Net Hurbil: Jacques Mesrine ezin izan zuten bizirik menperatu


2021eko uztailaren 27an

Gaiztagin mitikoa izan zen urte batzuetan Jacques Mesrine Frantzian: itxuraldatzeko erraztasun handia zuen, behin eta berriro egin zuen ihes espetxeetatik, ausardiaz betetako lapurretak egin zituen, polizia eta espetxeen aurkako errebeldia eta gizarte burgesaren kontrako kritika erakutsi zituen komunikabideetan, liburu autobiografikoa argitaratu zuen... eta hil egin zuten 1979ko azaroaren 2an.

Urte hartako abuztuan "unité anti-Mesrine" bat sortua zuen Parisko gobernuak bere polizian, 300 agente «Le Grand» haren ehizan. Azaroaren 2an Mesrine Porte de Clignancourt inguruan BMW batean zihoan Sylvia Jeanjacquot neska-lagunarekin. 21 balaz zulatu zuten Mesrine, gehienak bular aldean, gehi bizirik aterako ez zela segurtatzeko polizia batek buruan emandako azken tiroa. Sylvia ere larri zauritu zuten, eta gero honek salatu zuen justiziaren aurrean bere gizona arrestatzera ez baina zuzenean akabatzera joan zirela poliziak. Mila joan-etorri egin ditu urteotan auzi horrek Parisko auzitegietan, 25 instrukzio epailek hartu eta utzi dute kasua, eta joan den urrian "non-lieu" agindu du Thouvenot jujeak.

Jacques-René Mesrine Paris ondoko Clichy-n sortu zen 1936ko abenduaren 28an, Inozenteen (haur errugabeen) egunean. Guraso komertziante batzuen haurra, biografoek diote txikitatik izan zela haur menderakaitza, eskola bat baino gehiagotatik kanporatu zutela. 19 urterekin ezkondu zen lehenbizikoz. 1956an, Aljeriako gerrara joan zen eta paraxutista komandoetan ibili zen: De Gaulle jeneralak dominez saritu zuen. Etxeratuta, dibortziatu, 1961ean berriro ezkondu »hiru haur izan zituen» eta bizi berri bati ekin zion.

Mesrine lehen aldiz baimenik gabe armak eramateagatik arrestatu zuten, eta espetxea 1962an ezagutu zuen estrainekoz, lapurretan harrapatuta: hemezortzi hilabete. Emaztea utzi eta Jeanne Schneider izeneko neska batekin elkartu zen. 1965ean Frantziatik kanpo lan egitea erabaki zuen: urte horretako abenduaren 2an Espainiako Palmako gobernadore militarraren egoitzan agiri militarrak osten harrapatu zuten. Ez zioten zigor handiegia ezarriko, 1966an Tenerifeko Santa Cruzen jatetxea ireki zuen. Hortik aurrera hasiko da Jacques Mesrineren nazioarteko fama.

Gaiztagin erakargarria

1966an Suitzako Geneban bitxi-denda atrakatu zuen, 1968an Chamonixeko hotel bat, hilabete beranduago Parisko goi-jostundegi bat... Poliziak gainean zituelakoan, Kanadako Quebecera egin zuen jauzi emaztearekin.

Georges Deslauriers izeneko industria-gizonarentzako egin zuten senar-emazteek lana, baina honek kalera bidali behar zituela esan zienean, bahitu egin zuten, eta 200.000 dolar ordaindu behar izan zituen, askatuko bazuten. Estatu Batuetara abiatu ziren ihesean. Texaseraino iritsita, bertatik ikusi ahal izan zuten Apollo XI nola aireratzen zen, ilargian oina ipiniko zuten lehen gizonak barruan zeramatzala.

Texasen polizia yankiak arrestatu zituen senar-emazteak, eta Quebecera estraditatu. Hemen biak kondenatu zituzten, lapurretak zirela eta, Mesrine hamar urteko espetxealdira. Mesrinek ihes egitea lortu zuen Saint Vincent de Paul-eko espetxetik beste bost lagunekin batera, han segurtasun handiko zuloan zegoen arren. 1972ko abuztuaren 21ean atera bazen, 26an banku batean 26.000 Kanadako dolar harrapatu zituzten, 28an beste banku bat atrakatu zuten Montrealen, eta irailaren 2an armaz eraso zioten Saint Vincent de Pauleko presondegiari, ihesi masibo bat lortu nahian. Bitarte horretan, espetxeko isolamendu eta tratu txarrak zirela eta, preso zegoen artean Mesrinek ipinitako salaketak aurrera atera ziren auzitegian.

Quebecen barrena ihesian zebiltzala, irailaren 10ean mendiko bi goarda hil zituzten eta udazken osoan beste hainbat banku eta lantegi atrakatu zituzten. Hemendik Venezuelara egin zuten ihes, eta 1972a bukatzerako berriro Parisen zegoen Jacques Mesrine. 1973ko martxoan ostatuko liskar batean tiroz zauritu zuen polizia bat, eta egun gutxiren buruan berriz harrapatu zuten Boulogne-Billancourt-en. Hogei urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Baina Compiègne-ko auzitegira eraman behar zuten batean, epaile nagusia bertan bahitu eta ihes egitea lortu zuen.

Ondorengo hilabeteetan beste 12 atraku gehiago »herritarren harridura pizten duten horietakoak» egingo ditu Mesrinek eta irailaren 28an arrestatu zuen Broussard komisarioak. Orduan zabaldu zen zera hau: Mesrine atxilotzen zuten bakoitzean bera «oilaskoen» (polizien) zain egoten zela xanpain kopak prestatuta.

Hemen hasi zuen espetxeko egonaldirik luzeena, eta 1977an beste 20 urteko espetxe zigor bat erantsi zioten. Ordurako lehen liburua plazaratua zuen Mesrinek: L'Instinct a Mort ("Heriotz sena" esango genuke euskaraz). Askok diote autobiografia honetan exageratu egin zituela bere gain hartutako lapurreta eta hilketak. Baina sekulako oihartzuna eman zitzaion liburuari, eta epaiketa iritsi zenean han ziren komunikabide nagusiak. L'Express astekariak azaleko irudia eman zion, eta gauza bera orduan ezker muturrekoa zen Liberation egunkariak. Jean-Paul Belmondok egile eskubideak erosi eta filma egin nahi zuen... Saltsaren erdian gobernuak lege berezi bat atera zuen ("Loi Mesrin" deitu zioten askok) espetxeratuek egile eskubiderik kobratu ezin izan zezaten.

Pentsatzekoa da zer nolako zirrara sortuko zen 1978ko maiatzaren 8an Mesrinek beste bi kiderekin Santé-ko presondegitik ihes egin zuela jakitean. Beste film bat egiteko adina material bazen berriro: emakumezko abokatu miresle batek ekarritako pistolak, ihesa hormetatik behera soka botata, hiru iheslarietako bat zintzilik zegoela poliziek hil... Eta berriro ondoko hilabeteetan, atraku eta ihesaldi sinestezina.

Pare bat atraku sonatu egin zituen, Europan ibili zen »Sizilia, Londres, Brusela...» eta urte horretako azaroan bera kondenatu zuen epailea bahitzen saiatu zen: ez zuen etxean harrapatu eta epailearen seme batek alarma deia egin zuelarik, beste tiroketa bat izan zen, eta berriro ihes egin zuen Mesrinek, kalean aurkitutako zabor poltsa batzuk hartu eta eskale plantak eginez. Bitarte horretan, Paris-Match astekariko Isabelle de Wangen kazetariari elkarrizketa eskaini zion.

1979ko ekainean Henri Lelievre industria-gizon aberatsa bahitu zuen eta bizirik ateratzeko 25 milioi libera pagatu behar izan zituen. Irailaren 10ean Minute aldizkari eskuindarreko kazetari sentsazionalista bati segada bat antolatu zion: Mesrineren kontra sekulakoak idatzia zen Jacques Tillier astekari hartan, baina Mesrinek berak elkarrizketa aurrez aurre egitea eskaini zionean tentaldia gaindiezinezkoa zen, eta hitzordua jarri zuten Creil oihanean. Lapurrak estu hartu, tiro egin eta hilda zegoelakoan utzi zuen. Bizirik atera zen Tillier, eta gainera ordainetan beste liburu bat argitaratu ahal izan zuen. Hori izan zen Jacques Mesrineren azken akzioa.

Gutxienez sei liburu idatziak badira Frantzian Jacques Mesrineren bizitzaz, bata bere azken neska-lagun Sylvia Jeanjaquot-en L'Instinct de Vie. Mesrinek berak aipatu L'Instinct de Mort eta Coupable d'être innocent egin zituen. Espetxeetako tratu txarren kontrako borrokan bidelagun izan zituen Sartre, Deleuze eta beste hainbat ezkertiar. Eta Broussard komisarioaren gizonek akabatu zutenean polemika handia piztu zen, fusilamendua izan zelakoan.

Poesia moduan grabatu zion testamentua neska-lagunari (Interneten irakur daiteke). Hona zatitxo bat: "Heroirik ez da kriminalitatean / Marjinalitatean diren gizonak baizik / Legeak onartzen ez dituztenak / Legeak aberatsek eta indartsuek egin dituztelakoz /(...) Azken finean / Kriminalitatea azken muturreraino onartu dut / Eta ez zait iruditzen hain gaizki egon denik, maitea / Azken muturreraino iristea / Hori behar dugu bizitzan / Atzera egiten dutenak ez ditut maite".

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eguneraketa berriak daude