Aurreko batean, Bizkaia ezagutzeko Enkarterrietatik hastea aukera ausarta bezain interesgarria zela kontatu genuen. Eta bada, Galdames inguruaz gain, eskualde horretan aberats bezain ikusgarri den beste gune bat: Karrantza. Horixe ezagutzea da oraingoan proposatzen dizueguna. Sasoi bateko Euskal Herriko larre berdeak bisitatzeko aukera eskaintzen digu Karrantzako udalerriak. Auzune txiki mordoak osatzen dute Karrantza, eta indianoen aztarna ugari izateaz batera, naturaren eboluzioaren erakusgai harrigarriak ere baditu. Horren adibide dira Sopeñako artadia eta Pozalaguako kobak. Horren inguruan, Euskal Autonomia Erkidegoko hirugarren parke naturala egiteko asmoa ere badago. Orain dela hamar urteko egitasmoa den arren, 2005ean Ranero auzunearen bueltako parajea Armañoneko parke natural izendatzeko proiektua dauka Eusko Jaurlaritzak. Horren alde egin zuten Baljerri taldekoek, hamarkada bat dela, inguru horretatik tentsio altuko kablea pasarazi nahi izan zenean. Proiektu hori bertan behera geratu bazen ere, parke naturalaren izendapenak aurrera egin zuen eta, itxura guztien arabera, datorren urterako onartu egingo dute.
Hortaz, eta mugak jartzen dizkioten bitartean, parajea era naturalean, dagoen moduan, gozatzeko daukagun aukera aprobetxatuko dugu. Benetan ikusgarria da Ranero auzunetik Paules auzunera bitartean dagoen eremu osoa.
Karrantzara bidean
Autoz Zallatik aurrera eginda Karrantzako udalerrian sartuko gara. Mendatea jaitsi ostean, hainbat auzunerekin topo egingo dugu eta gure jomuga Ranero izango da. Horretarako Molinar bainuetxeak igaro ostean, BI-4679 errepidea hartuko dugu, ezkerretara, eta 5 bat kilometro egingo ditugu, Ranero auzunea pasa ondoren, Pozalaguako kobetara arte. Goizeko 11etan irekitzen dituzte kobak bisitatzeko ateak, harrobi ikusgarriaren ondoan daude, eta harrobi hori martxan egon zeneko eraikina aprobetxatu dute begiratokia egiteko. Bizkaiak Burgos eta Kantabriarekin muga egiten duen mendatea dago parez pare. Ikusgarria da benetan. Goizean goizetik eguzkia handik irteten da eta arratsean, berriz, mendate guztia ikusteko aukera izango dugu. Aipagarria da Raneroko harkaitzek erakusten diguten bista: paraje karstikoa da eta hantxe dago Karlistaren Torka izeneko sima (737 metrokoa). Horixe izango da gure ibilbidearen hasiera.
Sopeñako artadirantz
Kontuan hartzekoa da, gaurko proposamena joaneko ibilbidea dela. Itzulera leku beretik egin ezean, taxian edo bestelako garraiobidez egin behar da. Hala ere, 3 ordu edo 3 ordu eta erdiko ibilbide zoragarria da. Helmuga Sopeñako artadia dugu, 200 urte baino gehiago dituzten arteek osatzen duten arboladia.
Pozalaguako aparkalekuan autoa utzi eta mendian gora egingo dugu. Horretarako, kobetara heldu aurretik dagoen bidexka hartuko dugu. Ordu erdiko igoera da gailurrera artekoa. Pixka bat aldapatsua da, baina 40 bat minutuan egin daiteke. Eta handik aurrerakoa, laua dela esan genezake, artadira arte.
Bitxia da oso Pozalaguako begiratokitik eskuma aldera begiratuz gero, harkaitz nagusi biek duten tartea, Mazo haitza batera eta Ranero bestera. Badirudi itsasoak beharko lukeela han. Horixe baino ez zaio falta parajeari. Beste aldera, berriz, eta artadira bitartean, larre berdeak ikusiko ditugu. Izan ere, Karrantzako eskualdean, larreetako ugazaba dira esne-behiak eta okela behiak. Euskal Herrian pinua azkar hazten zen zuhaitza zela ohartu aurretiko euskal zelaiak dira ikusiko ditugunak gure bistak ematen duen lekuraino.
Biañezko San Andres eliza
Oinez egiteko paraje hori ikusi egin daiteke, auzunez auzune joanez gero. Autoz edo bizikletaz egiteko bidea izan daiteke hori. Bisitatu beharrekoa da Ranero auzunea. Txikia da, baina badira antzinako dorretxe itxura duten etxeak ere. Sasoi honetan bisitatuz gero, piper sikuak ikusiko ditugu balkoietan eskegita.
Osterantzean, Molinar bainuetxeetara jaitsi daiteke eta baita Palatinos-eko espiritualtasunaren etxera ere. Handik gertu dago Biañez auzunea. Aldapa gora batean dago eta sarrera bi ditu. Bietatik, hala ere, leku berera helduko gara: San Andres eliza aurrera eta sasoi bateko garbilekura. Latsarri edo harraska berritu dutela igartzen da baina han ere, jendearen ingurumenarekiko errespetu eskasaren aztarnak sumatzen dira; zaborra eta hondarrak daude harriaren bueltan. Hala ere, iturriak ur emari dezentea dauka.
San Andres elizaren dorre bien kapelerak behetik, errepide nagusitik, ikusten dira, jada, eta harritu egingo gaituzte, gutxi direlako horrelako itxura duten euskal elizak. Biañezko San Andres eliza 1884an eraiki zuten, Romualdo Chavarri zenak aginduta. Eliza eta auzuneko eskola biak eraiki zituen berak XIX. mende amaieran. Bere omenezko leloa irakurri daiteke oraindik ere, elizaren frontisean "Romualdo Chavarri jaunari, eliza honen eta bere eskola bien fundatzaileari, parrokia honetako eliztarren esker onez".
Elizaren ezkerraldetik ikusten den bideak eramango gaitu Bizkaiko Foru Aldundiaren Karpin abentura parkera eta handik aurrera, Paules auzunera arte jarraituz gero, Kantauri alde guztian dagoen artadirik zaharrena bisitatzeko aukera izango dugu.