Aitor Lopez de Aberasturi: «Azkenaldian Internet Euskadin geratuta dago»

2001ean Madrilera joan zinen. Aurrez, dena den, Elkarnet -Euskal Internauten Elkartea- sortu zenuen. Zeintzuk ziren Elkartearen helburuak eta zertan da orain proiektua?
Elkarnet Guay enpresan nengoenean sortu genuen. Madrilera joan nintzenean proiektua beste esku batzuetara pasa eta apur bat geroago gelditu egin zen. Haren lekua Internet & Euskadi elkarteak bete zuen. Elkarneten helburua batez ere Interneten euskaraz egin behar ziren eta egiten ziren gauzak azpimarratu, argitaratu eta bultzatzea zen. Nire ustez, azkenaldian Internet Euskadi mailan geratuta dago. Proiektu batzuk aurrera eramaten diren arren, bultzada bat behar du. Mundu honetan lanean dihardugunok Internet ez dela babesten eta sustatzen ikusten dugu.

Aipatu duzun geldiune hori zertan nabarmentzen da?
Geldiuneaz jabetzeko beste herrialdeei begiratu behar zaie. Katalunian zer egiten den ikusten duzu eta berehala ohartzen zara dagoen aldeaz, batez ere Interneten euskarak duen presentziari dagokionez. Softwarea euskaratzen saiatzen diren talde batzuk sortu dira. Internet & Euskadi esaterako hasi da itzulpenak-eta egiten. Interesgarria da horrelako ekintzak bultzatzea. Euskal Herrian gauza guztiak erakundeek egitera ohituta gaude eta hori ez da beste lekuetan gertatzen. Internautak dira proiektu horiek bultzatzen dituztenak. Internet & Euskadi eta Elkarnet bezalako elkarteen helburu bat hori izan beharko litzateke: euskarazko proiektuak sustatzea.

Erakundeen esku hartzea aipatu duzu. Zure iritziz laguntza nahikoa eskaintzen al dute Internet sustatzeko?
Diru-laguntzak ematen dituzte, baina nire ustez gaizki planteatuta daude. Ez da edozein web gune babestu behar, kalitatezkoak baizik, egunero berritzen direnak... Ez du zentzurik urte batean eduki eta zerbitzu aldetik berritu ez den web gunea sekulako dirutzarekin babestea. Diru-laguntza asko daude, gehiegi. Irizpide batzuk hartu beharko lirateke kontuan laguntzen banaketa ondo egiteko. Izan ere, badira erakundeen babesa jaso eta urtebetera desagertu diren web guneak. Baita diru-laguntza jaso eta abian jarri ere egin ez direnak. Negargarria iruditzen zait.

Nik ez dut diru-laguntzetan sinesten, baina bai publizitatean. Hainbeste diru-laguntza eman beharrean, hobe litzateke erakundeek publizitatea egitea. Eta Interneten egitea. Internetekin loturiko edozein proiektu -Konekta Zaitez, instituzioen web guneak...- Internetetik kanpo promozionatzen da eta Interneten bertan ez. Horixe da erakundeek gaizkien egiten dutena. Internetekin loturiko gauza bat egiten baduzu, publika ezazu Interneten!

Eta zer diozu enpresen jarreraz?
Gauza bera. Sinesgaitza da Euskaltel moduko enpresa batek Kaixo bezalako proiektu batean zortzi urtetan iragarkirik ez jartzea. Dena dela, ez dakit enpresen, erakundeen edo publizitate agentzien arazoa den. Agentzientzat errazagoa izan ohi da telebistan iragarkia jartzea. Demagun iragarki bat egiteak 18.000 euroko kostua duela eta telebistan azaltzeagatik 100.000 euro gehiago ordaindu behar direla. Guztira 118.000 euro. Bada, publizitate agentziak diru kopuru horren %10 irabaziko du. Gutxi gorabehera 12.000 euro. Goazen Internetera. Enpresa batek 12.000 eurorekin Euskal Herriko hedabide guztietan egin dezake kanpaina hilabete batean zehar. Demagun publizitate agentziak %20a eskuratzen duela, alegia, 2.400 euro. Eta ia lan bera egin behar du: iragarki-bandak diseinatu, hedabideekin harremanetan jarri, jarraipena egin. Lan gehiago, diru gutxiago jasotzeko. Gainera, badago kontuan hartu beharreko beste faktore bat ere: ez dute Internet medioa ezagutzen.

Internet gaur egun medio merkeena da. Merkeena edozein publizitate egiteko, autoei buruzko iragarkiak jartzeko, adibidez. Kaixorentzat iragarki horiek lortzea zaila da, besteak beste, Madrilgo agentziekin jarri behar zarelako harremanetan. Baina telebistan dauden autoen iragarki guztiak Interneten ere badaude. Internet oso merkea da telebista, prentsa idatzi eta irratiarekin alderatuz. Gainera, norberak guztia kontrola dezake. Erosleak nondik datozen jakin daiteke. Hau da, erabiltzaileak iragarkira zein web guneetatik sartu diren. Ofilineren kasuan, publizitateari bideraturiko aurrekontuaren %90a Interneten inbertitzen dugu eta hala hainbat datu ezagutu dezakegu. Wanadoo-n banner bat jarriz gero, esaterako, badakigu iragarkia zenbat erabiltzailek klikatu duten eta horietatik zenbatek erosi duten gure produkturen bat.

Orduan, zergatik ez dute hemengo enpresek Internet aukeratzen publizitatea egiteko? Publizitate agentzien jarreraz gain egongo da beste arrazoirik...
Ni maiz saiatu naiz publizitatea erakartzen, baina gutxitan lortu dut. Euskal Herrian, indarra duten web gune gehienek atzean beste hedabide bat dute, dela irrati katea, egunkaria ala aldizkaria, eta ez zaie Internet interesatzen. Zergatik? Bada, aurrekontuaren zati bat Interneti eskaintzen badiote, paperera gutxiago bideratu dezaketelako. Hori izan da aurkitu dudan arazorik handiena.

Bestalde, Euskal Herrian Interneten inguruan lanean diharduen lagun askok aipatu du hemen bakoitza bere aldetik doala, albokoari jaramonik egin gabe. Zuk zer uste duzu?
Bai, hori egia da, baina leku guztietan gertatzen da. Hemengoari begiratuz, hor daukagu ARGIAko Gure Agenda-ren adibidea. Ni Euskararen Aholku Batzordean nago eta Interneterako zituzten proiektuez hitz egiten hasi zirenean, ez nuen ezer esan baina zera pentsatu nuen: "Sekulako inbertsioa egiten ari zarete Kultur Gida bultzatzeko eta seguraski Gure Agendak bisitari gehiago ditu eta bertan kontsulta bat egitea errazagoa da". Gure Agendak ere aukera zuen hobetzeko, baina Kultur Gida proiektu bera zen. Nire ustez horrek ez dauka zentzurik. Dena den, hori ez da Interneten soilik gertatzen, beste esparru batzuetan ere bai.

Leku guztietan gertatzen omen da, baina alderik egongo da Euskal Herriaren eta beste herrialdeen artean, ezta? Katalunia aipatu duzu...
Katalunian beste filosofia bat dute. Internet beti daukate buruan. Hori ez da hemen gertatzen. Hango enpresa batek zerbait egin behar duela pentsatzen badu, zera esango du: "Internet erabiliko dugu". Euskal Herrian ekintza asko egin da Internet bultzatzeko, baina Interneten sinetsi ezean, alferrik ari gara. Ez dut ulertzen erakundeek-eta Internet bultzatzeko kanpainak egitea eta hainbat proiektu ez babestea. Ofilinek adibidez ez du babesik jasotzen. Neurri batean ulertzen dut, baina sinesgaitza da hainbat enpresa eta erakundek erabiltzaile kopurua gehitzeko sekulako kanpainak egitea, non eta Internetetik kanpo. Kanpaina horiek ez dute funtzionatzen.

Katalunian erabiltzaileek beti daukate Internet buruan. Ez dut uste hemen dituzten diru-laguntzak dituztenik, baina txip hori dute. Beraz, erabiltzaileen arazoa era bada. Arazoa norberaren izaeraren baitan ere badago. Hemen saiatzen gara hainbat proiektu eta diru-laguntzekin hori aldatzen. Batzuetan lortzen dugu, baina beste batzuetan ez.

Gasteizko Diocesanas ikastetxean irakasle zara. Teknologia berriek eskoletan duten presentziaz hitz egitean, aditu ugarik dio hainbat irakasle deseroso sentitzen dela sarri ikasleek gehiago dakitelako eta ikasle-irakasle funtzioak trukatzen direlako. Zure ustez ondo ari al dira teknologia berriak eskoletan barneratzen?
Nire ikasleek teknologia berriez ezagutza handia dute. Nire helburua orain aipaturiko txip hori aldatzea da. Normalean ikasleek klasera joan eta hainbat gauza ikasten dituzte, baina klasea bukatu eta azterketak gainditzean guztia ahazten dute. Nire xedea erabiltzaile aktiboak sortzea da. Hau da, klasetik irtetean proiektuak garatu ditzaten lortzea. Gainerako irakasleei dagokienez, Diocesanasen behintzat garai berrietara egokitzen hasi dira. Badakite etorkizuna teknologia berrietan dagoela.

Inoiz esan izan duzu euskarak Interneten ez duela etorkizunik. Hizkuntzaren arazoa al da?
Internetek aukera asko eskaintzen dizkigu, baina edukiei dagokienez lan gehiago egin behar da. Euskarazko egunkari bat dago eta jendeak euskaraz irakurri nahi badu hori irakurtzen du eta kito. Interneten, aldiz, euskarazko hainbat gune dago. Sarri web gune batean sekulako ahalegina egiten da edukiak sartzeko eta ez da erabiltzaileak erakartzea lortzen. Euskarazko guneek etorkizunik ba al duten? Izan, badaukate, baina Interneten euskarazko proiektu bat egitea oso garestia da. Badakizu erabiltzaile kopuru txikia duzula, eta konpetentziari dagokionez... Kalitatezko web gune gutxi dago Euskal Herrian. Web gune horiek mantentzeko dirua behar da, eta hori da benetako arazoa. Edozein iragarki egitean, edo bilatzean, zera esaten dizute: "Guk proiektu honetan dirua inbertitzen badugu, ez dakit nor ere etorriko da diru eske". Euskal Herrian euskarazko egunkari bat eta hiruzpalau aldizkari daude. Gainera ezagunak dira. Horientzat publizitatea topatzea, tira, baina Interneteko proiektu batentzat lortzea...

Beraz, edukiak lantzera mugatzen bazara, badaukazu hortik bizitzerik?
Bai, baina eduki horiek saltzen badituzu. Edukiak zure web gunearentzat egiten badituzu, oso zaila da bizirautea. Eduki hori publizitatearekin ordaindu behar da eta Euskal Herriko merkatua dagoen bezala -ez soilik euskaraz, orokorrean baizik-, ezinezkoa da. Edukiak egin eta horiek enpresa bati salduta, aurrera egin daiteke, baina bestela... Kalitatezko edukiak eskaini nahi badituzu, eduki propioak izan nahi badituzu, oso garesti aterako zaizu. Horrelako web gunea mantentzea zaila da.

Kaixo
Kaixo ataria 1996an sortu zuen arabarrak. Duela zortzi urte euskarazko web gune gutxi zegoen eta Lopez de Aberasturiren helburua hutsune hori betetzea zen. Kaixo bilatzaile moduan jaio zen baina gaur egun zerbitzu gehiago eskaintzen ditu. Bisitari kopuruari dagokionez, albisteak, eguraldi iragarpenak, txata eta batez ere web posta dira arrakastatsuenak, abizenei eskainitako atala, informazio turistikoa eta lan poltsa ahaztu gabe. Gune aberatsa, hortaz. Aberatsa, baina garestia. Duela bi urteko esperientzia da horren lekuko. Urtebete Madrilen izan ostean, Lopez de Aberasturi Euskal Herrira itzuli zen 2002an Kaixori bultzada berria emateko asmoz. Diseinugile bat kontratatu eta atariaren itxura eta edukia berritzen hasi zen, baina proiektua aurrera ateratzeko beharrezkoa zuen publizitatea ez zuen lortu eta ezin izan zituen helburu guztiak bete. Hala ere, ez zuen etsi eta aurten beste urrats bat ematea erabaki du. Kaixo "proiektu pertsonal" gisa hartu duela dio Lopez de Aberasturik. Proiektuaren atzean bera bakarrik dagoenez, kalitatea eta zerbitzuak murriztuko dituela esan digu, baina web gunea berritzen jarraituko duela. Duela lau hilabete abiarazitako on-line euskaltegian, esaterako, 3.000 ikasle baino gehiagok eman dute izena eta Kaixo Weblog atal berriari esker Kaixoren erabiltzaileek edukia sartzeko aukera izango dute. Gaur egun, ataria 6.000-7.000 lagunek bisitatzen dute egunero. Gehien erabiltzen den zerbitzua web posta da. Jada 30.000 helbide banatu ditu Lopez de Aberasturik.

Proiektua Euskal Herrira begira dagoela esan izan duzu. Baina zein da zehazki zure publikoa?
Euskal diasporari ere badago zuzenduta. Internet harremanak mantentzeko tresna izan daiteke. Txata adibidez oso tresna baliagarria da horretarako. Euskaraz dakiten argentinarrek parte hartu ohi dute. Arratsaldero 100 pertsona inguru egoten dira on-line euskaraz hitz egiten.

Euskal Herriko merkatua txikia da. Zergatik ez dituzu bideratzen zure proiektuak merkatu zabalagora?
Euskaldunentzat zerbitzua dohainik eskaintzea zen Kaixoren hasierako helburua eta horri eusten diot. Zergatik ez zabaldu? Besteak beste, hizkuntzarengatik. Kaixo proiektu elebiduna da eta zerbitzuek gutxienez euskaraz egon behar dute. Mundu mailako merkatuan euskaraz eskaintzeak ez du zentzurik.

Interneten aintzindari
Aitor Lopez de Aberasturiren proiektu ezagunena 1996an abiarazi zuen Kaixo ataria da, baina hamaika proiektu gehiagotan hartu du parte. Gasteizko enpresa batean lanean aritu ostean, urte eta erdi EJIEn -Eusko Jaurlaritzako Informatika Elkartean- jardun zuen. Ondoren Guay.com-en zuzendari tekniko gisa aritu zen eta besteak beste, Elkarnet -Euskal Internauten Elkartea- sortu zuen. 2001ean Madrilera joan zen eta Euskal Herrira itzuli zenean Kaixori eskaini zion batez ere bere denbora. Gaur egun, Gasteizko Diocesanas ikastetxean irakasle da eta egunean ordu eta erdi inguru eskaintzen dio Kaixori. Gainera, besteak beste Ofiline.com proiektuan hartzen du parte. Ofiline Espainian Interneten bidez bulego materiala saltzeko denda elektronikoa da. Ofilinek irabazi berri du Caja Vital Kutxak eta Araba Enpresa Digitalak sustaturiko II. Ekintzaile lehiaketa.


Azkenak
2025-04-29 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Soldadu ipar korearrak Europan: zergatian datza koska

Zer lor nahi zezakeen Ipar Koreako erregimenak Errusiaren gerrarako egindako odol-ekarpenarekin? Batetik, eskarmentua; bestetik, elkarrekikotasuna.


“Energiaren %60 galdu dugu bost segundoan, ez dakigu zergatik”

Egunak argitzerako itzuli da argindarra ia-ia leku guztietara. Euskal Herrian baino atzeratuago egin du Espainiako Estatuko lekurik gehienetan, baita Portugalen ere. Normaltasun itxura gaur Euskal Herrian, baina goizeko lehen orduan ez dira funtzionatzen ari aldirietako trenak... [+]


Yemenen 68 hildako eragin ditu AEBen bonbardaketa batek

Petrolio-portu bateko sarraskia gertatu eta hamar egunera izan da erasoa. AEBek erasoak abiarazi zituztenetik 250 pertsona baino gehiago hil dira Yemenen. Oraingoan 68 pertsona hil eta 47 zauritu izan dira. Orain arteko bonbardaketa lazgarrienetakoa da.


Igor Peñalver (ELA Volkswagen): “Jarritako garraiatzaileekin osasun arazoak sor daitezke”

ELA, LAB eta CGT sindikatuek ibilgailu elektrikoak egiteko elektrifikazio prozesuan instalatutako olagarro edo garraiatzaile berria kentzeko eskatu diote Nafarroako Volkswageni. Elkarretaratzea egin zuten ostegunean eta atzorako greba eguna deitu zuten lantokian: 13:15etatik... [+]


2025-04-29 | Antxeta Irratia
Lakaxita: beste Irun posible baten erresistentzia 20 urtez

Beste bizi eredu  baten alde eginez, hainbat belaunaldik ikasteko, antolatzeko, esperimentatzeko eta trebatzeko aukera izan dute Lakaxitan bi hamarkada hauetan zehar. Gazte belaunaldi anitz ikusi ditu gaztetxeak, eta Jaion bestan, oraingo gazte mugimenduko kideak ez... [+]


2025-04-28 | Amanda Verrone
Lurrerako giza eskubidea: gaudenen eta eraman gaituztenen alde

Apirilaren 17an, Brasilgo Eldorado do Carajás-en egin zuten lurrik gabeko 21 langileen sarraskiaren 29. urteurrena izan da. Ordutik, La Vía Campesinak data oroitzen du Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Egun gisa, lurrerako eskubidea defendatzeagatik koldarkeriaz erail... [+]


Argindarra itzuli da Euskal Herriko lekurik gehienetara, baina normaltasunera itzultzeko “orduak edo egunak” beharko dira

Gaueko 21:00etarako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako %85era itzuli da hornidura energetikoa, eta Nafarroan, berriz, %50era. Egoera okerragoa bizi dute Espainian eta Portugalen: hurrenez hurren, argindarra lurraldearen %25era eta %10era iritsi da.

Sare elektrikoa erabat erori da... [+]


Lizarrako Udalak txosnei jarritako debekuaren aurka protesta egin zuten 27 gazte epaituko dituzte maiatzean

Maiatzaren 22tik 23ra bitartean deklaratu beharko dute auzipetuek. Gazteek salatu dute instituzioak "geroz eta gehiago" ari direla mugatzen protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa, eta 'Bajadikako 27ak' izenarekin sortu dute plataforma bat. Maiatzaren... [+]


Iparretarrak taldeko militanteen omenezko margolana aurkeztu dute Baigorrin

Felipe Bidart Iparretarrak taldeko kide ohiak Kazetari azaldu dioenez, "borrokan erori diren militanteak oroitarazteko" xedea du margolanak. Xabi Tapia Xabxab artista urruñarra da haren egilea, eta Baigorriko Lagundu elkarteak antolatuta egin dute aurkezpen... [+]


2025-04-28 | ARGIA
Uxue Alberdiren “Hetero” liburuaren aurkezpenak emango dio hasiera Azokaroari

Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]


Euskal herritar bat epaituko dute bete hogei pertsonarekin batera 2021ean Bartzelonan etxegabetze bat geldiarazten saiatzeagatik

Maiatzak 8an abiatu eta ekainaren 3ra arte luzatuko da epaiketa. Guztira 35 espetxe urteko eta 200.000 euroko zigorra eskatu ditu fiskalak auzipetuentzako.


Norabidea erakusten duten zenbait ohar, Aritz Otxandianori gertatutakoaren harira

Harriduraz irakurri dugu prentsan Aritz Otxandianori etxean bertan bengalekin egindako erasoaren albistea. Berak sare sozialetan eman zuen gertatutakoaren berri. Bai bera, bai bere adierazpenak jasotzen dituzten hedabideak ahalegindu dira eraso hori makro-berriztagarriei buruzko... [+]


Mikel Gardoki omendu dute, haren erailketaren 50. urteurrenean: «Egia jakiteko garaia da»

50 urte bete dira Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm-ko kidea tirokatuta hil zuenetik. Egiari Zor fundazioko kideek eta Gardokiren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k hartu dute parte ekitaldian.


Eguneraketa berriak daude