Andoni Egañaren sormen tantoak

  • Sortzailearen eskuko-minak, bertsolaritzak egin dituen jokaldi estrategikoak, eta beste hamaika gantxo, jokaldi denak ikusiak uste zituenarentzat.

2021eko uztailaren 20an

Bertsolaritza barrutik eta larrutik ezagutu nahi duenak «ideiategi» brilantea du maisuaren eskutik. Liburuak ematen dituen pistak garatzea eta aplikatzea norberaren lana da, bertso eskolako ikasleena, ikerlariena... Egañak azaltzen duenez: «Nik, liburuan izpi batzuk baino ez ditut jaurti. Izpi horietan edo beste batzuetan norbaitek jarri beharko du fokoa». Poetika, psikologia, antropologia, pedagogia, soziologia, ekonomia... mila arlo dira bertsolaritza igurzten dutenak. Liburuko sarreran aitortzen duenez, «norbaitek, albo-alorretatik, bertsogintzak zer eskain diezaiokeen ikertzen hasi nahi balu gonbitea luzatzen ahalegindu naiz».

Gantxoa

Bertsolaritza horren zabaldua izanik, truko denak ikusi dizkiola pentsa dezake euskalzaleak, baina oso gutxi daude garatuta bertsolaritzak eskaintzen dituen baliabideak. Egañak, bertsolaritzaren barruko hamaika korapilo azaltzeaz gain, bertsolaritzak aztergai dituen gaiak eta beste eremuetan aplikatzeko modukoak dituen balioak ere azaltzen ditu liburuan. Hona hemen batzuk:
Ahozko komunikazioan trebatzeko, aparteko eskola da bertsolaritza: «Egungo hezkuntza-sistemaren gabezia zenbait berdintzeko moduko ikasgaiak beregana ditzake bertso-eskolara edo bertso-udalekuetara doan gaztetxoak. Jarioa hobetuko du eta jarioari diskurtsoaren baliabideak erantsi behar zaizkiola sumatzen hasiko da, jendaurrean lotsatu gabe kantatzen eta hitz egiten ikas dezake, argudioak asmatzen ikasiko du eta aurkariarenak desegiten, zein esamodu diren eraginkor eta zein ez den antzemango du makalagatik, gorpuz-mugimenduen garrantziaz jabetuko da...» azaltzen du liburuan.

Diskurtsoak sortzen ikasteak komunikabideetan lan egiteko tresnak ematen ditu: «Bertsolaria ohitua dago denbora laburrean edozein ideia formulatzen, edertzen eta jaurkitzen. Azken batean, zenbateko aldea dago ba, egunkarirako zutabe, irratirako kolaborazio eta hiru bertsoko sorta baten artean?».

Memoria lantzea da beste balio bat, eta bertsoak zaharretxeetan ariketa gisa landu behar direla proposatzen du txapeldunak liburuan: «Sortzeko gai direnek sor ditzatela hobetoxeago ala okerxeago. Ez direnek ikasi eta buruan gorde, gero kantatzeko. Alde ederreko motibazioa litzateke aiton-amonentzat, gaztaroan ikasi zituzten pasadizoak berriz gogora ekartzea, biribil, karratu, hiruki... ezer esaten ez dieten sekuentziak ikasten ibili ordez».

Eta bertsotan aritzeak jarrera bat erakusten duela ere azaltzen du: «Hitza hitzari, ziria ziriari, argudioa argudioari... baina elkarrentzako lanean» aritzen dira oholtza gainean bertsolariak, elkar haustera joanez gero, ez dela emaitza onik lortzen ikasita daudelako. Oholtzaz kanpoko lanetarako, «akaso, plazako ibiliak geuk uste baino gehiago irakatsi izan digu» ondorioztatzen du Egañak. Lasarteko bertso eskolara joan zeneko kontakizuna ere horren adibide da: «Ikastaroa amaitzearekin lagunarteko afaria egitera joan ginen. Gogoan dut Gregorio Ordóñez hil zuten eguna zela. Afalondoan, bertsotan egin genuen, jolasean; gero ordea, isilune batean, atentatuaren gaia atera zen. Miresgarria gertatu zitzaidan, gaia ateratzeko ausardia lehenik eta batzuen eta besteen argudiatu eta eztabaidatzeko modua gero. Esaten eta entzuten ohitutako jendea zen. Entzuten eta erantzuten zaildua. 10/8ko neurrian bakoitzak bere ametsak zenbateraino beteko zituen ez nekien orduan; bertso-eskolaren ibilian izugarri ikasi zutela ez neukan zalantza izpirik ordea».

Txokoan

Ibon Sarasolak egin zizkion zuzenketak liburuari eta harrituta geratu omen zen bertsolaritzaren barruko hainbeste gogoetarekin. Egañak erantzun duenez, «ni ere harritu egiten nau oso hurbileko pertsonek, bertsolaritza beti oso gertuan izan dutenek, bat-batean deskubrimendua egiteak. Harritu eta harrotu egiten nau, neurri batean, maisu-maistrek bertsolaritza hezkuntzarako tresna izan daitekeela sinesteak, kultur munduko jendeak betiberdin, betiaxal, erdi-fraide ez garela ari onartzeak».

Etxekoa izaten da, noski, bertan duenaz jabetzen azkena. Zentzu horretan, duela pare bat urte Jon Sarasua, Joxerra Garzia eta hiruek, lau hizkuntzatan argitaratu zuten liburua du gogoan Egañak: «Bi helburu genituen nagusiki: kanpoko ikertzaileei eta inprobisatzaileei gurearen berri ematea batetik. Eta bestetik, gure inguruko bertsozale ez zirenei egiten genuena kontatzea. Uste dut lehenengo helburua lortzetik hurbilago ibili ginela bigarrenetik baino. Urrutietara lehenago iritsi ginen, bertara baino». Kulturaren muineko batzuek ondo jabetu gabe bertsolaritzaren balioaz, eta politikariek apustu sendorik egiten al dute bertsolaritza iraunarazteko? Egañaren hitzetan, «izen handikoen artean, batzuk badira bertsozale bertsozaleak ere: Sabin, Tasio, Imanol, Xabier... Agintariak orohar ez du kultura, ez lehengai eta ez lehen gaia. Eta bertsolaritza ere ez, jakina. Bertsolaritza ez omen dago Kulturaren Euskal Planean. Ez dakit. Ez dut irakurri. Nahiago nuke balego... eta irakurria baneuka. Iritzia eskatu izan baligute denboraz eta artez, uste dut gure ekarpena egiteko arazorik ez genukeela izango».

Sakez egindakoak

- «Buruz goitik beheraino egindako bertsoan, silaba batek huts egitea aski da bertsoa bera goitik behera amiltzeko. (...) egina ahaztu egin daiteke eta egiten ari zarena ez».

- «Ernetasuna da bertsolaria bertsolari egiten duena. (...) Bertsolaria zer entzungo egongo da beti, esamolderen bat, hitzen bat, arrazoiren bat... bere almazenean sartu eta han pilatzeko».

- «Prestatu beharra dagoela inork ez dizu ukatuko. Inork ez daki, ordea, bertsogintzarako nola prestatu».

- «(Bertsolariak) Ez du hasi behar bat-batean argi adierazteko gai ez dena esaten. Eta ez du hasi behar bat-batean ulertuko ez diotena esaten ere».

- «(...) errimatu, neurtu eta kantatzeaz gain zerbait aurkitzen ez duenak nekez eutsiko dio bertso-lanari. Zerbait horri deitu nahi duzuena: kultur-proiektua, nazio ikuspegia, lagunartea, txaloa, soldata... Seguraski denetik pixka bat izango da».

- «Zabarrak gara bertsolariak gure 'obra'-ri dagokionez. Zahartzera hasten gara bilduma-liburu bat osatu nahirik. Orduan jabetuko gara, damutuko, gure utzikeriak bat-bateko bertso on asko utzi duela galtzera».

- «Idatzizko kultur moldeak gehiegi moldatu gaitu. Lokailuek larregi lotzen gaituzte. Ez dakigu bi esaldi bata besteari eransten, tartean 'eta', 'baina', 'nahiz eta' eta gainerako lokailurik gabe».

- «Bertsogintza autokonfidantza ariketa da. (...) Probatu, arriskatu, jauzi egin... Hori da inprobisatzea».

- «Amorrazioa ematen du zenbaitsutan, kanturako gorputz-aldarte ona eta burua argi eduki eta ordu eta erdian, hurrenez hurren, txakurra, aingerua, agure tangazalea eta Amstrong-en txirrindaren plater handia izan beharrak».

- «Azken aldian koplak 'bertsolarizatu' egin ditugu, tamalez. (...) Kopla ez da jada lehen zatiaren eta bigarrenaren arteko lotura magikoak zituen testu-mota desberdin hura. Ez da natur aipamenak eta eskea txirikordatzen zituen kantua. Bihurtu dugu, bertso osoaren bertsio jibarizatu eta txatxua».

- «Kulturarteko Jardunak Euskal Herrian egin genituelarik Belodromoan adinakoxe emozioak pilatu zitzaizkidan barruan. (...)
Nik, guk, bizi duguna gehiagok ere, urrutietan baina gertu, bizi dutela frogatzean».

- «Nik neuk, doinu jakin batzuetan, nahita ere ez dezaket bertso txar-txarrik bota. Beste batzuetan bestera gertatzen zait: on-onik bota ezin».

- «Gero eta gai konplexuagoak eta gero eta ariketa bitxiagoak. (...)
Denetik eragin digute eta denetik egin izan dugu».

- -Agian Zuzenbide ikasketak egingo ditut- esan zidan lehengoan alabak.
-Badakizu orduan prestatzera nora joan behar duzun, ezta? (...) Bertso-eskolara!- eman nion harro epaia».

- «Bertso saioak planteatzeko beste modu bat ekarri ziguten telebista-kamerek. (...)
Saio pixkanakako, luze eta ongi txirikordatuak baino gehiago balio zuen bi-hiru bertsotan goia jotzeak. Haiek telebistaz emango zituzten... (...) Autozentsurari men egiten hasi ginen. Botatzen genuena ez zen ordu jakin batean eta lagunarte jakin batean geratuko».

- «Txapelketara puntuak eta postuak ahaztuta joan behar da. Nortasuna erakusteko grinaz eta mundua jatera. Txapelketa estu hartzen duena, estu hartuko du txapelketak».

- «Ikastetxeren batera hizketaldiren bat egitera joan eta (...) orain, Alberto Iñurrategi, Kirmen Uribe eta Igor Elorzari galdera bera egingo diote: 'Nola egiten da famoso?'».

- «Beti azkena pentsatzen dugu. Bertsoak beraz, zama azkenean darama. Bertsoa nola hobetu daitekeen formulatzen erraza da: pentsatzen den hori gora bidaliz. Eta konfiantza izanez, azken segundoan, errematetzat geneukan hura errematatzeko beste ateraldi edo zertzeladaren bat etorriko zaigula».

- «Zer esanik ez dagoenean alferrik saiatuko zara hutsa edertzen, Oteizak Oteiza».

Gehienak ez dira 22ra iritsi...
«Oso jarduera gogorra delako bertsolariona. Edozein garraiolariren lana egiten dugu, gutxienik. Zamatuta joan herri batera, han hustu eta bueltan etorri. Eta gero, hurrengo bidaiarako berriz zamatzearen lana norbere kabuz egin behar izaten da. Gainera, gure belaunaldiak hedabideak gainean eduki ditu. Eta horrek asko gastatzen du pertsona. Eta bestalde garraiobideak samurtu diren honetan, gogorragoa da herri batera joan eta bertan hiru egun ematea baino, egun batean hiru herritara iritsi ahal izatea, eta ondorioz, iritsi beharra».

Non jokatzen du bertsolaritzak?
«Herrigintzan partaide garela sentitu nahi nuke, gure txikian. Ez gara bertsotan ari 10/8 silaba egitea gustatzen zaigulako, errimen hotsak liluratzen gaituelako edo argudiaketa distiratsu baten bila. Horregatik bakarrik ez behintzat. Nahiz eta hori ahalik eta ongien egitetik letorkeen gure ekarpenik handiena. Baina badira sakonera handiagoko kontuak. Uste dut goldearoan eta galdearoan gabiltzala. Zer pintatzen du kulturak herrigintzan? Zer guk euskal kulturaren barruan? Gogoeta sasoia da. Ia hogei urte badaramatzagu Elkartean ere egin eta egin, eta egon eta egon».


Azkenak
‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


MADDI OIHENART
“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]


2025-04-24 | ARGIA
Bere etxearen aurkako erasoa salatu du Aritz Otxandianok, eta berriztagarriekin duen jarrerarekin lotu du

Asteartetik asteazkenerako gauean familiaren etxearen aurka bi bengala bota dituztela jakinarazi du Fagor kooperatibako jasangarritasun arduradunak.


Espainiako Gobernuak 1.041 milioi euro gastatu ditu Israeli armak erosten azken urte eta erdian

2023ko urritik armamentua erosteko 40 kontratu sinatu ditu Espainiako Estatuak Israelekin eta hango enpresekin, horien erdia azken urte erdian. Horietako kontratu batekin ika-mika piztu da Espainiako Gobernua osatzen duten PSOE eta Sumarren artean, bereziki azken horren barnean,... [+]


Asier Urbieta, 'Faisaien irla'
“Guretzako mugarik ez dago eta horrela estreinatu behar zen: mugarik gabe”

Asteazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian, eta ostiraletik Hego Euskal Herrian; film oso gutxi estreinatzen dira horrela zinema aretoetan. Halaxe egingo du asteon Faisaien Irla-k. Fikzioa baitira mugak, horrela dio Asier Urbieta (Errenteria, 1979) zuzendariak: ez dira... [+]


Haur Hezkuntzako irakasleen %94 emakumeak dira

Ikaslea zenbat eta adinez txikiagoa izan, orduan eta feminizatuagoa da irakasle lana: Haur Hezkuntzan, 10 irakasletik 9 baino gehiago emakumeak dira munduan, Lehen Hezkuntzan %67a eta DBHn %54a. “Kuriosoa da, zaintza oinarri duten beste lan batzuetan (erizainak, erizain... [+]


2025-04-24 | Gedar
Indarkeria matxistaren aurkako babesa: Hego Euskal Herrian, salatutako kasuen %31tan ez ziren neurriak hartu

Espainiako Estatu mailan, behera egin dute bai ezarritako babes-neurriek bai aurkeztutako eskaerek.


Sarako Idazleen Biltzarraren 42. edizioak euskal idazle eta irakurle andana bildu ditu

Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien... [+]


Pertsonon datu-pribatutasuna ezbaian, delinkuentziaren aitzakian

Kondenatutako atzerritarren nazionalitateari buruzko datuak argitaratuko dituela adierazi du Erresuma Batuko Barne ministroak. Bide beretik, pasa den astean ezagutarazi zen Aste Nagusian atxilotutako 79 pertsonaren argazkiak filtratu zituela Ertzaintzak.


2025-04-23 | Jon Torner Zabala
Madrilgo mugimendu ekologistan infiltratutako beste polizia bat atzeman dute

2002az geroztik Espainiako Estatuko hainbat kolektibotan infiltratutako hamabi poliziaren berri eman dute La Directa eta El Salto agerkariek. Nieves López izen faltsua baliatzen zuen Espainiako poliziaren kasua da publiko egin duten azkena. El Salto-k argitaratu duenez,... [+]


2025-04-23 | El Salto-Hordago
Arun Kundnani: “Arrazakeriak gizarteko baliabideen banaketarekin du zerikusia”

Militante eta ikerlari antiarrazistak abiapuntu argia adierazten du: arrazakeriaren aurka borrokatzea ez da zeregin psikologiko edo diskurtsibo bat, baizik eta egiturak desegiteko premia.


Militarizazioan beste urrats bat eman du Espainiako Gobernuak: 10.471 milioi euro gehiago bideratuko ditu Defentsara

Espainiako Gobernuak urte amaierarako Defentsara bideratuko duen gastua Barne Produktu Gordinaren %2 izango da: 33.123 milioi euro. Sánchezek adierazi du erabaki horrek "Espainiaren segurtasuna bermatzea" eta armadaren baliabideak "modernizatzea" dutela xede.


Eguneraketa berriak daude