Erdi Aroko Done Jakue bideetan bizikletaz

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Martxuta, Arruta-Sarrikota herrixkak igaro eta, abiagune izango dugun Erreitira eraman gaitu errepide estuak. Kale nagusia luzeran zeharkatu eta herri-gunetik aldenduta dagoen Santiago elizaren alboan utzi dugu autoa, Biduze ibaiertzean, Erdi Aroko zubi sarreraren ondoan.

Erreiti herrixka: XII. mendeko zubia eta errota

Agramondarren jatorrizko gotorlekuaren aurriak »edo geldikinak» Erreitin daude, herrixkara iritsi aitzin pasa dugun muinoaren kaskoan. Bertan bizi izan ziren Agramondarrak, harik eta XIV. mendean Bidaxuneko gaztelura joan ziren arte. Bai Erreiti (Viellenave-sur-Bidouze) eta bai Burgue (Bergouey), Agramondarren babesean XI. mendean sortutako herrixkak dira. 1360an zergarik gabeko merkatua ezarri zuten Burguen. 1973an Burgue, Erreiti eta Erango herrixkak elkartu egin ziren udala osatzeko, baina 1977an Erango banandu egin zen. Erreitiko Santiago eliza (Saint-Jacques-le-Majeur), pelegrinentzako ospitale izan zen. Izan ere, Compostelara daraman Done Jakue bideetako bat, bertatik igarotzen da, baita ondoren ezagutuko dugun Sordeko abadia zaharretik ere. Biduze zeharkatzen duen hiru uztaidun zubi ederra berriz, XII. mendeko lehen erdian aipatzen da lehen aldiz Sordeko abadiako liburu zahar batean. Peaje edo bidesariko zubi gisa agertzen da bertan. Zubipean, ezker ibaiertzean, oraindik ikus daitekeen harraska dago. Zubiaren beste ertzean aldiz, XII. mendearen lehen erdian eraikitako errota ikus daiteke, Agramondarrek eraikia Sordeko abadeentzat. XVII. mendean berritua, ziurrenik hauen esku egon zen XIX. mende hasiera arte.

Olorue ibaia zeharkatuta, Sordera

Bizikletaz jada, zubia zeharkatu eta kasko gainean dagoen Burguera igo gara, arin, aise, eguneko lehen muinoa baita. Atseden leku bat igaro dugu jarraian, harrobi handi bat utzi eskuinean, bigarren muino bati ekin eta maldan behera, Erangoko (Arancou) elizarekin egin dugu topo. Tours-etik datorren Done Jakue bidean kokatua hau ere, XIII. mendeko eraikin puska da. Iparralderantz jarraitu dugu, artasoro sail zabalen artean, Akamarre eta Bidaxunera daraman errepidera iritsi arte. Bertatik metro gutxi batzuk egin eta berriro herri arteko errepidea hartu dugu, auto gutxi dabilen horietakoa. Artasoroak ugari hemen ere, baita artaburuak pilatzeko eraikuntza bereziak ere. Les Cinq Cantons deitu bidegurutzea igaro eta Sordeko bidean jarraitu dugu, Euskal Herritik irten eta Landetako departamendura igaroz. Peyhorade eta Olorue lotzen dituen errepide nagusira irten gara, bertatik zati labur bat egin behar izan baitugu. Autobide gainetik igaro eta berehala eskuinera jo dugu, Sordera iritsi aurretik, Olorueko ibaia zeharkatu ahal izateko zubiaren bila.

Olorueren ibai-ertzetik, Bastidara

Sorde l'Abbaye-n »Landetako departamenduan kokatua», XI. mendeko abadia ikusgarriaren aurriak ikus daitezke, Olorue ibaiaren ertzean. Eliza bikaina eta Beneditarren monasterio izandakoaren aurriak dira aipagarri. Sordetik hegoaldera, Biarnoko Labastide Villefranche aldera abiatu gara, Olorue ibaiaren eskuin ibaiertzetik doan errepidean barrena. Itzuliko zatirik lauena izan dugu, erriberetan barrena baitoa errepidea. Pirinioetako gailur nagusiak urrutian zeruertza itxiz, baina gero eta gertuago nabari ditugu. Cassaber herrixka igaro eta Carresen eskuinera jo dugu, atzera Olorue ibaia eta lehengo errepide nagusia zeharkatu, eta herria kokatua dagoen muino kaskora igoko gaituen maldari ekin asmoz. Kilometro batzuk burutu ditugu dagoeneko eta nekea nabaritzen hasiak gara, baina iritsi ahal izan gara azkenean. Izenak dioen moduan, Labastide Villefranche Erdi Aroko bastida izan zen, Biarnoko bastida, hain zuzen. Herria inguratuz jada ez du harresirik, baina sarreran dorre itzelak zutik dirau oraindik.

Helmuga: Burgue

Kale lasai eta isilen artetik itzulia egin ondoren, herri irteerako bidegurutzean Burguerako norabidea hartuz, gaurko ibilbidearen azken zatiari ekin diogu. Azken muino bat gainditu beharra izan dugu, ondoren hasieran igarotako atsedenlekutik pasaz Burguera igo eta Biduze gaineko zubira iristeko.

Hautazko ibilbidea, Pausazakeko mugarrira: Biarno, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren lotune

Proposatu ibilbidea laburra dela irudituz gero, jarraian mugarri zahar eta garrantzitsu baten bila abiatzeko beharrezko datuak emango ditugu. Pausazakeko mugarriaz ari gara, Biarnok, Nafarroa Behereak eta Zuberoak bat egiten duten gunean, 1395an jarritako mugarriaz, hain zuzen. Bastidatik Burguerako bidean topatu bidegurutzean ezkerrera jo behar dugu eta Lauhireko pentze belartsuen artetik Arbotira (Arbouet) lehenik eta Zobotara (Sussaute) ondoren daraman errepidea hartu. Zobotako eliza polit eta bakartia eskuinean utzi eta ipar-ekialderako norabidean doan errepide estutik joko dugu hiruzpalau kilometrotan gutxienez. Eskuinera jotzen duen bigarren bidexka harriztatua hartuko dugu, seinale horiez eta zuriez adierazitakoa. 500 metroren buruan bidexka estutuko da. Gaztainondo basotik arto alorrera irten eta lepo zabal batean egingo dugu topo Pausazak izen bitxia duen mugarri ezezagunarekin »138 metroko altueran». Mugarriak berak garbi asko idatzia duenez, 1395ean paratua, Biarnok, Nafarroa Behereak eta Zuberoak bat egiten dute mugarri zahar eta agurgarri honetan. Badirudi gainera, ingurumenak berak nolabait adierazi nahi duela hiru herrialdeen berezitasuna, izan ere, larrea Biarnon da, artasoroa Nafarroa Beherean, eta oihana, Zuberoan. Mugarri honetatik 300 metro ipar-mendebaldean bada beste mugarri zahar bat ere, 1547an eraikitakoa eta Biarno eta Nafarroa Beherearen arteko muga-lerroa zedarritzen duena.

Erreitira itzulera

Itzulera etorri bide beretik burutu daiteke, Zobotara lehenik eta Arbotira ondoren. Azken honetara iritsi baino metro gutxi batzuk lehenago, zubi batek lubaki sakona zeharkatzen du. Bertatik iragaiten zen duela zenbait urte arte, Autevielletik Donapaleura zihoan trenbide estuko trena. Trenbidea desagertu bada ere, bere ibilbidean utzitako horrelako aztarna ugari geratzen da oraindik. Gamue, Ilharre, Labetze eta Bizkaiko etxaldeetatik barrena, azken pedalkadak Biduzeren eskuin ibaiertzean doan errepidean emanaz Erreitiko zubira iritsiko gara.

Done Jakue bide ibilienak eta Sordeko abadia
Pirinioez hegoaldeko Done Jakue bideez asko entzun bada ere, bide hauen guztien abiapuntuak Pirinioez iparraldera daude. Halaber, Hegoaldean Santiagora iristeko gehien erabiltzen den bidea Orreagatik barrena datorrena izan arren, Frantzia eta Okzitaniako lurraldeetan lau dira gutxienez, Done Jakue bide ibilienak:

- Guztien artean Le Puy en Velay-tik datorrena da ezagunena, GR-65 deiturikoa. Aipatu hiritik abiatuta Conques, Cahors, Moissac, Aire sur l'Adour eta Biarnoko Nabarrenkoxetik igaro ondoren Euskal Herrian sartzen da, Zuberoako Ospitalepeatik barrena.

- Beste bide garrantzitsu batzuk Vezelay eta Tours-etik datozenak dira. Hiru hauek Nafarroa Behereko Oztibarren egiten dute bat, jarraian Donazaharretik Garazira, eta handik Orreagako portuetara abiatzeko.

- Hauez gain, badira beste bide garrantzitsu batzuk ere, hala nola, Probenza-ko Arlès-etik datorrena, Languedoc zeharkatu eta Oloruetik barrena Somportetik igarotzen dituena Pirinioak edo Loirako eskualdetik abiatu eta itsasertzetik datorrena, Baionatik Euskal Herrian sartuz.

- Aipatu moduan Paris edo Tours aldetik zetorren bideetako bat, eta bertan geldiune ezinbestekoa zen XI. mendeko Sordeko abadia beneditarra. Hondamendi eta harri pilaketa ugari pairatu izan ditu monasterioak, Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenean, Albreteko Joana Nafarroako erregina zenean, Agramonteko dukeak sortutakoa eta frantses iraultzan eragindakoa. Egun, esku askotatik pasa ondoren, udala da abadiaren jabe eta eraberritze lanak abiatzeaz gain, museo bat prestatu dute bertan. Done Jakue bide hauxe da Erango eta Erreititik pasatzen dena.

Lauhire eta Lanneplaa, ardien neguko larre
Ezaguna da Erronkari eta Zaraitzuko bailaretako artzainek, uda partean ganadua goi larreetan bazkan eduki ostean, negua igarotzeko, abelbideetan barrena Bardeetara eramaten dutela artaldea. Antzinatik datorren ohitura da, oraindik gordetzen dena. Askorentzat arrotza izango da ordea, ondorengoa: Erroibarreko eta Aezkoako zenbait artzainek, nafar Pirinioetako soro garaietan uda igaro ostean, iparraldera, besteen artean Lauhire eta Lanneplaa inguruetara gidatzen zituzten beren artaldeak negu sasoian. Izan ere, eremu hauek XVII. mendera arte Nafarroako erresumarenak ziren, portuz haraindiko edo seigarren merindadeko lurrak, hain zuzen. Erdi Arotik edo lehenagotik datorren ohitura edo gertaera, egun erabat galdua dago, antza, izan ere, duela hogeita hamarren bat urte abiatu ziren Orbaitzetatik iparraldera azken artzainak eta dakigunez, egun ez da geratzen inguruotara artaldea eramaten duenik.


ASTEKARIA
2004ko abenduaren 05
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2025-03-08 | ARGIA
ARGAZKI GALERIA
Mugimendu Feminista: “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude”

Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia.


2025-03-08 | ARGIA
Bilgune Feminista
“Feminismoa da heldulekurik argiena desio dugun Euskal Herrirako”

Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu... [+]


Iruña-Veleia: epaiketatik bost urtera

Otsailean bost urte bete dira Iruña-Veleiako epaiketatik, baina oraindik hainbat pasarte ezezagunak dira.

11 urteko gurutze-bidea. Arabako Foru Aldundiak (AFA) kereila jarri zuenetik epaiketa burutzera 11 urte luze pasa ziren. Luzatzen den justizia ez dela justizia, dio... [+]


Superwoman

MAITE: (biharko eguna antolatzen bere buruaren baitan) Jaiki, gosaldu, bazkaria prestatu, arropa garbitu, etxea garbitu, gizon hori jaiki, seme-alabak jaiki, hiru horien gosaria prestatu, haiek agurtu, erosketak egin, lanera joan, seme-alabak eskolatik jaso, merienda eman,... [+]


Espainiako Sustapen Ministerioa: “Ez dakigu Ezkioko lotunea oso bideragarria den”

Josu Estarrona EH Bilduko Arabako senatariak egindako galderari erantzun dio Espainiako Sustapen Ministerioak, eta hor berretsi du Ezkioko aukera zailtasunez beteta dagoela.


2025-03-07 | Laia Alduntzin
Hezkuntza gotorleku

Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]


Mazónek ez du lortu bere misioa: Valentziako gurasoek katalanaren alde egin dute

“Askatasunaren” izenean, ikastetxean zein oinarrizko hizkuntza nahi duten galdetu diete guraso valentziarrei. Helburua katalana zokoratzea zen. PPren eta Voxen gobernuak ez du lortu. 33 eskualdeetatik 22tan katalana gailendu da. Emaitzarekin oso pozik agertu dira... [+]


800.000 euro gastatuko ditu EBk errusiar inbasioaren mamuari aurre egiteko

Europar Kontseiluak onartu du Ursula Von der Leyenek gastu militarrean proposatu duen 800.000 milioi euroko gastuarekin aurrera egitea. Horretarako bi arrazoi nagusi argudiatu ditu: Errusiari aurrea egitea eta Europar Batasunak aurrerantzean bere burua AEBen babes militarrik... [+]


Gizakunde
Badator, esnatu da

Gizakunde (Inauteriak)
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Arizkun eta Erratzun. plazan.

------------------------------------------------

Amaitu dira inauteriak, sutan erre ditugu gaiztoak, gaizkiak, sardinak eta panpinak. Baina xomorroak esnatu dira eta badator... [+]


Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma

Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]


Bizi testamentua: aurretiazko borondateen agiriaren gakoak

Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen ustez bizi testamentuak heriotza duin bat eskaini eta familiari gauzak errazten dizkio.


“Topaketa antiinperialistak” egingo ditu Askapenak martxoaren 15 eta 16an Bilbon

Karmela espazio autogestionastuan egingo ditu, eta Euskal Herriko zein nazioarteko gonbidatuak egongo dira bertan. "Koiuntura analisi orokorretik abiatu eta Euskal Herriko borroka internazionalistaren gakoetarainoko bidea" egingo dutela adierazi du Askapenak... [+]


Eguneraketa berriak daude