Juan Ignacio Perez Iglesias : «Herritarren ongizatea da unibertsitatearen azken helburua»


2021eko uztailaren 27an

Errektore izendatu eta egin zizuten elkarrizketa horietako batean lehentasunak zein zenituen galdetu zizuten. Orduan, zera erantzun zenuen: "Hurrengo ikasturtea hastea"...

Hasi ahal izatea...

Eta hasi da. Zure lehen "Errektore ikasturtea". Zer moduz hasi da?
Ondo hasi da. Ezusteko handirik gabe. Beti da arazoren bat baina ondo hasi da ikasturtea. Irakasle kontratatuen egoera nuen kezka. Horri dagokionez, ematen du horien egoera luzatu egingo dela, prorrogatu, 2008. urtea arte. Beraz, alde horretatik, kezka bat gutxiago. Iritsiko da garaia arazoa berriro aztertzeko.

Eta zein dituzu espektatibak, aurtengo, eta zure agintaldirako...
Espektatibak direla eta, oso ikasturte inportantea da hau. Politikariek beti esaten dute: "Legealdi hau gakoa da". Beraien arabera, hauteskunde guztiak dira inoizko garrantzitsuenak. Unibertsitateari dagokionez, ziur esan dezakegu urte berezia eta garrantzitsua dela: gradu eta graduondoko ikasketen dekretuak onartuko dira eta, hori, Europako unibertsitate guneranzko urrats nagusia izango da. Ikasturte honetan bertan, amaieran, edo hurrengoaren hasieran, titulazio ofizial berriak etorriko dira, eta horrek mapa akademiko osoa aldatuko du. Zenbait arlotan ez da izango erabateko aldaketa handia, baina inportantea bai. Nik ez dakit inoiz ikusi dugun horren garrantzi handia duen aldaketarik. Bestalde, Euskal Unibertsitate Legearen garapena ere hor dago. Zain gaude. Ikasturte garrantzitsua, ondorioz.

Lan garrantzizko asko ikasturte bakarrean egiteko. Asmatuko al duzue lan horiek denak betetzen?
Bai, betetzen bai. Besterik da ondo ala gaizki betetzea... Dena dela, guk badakigu zer egin nahi dugun. Kontua da hori jakinda ere beti ez dela asmatzen, erabakiak hartzerakoan balitekeelako okerreko bidea hartzea, baina pentsatu gabeko ezer ez dugu egingo behintzat.

Esan nahi nuen ba ote duzuen nahiko baliabide, era guztietako baliabideak, zuen helburuak betetzeko.
Baliabideak... Hori beste unibertso bat da. Kezken multzoan beste bat da hori: baliabideak. Baliabideak berez dira inportante. Erregairik gabe autoa ez da mugitzen.

Baduzue nahiko erregai?
Nire iritziz ez. Niri iritziz erregai gehiago behar dugu. Zorionez, ez da nire iritzia bakarrik. Erakunde publikoek ere badakite gehiago behar duguna; hala uste dut. Besterik da »eta datozen hilabeteetarako erronka dugu hori, nahiz eta lege-arauetan ez islatu», zenbat erregai, zeren truke. Hori beste maila bateko problema da. Alegia, erregaia emango dutenek galdera egingo dute: "Nora eramango duzu autoa? Ados ipiniko gara horretan?". Horretan ere badago gakoa.

Europaranzko unibertsitatea aipatu duzu. Zergatik ez AEBetako ereduranzkoa? Mordoxka zarete AEBetara jotzen duzuen EHUko irakasle-ikertzaileak...
Erraza da horri erantzuten. Dagoen egitasmoak Europako herrien arteko mugikortasuna erraztea du helburu. Helburua hori da, ez besterik. Hemen ikasten duen ikasleak, bere titulua hartu eta lan egin ahal izatea Alemanian edo Erresuma Batuan. Eta alderantziz. Gaur egun hori ezin da, unibertsitate sistemak guztiz independenteak direlako. Ez dira parekatzeko modukoak. Helburua betetzen badugu, sistemak bateragarri izango dira, eta hemen lortutako titulazioek Alemanian, Frantzian edo Txekian balioko dute. Europa da gure esparrua, eta horretan ari gara lanean. Horrek ez du esan nahi eredu horixe hobesten dugunik, baina hori beste kontu bat da.

Unibertsitate legeak, Madrilekoa eta Gasteizkoa, zenbateraino dira lagungarri, zenbateraino oztopo zuen helburuak betetzeko?
Legeak, berez, inoiz ere ez dira lagungarri. Beti dira muga. Ezin zara bide jakin batetik irten. Aldekoak ere baditu horrek: badakizu lanak nola egin behar dituzun, ez da zalantza handirik sortzen. Askatasuna eta sormena kentzen dizkizu. Horixe da, beharbada, Europako unibertsitate-ereduak duen zamarik handiena. AEBetan, aldiz, guztiz kontrakoa gertatzen da: ia ezer ez dago araututa, arlo akademikoari dagokionez, behintzat. Oker ez banaiz, bi arlo baino ez daude arautuak hango ereduan: ikasleen eskubideak eta antzeko programak, batetik, eta unibertsitateko lorategien diseinuak, bestetik. Horrelako gauzak daude araututa AEBetako sisteman, baina ez irakasleen kontratazio modua, edo ikasleak hartzeko prozedura, edo barne-baliabideak kudeatzeko era. Aldiz, horietxek dira gure sisteman guztiz araututa dauden kontuak. Alde horretatik askoz ere askatasun gutxiago dugu, askoz ere tutelatuago gaude.

Zer funtzio bete behar du Unibertsitateak oro har, eta EHUk, gizartean?
Ikasturte hasierako ekitaldian ere esan nuen: herri baten garapenerako tresna estrategiko gisa ikusten dut unibertsitatea. Eta garapenak herritarren ongizatea ekarri behar duela uste dut. Garapena, ongizatea. Hori argi edukita ari naiz. Hori baldin bada unibertsitateak gizartearen alde egin behar duen lana, hortik ondorio asko atera litezke. Esan nahi dut goi mailako profesionalen prestakuntza inportantea dela, baina, batez ere, herriaren garapenerako balio duelako dela inportante: profesional horien lana, gero, sektore produktiboetan, administrazioan, hezkuntzan, osasunean agertuko delako. Hori egokia izango da, beraz. Egokia baino gehiago. Unibertsitatea jakintza erabiltzen duen erakundea da. Jakintza da gure lehengaia. Jakintza sortzen dugu, kanpotik ekartzen dugu, lantzen dugu, transmititzen dugu... baina beti da jakintza. Etekina atera behar diogu jakintza horri, eta proiekzioa eman. Profesionalak heztea da gure lana, baina, oro har, herritarren jakintza maila goratzea, maila hori handia denean, erabakiak hartzeko garaian irizpideak ere sendoagoak eta zorrotzagoak izango ditugulako: askatasun handiagoarekin hartuko ditugu erabakiak, herritar askeagoak gara, aurreratuagoak, helduagoak. Unibertsitatearen zeregina esparru eta modu askotara proiektatzen da, baina, beti, gizartearen garapena eta herritarren ongizatea izanik azken helburu.

Orain 25 urte baino askeago, aurreratuago eta helduago gara, beraz.
Ez dut zalantza txikiena ere! Ezta...! Hori, niretzat, fedezko dogma da...

Unibertsitateak profesionalak hezi, hauek gero gizartearen baitan lan egiteko... Sasoi batean, aspaldi ez dela, "langabe fabrika" omen zen Unibertsitatea.
Hori ez da inoiz egia izan. Mito handia egon da. Orain are gutxiago. Lan-merkatuaren egoeraren berri ematen duten datuak oso onak dira. Pozik eta lasai egoteko modukoak. Beti dago hobetzeko tartea, hala ere. Ez dugu lanaren %100 iristen, baina geratzen den tarte hori lortzeko gizarteak egin behar du lan, batez ere. Emakumeen lan egoera, kaxkarragoa da; soldata, kaxkarragoa; lana ere zailago aurkitzen dute. Baina hori, neurri handian, gizartearen lana da, eta hezkuntza sistemarena, oro har. Alegia, nola liteke emakume gutxiago matrikulatzea lan eskaintza handiagoa duten ikasketetan? Hori ez da unibertsitatearen kontua, edo politikarena... Behetik dator akatsa: pertsona horiek, batxilerra ikasterakoan ere, batxiler mota bat aukeratu dute, beste bat beharrean. Hor bada lan bat, aldez aurretik egin beharrekoa. Badago zer hobetu, beraz. Bestalde, lan doitua deitzen dugun hori dago, hau da, zure mailari dagokion lana. Oraintxe, %74 inguruan gaude: lanean ari direnen artean, lautik hiru beraiei dagokien lanean ari dira, baina "bat" hori, ez. Segur aski, "bat" horrek ere, bere ibilbide profesionalean, iritsiko du berari dagokion lana, lan doitua, baina unibertsitatearen lana da doitzea hazten saiatzea.

Zer egiten du EHUk Informazioaren Gizartearekin bat egin eta bere jarduna horren baitan txertatzeko?
Oso gutxi. Gizarteak baino gutxiago, segur aski. Adibide bat jarriko dizut. Lehendakariari ere esan nion, hitzez hitz: "Herri honetan Konekta Zaitez programa muntatu dugu, arrakasta handiz, gainera. Jende askok erosi du etxeko ordenagailua horren bidez. Niri ulertezina iruditzen zait, hori egin baino lehenago, unibertsitatean egin ez izana". Helburua da ahalik eta jende gehienak izatea ordenagailua etxean. Ongi da hori. Baina nork aterako dio etekin handiena ordenagailuari? Nork ekarriko dio onura handiena gizarteari? Unibertsitateko ikasleak! Ez dago dudarik! Ikasketen edukiagatik, mailagatik, sareagatik... edozein arrazoi hartuta ere! Zergatik ez dira erabili helburu horiek unibertsitate ikasleak kontuan hartuta? Unibertsitatearen garrantziaren kontzientzia maila erakusten du horrek.

Errektore izendatu eta euskaraz egin zenuen hitzaldia Ajuria Enean. Euskararen Normalizaziorako II. Plana zure eskutik etorri zen EHUn, Pello Salaburu errektore zen garaian. Zertan da euskara EHUn?
Botilarena badakizu, ezta?

Fakultate batzuetan goraino beteta dagoela badakit...
Bai, fakultate batzuetan bai. Beste fakultate batzuetan, oso behean. Zeren gorabehera den hori? Irakasle euskaldunak izatea, edo ez izatea, da gorabehera. Zenbait arlotan oso zaila da irakasleak izatea, euskaldunak edo erdaldunak. Hor da zailtasun handiena. Ikasketa teknikoetan eta osasun alorrekoetan, batik bat. Arrazoia polita ere bada: arlo horietan jendeak erraz topatzen du lana, ondo ordainduta daude, batetik, eta, bestetik, bokazio lana dute. Inor ingeniari ikasten hasi, ikasi eta ingeniari izan nahi du, ez unibertsitateko irakasle. Ez da nire kasua: biologia ikasi nuen eta biologook beti izan dugu ikerkuntza buruan. Eta ikerkuntza gune inportanteena Euskal Herrian unibertsitatea denez, gure destinu naturala hauxe zen. "Gu" askorena. Hortaz, biologia irakasleak bai, izan ditugu unibertsitatean. Baina lehen aipatu ditudan esparru horietan, ikasleak bazekien ez zuela irakatsiko: haien bokazioa ez zen irakastea; lana erraz topatu dute, eta lan ona. Horregatik du unibertsitateak irakasle falta eremu horietan, nahiz eta hor ere aurrera goazen, apurka-apurka bada ere. Beste defizit bat: ikas-materialak. Ez da defizit kritikoa, baina zailtasun bat gainjartzen digu horrek, nolabait esateko. Muga bat.

Unibertsitate honetako hainbat irakaslek gaztelaniaz burutu ditu ikasketak, edo ingelesez, landu du euskara, hasi da EHUn irakasten euskaraz eta ikasleen euskara maila eskasa du hizpide...
Horretan nik iritzi politikoki ez zuzena dut, guztiz.

Entzuteko irrikitan nago.
Ez dakit errektore gisa esan behar dudan ala ez...

Horretan ezin lagundu nik...
Euskararen kalitateaz-eta hasten direnean, guztiz eszeptiko naiz. Bi arrazoi ditut. Zutabe batean ere idatzi nuen Euskaldunon Egunkarian. Behin esan zidaten »orduan orain baino askoz euskaldun berriago nintzen» nire euskara oso kaxkarra, txiroa, pobrea zela. Ikusten zen ez zela herriko euskara. Zer zegoen kritika haren atzean? Klase banaketa mantendu nahia: "Ni euskaldun jatorra naiz, eta zu ez" adieraztea. Ez dakit noraino oraingo aldarrikapenetan ez dagoen horrelako zerbait.

Asko esatea da hori...
Errepikatu egingo dut: "Ez dakit", "noraino", "zerbait"... Hori, batetik. Bestetik, uste dut kalitatea kantitatearen ondorio izango dela. Argi dago hori literaturan. Ez dira idazle handiak ateratzen, ekoizpen literario handia ez badago. Lore ederrak lore asko dauden lekuan sortzen dira. Hizkuntzarekin, antzeko zerbait. Modu ikaragarrian ari gara hazten. Hiztun askoren maila, apala izango da kasu askotan, baina denborarekin hori ere hobetuko da, nabarmen.

Bideak jarri eta lan eginez, edo egoera bere horretan utziz?
Bietara. Bere horretan utziz, eta lan eginez. Hor, ordea, neurtzeko oso zailak diren prozesuekin egingo genuke topo. Adibidez, irakurtzen dugun, ez dugun; telebista gehiago ala gutxiago ikusten dugun; Interneten sartzen garen, ez garen; gauza asko daude hor, eta zaila da epaitzen. Uste dut askotan epaitu egiten dela, baloratu beharrean. Nik ere badut kezka hori, etxean bertan, seme-alabekin. "Aita, es que dago ondo!" esaten dutenean nik ere esaten diet: "Baina non ikasi duzue hori? Horrelakorik ez duzue etxean entzun bizitza osoan! Zer da hau!". Hala ere, konfiantza daukat, segurtasuna ez esatearren, hamar urte barru horrelakorik ez dutela esango.

Zu epaitu zintuenak ere ez du meritu makala. Kezka utzi zizun behintzat.
Serio esan zidan, eta nahiko hurbil nuen pertsona batek esan zidan. Orain ez zen ausartuko horrelakorik esaten. Tira, orain azentuaz hasiko litzateke...

Horrek beti izango luke aitzakia...
Horregatik ari naiz. Nire ibilbidean zehar era horretako jokaerak hainbat aldiz ikusi ditut, eta modu iraingarrian gainera. Zuek, betiko euskaldunak, ez zarete ohartzen zenbait jarrera noraino izan litezkeen mingarri. Lehen, beste berba iraingarriak erabiltzen ziren, orain erabiltzen ez direnak, zorionez, eta hizkuntzaraino iritsi ziren. Baina jarrerak irauten du. Kontuz, hala ere, kalitatearen kezka adierazten duten horietako asko nire adiskide minak dira. Eta eurek badakite zer pentsatzen dudan, askotan esan diedalako: "Nik eskubidea dut horrela pentsatzeko". Esan dut, zutabea idatzi nuen Egunkarian. Euskara zuen izenburua. Idatzi biharamonean Euskaltzaindiako bat etorri zitzaidan, "zorionak!", esanez, eta oso pozik.

Hizkuntzaren kalitatea kantitatetik etorriko dela diozu...
Etor daiteke.

"Etor daiteke", eta galdera bat nuen kantitateari dagokiona: zenbat eta unibertsitario gehiago, orduan eta kultura handiagoa du herri batek? Herri zibilizatuagoa izango gara?
Nik uste dut baietz. Unibertsitateko korridoreetan asko ikusten dut kirol aldizkari bat. Kirol aldizkaria. Hori ere kultura da; nik ez dut ikuspegi murriztailea. Herri zibilizatuagoa izango gara, ez dut dudarik egiten. Besterik da, ikasleek unibertsitate ikasketek eskaintzen dituzten gaitasun guztiak ustiatuko dituzten. Baina hor beti egongo da %1 gaitasun horiek ustiatuko dituena. Proportzioa hori izanda, zenbat eta ikasle gehiago eduki, orduan eta jende gehiagok ustiatuko ditu gaitasun horiek. Nire ustez. Badago besterik. Duela 25 urte, %15 etortzen ginen unibertsitatera. Gaur egun, %45 etortzen da. Lehen askoz gehiago ziren unibertsitatera iristen ez zirenak, ez zituzten gaitasunak ustiatzen, goi mailako batxilerra ere ez zuten burutzen! Gaur egun, gaitasun gehiago ustiatuta, aukera handiagoak dituzte ikasleek. Baikorra naiz. Herri zibilizatuagorantz goazela uste dut.

Komunikazio defizita
Unibertsitate honetako produkzio intelektuala ikaragarria da. Boto elektronikoaren zera hori gizartera atera zen, baina beste gauza asko, inportanteak, ez dira azaltzen. Defizit bat dugu. Komunikazioa da kontua »ez da prentsa», komunikazioa, modu integralean esanda. Irudia proiektatzea, emaitzen berri ematea, emaitzak iritsi behar diren tokietara zuzen iristea. Aurrean dugun erronketako bat da. Komunikazio estrategia bat diseinatu beharko genuke horretarako.

Bertsoa

Doinua: Lagundurikan danoi

Unibertsitateak
ugaltzeari bai!
Gu zibilizatzeko
ez garelako gai?
Bakarka ezin eta
fakultatean jai,
probatua naiz eta
lehengoan badarrai
nik ez nuke horrela
zibilizatu nahi.

Informazioaren Gizartea

Informazioaren Gizartea ari gara bultzatzen, baina unibertsitatea Konekta Zaitez programatik kanpo geratu da, guztiz. Hori txarra da gizartearentzat. Ez naiz ari unibertsitateko ikasleek eskubide gehiago dituztelako, gizartearen onuran ari naiz pentsatzen. Zerk ekarriko dio onura handiagoa gizarteari? Ni seguru nago, eta neurtzeko modua ere badago: unibertsitate ikasleetan egiten den ahaleginari askoz ere etekin handiagoa ateratzen zaio.


Azkenak
47 urteko gizon batek bere ama hil du Irunen

Atzo eguerdian labanaz eraso zion bere amari Irunen eta Donostiako Ospitalean hil da. Erasotzailea epailearen aurrean deklaratzeko esperoan dago.


Ipar Euskal Herriko lehen indarra izaten segitzen duela ohartarazi du ELBk, botoen %48 jasorik

Otsailaren 6 honetan zenbatu dituzte departamenduko laborantza ganberarako bozak. Biarnoa eta Ipar Euskal Herria biltzen dituen departamenduan lehen indarra izaten segitzen du agroindustriaren sustatzailea den FDSEAk baina indarra galdu du: %54tik %46ra pasa da.


2025eko urtarrila, mundu mailan inoiz erregistratu den urtarrilik beroena

Aurtengo urtarrila 1850. urteaz geroztik beroena izan dugu. Gainera, aurreko hilabeteen joera mantentzen du, azken hemeretzi hilabeteen artean, hemezortzigarrena da bero erregistroak apurtzen. 


Ehunka emakume hil eta bortxatu dituzte Kongoko Errepublika Demokratikoko espetxe batean

Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez, Goma hiria hartu ondoren hango espetxe batean zeuden ehunka emakume bizirik erre zituzten M23ko matxinoek, eta denak hil. Herrialdearen ipar ekialdean borrokan diharduten talde armatuek sexu indarkeria "arma gisa" erabili dutela... [+]


EITBko Euskara Batzordearen adierazpena

Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]


Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala deitu du apirilaren 6rako Baionan

Manifestazioa goizeko 11:30ean izango da, Justizia Jauregian. Mugimenduak euskaldunon eskubideen alde eta auziperatuekiko elkartasunean luzatu du deialdia. Auziperatuek iazko Euskararen Egunean Baionako Justizia Auzitegian "Justizia Euskararentzat" pintaketa egin zuten... [+]


Trumpen Gazarako proposatutako garbiketak etnikoak hautsak harrotu ditu nazioartean eta AEBetan

AEBetako presidentearen Gazako palestinarrak kanporatzeko asmoak aurkako erreakzio ugari eragin ditu nazioarteko nahiz herrialdeko politikan, baita Alderdi Errepublikanoan ere. Gehienek "garbiketa etnikoa" sustatzea egotzi diote, baina Trumpek bere asmoa berresten... [+]


Maddi Isasi, LABeko idazkari feminista
“LAB Euskal Herri feminista baten eraikuntzan ekarpen sindikala eginen duen subjektua izatea nahi dugu”

Izena duen oro bere izanaren jabe liburua plazaratu du LAB sindikatuko idazkaritza feministak, hainbat kide feministaren lekukotasunak oinarritzat harturik. "Genealogia edo glosario bat gauzatu dugu edo, agian, gauza biak batera dira edo baliteke ez izatea ez bata ez... [+]


Ortuzarrek ez du EAJko buru izaten segituko eta bidea libre utzi dio Estebani

EAJren barne prozesuan ez du bere burua aurkeztuko, nahiz eta garaile irten den orain arteko bozketetan. Itxura guztien arabera, Aitor Esteban izango da EBBko buruzagi berria.


Armagintza sustatzeko Jaurlaritzaren konpromisoa adierazi du Torres lehendakariordeak, Zedarriak-i erantzunez

Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak armagintza industria goraipatu eta zabaldu diren “aukera” berrien aurrean sektorea “babestuko” duela azaldu du. “Beste kontu bat da gutako bakoitzak izan ditzakegun posizio... [+]


Zaldibarko hondamenditik bost urtera, erantzukizunak argitu gabe eta zabortegien kontrola ezbaian

Bost urte bete dira Zaldibarren 800.000 tona zabor maldan behera amildu eta Joaquín Beltrán eta Alberto Sololuze langileak aurretik eraman zituenetik. Ikerketa judiziala amaitu gabe dago oraindik, Verter Recycling enpresak ez du ezer ordaindu zigilatze lanengatik,... [+]


Kaldereroak: ‘blackface’ bat donostiar erara?

Ni ez dut nahi nire alaba ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Nik ez dut nahi nire alabaren eskolako haur ijitoak ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Ijito izatea ez delako mozorro bat. Ijito izatea ez delako urtean behin egiten den festa bat, arropa exotikoekin eta aurpegia ikatzez... [+]


2025-02-06 | dantzan.eus
Lazkaon aspaldi galdu ziren inauteriak berpiztuko dituzte

Lazkaon 1960-70ko hamarkadan galdu ziren inauteriak berreskuratzeko asmotan dabiltzala irakurri dugu azken asteetan. Festa haietatik abiatuta herriko hainbat talde elkartu eta otsailaren 28an plazaratuko dira inauteriak ospatzera. Xehetasun gehiago jakin nahian Oin Arin dantza... [+]


2025-02-06 | Gedar
Autobusak antolatu dituzte ostiralean Gasteizera joateko, Maccabiren aurkako manifestaziora

Israelgo Estatuko saskibaloi taldeak ostiralean jokatuko du Gasteizen, eta mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak.


Berriztagarrien lurralde plana aldatu du Jaurlaritzak, eskala handiko eolikoei toki gehiago egiteko

Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.


Eguneraketa berriak daude