Demokrazia hitz soila ez omen da nahikoa honezkero. Orain, abizenak behar ditu. Demokrazia ordezkatzailea esaten zaie, berbarako, gure inguruan indarrean dauen ereduei (edo parlamentu-demokrazia, edo liberala, edo…). Azkenaldian, asko hitz egiten ari da beste demokrazia mota batez: demokrazia parte-hartzaileaz, alegia. Sarritan, eredu biak kontrajarritzat agerrarazten dira. Edo behintzat, bereizitzat. Haatik, mugak lausoak dira; gauzak ez dira zuriak ala beltzak, EHUn gaia ikertzen dabilen taldeko kideen iritziz.
Asier Blas, ikerlarietako bat, gaiari buruzko tesia egiten dabil oraintxe. Beraren ustez, "demokrazia parte-hartzailea ez da letra handitan jartzeko hitza. Askotan, demokrazia parte-hartzailea jartzen da mutur batean eta ordezkagarritasunean oinarritutakoa beste batean, besterik ez balego bezala. Baina lerro bat dago bi mutur horien artean. Lerro horretan alde batera edo bestera egiten den heinean, sistema parte-hartzaileagoa izango da, edo parte-hartze gutxiagokoa".
Parte-hartzaileagoa dioenak hobea dio. Demokrazia parte-hartzailea ez ei da orain dugunarentzako alternatiba, munduan »edo Mendebaldea deritzon honetan behinik behin» nagusi den eredua ontzeko bitartekoa baizik. Hala, askok egiten dute demokrazia parte-hartzailearekin bat, hitzez behintzat. Bestelako kontua da hitz horiei zer nolako edukia ematen zaien. Gogoan izan behar da, gainera, ekimen parte-hartzaile gehienak instituzioetatik jaio direla, itxura batean haren sustraiak herrian daudela pentsa litekeen arren.
Erne erabilera maltzurrekin!
Hitzekin kontuz ibili behar da, erabiltzearen poderioz azkar galtzen dute-eta jatorrizko esangura. Rafa Ajangiz irakasleak ohartarazten duenez, "munduko bankuek aurrekontu parte-hartzaileak gomendatzen dituzte, beraz pentsa". Baliteke "demokrazia parte-hartzailea" hitzak batere aurrerakoiak ez diren ideiak zilegitasunez janzteko erabiltzea. Egin egiten da, izan ere. Ereferendumak eta herri kontsultak egitea parte-hartze adierazleak izaten dira, baina Europako zenbait herrialdetan »Suitzan eta Irlandan, kasu baterako», emakumeei bozkatzeko eskubidea galarazteko edo dibortzioak legez kanpo irauteko erabili dira.
Asier Blasen ustez, demokrazia parte-hartzailea bi ildo desberdinetatik dabil. "Bata, Europan nagusi dena, historikoa da. Betidanik bideratu da parte-hartzea, gehiago ala gutxiago. Baina askotan, jarrera atzerakoiei eusteko erabili da". Tradizio horren adierazpiderik behinena erreferendumak dira.
Bigarren ildoa, azken hamabost urteetan-edo zabaldu dena, Latinoamerikatik dator. "Honek bai, helburu eraldatzaile eta jarrera ideologiko argiak ditu", dio Blasek. Eredu honen lanabes nagusia herri-batzarrak dira, eta aurrekontu parte-hartzaileak dira, beharbada, bere adierazpiderik aipagarriena. Goiko koadroan eman dizuegu horien berri zehatzagoa.
Ideia bat azpimarratu nahi dute gure solaskideek: demokrazia parte-hartzaileak, gaur egun ezagutzen dugun bezala behintzat, ez du sistema aldatzen. Iñaki Barcena gure hirugarren mintzakideak dioenez, "ez gara ezer asmatzen ari, demokrazia parte-hartzaile saioak Erdi Arotik egon dira eta". Gaur egungo kinkan, berriz, mundu globalizatu hau zuzentzen duten indar neoliberalei aurre egiteko tresnatzat ageri zaigu »edo agertu beharko litzaiguke», Barcenaren aburuz. "Erabaki garrantzitsuak merkatuak hartzen ditu. Nork diseinatzen ditu, bestela, energia-politika, azpiegiturak…? Demokrazia parte-hartzaileak herritarrek erabaki horietan esku hartu ahal izatea proposatzen du, hain zuzen. Egia da hainbat eskakizun geldiarazteko erabil daitekeela, baina baita ere egoerari oldartzeko".
Euskal Herriko eredu bat: Amoroto
Sarri, demokrazia parte-hartzailea udal mailari lotuta ageri da. Eta udal txikiei, zehatzagoak izateko. Euskal Herrian bertan, biztanle kopuru txikia daukaten herrietan aurki daiteke parte-hartze adibide gehien (eta ez gutxi). Amoroto udalerri bizkaitarrekoa, esaterako. Han, herri batzarra da aginte organorik garrantzitsuenetakoa, eta tradizioz izan da hala, Maribi Ugarteburu alkateak gogorarazi digunez: "Harrigarria begitantzen zaigu gure herri batzar sistemak atentzioa ematea, guretzat oso normala delako. Betidanik ezagutu dugu, eta ohitura horri jarraibidea eman besterik ez dugu egiten, naturaltasunez".
Normalean, urtean behin egiten dira herri batzarrak Amoroton. Ez dago data zehatzik, baina urte amaieran izaten dira beti. "Kultur Etxean egiten ditugu, »dio Ugarteburuk», domeka eguerdiz, meza ostean, orduantxe elkartu daitekeelako jende gehien". Parte hartzea polita da: herriak dauzkan 380 biztanleetatik, 60 inguru joaten dira batzarrotara. Gehienak, adinekoak. "Gure gabezia bat gazteak ezin erakartzea da, baina igartzen da jendeak urteetan aurrera egin ahala gehiago parte hartzen duela".
Batzarretan, udaletxeak »hori ere herriak zuzenean aukeratutakoa, aparteko koadroan azalten denez» urtean egindakoaren berri ematen du: zertan erabili den dirua, zer geratu den egiteke… Ondoren, herritarrek galderak eta eskariak egiten dituzte. "Udaletxeak konpromisoa hartzen du han agertzen diren gaiak lantzeko, eta zer edo zer erabakiz gero »batzutan, ez ohiko batzarrak egiten dira gai garrantzitsuenei buruzko eztabaidak egiteko» udaletxeak ez du atzera egiten. Batzarrean adostutakoa bete egiten da".
Demografiak ezarritako mugak gainditu
Honaino ailegatuta, alderdi demografikoa aipatu behar dugu ezinbestean. Bistan da errazagoa dela giza talde txikiak antolatzea handiak baino, eta horregatik, eremu geografikoa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta zailagoa ematen du parte hartzeko bitartekoak ezartzea. Eta erabaki beharrekoak ere garrantzitsuagoak direnez instituzioen eremu geografikoa zabalago bihurtu ahala, pentsa liteke demokrazia parte-hartzaileak herri txikien kudeaketan daukala muga. Nola lortu, esate baterako, probintzia oso bateko biztanleek politiken diseinuan parte hartzea? Eta estatu batekoek?
EHUko ikertzaile taldeak, alabaina, muga horiek gainditzea posible dela uste du. Egia da Euskal Herrian ditugun parte-hartze adibide gehienak »uste baino ugariagoak» herri txikietan ematen direla, baina frogatuta dago hiri handietan ere bitartekoak ipin daitezkeela. Hamabi milioi biztanleko hiri batean posible bada, nola ez da izango milioi eta erdi dauzkan Bizkaian, adibide bat ematearren? "Bitartekoak ipintzea aski da, eta egon badaude", dio Iñaki Barcenak.
Zelangura, irakasleak normaltzat jotzen du demokrazia parte-hartzaileak udal mailan edukitzea indar gehien, "herritarrak hurbileneko arazoez kezkatzen direlako lehenbizi". Horrek dakarren arriskua, Asier Blasen ustez, nolabaiteko elkartasun eza sortzea da: "Jende askok ez du errauskailurik nahi etxe ondoan, baina Mozanbiken ipintzen badute, primeran". Hego Amerikatik datozen mugimenduek, hain zuzen, arazoen ikuspegi orokorra edukitzearen garrantzia azpimarratzen dute, baina Europan urrunago omen gaude pentsamolde horretatik.
Benetako demokrazia al da gurea?
Demokrazia herriaren gobernua bada, begibistakoa ematen du parte-hartzaileagoa den heinean demokratikoagoa ere badela. Orduan, sistema ordezkatzaile hutsa demokraziatzat jo daiteke? "Ez", erantzun du Blasek. "Status quo-aren defendatzaile nagusietako batek, Rober Dahl politologoak, argi eta garbi dio gaur egungo sistema hau ez dela demokrazia, partitokrazia baizik. Hori bai, sistemarik hoberena dela aldarrikatzen du jarraian". Zalantza datorkigu berehala: demokrazia parte-hartzaile esaten zaion hori ez ote da, azken batean, partitokrazia parte-hartzailea? "Guk ez dugu esango nolakoa izan behar duen demokraziak leku bakoitzean", dio Blasek zuhurtziaz, "Brasilen era batekoa izango da, Parisen beste batekoa, eta euskaldunok ere geurea beharko dugu. Lan zamatsua egin beharko da horretarako". Ez dakigu Blasen hitzek gure galderari erantzun dioten, baina behintzat gauza bat geratu zaigu argi: asko dago egiteke.