Plazebo-literaturaz


2021eko uztailaren 28an
Bada joera bat, egungo literaturan indarrez hazten ari dena; euskal literatura, jakina, ez da horretan salbuespena izan, eta, are gehiago, azken aldi honetan »askoren ustetan» argitara eman diren lanik onenak, perfektuenak, joera horren barruan koka litezke. Batzuek melengekeria deitu diote »Paddy Rekaldek, adibidez», beste batzuek samurkeria; Xabier Lasak "pelutxearen sindromeaz" hitz egin du, eta "papila sentimentala" esapidea erabili izan dute, inoiz, Rikardo Arregik eta Juanjo Olasagarrek. Izendapen horiek guztiak baztertzeko inolako asmorik gabe, beste bat proposatu nahi nuke: plazebo-literaturarena.

Plazeboa, jakina denez, "substantzia eraginkorrik ez duen prestakina da, botika baten ordez ematen dena, gaixoaren eragin psikologikoa guztiz baztertuz botikaren benetako eragina aztertzeko erabiltzen dena". Plazebo-literaturak kalitatezko lanaren antzeko efektua egiten du eskuragarri, bere baitan substantzia eraginkor askorik ez duen arren. Produktu hori, edonola ere, politikoki zuzena izaten da beti. Hau da, poetikoki zuzena.

Intentzio onez beteriko literatura sentibera dugu deskribatzen saiatzen ari naizen hau. Samurkeria literarioaren hipotesi nagusia hauxe da: mundua gaiztoa da, edo gaiztoa izan daiteke, baina pertsonak »pertsonaiak», zu »irakurlea» eta »batez ere» idazlea bera jatorrak zarete, izugarri zintzoak; zintzoak, solidarioak, ekologistak, hirugarren adinofiloak, internazionalistak eta multikulturalistak: nobela, poema edo zutabea irakurtzen amaitu, eta lasai demonio geratuko zara, irakurle, horretaz guztiaz jabetzean edo, hobeto esanda, berrestean.

Alegoriaren, analogiaren eta parabolaren erabilera oso ohikoa da mota honetako literaturan; abangoardismoaren zantzuak, bestalde, ez dira faltako »adibidez, surrealismo light-a, edo absurdu arina», beti ere formaren eta mezuaren gardentasuna zalantzan jarri gabe. Bestalde, ildo honetako lanetan narratzailea edo ni poetikoa nekez desberdintzen da idazlearengandik: bat eta bera dira, oro har, eta, nola ez, pertsona ona da berau. Eta hori badago lotuta, askotan, beste ezaugarri batekin: idazleak berak pertsonaia bihurtzeko egiten duen ibilbidearekin, Byronen garaietatik etekin handiak eskaini dituen baliabidea »bide batez: horixe da plazebo-literaturak bere ifrentzua zatekeen "malditismoarekin" edo "underground-zalekeriarekin" konpartitzen duen ezaugarrietako bat: muturrek elkar jotzen dute, jakina denez... baina hau beste artikulu baterako gaia da...».

Egungo produktu literario kitsch tipikoa da, hein handi batean, plazebo-literatura: artea balitz bezala saltzen dena, alegia, modu horretan kontsumitzailea Kulturarekin bat egin duela sinestera eramanez.

Beste kontu bat da zergatik zabaldu den literatura horren premia; zertan oinarritzen den haren arrakasta. Hori ezin baita ukatu: plazebo-literaturak publiko bat du, zabala eta eskerronekoa, eta horren oinarriak zeintzuk diren aztertzeari garrantzitsua deritzot. Zenbait hipotesi aurrera daitezke. Lan horiek, hein batean, Zentzu edo Traszendentzia motaren bat itzultzen diote irakurle askori, Jaungoikoa eta Marx, besteak beste, hiltzen ikusi dituen garai batean. Bestalde, euskal esparru txikiari begira, Gure Betiko Gaia (La Cosa) albo batera uzteko parada ederra eskaintzen dute, edo hura zeharka tratatzeko behintzat »nabaria da euskal irakurlego errealaren eta, batik bat, potentzialaren puska handi bat La Cosaz nekatu samar dagoela». Edonola ere, Michel Houellebecq-ek iradoki du, nire ustez, azalpen posibleen artean zorrotzena: "Egungo komunikabideek erabiltzen duten maitagarri-ipuinen diskurtsoa kontuan harturik, erraza da dohain literarioak erakustea ironia, ezkortasuna edo zinismoa garatuz. Baina zinismoa gainditu nahi denean, gauzak oso zailak jartzen dira. Egun, ondradua eta aldi berean positiboa den diskurtso bat garatzera helduko balitz inor, munduaren historia aldatuko luke". Ba horren bila abiatu da irakurle asko, eta baita zenbait idazle ere, antza denez. Beste kontua da ea helburua erdietsi duten, ala ez.

Izan ere, irudipena daukat plazebo-literaturak eskaintzen duena ez dela "kontsolamendua", Aristotelek edo, berriki, Bernardo Atxagak proposatutakoaren bidetik, narkolepsia edo anestesia motaren bat baizik; Soinujolearen semea irakurtzea besterik ez dago konturatzeko fikzio horren "kontsolamenduak" zer ikusi gutxi duela samurkeria literarioarekin. Irakurlea lasai mantentzea du helburu plazebo-literaturak; bere berean indartzen dizkio irakurleari bere ikuspuntuak, eta neurri horretan da plazebo.

Javier Maríasek esan zuen bezala, "liburu horien artean ziur badagoela bikainik, erdipurdikorik eta txar-txarrik, erabiltzen dituzten gai ohoragarriez haratago. Baina sumatu egiten da, moda horretan, (…) nolabaiteko exhibizionismoa »'Begira zein errukibera naizen eta, ondorioz, zein errukiberak zareten zuek'…», eta lege txarreko erabilera bat. Eta, jakina, gozokeria dezente (…). Baina literatura horrek ez du, gutxienez, gauza bat egiten, lege oneko arteak maiz egiten zuena, hots, ez du asaldatzen, ez du urduritzen, ez du gure ohiko iluntasuna erakusten, ezta gure eskuzabaltasunaren eta azpikeriaren arteko nahasketa, ezta gatazka edo dilema ere".

Plazebo-literatura obra »agian» perfektuak egitera hel daiteke, dudarik ez da, baina Alan Pauls idazle argentinarrak Sautrela-n aditzera eman zuen legez, askotan interesgarriagoak izaten dira lan inperfektuak, biziago egon ohi direlako.

Interesgarriagoak, eta beharrezkoagoak, gehituko nuke nik »literatura beharrezkoa izan daitekeen heinean, noski».


Azkenak
Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Gernikako gaztetxe zaharra hartu dute berriro, itxi eta hamar urtera

Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


Daniel Noboa eskuindarra gailendu da Ekuadorko hauteskundeetan, eta oposizioak iruzurra salatu du

Bozen lehen itzulian pare-parean geratu ostean, inkesta gehienek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera dio egungo presidenteak Luisa González hautagai correistari. Oposizioak "iruzurra" salatu eta botoak berriz zenbatzea eskatu du.


Analisia
Balantzaka gerrarantz

Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]


‘Oztopoen gainetik askatasunera’: Ernaik manifestaziora deitu du apirilaren 17an

Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko eta "eskuin erreakzionarioaren ofentsibari aurre egiteko" batuko dira. Egun horretarako Euskal Preso Politikoen alde antolatua zuten hitzaldia eta ekitaldia salatu du UPNk, eta hura zelatatzeko agindu du Espainiako Audientzia... [+]


Lau maki, 1947 eta 1948 urteetan Donostian erailak

Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.


2025-04-14 | Uriola.eus
Gerra finantzatzeari uko egiteko zerga desobedientziaren ekimena abian da

Ekimenak bakea eta justizia soziala sustatzeko proiektuak finantzatzea du helburu. Sustatzaile diren gizarte mugimenduek mezu argi bat bidali diete gobernuei eta armagintza industriari: "Ez dugu gerraren konplize izan nahi".


Analisia
Mikrofonoak antzokietan

"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]


Jardin bat zuretzat, Hipatia

Hainbat lorpen kolektiboan soilik egin daitezkeela esaten denean, lerro artean joan ohi da behin kolektiboan pentsatu, gogoetatu eta eztabaidatu ondotik heldu ohi direla, heltzekotan. Baina zerbait lortzeko, ezinbestekoa da pentsatzen jartzea. Ez baitira gauzak besterik gabe... [+]


Euskal armagintza industria eztabaidagai (I)
Industria militarrari buruz Jaurlaritzak eta Zedarriak enpresari foroak planteatutako eztabaida irekitzen

Urtearen hasieran, Zedarriak taldeak "defentsaren" industriari buruzko "eztabaida irekitzearen" alde egin zuen publikoki (baita nuklearrari buruz ere), eta Eusko Jaurlaritzak berehala egin du bat horrekin. Lehenik, Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia... [+]


Semaforoa gorri, etsaien engainagarri

Gaur aurkezten dugun intsektuaren izen zientifikoak, besteak beste, bi gauza azaltzen dizkigu: alde batetik, gorria dela (ez erabat) eta ez duela hegorik. Okerrak ez dira biak ala biak, baina gorria ez da bere kolorazio bakarra, eta hegoak ere izan baditu, baina beraien tamaina... [+]


2025-04-14 | Jakoba Errekondo
Bizi Baratzearen lurreko ekosistema oparoa

Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi berrirako urratsik handiena, gero uda eta udazkena azkurriz eta... [+]


Eguneraketa berriak daude