hormetan hegazti mordoa bizi da: sai arrea, saizuria, ugatza, zapelatza... Animaliok haitzartean sortzen diren aire korronte termikoak baliatzen dituzte igo eta planeatzeko.

Seigarren kilometroan "Virgen de la Peña 8" dioen seinalea dago. Errepidea utzi eta ezkerretik irteten den lurrezko pista batetik segi dugu. Hemen hasiko dugu ia zortzi kilometroko igoera latza. Gorantz lehendabiziko kilometroa egin aurretik bidegurutzea topatuko dugu, jarraitu erdiko pistatik. Ezkerrera Virgen de la Peñara oinez igotzeko bidezidorra abiatzen da.

Gerizperik gabeko igoera

Igoera ia osoan «Erronkariarren artzaibidean» sartu-irtenak egiten ditu pistak. Erronkariarrek antzinatik dute Bardeako bazkalekuetan artzain ibiltzeko pribilegioa. Negua pasatzera bortutik Bardeara eramaten dituzte artaldeak iraila edo urrian. Garai batean menditarrek alkatea izendatzeko eskumena ere bazuten. Eta alkate horrek Tutera, Caparroso eta Arguedaskoek adina agintzen zuen. Bardea ingurukoek «chalabardanos» esaten zieten urte erdiz eurengana biltzen ziren artzainei, eta abesten zieten: "A la Bardena del Rey, ya vienen los roncaleses, a comer migas con sebo, por lo menos siete meses".

Gora iritsi arte ez dugu gerizperik izango, inguruko mendi magaletan sasia eta zuhaixka besterik ez dago eta. Horregatik, txangoa udan egitekotan goiz ibiltzea komeni da, eguzkiak bete-betean ez jotzeko.

Hamargarren kilometrotik aitzinera aldapa asko gogortzen da eta zati malkartsuenetan hormigoizkoa da bidea. Hamaikagarren kilometroa pasatakoan bidegurutzea dago, Virgen de la Peñara iristeko ezkerretik jarraitu behar da. Ermitara ailegatzeko indarra, edo gogoa, ahitu zaionak eskuinetik segi eta berehala, 500 metrora, harrapatuko du mendi-lepoa. Guk ermitarako bideari ekin diogu. Azken zatia 1.200 metroko altueran dagoen mesetan barrena egiten da. Hemen ere bidea hormigoizkoa da tarteka eta beheko aldeak baino askoz landaredi ikusgarriagoa du.

Virgen de la Peñatik begira

Virgen de la Peñatik dagoen panoramika itzela da. Ermitaren atzealdean zelaia harkaitzek mugatzen dute. Horixe da mendi kaxkoaren karela, beste aldean ehunka metro amildegi dago. 700 metro beherago ageri da Ezka ibaia, Illon mendizerrako haustura geologikoaren erruduna. Hegoaldera Salvatierra; Iparraldera Pirinioen bizkarrezurreko tontorrak: Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema, Atxergo Gaztelua, Bisaurin...

Aragoiko mugan, artzaina dudan

Haizetik babesean zerbait jan eta edan ondoren behera abiatu gara. Lehengo bidegurutzean ezkerrera egin dugu oraingoan. Lepoa harrapatu ostean pare bat kilometro jaitsi behar dugu Sasiko putzuetaraino. Ukitu gabeko baso ederretik doa bide laiotza eta basa handia egoten da euria egin badu.

Lokatzez txerri eginda atera gara basotik Sasira. 1.000 metrotik gora gauden arren, lurrak zerealetarako landu egiten dituzte. «Erronkariarren artzainbidea»k Aragoi eta Nafarroaren arteko muga egiten du hemen. Artaldea ikusi dugu urrutitik, eta hura zaintzen artzaina. Erronkariko artzainek trashumantzia egin zuten baina Santos Garcia Salvatierrakoa da eta hangoek ez dute horretarako eskubiderik. "Herri ondoan dudan etxolara eramango ditut, laster umatzen hasiko dira eta". Hamazazpi urtean dabil artzain Santos, "gure aita zena herriko batzuei ardiak erosi behar genizkiela tematu zelako". Lehenago tailerrean eta garraiolari ere ibilitakoa da, eta bere seme-alabek artzain izaterik ez du aditu ere egin nahi: "Esker txarreko ofizioa da hau. Prezioak ez dira batere mudatzen, eta diru pitzar batzuk irabazteko gero eta ardi gehiago izan behar! Iaz malenkoniak jo ninduen eta ardiak, denak, saltzeko punttuan izan nintzen!". Ordu erdi egin dugu Santosekin berriketan. Makina bat kontu esan dizkigu ardienak, saienak eta Orirenak, lanean laguntzen dion Pirinioetako mastin dotorearenak.

Sasitik Burgira

Sasiko Putzuan 90° okertuko dugu gure norabidea ezkerrerantz eta 200 metrora suabe-suabe gorantz egiten duen pista aurkituko dugu. Kilometro eta erdi dugu lepo batera arte; hortik aurrera dena aldapa behera da. Basari izena du bidean azkar zeharkatzen ari garen basoak. Hemen baino hegoalderago nekez ikusiko duzue Nafarroan izeirik. Ametz, pago, hurritz, ezpel, astigar eta pinu artean ezkutatuta basurdeak eta orkatzak bizi dira. Eta lepahoriak ere bai, pistaren ezkerretara dagoen erreka inguruan. Ezka ibaia bistaratu eta makalen azpian ibili ostean, zubi batera iritsiko zarete. Ez gurutzatu eta jarraitu ezkerretik, akordatzerako ibilbidearen hasierara helduko zarete, Burgiko zubi zaharreraino.

Burgiko sorginak

Bizikletatik jaitsitakoan merezi du pasieran ibiltzea Burgiko karriketan. Herriak amets eginarazteko osagai denak ditu: ingurune basatia, arkitektura ederra, historia korapilatsua -agotak, sorginak-... 1527an Avellaneda inkisidoreak akelarreak ikusi zituen Erronkarin, Zaraitzun eta Aezkoan: "Gizon-emakume gazteak eta deabruak orgia sexualean neskatilei gehiegikeriak eginez", goikoaren, ilargiaren, argitan. Avellaneda Nafarroako mendialdean ibili zen sei hilabetez eta 150 lagun atxilotu zituen. Bederatzi eta hamaika urteko bi neskato zeramatzan bere segizioan eta horiexek erabakitzen zuten nor zen sorgina eta nor ez. Horretarako herri bakoitzeko susmagarriei ezkerreko begia begiratzen zieten. Sorginak ziren, niniaren gainaldean zapo oin baten orbana zutenak. Etorri garen moduan alde egin dugu Burgitik; "nola xin, kala xoan".

Almadiak, egurra garraiatzeko baltsak
Erronkariko oihanetako aberastasun handiena, egurra, hirira ateratzeko sortu zituzten almadiak XVI. mendean. Geroago sistema bera sartaldeko haranek bereganatu zuten. Eta almadiak Zaraitzu eta Irati ibaietan ere azaldu ziren. Almadia hitza «armadia»tik omen dator, izan ere, hasieran armadako ontziak egiteko erabiltzen zen egur gehiena. Jeneralean Ezkako almadiek hiruzpalau zati izaten zituzten. Pago, pinu, urki edo haritz enborrak hurritz sokez lotu eta aitzinean lemazain bat edo bi eta gibelean bestea joaten ziren.

Egurra garraiatzeko biderik azkarrena eta merkeena zen ibaia; baita arriskutsuena ere. Almadieroek ibaiko harkaitz, zurrunbilo eta urjauziak saihestu behar izaten zituzten bideko haitzartetatik pasa eta Zangozara onik iristeko. Handik oinez itzultzen ziren herrira, biharamunean beste almadia gidatzeko. XVIII. mendera arte Gipuzkoan ere erabiltzen zituzten almadiak, eta Zuberoan beranduago ere bai. Euskal Herrian ez ezik Aragoiko eta Kataluniako ibaietan ere nabigatu zituzten almadien gisako baltsak; Cincan nabatak eta Nogueran raisak. Burgin Almadiaren Eguna ospatzen dute maiatzeko lehendabiziko igandean.

Tiernasko ur termalak
Ez dago Tiermasko putzuen moduko lekurik hainbeste bortxatutako gorputzari atseden emateko. Burgitik Ezka ibaiari segika Esako urtegira iritsiko zarete. N-240arekin bat egiten duen bidegurutzetik zortzi kilometrora ezkerrerantz jaisten den lurrezko bide bat hartu behar da bertaraino iristeko. Iturri naturaletik 37°ra irteten da ura hemen. Ia urte guztian urak estaltzen du leku hau. Baina udazkenean, urtegiko maila jaisten denean, berriz agertzen da. Iaz ez omen ziren pare bat aste baino gehiago egon azalean; beste urte batzutan martxora arte ere iraun omen du pagotxak. Iruñeko emakume tartaila batek esan digu bera behin baino gehiagotan bainatu dela elurra mara-mara ari zuela. San Migel egunean estreinatu zuten aurten bainu-sasoia, hurrengo urterako badakizue. Azaleko gaitzak sendatzeko ikaragarri ona omen da hemengo lohi beltzarekin gorputza estaltzea. Gero lokatza lehortu arte eguzkitan egon behar da uretara sartu aurretik. Jendea lasai-lasai dago. Tertulian edo txori migrariei begira batzuk; erdi lo besteak. Arrautza ustel kiratsaz ahaztea lortuz gero, paradisua da.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude