Aian jaio zinen, Zialtzeta baserrian. Soinujolea ere bada izen hori duena...
Balentin, anaia. Soinujotzailea. Baina utzi ziola uste dut. Hark ere, 70 urte badituà Gaztetan ez zuen batere gogorik eskolan ibiltzeko. Batere ez. Maixua kastellanoa jarri zioten, kastellanoz ikastearren, baina Balentinek ez zuen nahi haren esanik egin. Maixuak esaten zion pizarran jarri eta ezer ere egiteko, baina zer egiten zuen Balentinek? Pizarrari buelta eman eta zaldiak eta holako gauzak egiten hasten zen. Amak esaten zidan: "Esaiozu maixuari honi erakusteko! Nahi duen kastigoa emateko, baina erakusteko honi!". Joaten nintzen ni maixuagana: "Oiga, que le enseñe por favor la madre me manda". "¨Quién es?" eta, "Valentin Aldalur". "No se puede. A ese no se puede. Le digo 'vete a buscar a la madre', íy eso quiere!". Balentin eskolatik pozik joaten zen txori-habiak bilatzera. Ez zeukan batere gogorik ikasteko. Gero, hazi zenean, ez dakit nola etorri zitzaion gogoa soinua ikasteko. Ez daki musikarik, baina buruz ikasi zuen soinua jotzen eta herri askotara deitzen zioten musika jotzera joateko. Andre bat jartzen omen zuen pandero jotzen eta jendeak horixe nahi zuen. Asko estimatua izan zen.
Jakin dugu nolakoa zen Balentin eskolan. Nolakoa zinen zeu?
Ni eskolan 6 urterekin hasi nintzen baina 11 urterekin zerbitzera joan nintzen. Bitarte horretan ikasi nuen ikasi nuena: gutxi, ahal zena, juxtu-juxtu letzen eta eskribitzen. Zerbitzera joan nintzen etxeko nagusiak ez zekien euskaraz eta harekin pixka bat erdaraz ere ikasi nuen. Auzokoa zen etxekoandrea, Aiakoa, baina gizona euskaraz ez zekienarekin ezkondu zen.
Donostian izan zinen, etxeko lanak egiten, bestereneanà
Hogei hilabete egin nituen. Nik zaintzen nuen umeak bi urte egin zituen arte. Gero gerra hasi zen eta karlistak hil behar zituztela esanez zebiltzan; eta hil zituzten. Gainera, arropa beltza jantzita ikusten bazuen baten bat, hari ere tiratzen zioten, neska koxkorra izanda ere. Ni jertse gorria jantzita ibiltzen nintzen eta niri ez zidaten kasurik egiten. Akordatzen naiz egun batean, esnea erostera joaten ginen, Plaza San Martin, ikusi nuen neska koxkor bat zetorrela plaza aldera, bera alde batetik eta ni bestetik. Biok aurrez aurre gentozen. Eta esan nuen: "Hori pasatzen bada nire aurretik, gero nik haren zain egon beharko det esnea hartzeko, eta nik joan behar det lehenengo!". Eta korrika joan nintzen eta sartu nintzen. Eta nire atzetik etorri zen neska koxkor hori, nire modukoa, baina beltzez jantzia, lutoz, haren aita edo hila izango zuten, eta zer egin zuten, leihotik tiroa tira eta hantxe atean hil zuten neska koxkorra. Holaxe hil zuten! Niri, jertse gorria neukalako ez zidaten ezer egin, baina hura, hantxe. Ez dakit nora eraman zuten, ospitalera edo casa de socorro-ra edo ez dakit nora. Halaxe zebiltzan gerran, Donostian, eta amak esan zidan etxera ekarri beharko nindutela, bestela gerran hilko nindutela.
Eta etxean, Zialtzeta baserrira atzera etorrita?
Orduan, akordatzen naiz, seme zaharrena, Joxe, ez zegoen etxean, kanpoan zegoen. Eta beste bi, Inazio eta Jesus, gerran zebiltzan, Francorekin. Eta gure aitak Manuel bakarrik zeukan etxean. Eta esan zidan aitak: "Etorriko al zara belarra ebakitzen laguntzera? Belarrari ez zaio inporta mutilak ebaki edo neskak ebaki! Lagunduko al didazu?". Niri errukia eman zidan aitak. "Sega zorrozten ez dakit nik", esan nion. "Erakutsiko dizut nik, dena erakutsiko dizut!". "Joango naiz!". Indartsu bilatzen nintzen ni, aitari segitzen nion, eta aitak erakutsi zidan sega zorrozten, lanean ere bai, eta gero, moja joan arte, beti laguntzen nion.
Non jardun zenuen zerbitzen?
Gure ama, gaztetan, Billabonan izan zen zerbitzen. Familia aberatsa zen, eta oso ezaguna. Haiek eskatu zioten ni joateko, bere alabatzat hartuko nindutela, beren ondasunak emango zizkidatela eta nahi nuenarekin ezkontzen utziko zidatela. Ea joango nintzen. Gure amak: "Horixe suertea!", eta baietz esan zien.
Etorri zen ama etxera eta: "Justina, andra-gizonek eskatu didate zu nahi zaituztela etxean lanerako; errosarioa errezatzen dakiena nahi dutela. Gainera, beren ondasunak zuri utziko dizkizutela, eta nahi duzunarekin ezkontzen utziko dizutela". "Ama, ez det ba nahi, etxean ondo nago". Ordurako nik barruan neukan birjina izateko dei bat, eta ezerrekin ezin zen kendu dei hori. Gainera, ez neukan deia jaso nuela esaterik inori. Apaizak esan zidan inori ez esateko, gurasoei ere ez, hura sekretua baitzen. "Ama, etxean ederki nago eta ez det nahi joan". "Ez zaitez izan tonta! Holako beste okasiorik ez dezu izango". Ama gaixoak ahalegina egin zuen baina ni nirearekin gelditu nintzen. Aitari ere esan zion amak, baina ni aitarekin ibiltzen nintzen kanpoan lanean beti eta esan zion amari. "Bere borondatearen kontra ez ezazu bialdu! Etxerako ere holako emakumeak onak dira!". Nire poza, nire poza! Aita nire alde irtenda! Eta, hola, pakean utzi zidaten.
Leku gehiagotan ere izan zinen etxetik kanpora lanean, moja baino lehen...
Beste baserri batean, Xalbardinen, Zialtzetatik hurrean. Han bizi ziren andra-gizonak, seme batekin. Bazituzten bi alaba, zaharragoak, baina kanpoan ezkonduta bizi zirenak. Eta haiek seme harekin bakarrik. Gero, soldadu eraman zieten seme bakar hura ere. Xalbardingo horiek Zialtzetara etortzen ziren eta, behin, esan zioten gure amari: "Hemen ume asko zeuden eta enkarguak egingo al dizkigu norbaitek?". Nik esan nion: "Nik ekarriko dizut behar dezuna. Zer behar dezu?". Ogia eta ardoa, olioa eta holakoak behar zituen. Andre hark eskatzen zidan, dirua ematen zidan eta hola. Gero, gizonak, soroan behiekin ibili behar zuela eta ez zeukala inor itulan ibiltzeko. "Nik egingo dizut, Juan Martin", hala zuen izena eta. "Hi etorriko al haiz?", eta "Bai, bai, ni joango naiz". Eta joaten nintzen eta itulan egiten nion. Biei laguntzen ibiltzen nintzen azkenean. Eta, ze pasatu zen, norbaitek esan zion etxe hartako semeari, gerrara eraman zutenari, ni nenbilela haren aitari eta amari laguntzen, eta eskribitzen hasi zen niri. Jaungoikoaren izenean, gurasoei laguntzeko eskatzen zidan. Ni, inozentea, "bai, ahal dedana lagunduko diet", esaten nion. Inozentea izan ni! Eta, hurrena, berak: "Joaten naizenean zurekin dantza egin behar det!". "Ai, ama!", egin nuen nik. Gure aitak eta amak ere aditzen zuten hark eskribitzen zituenak, nik letuta, eta dantza zera hori aditu zuenean, gure amak: "Orain etxe pobre horretara joan behar al dezu? Lehen izan zenuen holako okasio ederra, etxe aberatsa eta erlijiosora joateko! Orain etxe pobre horretara? Amarentzako min handia izango da". "Ama, ez, ez, ez. Ez naiz joango". Eta esan zion aitak: "Zertako hasi zera eskribitzen horri?". Nik, inozente, kontestatu egiten nion. "Ez arduratu", esan nien, "esango diot ni baino hobea bilatuko duela beste bat. Utziko diogu eskribitzeari". Eta amak: "Bai, hobe da, zergatik horrek baten bat behar du, baserrian laguntzeko". Halaxe, nik barruko deia nahi nuen bete, eta utzi zidaten. "Ni baino hobea bilatuko duzu" kontestatu nion, eta utzi nion. Hori baino dei handiagoa etortzen da, nik ez dakit ba nola esplikatu, baina gauza handia da. Aberastasunek ez dute betetzen barruko dei hori...
Konfesoreak lagundu zizun horretan...
Nik konfesorea hartu nuen hamabost urterekin. Hark esan zidan "nahi badezu birjindadeko botua egin, egin dezakezu". "Egingo det". Birjina eta pobre izateko botuak. Berak esan zidan: "Nahi badezu, hilabeteko edo bi hilabeteko egin ditzakezu botuak". "Hilabeteko? Betiko!", esan nion nik. Letuta neukan San Luis Gonzagak sei urterekin egin zituela botuak. "Jesus!, horrek sei urterekin egin baditu, nik hamaseirekin egitea libre izango da!". Barruko deia sentitzen da, eta horrexegatik egin nuen.
Santuen bizitzaz beste ere irakurrita zeunden zu. Jai arratsaldetan festa izaten zen zuen etxeko sukaldean. Bertsoak eta...
Jai arratsaldetan bezperak izaten ziren, ordu bietan. Handik goizago xamar etortzen nintzen baserrira, gurasoei poz horixe emateko. Bertso-paper piloa baneukan eta, haiek kantatuz, gustura egoten ziren aditzen. Radiorik eta ez zen denbora hartan. Bertso gehienak ziren San Joserenak, eta Santa Genobebarenak. Aitari asko gustatzen zitzaizkion San Joserenak, bera Joxe Mari zen eta, beraz, San Joserenak. Hark esaten zidan: "Kantaizkidazu, kantaizkidazu...". Azkenerako, ni ere umea, eta aspertu egin nintzen. "Aitta, berori beti San Joserekin dabil!". "Bai, ba, Joxe Mari!". "Bai, eta Amabirjinari ez dio batere nahi", esan nion. Eta berak: "Amabirjina... emakumea zen!, baina San Jose... gizona!, familiako burua!", eta hari nahi zion. Hari nahi zion, neurri gabe. Pena hori izaten nuen gero: "Jesus!, zertako esan ote diot nik hori!". Baina edozein garaitan, ganbaran bazen, kanpoan bazen, "kantaizkidazu San Joseren bertsoak". Buruz nekizkien denak.
Oraindik ere buruz al dakizkizu? Idatzita ekarri dizkiguzu guri...
Bai, bai, gogoan dauzkat. Burutik jarri ditut paperean zuentzat... Erdi ahaztu egiten dira kantatzen ez badituzu, baina etortzen dira.
Eta Santa Genobebaren bertsoak?
Amak negar egiten zuen bertso horiek adituta, historia tristea zen eta. Hori kondesa zen, gizona gerrara eraman zuten eta maiordomo gaizto bat jarri zuten haren etxean. Eta hark andrearekin ibili nahi zuen, baina andreak ez zion nahi. Eta fama txarrak bidali zizkioten gizonari. Eskribitu zioten andrea zebilela kalteak egiten. Eta andre horrek ere karta egin zion gizonari, maiordomo gaizto hori kentzeko etxetik. Eta bere morroi bati eman zion karta hori emateko, baina maiordomoak karta hori harrapatu eskutik morroiari eta ikusi zuenean andreak nola esaten zion gizonari maiordomoa bere etxetik bidaltzeko, morroia jo eta hil egin zuen. Maiordomoak. Eta gero, gizonari abixatu zion andreak hil zuela morroi hori, eta holako gauzak egiten zebilela, eta andre hori kastigatu egin beharko zela... Ni bertsoak kantatzen eta negarrari ematen zion gure amak.
Moja joan zinen eguna kontatu zenigun, behin, telebista-kamera aurrean...
Hori ere esan al nuen! Garai hartan haginak ateratzen nenbilen. Aian ez zegoen dentistarik eta Zarautza joaten nintzen haginak ateratzera. Ateratzera edo... bai, atera ere egin zizkidaten, jarri ez! Dentistak esan zidan: "Holako egunetan etorri zaitez berriz". Eta "holako egun" hartan bertan joan behar nuen moja. Etxean, amak esan zidan: "Zoaz Zarautzera, eta esaiozu guardiazibilari ea permisoa ematen dizuten zure bi anaiak gerratik etortzeko bazkaria egiteko. Azkenengo bazkaria". Joan nintzen Zarautzera guardiazibilari permiso hori eskatzera. Etorri zitzaidan guardiazibil gazte bat: "Que quieres?". "Ustedes saben euskera?". "No!". "Es que no se bien en castellano y a ver si nos entendemos". Eta esan nion nola bi anaia neuzkan gerran eta beraiek senideentzako permisoa ematen zutela esan zigutela. "No, nosotros no damos permiso! Que escriban a sus capitanes!". Orduan, beste guardiazibil bat azaldu zen, zaharragoa: "Que pasa, que pasa?". Eta despedida bazkariaren kontua esan zion guardiazibil gazteak. Eta zaharrak: "A donde vas monja?". Zarautzera bertara nindoala ba. "Pero en Zarautz hay dos conventos: carmelitas, y clarisas". Klarisa nindoala. "Es que yo tengo una prima en las carmelitas", guardiazibil zaharrak, eta gero: "Rezar, e?", "Sí, sí, ya rezaremos!". Onak ziren orduan guardiazibilak. Halaxe. Eta gero, amak esan zidan karta egiteko bi anaien kapitanei edo koronelei edo, ez dakit nik zer ziren ba, ni moja joan aurretik bazkaria egin nahi genuela eta ea etortzen utziko zieten. Inazio zegoen Teruelen eta Jesus zegoen Valladoliden. Inaziok eskatu omen zuen baina ez zioten utzi. Baina Jesusi bai. Hemezortzi urterekin eraman zuten gerrara, "quinta de leche" esaten zioten. Eta etorri zen. Ogirik ez geneukan bazkaltzeko, eta Jesus etorri zen bizkarrean halako zera... motxina edo ez dakit ba nola esaten den...
Motxila...
... bizkarrean zekarrela eta bi ogi zuri handi-handi ekarri zituen jateko. Zetorrela etxera, Xalbardingo aldetik pasa behar zuen, eta hantxe zegoen Xalbardingo ama bere semearekin kontuak esaten. Eta ikusi zuen Jesus eta galdetu zion zergatik etorri zen edo, eta nire anaiak esan, ni moja nindoala. Negarrez hasi omen zen andre hura! Gero, esan zidan: "Aizan!, azkenean uzten al gaitun? Uzten al gaitun azkenean?", andre xahar hark. Niri ere pena ematen zidan familia xahar hura hola uztea, baina nik deia neukan barruan. Eta esan zidan: "Mojak eta erretoreak engainatu haute!". "Ze egingo diogu ba! Moja nahiago dut joan". "Joan hadi, joan hadi!". Baina negarrez andre xahar hura! Eta neuri ere negarra eman zidan. Holaxe. Nik nahi nuen bete barruko deia. Barrua lasai egonez gero, ez dio inportarik gainontzean.
37 urte egin zenituen Zarautzen, klaratarretan. Gaixotu ere egin zinen, eta nahiko larri ibili...
Bai. Gure kontuak dira. Urtean denbora askoan ibiltzen nintzen belarra ebakitzen. Ez zekiten besteek eta. Niri, berriz, erraza iruditzen zitzaidan. Baina ailegatu nintzen berrogeita hamar urtera, eta indarrak gutxitu egin zitzaizkidan. Eta "bitamina edo, ez al didazue zeozer emango?", nik mojei. Eta indizioak eman zizkidaten. Borondate onarekin, baina medikuari esan gabe, eta okerrago jarri nintzen, gaixotu. Eta gero, medikuak esan zidan giltzurrunetakoa nuela. Eta ospitalera bidali ninduen. Borondate onarekin, baina indizio haiek kalte egin zidaten. Inork ez zuen kulparik. Medikuak esan zidan: "Sin receta no hay que tomar". Eta esan zidan: "Tiene anemia de causa desconocida". Baina sendatu nintzen.
Eta Sor Ardilla ezizena jarri zizuten ospitalean, hain zeunden hexurretan axal...
Bai, Sor Ardilla... baina sendatu nintzen...
Eta nola hasi zinen bertso egiten? 1999an kaleratu zen liburua, Ama Birjiñaren bizitza, 1.532 bertsotan...
Gure ama beti bertso kantatzen ibiltzen zen, gaztetan ikasitakoak. Eta, niri, amak egiten zuena gustatzen! Amak bai?, nik ere bai. Eta zortzi urterako hasi nintzen ni ere. Batean doinu bat, bestean beste bat, amak ikasitako doinuak. Gero, bazen gizon bat bertso paperak saltzen ibiltzen zena, hamar xentimoan. Hari erositakoak kantatzen nituen jaiero. Amak zekizkien denak erakutsi zizikidan niri. Ni ere gogo handiarekin ikasten nuen. Gero, moja joan nintzen hamazazpi urte beteta. Eta, orduan, etorri zen fraide zahar bat mojak agurtzera eta esan zien kantatzeko, eta inork ez zuen kantatu nahi. Nik, San Joseren bertsoak nekizkien eta haiek kantatu nizkion. "Ondo da, ondo da!". Fraideak, gero, esan zidan: "Bertso jartzen ikasi beharko zenuke". "Jartzen nik ez dakit!". Berak esan zidan: "Kontatu egin behar izaten dira hitzak. Begira: bat-bi-hiru-lau-bost, bat-bi-hiru-lau-bost / bat-bi-hiru-lau-bost, bat-bi-hiru..." (Behatzak erabiltzen ditu pianoa jotzen bezala, silabak markatuz, Mutil koxkor bat doinuan) Fraideak Koxme Lamarain izena zuen, eta ez dakit bizkaitarra edo Gipuzkoakoa zen, Angiozarkoa zen. Aspaldi hil zen. Hamar-zortzi, bertso handia da. Beste batzuk, txikiak, zazpi-sei egiten dira. (Eta atzera behatzak erabiltzen ditu Justinak, bat-bi-hiru-lau, bat-bi-hiru / bat-bi-hiru, bat-bi-hiru... Maritxu nora zoaz doinuan).
Horrela hasi zinen, beraz, bertso jartzen. Zenbat urte zenituela?
Hogei bat urte izango nituen, ze fraide hura hiru urte egon zen gurekin. Nik hamazazpi urte nituenetik eta hogei urte arte. Ni Zarautzen sartu nintzen moja, eta... adituko zenuen Padre Villasante?
Bai...
Zarautza etortzen zen ejerziziotara eta hark esan zidan: "Bertsoak eskribitu eta bidalizkidazu niri, errebistan jartzeko". Jartzen nituen eta bidaltzen nizkion. Eta berak Arantzazuko errebistan jartzen zituen. Baina nik gogoa neukan liburu handi bat eskribitzeko, baina abadesak esan zidan: "Emakumeak eskribitzea ez da libre, ez al dakizu hori?". Harrokeria etortzen dela esan zidaten eta utzi egin nituen denak. 37 urte egon nintzen Zarautzen eta gero Urduñara joan nintzen. Han nengoen 75 urte bete nituenean. Edade horretan erretiroa hartzen dugu eta, behin, okurritu zaio nire ilobari bertara etortzea. Eta esan zidan: "Zein da superiora?". "Madre Begoña". "Harekin hitz egin behar det". Etorri zen Madre Begoña eta iloba horrek esan zion: "Quiero que le de permiso a mi tía para que escriba versos en un libro". Zaharra nintzen eta gure superiorak: "Si no es tarde...". Nik esan nion: "Se hace lo que se puede". Pentsatu nuen: "Orain ote da eskribitzen hasteko garaia? Eta ze liburu eskribitu behar diot ba nik orain! Okurrentzia gure ilobarena!". Gogoratu nuen ama birjinaren bizitza eskribitu zuela Madre Agedak, erdaraz, eta nik: "Hauxe jarriko det nik bertsotan". Hasi nintzen eta, ezin. Buruak ere bazituen nire urteak! "Hara, Jauna, nahi baduzu nik liburua eskribitzea, akordatu bedi!". Eta burura etortzen zitzaidan gauzak nola jarri. Liburuan esaten ziren gauza batzuk ez nituen entenitzen eta pasa egiten nituen, baina entenitzen nuena, jarri nuen bertsotan. Hitz kontatuak eta puntu igualak, askotan ezin asmatu, baina burura etortzen zitzaizkidan. Baneukan estanpa bat, Niño Jesus-ena, eta eskatu egiten nion: "Lagunduidazu. Ezin dut bertsoa jarri". Eta halaxe jarri nituen. Hilero jartzen nituen bertsoak bidaltzen nizkion karta batean ilobari. Eta, hilero-hilero, niri erdarazko liburu hura akabatu zitzaidanean, ilobak liburua egin zuen. Hil zen gizajoa!, Joxe Mari, nire ahizpa Mariaren semea zen... Joxe Mari Orbegozo Aldalur.
Zein zen liburu hori?
Ixabelek bidali zidan, ahizpak, moja Urduñara joan nintzenean. Ixabel ere hil zen. Mística ciudad de Dios zen liburua. Huraxe letu nuen eta huraxe jarri nuen euskaraz bertsotan. Nik Joxe Mariri bidaltzen nizkion kartak eta, azkenean, hark Aita...
Zavala?
Hori, Aita Zavalari eman zizkion eta hark egin zuen liburua. Horixe da ba nire kontua.
Urduñan zeundela ezagutu zintudan. Artean ez zenekiten komentu hura betiko utzi eta Gasteiza etorriko zinetena. Ez dut erraz ahaztuko nola esan zenidan bakea aurkitu zenuela Urduñan...
Bai, Urduñan barrua lasai neukan. Lasaitu egin nintzen... Baina, zuk zer egin behar duzu orain horrenbeste gauzarekin? Nik ez dut inor ofenditu nahi...
Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]
Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]
Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun azken ilarrak ereiteko garaia orain hasten da. Eta oraintxe jango ditugu urria aldera erein zirenak.
Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]
Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.
Pertsona nagusiekin edo aniztasun fisiko eta neuronalak dituzten pertsonekin lanean zaudenean, dugun gizartean gaitasunaren ideiak espezie bezala asko mugatzen gaituela ohartzen zara. Hau da, dugun sistemak gauzak modu espezifiko batean egiteagatik jartzen zaitu balioan, eta... [+]
Idatzi nahi nuen gabonetako argien alde, eta urteroko ohitura bilakatu aldarrikatzea, kaleak argitzen dituzten aro honetan, espazio publiko apain, alai eta gozagarri bat, klase ikuspegitik. Baina, noski, espazio publiko epelak ere bai, zenbait gazte liburutegietan liburuak... [+]
Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.
Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]
Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.
Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]
Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.
Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.
Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]