Aipaturiko foruen baieztapen hori arras bitxia izan zen, ordutik aurrera foruen ingurura helduko ziren legeak abolizioa edo murrizketa gauzatzera jo zutelako. 1841ean, Foru nafarren lege aldaketa izan zen lehendabizikoa. Bide horretatik hurrengo katemaila, 1876ko uztailaren 21ekoa izan zen. Horren bitartez, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako eskubide foralak deuseztatuta suertatu ziren. Bi urte beranduago, martxan jarritako Kontzertu Ekonomikoek lurralde horiek Nafarroako Komenio ekonomikoak finkatzen zuen egoerara hurbiltzen bazituen ere, orduan gorpuztu ziren foruzaletasunak eta euskal abertzaletasunak 1839ko statusera bueltatzea zuten helmuga. Hori lortzeko, XX. mendean zehar, euskal kontzientzia politikoak hiru ekimen esanguratsu abiarazi zituen, 1917-1919 bitartean, 1931-1936ko urteetan eta hirugarren aldiz, 1975-1979ko abagunean. Lehendabizikoan, foruen zama hizkeran zein "Berreskurapen forala" bezalako helburuan handia bazen ere, beste bietan, Autonomia Estatuaren binomioak eraberritu zuen euskal nortasunaren eskubideen defentsa. II. Errepublikaren urteetan, oso bide malkartsua izan zuen Autonomia helburu horrek. Ez bat, eta ez bi, lau proiektu desberdin baizik, -Lizarrakoa, Gestoretakoa, 1933an bozkatu zena eta 1936koa- idatzi zituzten Estatutua errealitate bihurtu arte. Tartean, bigarren proiektutik aitzina, Nafarroa Estatututik at gelditu zen, eta 1936koa onartu zutelarik, gerra zela medio, Araba eta Gipuzkoa ia-ia beraien osotasunean, frankisten menpe zeuden. Bestaldetik, frankistek errotik ebaki zuten autonomiaren haritza. Bilboratu eta bost egunetara, Gipuzkoako eta Bizkaiko kontzertu ekonomikoak bertan behera utzi zituzten eskualde traidoretzat jo zituztelako.
Diktaduratik erregimen aurreautonomikora
Diktadorea hil zenean, hirugarren aldiz euskal lurraldeek aukera bikaina izan zuten Estatuarekiko izan nahi zituzten harremanak erabakitzeaz gain, beraien arteko lokarria, herri gisa eratzeko. Hori dela eta, 1975eko abenduaz geroztik, Autonomia Estatutuaren nahia kaleratu zuten hainbat alderdik. Dena den, 1931-1936ko abagunearekin bazegoen desberdintasunik: Errepublikako urtetan nazionalisten eta euskaltzaleen errebindikazioak izan zirenak, zabalduta zeuden esparru politiko aurrerakoi orotara. Abertzaletasunaren baitako hainbat sektorek autonomiaz haruntzago joatea aldarrikatzen zuten bitartean, alderdi ezkertiar guztiek federalismoaren eta autodeterminazioaren aldeko aldarrikapenak haizeratzen zituzten, biltzarretan eta manifestu ugaritan. Euskal Herriaren onartzea oinarritzat hartuta, alderdi eta erakunde guztiek bide politikoak eskaintzen zituzten askatasunaren ildoa sakontzeko. Autonomia, autodeterminazioa, independentzia, gainontzeko herri iberiarrekin federazioa... ziren orduan plazaratzen ziren nazionalitate bati zegozkion egitasmoak. 1977ko udaberrian, esate baterako, Euskal Erakunde Herritarrak "Euskal Herriaren burujabetza nazionalaren onespena" aldarrikatzen zuen legez, Euskadiko Alderdi Sozialistak -PSEk bere estraineko biltzarrean- "Euskadiren autodeterminazio eskubide eta Estatu federalaren eraketa" oihuztatu zuen. Programak programa eta aldarrikapenak aldarrikapen, 1977ko ekainaren 15ean izandako hauteskundeen emaitzek Autonomia Estatutuaren errebindikazio gunera eraman zituzten amets abertzaleak. Izan ere, EAJk, PSEk, ESEIk eta PCEk Senaturako sinatutako "Autonomiaren aldeko Hitzarmena" gauzatuz, urte horretako ekainaren 19an, Euskal Parlamentarien Asanblada eratu zuten Gernikako Juntetxean. Horrela frankistak bilboratu ziren egunaren 40. urtemuga zehatzean, beraz, autonomiaren aldeko proiektua abiatzen ari zen. Aipaturiko Parlamentarien Asanbladak Euskal Herriko Aurreautonomiaren Lege Proiektua, 1977ko irailaren 19an onartu ondoren, negoziazioak hasi zituen Madrilgo Gobernuarekin. Aurreautonomikoak bereganatu behar zituen eskuduntzez gain, lurraldetasunaren arazoak egundoko garrantzia hartu zuen. 1977ko azken egunotan, Iruñeko kaleetan, manifestazio kontrajarrien bitartez azaleratu zen gai horren inguruan Nafarroan zegoen zatiketa. Alderdi gehienak, gainontzeko euskal lurraldeekin bat egiteko prest zeuden arren, ucedista nafarrak, Madrilen zituzten gobernu kidetaz baliatu ziren, esate baterako, beraien lurraldea euskal barruti unibertsitariotik kanpo uzteko. Era berean, 1978ko urtarrilean, Euskal Aurreautonomikoa abiatu zenean, bi baldintza ezarri zizkieten nafarrei erregimen horretan sartzeko: lehenik, oraindik erabaki gabe zegoen "erakunde foral egokiak" onetsi behar izan zuen. Bigarrenik, hori gertatuz gero, herri nafarrak, erreferendumaren bitartez berretsi beharko zuen erabaki hura. Euskal lurraldetasuna oztopatu nahian, UCDk ezarri zituen bi urrats horiek, EEkoentzat, EAJkoentzat eta PSEkoentzat, nahita nahiez onartu behar zituzten baldintzak ziren. Zentristen ikuspegitik lurraldetasunari heltzeko hesiak zirenak, besteek euskarritzat jotzen zituzten helburu hori erdiesteko.
Espainiako Konstituzioa, autodeterminazioaren eta ezkerren galbidea
Bikoiztasun politiko horrek isla zuzena izan zuen Espainiako Konstituzioan. Izan ere, laugarren xedapen iragankorrean, Nafarroak beste euskal lurraldeekin bat egiteko gainditu beharko zituen baldintzak, Aurreautonomikoaren dekretuan zeuden berberak ziren. UCDren hainbat sektoreren gogokoa ez izan arren, hainbeste goretsi duten Espainiako demokraziaren testurik gorenean, Hegoaldeko euskal lurraldeen arteko batasuna burutzeko bidexka hor gelditu zen izkiriatuta behin betiko. Dena den eztabaida konstituzionalak beste ondorio larri batzuk ekarri zituen. Espainiako ezkerrek zokoratu egin zituzten ordurarte izandako federalismoaren aldeko jarrerak baita autodeterminazioaren aldekoak ere. 1978ko Aberri Egunean, euskal hiriburuetan "Konstituzioan Autodeterminazioa" zioten pankarten atzean PSOEkoak zein PCEko buruzagiak kaleratu baziren ere, Madrilgo Gorteetan eskubide horren aurka bozkatu zuten. Konstituzioaren 2. artikulua, "Espainiako Nazioaren batasun disolbaezina"rekin batera "nazionalitate eta erregioentzat autonomia" bermatzen duena, izanen zen ordutik aurrera beraien ortzemuga politikoa. Deszentralizazio gisako autonomiak onartzeko prest zeuden, baina haruntzago joan zitezkeen herri eskubideak inolaz ere ez. Hori dela medio, Konstituzioaren gainetiko eztabaidetan, hutsaren hurrengoa izan zen abertzaleek eskuratu zuten uzta. Emaitzarik eza bistan dugu: ez zuten lortu ezta emendakin bat ere onartua izatea, ez kongresuan ezta senatuan ere. Ez da harritzekoa, geroxeago Erreferenduma burutu zenean, Konstituzioak Euskal Herrian jaso zuen sustengu pobre bezain eskasa: Gipuzkoan eta Bizkaian erroldaren erditik oso beherakoa, Nafarroan eta Araban ozta-ozta erditik pixka bat gorakoa.
1979ko Autonomia Estatuturantz
Hala eta guztiz ere, Konstituzioa bozkatu zenerako, Autonomia Estatutuaren testua idatzia zuen Euskal Parlamentarien asanbladatik sortutako batzorde batek. Horretan Arzalluz, Cuerda, Garaikoetxea eta Guevararekin batera, Agiriano, Soltxaga, Benegas, baita Viana, Onaindia, Bandres eta Monreal ere aritu ziren. Elkarte, erakunde eta alderdi anitzen zirriborroak jasota, azkenean nazionalistek prestaturiko aurreproiektua, ardatz izan zuten behin behineko testua, Gernikako Estatutua deiturikoa atontzeko. Hori madrileratu zutenetik Parlamentuan eztabaidatu zuten arte, bi hauteskunde esanguratsu suertatu ziren: bigarren hauteskunde orokorrak, 1979ko martxoaren 3koak, eta lehen udal hauteskundeak. Bietan talde abertzaleen gorakada oso nabarmena izan zen. EAJk eta sortu berria zen HBk euskal abertzaletasunaren gehiengo politikoa adierazi zuten orokorretan. Udal hauteskundeei dagokienez, Bilbon, Donostian eta Gasteizen EAJ lehen alderdia zen bitartean, Iruñean HB, UCDtik gertu, bigarren indar politikoa zen. Emaitza horien ondorioz, Eusko Kontseilu Nagusian, Carlos Garaikoetxeak Ramon Rubial sozialista ordezkatu zuen. Hori zela eta, Estatutuaren azken pausoak politikari nafarrak Suarezekin batera gidatuko zituen.
1979ko udaldia erabakiorra izan zen Autonomia Estatutua gauzatzeko. Uda horren bezperetan, Gasteizen, 1931ko ekainean Lizarrako udal asanbladaren antzekoa burutu zuten zinegotzi, alkate eta parlamentari askok. Bestetik, ekainaren 27an, Bilbon, buruzagi historiko hainbaten laguntzaz, belaunaldi berriko politikariek hasiera eman zioten Gernikako Estatutuaren aldeko kanpainari. Madrilen, bitartean, Suarez eta Garaikoetxea Espainiako gobernuaren eta euskal indar autonomizaleen arteko sokatira negoziatzailearen lehen jokalariak ziren. UCDren taldean, Oliart, Perez Llorca, Garcia Añoveros, baita Ibañez Freire ere, aritzen ziren bitartean, euskal taldean, Arzalluz, Unzueta eta atzetik baina gertu, Benegas, Onaindia... autonomiaren aldeko jarrera sutsuekin, animatzen saiatzen ziren. Joko esparrutik kanpo, ETA(pm) erakundea "Estatutuarekin Presoak Kalera!" burutzen ari zen kanpainaren baitan, Gabriel Cisneros bahitu nahian porrot egin zuen, baina ez Chamartingo eta Atochako geltokietan jarritako lehergailuekin.
Aitzitik Estatutuarekiko oso kritikoak azaldu ziren beste euskal talde batzuk, hala nola, HB, LKI, EMK, LAIA Ez... aurkako jarrerari eusteko bi argudio nagusi plazaratu zituzten: bat, eratze prozedurari zegokiona, Konstituziotik eta Moncloatik zetorren estatutua zenez gero, onartezina zen. Bigarrenak lurraldetasunaren arazoari heltzen zion. HBren arabera euskal lurraldetasuna bere osotasunean ez zegoen bermatuta estatutu horrekin. Are eta gehiago ezin zen onartu Baskongadetako eraikin instituzionala altxatzea baldin eta Nafarroa eta Baskongaden artean Moncloako Estatutuaren planoen edo "Foru Hobekuntzakoen" bitartez horma berri bat sortzen bazen. Beraiek Hego Euskadi osoko "eraikin instituzionala" batera altxatzea aldarrikatzen zuten, HBk bultzatzen zuen "Euskal Herriko Biltzar Nazionala" indartuko zuen Nazio Autonomia Estatutuaren bitartez hain zuzen ere.
Herri Batasunak EHBN delako hori gauzatu nahi izan zuenerako, oso aurreratuta zegoen Estatutuaren aldeko eta kontrako kanpaina. Izan ere hiru egun besterik ez ziren gelditzen urriaren 25ean burutu behar zen erreferenduma egiteko. Lehia ez ohikoa suertatu zen. Hauteskundetakoa baino askoz luzeagoa, hain zuzen ere. 1979ko uda osoan erakunde eta taldeak mitinetan aritu ziren Gernikako Estatutuaren alde. Mitin bateratuez gain, alderdi bakoitzak bere jite berezia eman zion aldeko propagandari. EAJk Estatutuaren ahalmen mirakulutsutzat jotzen zuen -"Bai, Hitz batekin jaso dezakegu Euskadi"-. EEk aldiz, lanabes moduan beste hainbat helburu politiko -"Nafarroa Euskadin Estatutu honekin"- eskuratzeko aurkezten zuen. UCDk linbo politikoaren asepsian galduta, "Euskal Herriarekiko maitasunez" baiezko botoa eskatzen zuen. Abstentzioa aldarrikatu zutenen artean, lelo desberdinak kaleratu ziren. EMK-koek "Burgesiaren Estatutuari Ezkerreko boturik ez" zioten bitartean, HBkoek "Euskadik ez du etsiko" aldarrikatu zuten.
Mitinen neurria aparta izaten hasi zen. Donostiako belodromoa batzuek eta besteek erabili zuten kanpainaren azken txanpan. Abstentzioaren aldekoek, HBk egindako mitinean 10.000 jarraitzaile bildu zituzten. Baietzaren aldekoek, aldiz, EAJ, PSE, ESEI, PCE eta EKAkoek, bat eginda, 12.000 inguru bertaratu zituzten leku berean. Erreferendumaren emaitzek proportzio horri jarraitu zioten, erreferendumaren egunean. Parte hartzea erroldaren %60koa izan zen. Abstentzioa, beraz, %40koa. Bozkatu zutenetatik, baiezkoak % 90ra iritsi ziren. Estatutua onarturik gelditu zen unetik, ohikoa denez, emaitzen irakurketak ez ziren batere homogeneoak izan. Carlos Garaikoetxeak emaitzak jakin bezain laster "Estatutuak notarekin azterketa gainditu egin zuela" zioen bitartean, Txomin Ziluagak "lokatzezko oinekin jaiotzen ari zela" zioen. 1979ko urriaren 25eko gau hartatik, mende laurden bat bete berria denean, Euskal Autonomia Erkidegoak egindako bideak, buztinezkoak baino sendoagoak zituela bistan utzi du. Dena den ikuspegi abertzale batetik, 1979ko Estatutuak jatorrian zituen akatsak -lurraldetasun ez osotua, Espainiako aginteek euskal eskuduntzak eta subiranotasuna mugatzea- eta geroxeago, LOAPA eta antzeko legeek ekarri zituzten murrizketak, konpondu beharrean, areagotu egin dira. Ez da harritzekoa, beraz, Autonomien Estatu delakoaren baitan politikoki hazi eta hezi egin direnek beste Estatutu, arautegi, lege, azken finean, beste esparru politiko gaurkotuagoa, irekiagoa, eskatzea. Noizko? Agian, hurrengo urriaren 25 batetarako.