20 urterekin irteten dira gurasoen etxetik batzuk, beste batzuk 35 urterekin gurasoen kontura jarraitzen dute... Zer da, orduan, gaztea izatea? Gazte bakoitza da mundu bat, baina orokorrean, bizitza tarte hau asko luzatu izanaz bat datoz soziologo eta psikologo asko. Orain 20 urte, 15-29 urte inguru artean mugatzen zen gaztetasuna. Egun, Javier Elzo soziologoak 12-34 urte artean deskribatzen du, epe hauetan banatuta: aurre-nerabezaroa, orokorrean 12-14 urte artekoa; nerabezaroa, orokorrean 15-17 urte artekoa; gazte garaia, orokorrean 18-24 urte artekoa; gaztetasun luzatua, 24-29 urte artekoa; eta gazte berantiarrak, 30-34 urte artekoak.
Nerabezaroa eta gaztetasuna desberdintzea da kontua. Nerabezaroa ume arotik ateratzea da. Muga horretan erabakigarria da, sexualitatea bizitzeko modua aldatzen hasten dela. Eta bestalde, gurasoekiko autonomia zabaltzen hasten da. Gaurko gaztetxoek lehenago jasotzen dute autonomia gurasoengandik eta horrek eragiten du aurre-nerabezaroa 12-13 urtera aurreratu izana. Adolezentzia esperimentatzeko garaia da. Orainaldian bizi da nerabea, ez du etorkizunean pentsatzen. Gazteak, aldiz, oraindik autonomia osorik ez duen arren »oraindik gurasoen etxean dago eta ez du lanik», jada pentsatzen hasia da nolakoa izango den bere bizitza independentzia lortzen duenean. Adoleszentzia bizitzako egoera bat da, bizitzan egoteko modu bat. Gaztetasuna, berriz, bizitzarako prestakuntza prozesu bat da. Beraz, desberdintasuna ez dago urteetan, mentalitatean baizik. Badira 17 urteko gazteak, eta 25 urteko adoleszenteak.
Gaztetasunaren prozesua bukatzen da bi baldintza betetzen direnean: gurasoengandik bereiztean, eta lan munduan sartzean. Orduan egiten da heldu, ardura maila handiarekin.
Elzok azaltzen duenez, garai hauetan gero eta gehiago luzatzen ari dena adoleszentzia da, ez gaztetasuna. Jende asko dago 25 urterekin oraindik adoleszentzia egoeran, etorkizunean pentsatzen ez duena. Ez du pentsatu nahi lan egin beharko duenik, ez pisu bat bilatu... "Orainkeria" da bizitzeko modu berria, etorkizuna pentsatzeko eta planifikatzeko zein zail dagoen ikusita, egunean bizi behar dela ikasi eta onartu dute nerabeek.
Nerabezaroa luzatzen duen bizitza eredua
Badira faktore objektibo batzuk, egun etxetik ateratzea zein zaila den azaltzen dutenak. Nagusia, etxebizitzen prezio garestiak dira. Koadroek (7 eta o.orrialdean) adierazten dute etxebizitza prezioen eta gazteen diru iturrien arteko leizea. Gainera, hemen ez dago alokatzeko tradiziorik, eta gehienen helburua etxebizitza bat erostea da.
Eragiten duen bigarren arazoa langabezia dela esan ohi da, eta ez hori bakarrik, arrazoi nagusia lan prekaritatea dela ere azaltzen du Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurren, Gazteen eta Garapenerako Lankidetza Zerbitzuaren ekimenez kaleratu den Gazteei eta bazterketari buruzko hausnarketa, Gipuzkoa 2003k. Baina kontrakoa dioenik ez da falta. Hauen arabera, momentu honetan kontua ez da lanik badagoen edo ez, nolako lana dagoen baizik: «Egungo gazteek, sarri, gustuko lana aurkitu arte itxaroten dute eta denek bezala, bilatzen duten lana astelehenetik ostiralerakoa da, iluntzerako libratzeko modukoa eta ahal dela finkoa». Baina Elzok aurreikusten duenez, «gero eta gehiago nagusituko da amerikarren eredu kapitalista, eta lana aldi baterakoa izango da".
Hemengo gazte askok etxetik joateko derrigorra ikusten du lan finkoa izatea. Baina hau ez da horrela munduko beste herrialdeetan: Frantzian, Alemanian, Ingalaterran eta Italian, 20-22 urteko gazteek ez dute lan egonkorrik, eta etxetik ateratzen dira. CSIC-ren (Ikerketa Zientifikoaren Sektorekako Komusioa) ikerketen arabera, lan egiten duten Espainiako 25-30 urte arteko gazteen %60 gurasoekin bizi da. Hiru aldiz gehiago, kasu berean dauden frantziar, ingeles edo alemaniarrak baino.
Lan finkoa bilatzeaz gain, Espainiako estatuko gazteek jotzen dute independizatzeko hilabetean 1.000 euro behar direla gutxienez, INJUVE-k (Gaztediaren Institutua) 2002ko hirugarren hiruhilekoan egindako iritzi sondeoak azaltzen duenez. Beharrezko den gutxieneko diru kopuru hau ere, lan finkoarena bezain subjektiboa da, lotura zuzena baitu gurasoen etxetik ateratzearen truke gaztea eguneroko gastuetan egiteko prest dagoen murrizketekin.
Lanaz kezkatu baino lehen ere, gazteek gero eta urte gehiago pasatzen dute ikasten. Hemengo gurasoen esaldi tipikoa da "bukatu karrera eta gero...". Baina hori ere ez da munduko leku denetan horrela. Emantzipatzeko eta heldutasuna hartzeko, «hori akats larria» dela dio Elzok: «Sistema orokorra aldatu behar da. Jende askok utzi behar lituzke ikasketak lehenago, eta lan munduan sartu. Beste lekuetan horrela egiten da, 18-19 urterekin etxetik atera eta lan egiten pasatzen dute urtebete, mundua ikusten, eta gero pare bat urtez unibertsitatera joaten dira. Ondoren berriro lanean hasi, dirua bildu, eta berriro unibertsitatera itzuli. Hori da aldarrikatzen dudan eredua. Bizitza osoan zehar jarraitu behar da ikasten, baina unibertsitaterako dirua norberak atera behar du. Unibertsitate garaia adoleszentzia da egun».
Gazteak ez, gurasoak independizatu beharra
Javier Elzo soziologoaren esanetan, "gazteak ez independizatzeko arrazoi nagusia ez dago gazteengan, gurasoengan baizik». Gure familia alde batetik modernoa da, onartzen dira guraso homosexualak, familia monoparentalak, eta aukera desberdin gehiago. Baina beste zentzu batean, oso da tradizionala, gurasoek nahi baitute euren seme eta alabek etxean itxaron dezaten, bere etxebizitza eta lana ziurtatzen dituzten arte. Gaurko guraso askoren joera gehiegi babestea dela ohartarazten dute adituek: gurasoek seme eta alaben ordez gauzak egiteak, euren ordez hitz egiteak eta pentsatzeak, euren ordez erabakitzeak, behar duten dena emateak... horrek denak eragina du emantzipatzerakoan. Seme edo alabari ziurgabetasuna sortzen zaio erabakiak hartzerakoan, eta etengabeko babesa behar izatea dakar, etengabe gurasoen orientazioa behar izatea.
Zergatik babesten dira gehiegi gaurko seme eta alabak? Arrazoi askok eragin dezakete. Batetik, gaurko gurasoak, batez beste, nahiko edadetuak direlako, helduak. Bestetik, askok seme edo alaba bakarra dutelako. Bakarrari eskaintzen zaion arreta guztiaz gain, gurasoak konturatzen dira seme edo alaba horrek alde egitean bikotea bakarrik geratuko dela. Elzok deskribatzen duenez, "gurasoek beti nahi dute seme eta alabak etxean egotea. 26 urte dituenean akaso esango diote ‘zoaz etxetik behingoz!’, baina badaezpada ere, aho txikiarekin esaten dute. Hori ez da ona, ez seme-alabentzat, ezta gurasoentzat ere. Gurasoen emantzipazioa ere kontuan eduki behar da. Prozesu konplexua da, momentu honetan bikotea bakarrik geratzen da, eta bizi osoan ez badute bikote bizitza landu eta hezi, bakarrik geratzen direnean, bikoteak pott egiten du askotan. Bizitzako garai horretan dibortzio asko egoten da».
Txoriak hegan ikasi behar du...
...eta gazteen emantzipazioa ere, gurasoekin etxe berean bizi direnetik landu behar dela diote adituek, ez joateko momentuan. Seme-alabak prestatuz joan behar dira bere independentzia onartu dezaten, ondorio guztiekin. Horretarako, gurasoek umeekiko dituzten betebeharrak gero eta gutxiago izan behar dute. Umeen emantzipazioa prestatzearekin batera, gurasoena prestatu behar da. Umeen autonomia indartzeak aldi berean dakar gurasoek umeekiko autonomia hartzea. Adituek aholkatzen dutenez, umeak gurasoekin bizi direnean ere, gurasoek espazio eta denbora hartu behar dute eurentzat. Umeak aurrera ateratzeko, hezteko eta laguntzeko urte askotan gurasoek albora utzi dituzten askatasun espazioak berreskuratu behar dituzte. Beharrezkoa da gurasoak garatu daitezela bikote eta pertsona gisa.
Gurasoenean eroso
Kanpoko eraginez jardun dugu orain arte »etxebizitza, lana, familia, ikasketak...». Saioa Olmo «Emancipator» proiektuaren egileetakoak onartzen duenez, «gure gurasoekin dugun harremana hobea da aurreko belaunaldiek zutena baino, eta gazteok eroso sentitzen gara gurasoen etxean, ez dugu joateko premia larririk». Gainera, gurasoen etxean jarraitzeak esan nahi du, ez ardurarik hartu behar izatea eguneroko bizitzako hainbat arlotan. Motibo bat edo bestea dela, Espainiako estatuan, gurasoen etxean bizi diren gazteen %51k pentsatu zuen emantzipatzea 2002an, eta %49k oraindik ez zuen planteatu ere egin, INJUVE-k egindako iritzi sondeoaren arabera. Hori dela eta, Saioa Olmo, Alex Mitxelena eta Hugo Olaizolak gazteen emantzipazio nahiari aurkitu dioten soluzioa, «Emancipator» gailua, zera da: "Gurasoen etxetik atera gabe emantzipatzeko puzgarria. Ura, argia eta telefonoa gurasoenera konektatzen duzu, horrela, gastua zero da". Gailu horren iragarkiak, gaurko gazte askoren egoera idilikoa saltzen du: "Independentzia osoa lortu dezaket, gurasoen tutoretzapean bizitzeak dituen erosotasunei uko egin gabe". Eta seme-alaba parasitoei zuzentzen die azken keinua: "Emantzipatu zaitezte, etxetik bota arte!".
Delako emancipator hau 3 dimentsiotan diseinatu dute, eta 2 metro luze eta 1,5 zabal dituen zilindro itxurako puzgarria da, gazteak gurasoen etxeko bere logelan bertan jar dezakeena. Arrautza itxurako gailu horrek gaztea isolatzea da emancipatorrek dakarrena, eta Saioak azaltzen duenez, «Emancipatorrek agertzen du errealitatean dagoen egoera bat, ez dugu horren alde edo kontra egiten. Bai, gero eta indibidualistagoa den gizarte bateko produktua da, bizi dugunaren irudia». Kalera atera dira diseinatutako produktu honekin jendea xaxatzera, eta jasotzen duten erantzunaren arabera, baliteke benetakoa egitea eta merkaturatzea. Baina euren helburua, kritika eta ironiaz emantzipazioaren gaia gizarteratzea da.
Emantzipazioak zer dakar familiara?
«Umeak» etxean eusteko gurasoen beharra ikusita, eta gazteek etxetik ateratzeko jartzen dituzten mila eta bat baldintza entzunda, hain txarra eta traumatikoa al da, bada, bereizketa? Elzok azaltzen duenez, «askoz hobe da denentzat, bai guraso eta bai seme-alabentzat, gazteak etxetik askoz lehenago joatea. Noski, etxeko ateak beti egon behar du irekita, baina bakoitzak bere bizitza egin behar du". Emantzipazioak ez du esan nahi seme eta alabei gertatzen zaienaz gurasoak gehiago interesatuko ez direnik, ezta familiako harremana etengo denik ere. Horregatik, ez zaio beldurrik izan behar independentziari, ongi gestionatuz gero, ez dakar hutsunerik. Emantzipazioak nola guraso hala seme-alabak garatzen laguntzen du, eta euren arteko harreman formatu berri bat artikulatzea dakar. Independentzia arduratsu eta kontzienteak benetako askatasuna dakar, guraso eta umeen artean dependentzia desiratu eta orekatu bat ahalbidetzen duena, beharrak eragindakoa izan ordez.
Gizartean zer ondorio ditu gazteak hain berandu emantzipatzeak?
Javier Elzoren hitzetan, «jada ez dago gazte kulturarik. Gurasoen baloreak eta gazteenak, gutxi gorabehera berdinak dira, beti elkarrekin baitaude». Hainbeste denbora elkarrekin egonda, belaunaldi hausturarik ez dago. Gazte belaunaldiaren lana aurrekoen eskemak haustea dela esaten da sarri. Elzok dionez, ordea, «egun, gurasoek pentsatzen duten antzera pentsatzen dute seme eta alabek, bizitza ikusteko molde bera dute». Eskemak errepikatzen dira, eta Espainiako estatuan 2002an independizatutako gazteen artean, %43k bere familia osatzeko egin zuten. Askoz gutxiagok, %23k utzi zuen gurasoen etxean bere independentzia lortzeko, INJUVEk egindako iritzi sondeoaren arabera. Lekutan daude, elkarbizitza eta etxe egitura diferenteak esperimentatu nahi dituzten eredu alternatiboak...