Joxe Manuel Odriozola: «Euskal Herriko hiru eskualdetan etnozidioa iritsi da fase terminalera»


2021eko uztailaren 27an
Euskaldunak euskaraz pentsatzeko gai ez izatea, arazo politikoa baino askoz larriagoa dela dio Odriozolak, benetan gure buruen jabe izateko maila linguistikoan euskararen hegemonia beharko genukeelako, eta orain erderen hegemonia pean bizi gara. Hemen ez dago elebitasunik, ez kulturartekotasunik, ez politika mailan eskubide berdintasunik. Beraz, egin beharko genukeen iraultzan gizarte politikoa eta zibila aldi berean hankaz gora jarri beharko genituzke, hori egiteko masa kritikoak falta zaizkigu, eta horiek izateko euskaldungoak oso jarrera trinkoak eta erradikalak beharko lituzke.

Laurehun eta hogeita hamasei orrialde, ehunka euskaltzale zein euskararen arerioen iritziak jasoz. Halako lana hartu eta gero, ez al zen hobeto izango gaztelaniaz eta frantsesez eskaintzea?
Planteatu ere ez nuen egin. Euskalgintzaren inguruan iritziak eman dituztenen artean ez ditut euskaraz agertutakoak soilik jaso, noski, badaude erdarazko aipuak ere, baina espainolezkoak dira denak. Nire frantsesak ez du gauza handitarako ematen, eta alderdi horretatik barkamena eskatzen diet Iparraldeko euskaldunei liburuan bertan ere, desoreka dagoelako hizkuntzen erabileraren artean. Baina itzulpenarena ez dut planteatu ere egin. Euskalgintza mundu txikia da. Niri interesatzen zitzaidan euskaltzaleen iritzia, ez euskalgintzari buruz abertzale erdaldunek eta zer esanik ez espainolek duten iritzia. Euskaltzale, euskararen militante eta oro har euskal kulturan eta euskal irakaskuntzan parte hartu dutenen iritziak nahi nituen bildu, neurri batean omenalditxo bat ere egin behar zaielako, Euskal Herriaren arazoa ez delako arazo politiko hutsa, batez ere euskal kulturaren eta euskal identitatearen arazoa da, eta nik uste dut euskalgintzaren munduak ez duela beharko lukeen lekurik eta oihartzunik.

Eta norbaitek itzultzea proposatuko balizu?
Hori ere ez zait burutik pasa, eta ez dut uste inork proposatuko didanik. Izan ere, antzeko gauzak itzuli izan dira erdarara, adibidez Hasier Etxeberriak bost euskal idazleri egindako elkarrizketa erdarara itzulia dago, eta ez dut uste arrakasta handiegirik izan duenik erdaraz. Beraz, badirudi era honetako literatura euskaraz irakurtzen dela, eta hortik aparte itzultzen denean ere ez duela inongo oihartzunik izaten.

Hautsak harrotzeko asmoarekin egindako lana omen da zurea. Harrotu al dira?
Harrotzea baldin bada komunikabideetan oihartzuna izatea, ez. Debate eta eztabaidarik ez du sortu. Liburuan bertan hainbat euskaltzalek esaten du gure artean kritikaren falta dagoela, debaterako ez dagoela zaletasunik edo joerarik, eta beharbada horretan gaude.

Euskalgintzaren esparru guztiak aztertu dituzu. Ondorioz, nola dago euskararen botila, erdi hutsik ala erdi beteta?
Hortaz bi ikuspegi agertzen dira liburuan, baina ni ez nago konforme erreferentziak atzera begira egiten direnean, duela hogeita bost urte nola geunden-eta esanez. Erreferentzia hori hartzen bada, noski, aurrerapenaren zantzuak Hego Euskal Herrian nabarmenak dira. Baina Iparraldean hori ez da egia; duela hogeita bost urte »eta orain dela berrogei urte zer esanik ez» Iparraldean gauzak askoz hobeto zeuden. Beraz, atzera begira ere, Euskal Herriko hiru eskualdetan etnozidioa iritsi da fase terminalera. Noski, hogeita bost urte horiek hemen Autonomi Estatutuarekin lotzen ditugu, eta orduan hiru lurralde historiko hauetan gauza batzuk egin direla ezin da ukatu, baina euskararen botila erdi beteta edo erdi hutsik dagoen jakiteko hutsaren hurrengo gineneko egoerara begiratu beharrean, euskararen normalizazioak dituen baldintzak hartu beharko genituzke erreferente. Euskalduna gaur egun erdaldun batekiko zer harremanetan eta zer baldintzatan aurkitzen den ikusi. Nahiz espainola, nahiz frantsesa izan, bere hizkuntzan, bere kulturan eta bere identitatearen arabera bizi da. Euskaldunari, berriz, argi-urteak falta zaizkio erdaldunaren egoeran egoteko.

Eustakio Mendizabal Txikiak zioen, Euskal Herrian atzerritarrak etxean eta euskalduna erbestean sentitzen direla. Horrela jarraitzen al dugu?
Funtsean bai. Hogeita bost urte hauetan hemen gertatu den aldaketa batez ere ideologiko-politikoa izan da. Abertzale erdaldunak beharbada etxekoago sentituko dira, orain dela hogeita bost urte baino. Baina euskaraz bizi nahi duen euskalduna orduan bezalatsu bizi da.

Nahiz eta euskal telebista, irratiak eta beste izan?
Nahiz eta! Euskarak funtzio formal batzuk euskaratu ditu, esparru publikoan gauza batzuk egin dira, baina inor ez da bizi esparru publikoetatik, eh! Etxetik ateratzen naizenean eta igogailua hartzen dudanean, hasten da nire sozializazioa, nire hizkuntz eta kultur ukipenak. Eta etxetik atera bezain laster erdaldun itsasoan sartzen da euskalduna, herri txikietako salbuespenak salbuespen. Orduan, euskalduna arrotztegi batean bizi da, ez da bere etxean bizi. Hemen, erosoago sentitzen direnak abertzale erdaldunak dira; eta espainolak, zer esanik ez! Identitate espainola eta espainolistak hemen etxean bizi dira, eta euskaraz bizi nahi duen euskaldun elebiduna erabat arrotz bizi da.

Zuk diozunez, euskalduna ez omen da euskara duena soilik, euskaraz bizi dena baizik.
Bai. Arestirena da hori. Guk garai hartan espainoltzat genuen Gabriel Arestik inork ez bezalako definizioa eman zuen, soziolinguistikan ere gutxitan agertzen den definizioa. Alegia, euskaldun izatea ez da euskaraz jakitea. Espainola edo frantsesa izatea espainolez edo frantsesez jakitea ez den bezala, mundu guztiarentzat espainol edo frantsesa izatea espainolez edo frantsesez bizitzea da. Hizkuntza bat jakiteak ez gaitu inondik inora hizkuntza horretakoak egiten. Euskaraz bizi dena da euskalduna. Eta euskaraz bizi dena eta euskaraz bizi nahi duena »alegia euskaltzalea» da herri honetan arloterik arloteena, zapaldurik zapalduena.

Nola bizi daiteke euskaldun bat hemen euskaraz?
Hori da kontua, nola bizi daitekeen espainola Espainian bezala, euskalduna Euskal Herrian. Hori da gure tragedia. Horregatik Euskal Herriaren arazoa ez da arazo politiko hutsa, askoz ere sakonagoa eta konplexuagoa da. Politika mailan eskura ditzakegun lorpenak »marko juridikoak, politikoak eta gainerakoak» ezinbestekoak izanda ere, gure arazoa askoz ere zailagoa da. Hizkuntzari eta kulturari lotua dagoen arazoa baita, identitatearena. Euskaldunak jasan duen etnozidioa jasan duelako eta bere euskaltasunaren ezaugarri guztiak lapurtuak izan zaizkiolako, gaur egun ez dauka inolako baldintzarik euskaraz bizitzeko eta euskaldun izateko. Irungo herritar erdalduna eta Hendaiako herritar erdalduna zergatik dira hain diferenteak? Zergatik hain gertu egon da bat bizi da erreferente kultural batzuen arabera (Frantziakoak) eta bestea beste erreferente kultural batzuen arabera (Espainiakoak)? Bada, nik, euskaldun bezala, herritar horiek bere nazio identitatea bizi duten moduan bizi nahi dut: Irungo espainola bezain euskaldun, eta Hendaiako frantsesa bezain euskaldun. Herritar horiek beren nazio identitatea bizitzeko dituzten eskubideak, aukerak eta baliabideak nahi ditut euskaraz bizitzeko.

Euskaltzalea nahitaez abertzalea izan behar al da?
Ez. Badira abertzaleak ez diren euskaltzaleak, ez asko. Euskaltzale horien identitate esparru nagusia ez da kontzeptu politiko-juridikoa; hizkuntza bera da horientzat aberria. Kontua da gure baldintzatan »herri minorizatu, zapaldua, estatu-nazioen menpean gauden bezala egonda» hizkuntzaren aberria oso aberri ahula dela. Estatu-nazioak hizkuntza ere nazionalizatu egin zuelako, nazionalismoaren tresna bihurtuz, eta geroztik munduan hizkuntzek ez dute iraupenik eta garaipenik baldin eta etxe politiko bat ere eskaintzen ez bazaie. Burujabetza behar dute. Hau da, euskarak Euskal Estatua behar du. Munduan arazorik ez daukaten hizkuntzak berrehun estatu-nazio horietan daudenak dira. Estaturik gabeko gainerako 5.000-6000 hizkuntzak hilzorian daude, eta hamabostero desagertzen omen da hizkuntza bat munduan. Beraz, euskaltzale ez abertzaleak idealista samarrak direla esango nuke.

Euskal sena galtzen ari al gara?
Bai, ez dugu euskaraz pentsatzen, eta beharbada euskalgintzaren arazorik larriena horixe da. Pentsamendua eta hizkuntza uztarturik doaz eta berariazko euskal pentsamendua sortzeko euskararik ez dugun neurrian, badirudi euskalgintza eta euskal kultura bera ere oinarri faltsutan eraikitako etxea izango litzatekeela. Euskal kultura erdal kulturaren azpimultzoa da. Gure zorioneko elebitasunak ondorio hori ekarri digu, besteak beste.


Azkenak
Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


2024-12-18 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Loa

Loti ederra eta errauskinaren irudia izan du hizpide aurtengo Feministaldian Irene Coulon-en hitzaldiak. Loaren ideia kulturalak zartatu ditu, loaldia ere maskulinizatua dugula argituta. Loaren irakaspen (kultural) asko barneratuak ditugu, eta gorputz feminizatuan edertasunaren... [+]


Teknologia
Oinak lurrean

Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow... [+]


Materialismo histerikoa
Zuentzat

Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer... [+]


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Hitzen poetika

Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


2024-12-18 | Jesús Rodríguez
Borroka aro berria Herrialde Katalanetan

2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Bortxaketaren kultura epaitzeko plaza bihurtu dute Mazango auzia

Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]


Eguneraketa berriak daude