Colonia Loma Senés herri lasaia omen zen... laino pozoitsu hura iritsi zen eguna arte. Egun triste hartan, pozoiak inbaditu zituen herritarren soro eta etxeak. Begiak erretzen zizkien haizeak, haurrei pinportak atera zitzaizkien azalean. Biharamunean, herriko soroak hondatuta azaldu ziren. Ondorengo egunetan abereak hasi ziren hiltzen. Hilabeteak pasata gero ere, bananondoek erredurak zituzten, eta haien platanoak ezin ziren jan.
Lekukotza hauek Londresko The New Scientist aldizkariak bildu ditu Argentinan, hemen zazpi urtetan Genetikoki Eraldatutako Organismoek (GEO) »transgeniko ere deituek» ekarri dituzten emaitzak aztertzera joan direnean. Herri horretako biztanleek beren hondamendiaren errua ondoko soro handi batzuetan egiten zen soia transgenikoari egotzi zioten. Formosako unibertsitateko adituek arrazoi eman zieten, eta lortu zuten etxalde hura itxiaraztea. Baina hilabete gutxiren buruan beste jabe baten eskuetara pasa zen, eta lehen bezala segitzen dute.
Argentinan azken urteotan soro askotan ez da lehengo laborerik ikusten, gehienetan soja transgenikoa ereiten dute. 1997an Argentina izan zen GEO haziak onartzen lehenbizikoetakoa, Estatu Batuekin batera. Eta hala zabaldu zen soja transgenikoa abiadura harrigarrian. Soja transgenikoa esatean produktu zehatz batez ari gara: Monsanto korporazioak komertzializatzen duen "Roundup Ready" barietateaz. Merezi du xehe esplikatzea. Monsantok belar txarren kontrako pozoia ekoizten du, Roundup izenekoa »molekula glisofatoa deitzen da» eta "Roundup Ready" ("Roundup-erako prestatua" euskaraz) da pozoi horrek kalte egin ez diezaion genetikoki manipulatutako soja hazia. Monsanto korporazioak nekazariari saltzen dizkio kolpe berean pozoia eta honek kaltetzen ez duen hazia.
Multinazionalak eskaini eta gobernuak onartutako produktu horretatik miraria espero zuten Argentinako laborari askok beren buruhausteentzako. Batetik, Argentinako soro aberats askoren errendimendua jaisten ari zen 1980tik. Arrazoietako bat, lurraren erosioa zen: laboreak (garia, garagarra, eta abar) era industrialean erein, pozoiez tratatu eta lantzearen emaitza zen. Lurra goldatu gabe ereiteko saioa egin zuten laborari batzuek, baina orduan belar txarrek itotzen zituzten landareak. Hor azaldu zen Monsantoren formula mirakulutsua.
Mundu osoan nekazaritzak eta lurgintzako produktuen prezioak bizi duten krisi luzean azaldu zen gainera Monsanto bere "Roundup Ready" politarekin: krisiaren erdian abereen elikadurarako hain inportantea den soja produkzioa erraz eta merke ugaritzeko ametsa egia bihurtuz. Multinazionalak berak ez zuen pentsatuko 1997tik 2002ra Argentinan »munduko labore ekoizlerik handienetakoan» sojaz ereindako lur eremuak %75an zabalduko zirenik. Askok gainera operazioari alde ekologikoa ikusi zioten, zoruaren erosioa geldiarazi eta pozoi berria aurreko belar-hiltzaileak baino gutxiagotan erabili behar zelako.
Besteren hondamenditik ikasi
New Scientist aldizkariak uste du urrezko ziklo hori bukatu eta amesgaiztoa gainean dutela Argentinako nekazariek. Espero ez ziren konplikazioak hasiak omen dira azaltzen. Kontuak ateratzen hasita, denborarekin soja transgenikoa erabiltzen dutenek, bestelako soja arrunta ereiten dutenen bi halako pozoi erabiltzen dutela salatzen hasi da zenbait aditu, Roundup famatuak akabatzen ez dituen belar txar erresistenteak galduarazteko. AEBetan erabiltzen duten bi halako pozoi isurtzen dute gainera argentinarrek.
Bertako baserritar askoren informazioarekin, kontseilu hauek eman zituen 2001ean Charles Benbrook nekazaritzan adituak ("Ameriketako Jose Bove" deitu dio aldizkariak): "Historiak erakutsi digu belar txarren edo zomorroen kontra estrategia bakarrarekin borrokatuz gero frakasoa datorrela, epe luzera erreakzio ekologiko eta genetikoak eragiten direlako. (...) Argentinako nekazariek erreakzionatzen ez badute, arazo larrietan harrapatuta aurkituko dira, lurzoruaren mikrobiologian gertatuko diren aldaketengatik batez ere".
Benbrookek soja transgenikoari eskainitako soroak erdira murrizteko aholkua eman zien nekazariei, baina inork ez zion kasurik egin. 2001etik aurrera beste laboreak zokoratu eta soja transgenikoak soro berriak hartzen jarraitu zuen. Roundup pozoiak ere bai: 1997an 13,9 milioi glisofato pozoitsu erabili zen Argentinan eta 2003an 150 milioi. Aldi berean, glisofatoz igurtzita ere bizirik segitzeko gai diren belar txarrak ugaritu ziren, ondorioz pozoi gehiago erabilaraziz.
Charles Benbrookek beste abisu bat emana zuen: "Erabili behar den herbizida kopurua hain da handia, ezen lurreko bakterioak galdu egiten direla, eta horrek usteltze prozesua galarazten du". New Scientistek kontsultatu dituen agronomo argentinar batzuek aitortzen dute soro askotan ihartutako belar txarrak atera egin behar izaten direla. Ondorioz: lan gehiago, lurra berriro goldatu behar, eta barraskilo, bare eta onddoak ugaldu dira. Hori gutxi balitz, uzta garaian erori eta berez sortzen diren soja basatiak ez dira akabatzen Roundupez igurtzita. Ororen buru, beste pozoiak erabili behar berriro.
Gai honek guztiak Argentina krisi sakonean hondoratuta dagoenean harrapatu du. Hemen gobernutik ez dator nekazaritzarako ez estrategia politikorik, ez diru-laguntzarik, ez plangintzarik. Merkatu globalizatua bere gordinean. Azken urteotan 150.000 nekazarik etxaldeak galdu dituzte, lurrak ahal duten moduan hirietako dirudunei saldu edo alokatuta. Beraiekin batera joan dira urritzen esne behiak, arroza, artoa, patata eta beste hainbat labore. Dena sojaren monolaborearen mesedetan, herritarren janari segurtasunaren kaltetan.
Charles Benbrook-ek ondoko urteetarako etorkizun iluna aurreikusi du Argentinarentzako: "Argentinak aurrez aurre agroekonomia mailako arazo larriak izango ditu, eta herrialde horrek ez dauka ez ahalmenik eta ez jakintzarik horiek konpontzeko. GEOetan munduko beste edozein herrialde baino azkarrago eta modu erradikalagoan murgildu da. Belar txarren erresistentziak eta lurzoruen emankortasunak erakutsi dituzten arazoak konpontzeko neurririk ez du hartu. Eta gauzen abiadura ikusita, ez dut uste bertako nekazaritzak beste bi urte baino gehiago eutsi ahal izango dionik".
Londresko New Scientistek nahiko luke Argentinan gertatutakoaren ondoren, bide beretik sartzekotan diren herrialdeek eskarmentu hartzea, Brasilek batez ere: hau da AEBen ondoren munduko soja esportatzaile handiena, eta Lula lehendakariaren gobernuak transgenikoak onartzea erabakita dauka, hein batean, jadanik legez kanpo Brasilen transgenikoak oso zabalduta daudelako. Baina herrialde aberatsetakook ere badugu zer ikasia. Bai barazki eta laboreak pozoiez lepo produzitzen dituzten laborariek, eta bai beren baratze eta jardinetan herbizida eta gainerakoak esku betean erabiltzen dituzten hortelano amateurrek.
www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.