Gernikako Estatutuaren 25. urteurrena


2021eko uztailaren 16an

Aipaturiko foruen baieztapen hori arras bitxia izan zen, ordutik aurrera foruen ingurura helduko ziren legeak abolizioa edo murrizketa gauzatzera jo zutelako. 1841ean, Foru nafarren lege aldaketa izan zen lehendabizikoa. Bide horretatik hurrengo katemaila, 1876ko uztailaren 21ekoa izan zen. Horren bitartez, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako eskubide foralak deuseztatuta suertatu ziren. Bi urte beranduago, martxan jarritako Kontzertu Ekonomikoek lurralde horiek Nafarroako Komenio ekonomikoak finkatzen zuen egoerara hurbiltzen bazituen ere, orduan gorpuztu ziren foruzaletasunak eta euskal abertzaletasunak 1839ko statusera bueltatzea zuten helmuga. Hori lortzeko, XX. mendean zehar, euskal kontzientzia politikoak hiru ekimen esanguratsu abiarazi zituen, 1917-1919 bitartean, 1931-1936ko urteetan eta hirugarren aldiz, 1975-1979ko abagunean. Lehendabizikoan, foruen zama hizkeran zein "Berreskurapen forala" bezalako helburuan handia bazen ere, beste bietan, Autonomia Estatuaren binomioak eraberritu zuen euskal nortasunaren eskubideen defentsa. II. Errepublikaren urteetan, oso bide malkartsua izan zuen Autonomia helburu horrek. Ez bat, eta ez bi, lau proiektu desberdin baizik, -Lizarrakoa, Gestoretakoa, 1933an bozkatu zena eta 1936koa- idatzi zituzten Estatutua errealitate bihurtu arte. Tartean, bigarren proiektutik aitzina, Nafarroa Estatututik at gelditu zen, eta 1936koa onartu zutelarik, gerra zela medio, Araba eta Gipuzkoa ia-ia beraien osotasunean, frankisten menpe zeuden. Bestaldetik, frankistek errotik ebaki zuten autonomiaren haritza. Bilboratu eta bost egunetara, Gipuzkoako eta Bizkaiko kontzertu ekonomikoak bertan behera utzi zituzten eskualde traidoretzat jo zituztelako.

Diktaduratik erregimen aurreautonomikora

Diktadorea hil zenean, hirugarren aldiz euskal lurraldeek aukera bikaina izan zuten Estatuarekiko izan nahi zituzten harremanak erabakitzeaz gain, beraien arteko lokarria, herri gisa eratzeko. Hori dela eta, 1975eko abenduaz geroztik, Autonomia Estatutuaren nahia kaleratu zuten hainbat alderdik. Dena den, 1931-1936ko abagunearekin bazegoen desberdintasunik: Errepublikako urtetan nazionalisten eta euskaltzaleen errebindikazioak izan zirenak, zabalduta zeuden esparru politiko aurrerakoi orotara. Abertzaletasunaren baitako hainbat sektorek autonomiaz haruntzago joatea aldarrikatzen zuten bitartean, alderdi ezkertiar guztiek federalismoaren eta autodeterminazioaren aldeko aldarrikapenak haizeratzen zituzten, biltzarretan eta manifestu ugaritan. Euskal Herriaren onartzea oinarritzat hartuta, alderdi eta erakunde guztiek bide politikoak eskaintzen zituzten askatasunaren ildoa sakontzeko. Autonomia, autodeterminazioa, independentzia, gainontzeko herri iberiarrekin federazioa... ziren orduan plazaratzen ziren nazionalitate bati zegozkion egitasmoak. 1977ko udaberrian, esate baterako, Euskal Erakunde Herritarrak "Euskal Herriaren burujabetza nazionalaren onespena" aldarrikatzen zuen legez, Euskadiko Alderdi Sozialistak -PSEk bere estraineko biltzarrean- "Euskadiren autodeterminazio eskubide eta Estatu federalaren eraketa" oihuztatu zuen. Programak programa eta aldarrikapenak aldarrikapen, 1977ko ekainaren 15ean izandako hauteskundeen emaitzek Autonomia Estatutuaren errebindikazio gunera eraman zituzten amets abertzaleak. Izan ere, EAJk, PSEk, ESEIk eta PCEk Senaturako sinatutako "Autonomiaren aldeko Hitzarmena" gauzatuz, urte horretako ekainaren 19an, Euskal Parlamentarien Asanblada eratu zuten Gernikako Juntetxean. Horrela frankistak bilboratu ziren egunaren 40. urtemuga zehatzean, beraz, autonomiaren aldeko proiektua abiatzen ari zen. Aipaturiko Parlamentarien Asanbladak Euskal Herriko Aurreautonomiaren Lege Proiektua, 1977ko irailaren 19an onartu ondoren, negoziazioak hasi zituen Madrilgo Gobernuarekin. Aurreautonomikoak bereganatu behar zituen eskuduntzez gain, lurraldetasunaren arazoak egundoko garrantzia hartu zuen. 1977ko azken egunotan, Iruñeko kaleetan, manifestazio kontrajarrien bitartez azaleratu zen gai horren inguruan Nafarroan zegoen zatiketa. Alderdi gehienak, gainontzeko euskal lurraldeekin bat egiteko prest zeuden arren, ucedista nafarrak, Madrilen zituzten gobernu kidetaz baliatu ziren, esate baterako, beraien lurraldea euskal barruti unibertsitariotik kanpo uzteko. Era berean, 1978ko urtarrilean, Euskal Aurreautonomikoa abiatu zenean, bi baldintza ezarri zizkieten nafarrei erregimen horretan sartzeko: lehenik, oraindik erabaki gabe zegoen "erakunde foral egokiak" onetsi behar izan zuen. Bigarrenik, hori gertatuz gero, herri nafarrak, erreferendumaren bitartez berretsi beharko zuen erabaki hura. Euskal lurraldetasuna oztopatu nahian, UCDk ezarri zituen bi urrats horiek, EEkoentzat, EAJkoentzat eta PSEkoentzat, nahita nahiez onartu behar zituzten baldintzak ziren. Zentristen ikuspegitik lurraldetasunari heltzeko hesiak zirenak, besteek euskarritzat jotzen zituzten helburu hori erdiesteko.

Espainiako Konstituzioa, autodeterminazioaren eta ezkerren galbidea

Bikoiztasun politiko horrek isla zuzena izan zuen Espainiako Konstituzioan. Izan ere, laugarren xedapen iragankorrean, Nafarroak beste euskal lurraldeekin bat egiteko gainditu beharko zituen baldintzak, Aurreautonomikoaren dekretuan zeuden berberak ziren. UCDren hainbat sektoreren gogokoa ez izan arren, hainbeste goretsi duten Espainiako demokraziaren testurik gorenean, Hegoaldeko euskal lurraldeen arteko batasuna burutzeko bidexka hor gelditu zen izkiriatuta behin betiko. Dena den eztabaida konstituzionalak beste ondorio larri batzuk ekarri zituen. Espainiako ezkerrek zokoratu egin zituzten ordurarte izandako federalismoaren aldeko jarrerak baita autodeterminazioaren aldekoak ere. 1978ko Aberri Egunean, euskal hiriburuetan "Konstituzioan Autodeterminazioa" zioten pankarten atzean PSOEkoak zein PCEko buruzagiak kaleratu baziren ere, Madrilgo Gorteetan eskubide horren aurka bozkatu zuten. Konstituzioaren 2. artikulua, "Espainiako Nazioaren batasun disolbaezina"rekin batera "nazionalitate eta erregioentzat autonomia" bermatzen duena, izanen zen ordutik aurrera beraien ortzemuga politikoa. Deszentralizazio gisako autonomiak onartzeko prest zeuden, baina haruntzago joan zitezkeen herri eskubideak inolaz ere ez. Hori dela medio, Konstituzioaren gainetiko eztabaidetan, hutsaren hurrengoa izan zen abertzaleek eskuratu zuten uzta. Emaitzarik eza bistan dugu: ez zuten lortu ezta emendakin bat ere onartua izatea, ez kongresuan ezta senatuan ere. Ez da harritzekoa, geroxeago Erreferenduma burutu zenean, Konstituzioak Euskal Herrian jaso zuen sustengu pobre bezain eskasa: Gipuzkoan eta Bizkaian erroldaren erditik oso beherakoa, Nafarroan eta Araban ozta-ozta erditik pixka bat gorakoa.

1979ko Autonomia Estatuturantz

Hala eta guztiz ere, Konstituzioa bozkatu zenerako, Autonomia Estatutuaren testua idatzia zuen Euskal Parlamentarien asanbladatik sortutako batzorde batek. Horretan Arzalluz, Cuerda, Garaikoetxea eta Guevararekin batera, Agiriano, Soltxaga, Benegas, baita Viana, Onaindia, Bandres eta Monreal ere aritu ziren. Elkarte, erakunde eta alderdi anitzen zirriborroak jasota, azkenean nazionalistek prestaturiko aurreproiektua, ardatz izan zuten behin behineko testua, Gernikako Estatutua deiturikoa atontzeko. Hori madrileratu zutenetik Parlamentuan eztabaidatu zuten arte, bi hauteskunde esanguratsu suertatu ziren: bigarren hauteskunde orokorrak, 1979ko martxoaren 3koak, eta lehen udal hauteskundeak. Bietan talde abertzaleen gorakada oso nabarmena izan zen. EAJk eta sortu berria zen HBk euskal abertzaletasunaren gehiengo politikoa adierazi zuten orokorretan. Udal hauteskundeei dagokienez, Bilbon, Donostian eta Gasteizen EAJ lehen alderdia zen bitartean, Iruñean HB, UCDtik gertu, bigarren indar politikoa zen. Emaitza horien ondorioz, Eusko Kontseilu Nagusian, Carlos Garaikoetxeak Ramon Rubial sozialista ordezkatu zuen. Hori zela eta, Estatutuaren azken pausoak politikari nafarrak Suarezekin batera gidatuko zituen.

1979ko udaldia erabakiorra izan zen Autonomia Estatutua gauzatzeko. Uda horren bezperetan, Gasteizen, 1931ko ekainean Lizarrako udal asanbladaren antzekoa burutu zuten zinegotzi, alkate eta parlamentari askok. Bestetik, ekainaren 27an, Bilbon, buruzagi historiko hainbaten laguntzaz, belaunaldi berriko politikariek hasiera eman zioten Gernikako Estatutuaren aldeko kanpainari. Madrilen, bitartean, Suarez eta Garaikoetxea Espainiako gobernuaren eta euskal indar autonomizaleen arteko sokatira negoziatzailearen lehen jokalariak ziren. UCDren taldean, Oliart, Perez Llorca, Garcia Añoveros, baita Ibañez Freire ere, aritzen ziren bitartean, euskal taldean, Arzalluz, Unzueta eta atzetik baina gertu, Benegas, Onaindia... autonomiaren aldeko jarrera sutsuekin, animatzen saiatzen ziren. Joko esparrutik kanpo, ETA(pm) erakundea "Estatutuarekin Presoak Kalera!" burutzen ari zen kanpainaren baitan, Gabriel Cisneros bahitu nahian porrot egin zuen, baina ez Chamartingo eta Atochako geltokietan jarritako lehergailuekin.

Aitzitik Estatutuarekiko oso kritikoak azaldu ziren beste euskal talde batzuk, hala nola, HB, LKI, EMK, LAIA Ez... aurkako jarrerari eusteko bi argudio nagusi plazaratu zituzten: bat, eratze prozedurari zegokiona, Konstituziotik eta Moncloatik zetorren estatutua zenez gero, onartezina zen. Bigarrenak lurraldetasunaren arazoari heltzen zion. HBren arabera euskal lurraldetasuna bere osotasunean ez zegoen bermatuta estatutu horrekin. Are eta gehiago ezin zen onartu Baskongadetako eraikin instituzionala altxatzea baldin eta Nafarroa eta Baskongaden artean Moncloako Estatutuaren planoen edo "Foru Hobekuntzakoen" bitartez horma berri bat sortzen bazen. Beraiek Hego Euskadi osoko "eraikin instituzionala" batera altxatzea aldarrikatzen zuten, HBk bultzatzen zuen "Euskal Herriko Biltzar Nazionala" indartuko zuen Nazio Autonomia Estatutuaren bitartez hain zuzen ere.

Herri Batasunak EHBN delako hori gauzatu nahi izan zuenerako, oso aurreratuta zegoen Estatutuaren aldeko eta kontrako kanpaina. Izan ere hiru egun besterik ez ziren gelditzen urriaren 25ean burutu behar zen erreferenduma egiteko. Lehia ez ohikoa suertatu zen. Hauteskundetakoa baino askoz luzeagoa, hain zuzen ere. 1979ko uda osoan erakunde eta taldeak mitinetan aritu ziren Gernikako Estatutuaren alde. Mitin bateratuez gain, alderdi bakoitzak bere jite berezia eman zion aldeko propagandari. EAJk Estatutuaren ahalmen mirakulutsutzat jotzen zuen -"Bai, Hitz batekin jaso dezakegu Euskadi"-. EEk aldiz, lanabes moduan beste hainbat helburu politiko -"Nafarroa Euskadin Estatutu honekin"- eskuratzeko aurkezten zuen. UCDk linbo politikoaren asepsian galduta, "Euskal Herriarekiko maitasunez" baiezko botoa eskatzen zuen. Abstentzioa aldarrikatu zutenen artean, lelo desberdinak kaleratu ziren. EMK-koek "Burgesiaren Estatutuari Ezkerreko boturik ez" zioten bitartean, HBkoek "Euskadik ez du etsiko" aldarrikatu zuten.

Mitinen neurria aparta izaten hasi zen. Donostiako belodromoa batzuek eta besteek erabili zuten kanpainaren azken txanpan. Abstentzioaren aldekoek, HBk egindako mitinean 10.000 jarraitzaile bildu zituzten. Baietzaren aldekoek, aldiz, EAJ, PSE, ESEI, PCE eta EKAkoek, bat eginda, 12.000 inguru bertaratu zituzten leku berean. Erreferendumaren emaitzek proportzio horri jarraitu zioten, erreferendumaren egunean. Parte hartzea erroldaren %60koa izan zen. Abstentzioa, beraz, %40koa. Bozkatu zutenetatik, baiezkoak % 90ra iritsi ziren. Estatutua onarturik gelditu zen unetik, ohikoa denez, emaitzen irakurketak ez ziren batere homogeneoak izan. Carlos Garaikoetxeak emaitzak jakin bezain laster "Estatutuak notarekin azterketa gainditu egin zuela" zioen bitartean, Txomin Ziluagak "lokatzezko oinekin jaiotzen ari zela" zioen. 1979ko urriaren 25eko gau hartatik, mende laurden bat bete berria denean, Euskal Autonomia Erkidegoak egindako bideak, buztinezkoak baino sendoagoak zituela bistan utzi du. Dena den ikuspegi abertzale batetik, 1979ko Estatutuak jatorrian zituen akatsak -lurraldetasun ez osotua, Espainiako aginteek euskal eskuduntzak eta subiranotasuna mugatzea- eta geroxeago, LOAPA eta antzeko legeek ekarri zituzten murrizketak, konpondu beharrean, areagotu egin dira. Ez da harritzekoa, beraz, Autonomien Estatu delakoaren baitan politikoki hazi eta hezi egin direnek beste Estatutu, arautegi, lege, azken finean, beste esparru politiko gaurkotuagoa, irekiagoa, eskatzea. Noizko? Agian, hurrengo urriaren 25 batetarako.

Diatriba handira heldu gara: gehiengoak dira balio dutenak
Hego Euskal Herrian, 25 urte dira estatutudunak eta zerbait gutxixeago amejoramendudunak. Balantzea batera edo bestera egingo da, nondik begiratzen den.

Estatutua, ez dezagun ahantzi, tresna politikoa da, boterea duenak baliatzen duena; estatuak, kasu honetan. Politikoki organizatzeko, estatutuak balio du, baldin funtzionamenduan jartzen duen estatuak sinesten badu hura existitzea positiboa dela, eta, horrez gainera, bere burua mantentzeko eta garatzeko balio badio.

Estatutua, 1980an, Espaniako II. Errepublikan existitu zenaren jarraipena besterik ez zen izan, eta, ondorioz, 1936-07-18 heldu zenean existitzen zen bera. Gure belaunaldiak, beharbada, sinetsi izan du benetan eman dezakeen baino joko politiko handiagoa ematen duela, zeren ezagutu baitzuen Eusko Jaurlaritza gerrako urteetan funtzionatzen. Dena dela, gogoan izan behar da urte haiek apartekoak izan zirela eta Agirre lehendakariaren gobernuak kasu askotan jokatu zuela salbuespenetik; alegia, ez estatututik. Hau, estatutua, gaurko PSOEren homonimoek ekarri zuten, pretenditzen baitzuten, orduan eta orain, Espainiako estatua "autonomikoki" organizatzea, boterea deszentralizatzea eta eredu horretaz baliatzea, zeren modelo hori bera egokiago baitatorkie eta hobea baita, estatu nazioen Espainia, XIX. mendeaz geroztik hain indarrean dagoena, garatzeko.

Ez da, eta ez da izan, euskal herritarren eta estatuaren arteko estatutua; ez zuen izaterik, ezen, horretarako, euskal herritarrek botere politikoa behar zuten, eta ez dute izan. Guk, bakar-bakarrik, botoa eman ahal izan genuen, eta baziren 40 urte "bere txarrean onena" bezala eskaini ziguten hura egiten ez genuela; orduko hartan, bai, non EAJri formula baliozko eta bakarra iruditu baitzitzaion, "Francoren heriotzatik ateratzeko".

Ordea, orain, akordio hark ez duela balio diote; gainditua dagoela dagoeneko, eta fase hura bukatu zela ezen, bitartean, eta gainera, estatutua urardotuz joan delako: LOAPAk, auzitegien ekintzak, eta abar. Eta, orain, EAJk, beti EAJk, fase hori gainditu egin behar dela dio, eta, horretarako, diatriba handira heltzen gara. Berriro ulertuko du berriz ere bizi egin behar dela trantsizioko beste periodo bat, eta, zuzenean, PSOErekin eta PPrekin, ituna egingo du zuzenean, edota herriko indar abertzale gainerakoak hartuko ditu kontuan, eta akordio baten bila hasiko da, denok Madrila jo dezagun, botere politikoz negoziatzeko posizioan.

Horregatik, hizpide estatutua hobetzea bakarrik den bitartean, kontu bihurria... Erabakitzeko lanak Espainiako Parlamentuari bakarrik dagozkion bitartean, kontu bihurria... Izan ere, ez da aldatzen estatua antolatzeko eredua, eta Madrildik gure autonomiako konpetentzien gehitzea da erdietsi ahalko dena.

Estatutu hori hornitzen ez bada -behin-behinekoz gutxienez-, halako erako botere politiko batez, euskal herritarrek gaitasuna izan dezaten dagozkien gai orori buruz erabakiak hartzeko; are Espainiatik bereiztekoa, beren ekintza politikorako lurraldea aldatzekoa... beti arituko gara behin-behineko estatutuez hitz egiten, zeren demokrata bezala aurkezten direnek, baina hemen gutxiengoa direnek, segituko dute gure herria ordenatzen.

Horregatik, 80ko estatutua Espainiako II. Errepublikakoaren jarraipena izan zen, eta haren jomuga zen eta da Espainia autonomikoa. Baldin, aldatzeko beste ahalegin honetan, euskal herritarrok ez baditugu geure helburuak zentratzen, eta, kontsentsu bat bilatzen eta aurkitzen ez badugu, planteatzeko bidea izan dezagun organizatzeko era politiko gisa estatutua gainditzea, gureak egin du. 80. urtean, frankismotik ateratzen ari ginen, baina aitzakia horrek ez du balio gaur egun. 2005eko Europarekin, balio duten formula bakarrak gehiengoak dira. Aurki ditzagun, zeren, bestela, beste 25 urte ospatuko ditugu narraskeria honekin.

37-33
1979ko apirila. Foru-hauteskundeetako emaitzak: 70 eserlekuetatik, 33 lortu zituzten UCD eta UPNk, Nafarroa EAEtik baztertu nahi zutela ordura arte argi errana zuten bakarrek. Bertze 36 parlamentariok, edo euskal komunitate autonomo batua nahi zuten (Amaiurko batzuk, EAJ, EE, UNAI), edo zaila zuten kontrako botoa (Amaiurko bertzeak, EK, HB), edo zehaztu gabe zuten oraindik kontrako jarrera (PSN). Uda partean, kanpaina bati ekin zion UNAIk, "37-33" goiburuko hura, Konstituzioko Laugarren Xedapen Iragankorra martxan jartze aldera. Garai hartako nire homonimoak, nafar EEko idazkari nagusia zen hark, ez zituen zenbakiak hain garbi ikusten. Aukera hura inoiz ere serio ikertu gabe, oporretara joan zen irailean, Macarelletan hedabide guztiez goxo-goxo ahaztera. Urrian, Iruñean bueltan, sorpresa: gaur bide horri inolaz ere ekinen ez lioketen nafar alderdikide batzuek hautsak harrotuak zituzten, Batzorde Exekutibo nazionala bera ere konbentzitzeraino, Laugarren Xedapen ditxosozkoaz baliatzeko. Helburuak: PSN korden kontra jartzea, HB bortxatzea Gernikako Estatutuaren inguruko haren kontraerranak agerraraziz, Estatutuaren bidea posible zela adieraztea, nafar gizartean euskaltzaletasunari bultzada ematea...
Mikro-historiaren ikerleentzat baizik interesik ez duen detailea da, baina nire homonimoak ez zuen batere gustuko izan ekimen hura. Alta, erabakita zegoen. Baita ETA-k (p-m) ere, iraileko bere Hautsin, bazekien nafar EEko idazkariak ez zekiena. Begirada bat 1979ko sakelako agendari: urriak 7, igandea, bilera, nire izenkidea eta ekimenaren bi alderdikide bultzatzaile. Honako hau utzi zuen idatzia: "Igande arratsaldez: X eta Y: asteartea 9, goizeko 10etan: EE-PTE-HB. Baiezko botoa emanen zutela. PSOE konbentzitu behar genuke. Are, beharrezkoa izanen balitz, laguntza emanen ligukete PSOE konbentzitzen". Interpretazioa: X eta Y-k segurtatu ziotela Bixenteri 9rako hitzartu bileran alde agertuko zirela UNAI eta HB. Nire izenkidea fido ez PSNrekin, baina aurrera joan behar. Urrian bertan, artikulu luze bat argitaratu zuen EEko Arnasa 2.ean, ekimena justifikatzen. Irakurrita, hermeneuta zorrotz batek ikusi zukeen garrantzia handiegia eman ziela kontrako argumentuei horrelako azalpen batek: susmagarria. Lerro artean, egileak bere burua konbentzitu behar zuelako susmoa: mereziko ote luke aste batzuetako protagonismoa, mozioa galtzearen truke?
Urriaren 11n aurkeztu zen ekimena eta 25ean Parlamentuak bertan behera utzi. Baina, txarrena, isolatuago gelditu zen EE: zubiak apurtu zituen Amaiurko batzuekin eta argumentu gehiago eman HBri, honen kontraerranak gora behera, prozesu autonomikoari aurre egiteko. Ez bazen hordagoa izan EErena, hamarreko gehiegi jarri zuen enbidoan.


Azkenak
Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela

Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak adierazi du bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


2025-04-25 | Aiaraldea
Baso Erresilentea proiektua martxan, mendietako jasangarritasunaren mesedetan

Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Espainiako Gobernuak atzera egin du Israelgo balen erosketan

Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


MADDI OIHENART
“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]


Eguneraketa berriak daude