Carlos Garaikoetxea: «Uste dut urrunen iritsi gintezkeen lekura iritsi ginela»


2021eko uztailaren 27an
Lehendabiziko hauteskundeetan Unión Autonomista Navarra-ko zerrendaburua izan zinen. Zergatik joan zineten bakarrik Nafarroan koalizioan?
Pentsatzen genuelako Nafarroan metatu behar zela abertzaleen indarra, ez barreiatu botoak koalizio edo alderdi desberdinen bitartez. Agian akatsa izan zen pentsatzea koalizioek beti indartzen gaituztela. Batzutan 2 gehi 2 ez dute 4 egiten. Koalizioren bat osatzen duten alderdietako alde bateko eta besteko muturrek ez baitiote elkarri botoa eman nahi. Gaur egun hori oso kontuan izaten da horrelako elkartasunak egiterakoan, EA eta EAJren artekoan, esate baterako. Horrek ez du esan nahi abertzaleen arteko elkarkidetza ezinezkoa denik, baina koalizioak osatzeko ikertu behar dugu ea galtzen dena irabazten dena baino gehiago ote den. Orduan ez genuen zalantzarik izan, egia esan, ez genuen horrelako eztabaidetan sartu nahi. Nafarroak abertzaletasunaren ikuspegitik eskaintzen zuen alderik ahulena zela medio, indarrak batzea eskatzen zigun. Ez zuen emaitza oso onik eman. Kalean nazionalismoa oso aktiboa zelako, euskaraz gero eta gehiago egiten zelako, abertzaletasuna zegoen baino indartsuagotzat jotzen genuen.

Dena den Senaturako, Euskadi mailan, koalizioan joan zineten. Horren sustenguan Autonomiaren Aldeko Hitzarmena sinatuta...
Bai eta garrantzi oso handikoa izan zen, nahiz eta orduan kritika larriak jaso, sozialistekin elkarrekin senatura joateko egindako paktua. Ez zen bakarrik Hauteskunde Koalizioa, zeren horren bitartez Hegoaldeko Euskadiren lurralde batasunaren aldeko jarrera sozialista indartu zen. Eta horrek Euskal Estatutuaren aldeko kanpaina bateratuak ekarri zituen. Are eta gehiago, alderdi sozialistak, lehen hauteskundeak burutu eta gero, D'Hondt legea zela medio, ikusi zuenean Nafarroan eskuma garaile atera zela, jarraitu zuen parte hartzen Euskal Parlamentarien Asanbladan. Horretan lehendakaria Manuel Irujo zen, baina idazkaria Gabriel Urralburu genuen. Eta horrek nirekin batera Euskal Estatutuaren aldeko kanpaina egin zuen Nafarroan zehar. Ordurako Nafarroa erregimen aurreautonomikotik kanpo zegoen, baina sozialistak gurekin genituen. Nik beti esan dut, nahiz eta zenbait sektore abertzalek koalizio hori gogorki kritikatu, lurralde batasunera izan den hurbilketa errealista bakarra izan zela.

Nafarroako sozialistak, gogoz parte hartu zuten ekimen horietan edo alderdiak aginduta?
Beste garai batzuk ziren eta orduan, esaten den bezala, "lo vasco vendía": euskalduna, euskaltzalea izatea oso ongi ikusita zegoen. Euskaltasuna aurrerakoitasunaren seinale zen. Juan Iglesias, PSEko lehendakari eta erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzaren partaidea, nik negar egiten ikusi nuen, sozialista nafarren zatiketaren berri izan zuen unean. Nafarroa eta gainerako euskal herrialdeen arteko sinbiosian alderdi sozialista barneratuta zegoen. Baina lehendabiziko hauteskundeetatik aurrera hasi ziren pentsatzen ez zela hain errentagarria jarrera horri eustea. Haustura askoz beranduago burutu bazuten ere, orduan hainbat esparrutan hasi ziren gauzak birpentsatzen. Gogoan dut, behin Aizpunek mehatxu gisa erran zidala: "Itxaron, laster etorriko da gure ofentsiba". Horrekin aurre egin nahi zion kaleetan euskaltasunaren eta nazionalismoaren aldeko giro horri. Uste dut eraso horrek eragina izan zuela PSOEren baitan zeuden sektore beldurtiengan. Horiek hasi ziren kontuan hartzen errentagarriagoa izan zitekeela diskurtso navarrista, euskal nazionalismoaren aurkakoa hain zuzen ere. Hori bultzatzeko, beranduago, hainbat buruzagi sozialista, Arbeloa eta enparauek, haustura bultzatu zuten. Oroitzen naiz, hori gauzatzear zegoelarik, Benegasek deitu zidala hala edo nolako irtenbidea bilatzeko. Nik konfederazioaren ideia luzatu nion, eta hor ibili ziren PSEko buruzagiak nafarren zatiketa saihestu nahian, baina alferrik. Rubialek berak, sentimendu abertzalerik ez izan arren, Eusko Kontseilu Nagusiaren lehendakaritza utzi zuenean, Nafarroa aipatu zuen, minez eta bihotzez, euskal lurralde guztien arteko anaitasuna goraipatzeko. Baina azken finean, oportunismo politikoa eta hauteskunde kalkuluak nagusitu ziren.

1978ko hasieran, kaleratu zituzten Aurreautonomikoaren dekretuetan, berriro lurraldetasuna izan zen auzirik zailena ezta?
Egia esateko, UCD, hor azaldu ziren erabakiak zirela eta, zatitu zen. Horrek frogatzen du UCDkoek ez zituztela maite. Hortik abiatu zen UPN alderdia eta orduan eztabaidatzen ari zen Konstituzioan baita aurreautonomikoan ere, hori izan zen era gogorrenez eztabaidatu zen gaia. 4. xedapen iragankorra ordukoa dugu. Azkenean onartu behar izan zuten Nafarroan burutu behar zen erreferendumean, gehiengoa nahikoa izanen zela eta errepika zitekeela beste legislatura batean. Batzuentzat, hori guztia izugarrizko amore ematea zen baina, UCDren haustura ekarri zuen. Egun, batzuk hasi dira kezkatzen entzun dutelako Nafarroak eta gainontzeko euskal lurraldeek bat egiteko dugun lanabes konstituzional hori desager daitekeela. Xedapen hori negoziatu genuenok neurri batean kontsola gaitezke, zeren errealitate nafarra ez genuen oso aldekoa eta boluntarismoa oso ongi dago, baina politikan zaila dena ez da zer egin beharra dagoen esatea, hori bera nola lortzen den baizik.
Baina Konstituzioko xedapen hori sekula ez zen martxan jarri...
Zegoen UCDrekin lortu zena lortzea oso zaila izan zen. Gainera Nafarroan gauzak zeuden bezala, hori zen egin behar zena, bagenekielako Estatuko ezkerrarekin gehiengoa genuela. Horrek esan nahi du bideragarria zela. Baina zori historiko eskasa izan dugu. Estraineko hauteskundeetan, D'Hondt legea indarrean egonen ez balitz, proportziozko botoekin ordezkaritza izango genukeen Aurreautonomiko delakoan. Baina D'Hondt legeak gehiengoa eskuindarrei eman zien. Gero, 4. xedapen horren arabera, alderdi sozialistarekin batera gehiengoa genuen Parlamentuan. Oroitzen naiz orduko grafittietaz, «37-33» zenbakiekin, gure garaipena iragartzen zuten horietaz. Baina orduan PSOEk bizkarra eman zigun. Historiak horrelako jokaldi maltzurrak egiten dizkigu, baina hori izan da Hego Euskadiko lurraldetasunaren arazora izan den hurbilketa errealista bakarra. Negoziazioa oso latza izan zen eta alderdi garrantzitsuenak hor buru-belarri sartu ginen, Nafarroako ikuspegiak alde batetik edo bestetik defenditzeko. Gero jarrerek eta erabakiek alderdi horietan eragin eta ondorio desberdinak izan zituzten. UCDn harlauza izanen balitz erori zen eta alderdia puskatu zen; PSOEk, aldakortasunaren bertute edo akatsa duelako, ez zuen ondorio handirik jasan eta EAJren kasuan, indarrez eta meritu handiz lortutako bide politikotzat jo zuten.

Baina EAJren baitan, zerbait gehiago sakondu zenezaketen ezta? 1932-1933ko egoerara bueltatzea ez zen bide hori?
Bai, eztabaida hori ardura politikoak genituenon artean egin genuen. Ikusten ari ginelako Aurreautonomia banatuta eta gero Estatutu aldendua gorpuzten ari zela. Oso gogoan genuen Nafarroarik gabeko autonomia egiten ari ginela baina bestetik, zer egin behar genuen. Dena geldiarazi? Gainontzeko Euskal Herria geldiarazi? Zegoen kinka larrian egonda? Orduan pentsatu genuen, "Etxea" ahal genuen tokitik bederen sostengatu behar genuela. Geunden egoeran beste mende laurden bat jarraituz gero, euskara hilik edukiko genuke, ogasunezko espoliazioa egiten ziguten, krisian zegoen industria, ordenu publikoaren egoera larria zen. Hori guztia ikusita, noski, gaur gertatzen den legez, ezin genuen gelditu, nahiz eta erritmo desberdinak izan. Horri lotuta, orduan eta orain esaten duguna hauxe da: edozein esparru politiko prestatzerakoan, egon beharko luke aukera euskal lurraldeek bat egiteko. Eta kontuz! Zeren, gaur egun, iragartzen dituzten erreforma konstituzionalekin batera, gure aurka doan erreformaren bat sar dezakete.

Autonomia Estatutuaren negoziazioaz zer diozu?
Jakina denez, negoziazioa EAJk eta UCDk burutu genuen. Horretarako batzorde tekniko-politiko bat osatu genuen eta noiz behinka Benegas eta Onaindia jakinaren gainean jartzen genituen. Horiek beti, bereziki Onaindiak, bere adostasuna adierazi ziguten, batzuetan guk genituen jarreren azpitik joz. Batzorde horretatik aparte, Suarezek eta biok landu genituen gai zailenak. Eta benetan, zail-zaila izan zen. Entzutekoak ziren, Ibañez Freirek edo Otero Novasek zituzten kontzeptuak. Hor Suarez, PCEren legalizazioan egin zuen bezala, bere alderdikideak baino aurrerago zihoan. Agian bere iragan politikoaz erredimitu nahian... Beste batekin, Calvo Sotelo beldurtiarekin, esate baterako, Estatutuak ez zuen aurrera egingo. Estatutuaren mugak primeran ezagutzen genituen baita ongi definitu gabeko arloak ere. Irakurketa murriztailea izan zezaketen, baina era berean, borondate politikoa izanez gero, zabal zitezkeenak ziren. 25 urte beranduago, beste testuinguru bat dugu eta abileziarekin jokatu behar dugulakoan nago. Estatutua, alde batetik desbalorizatzen badute eta orduan sinatu zen oinarrizko konpromisoa ez bada betetzen, arrazoi gehiago ditugu ordukoa birplanteatzeko, gaur egiten ari den legez.

Estatutuari buruzko eztabaidetaz zer duzu gogoan?
Ezezko jarrera, gaur egun datorkigun sektore berdinetik zetorrela. Oso mingarria zen baina garai hartan, boluntarismoz beteta, guk nahi genituzkeen goi mailako helburuetara, hots, lurralde batasunera, autodeterminazio eskubidera eta independentziara joatea ezinezkoa zen. Nik uste dut urrunen iritsi gintezkeen lekura iritsi ginela. Kontuan izan aurrez aurre genuela Estatuko betiko mentalitate jakobinoa, ezkerreko sektoretan ere oso errotuta zegoena, eta gertu, zain, indar erreakzionario dezente. Zoritxarrez ez genuen erabaki, behar bezala, lurraldetasunaren auzian. Hori konponduta egonez gero, autogobernuaren mailak ekinez gaindituko genituzke. Ez zen posible izan eta jarraitu beharko dugu lurra lantzen, egun batean uzta hartzeko... baina orduan. Askatze bidean dauden herri guztiek honako arazo hau dute aurrean: pragmatismoaren marra non jarri.


Azkenak
2024-12-31 | Julene Flamarique
24 urteko espetxe-zigorra bete ostean libre da Guillermo Merino durangarra

Merino 2001. urtean atxilotu zuten, eta dispertsioa jasan du, zigorraren zati handi bat Euskal Herritik kanpoko kartzelatan igaro baitzuen baldintza “zailetan”. Orain, askatasuna berreskuratu du.


2024-12-31 | Leire Ibar
Prezioek gora egingo dute urte berriarekin batera

Urte berriaren hasierarekin, hainbat zerbitzu eta produkturen prezioetan igoerak izango dira. Elikagaietan, energia fakturetan, udal-zergetan eta etxebizitza gastuetan garestitze nabariak atzemango dira.


2024-12-31 | ARGIA
Apirilaren 11n egingo da Aberri Egun bateratua, Euskal Herria Baterak deituta

Euskal Herria nazio dela aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute Donostiako Kursaalean. Astebeteko ekitaldi sorta izango da.


2024-12-31 | ARGIA
Gontzal Fontaneda euskaltzale gasteiztarra hil da

Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]


Eraikiz kolektiboa: “Gizonok matxismoaren aurrean ardurak hartzeko unea iritsi da”

Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.


2024-12-31 | ARGIA
Zarautzen terapia kontsulta duen gizon bat atxilotu dute, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita

Getariako etxebizitza batean egin dio eraso, Segurtasun Sailaren arabera. Emakumea astero joaten zen terapia naturaleko kontsultara, eta Ertzaintza ikertzen ari da ea antzeko ekintzen biktima gehiago dauden.


2024-12-31 | Leire Ibar
Kataluniako emakume kazetarien erdiak baino gehiagok jasaten du sexuagatiko diskriminazioa

Media.cat-ek egindako azken ikerketak agerian utzi du emakume kazetariek Katalunian jasaten duten sexu-diskriminazioa. Inkestatutako emakumeen %54,4k sexu-jazarpena jasan dutela eta %55,1ek sexu-generoaren araberako jazarpena izan dutela adierazi dute.


2024-12-31 | Julene Flamarique
Akusazioak hemezortzi urteko espetxe-zigorra eskatu du Mario Lopez Gernikako entrenatzaile ohiarentzat

Sexu erasoak 1998an hasi ziren, biktimak 13 urte zituenean. 2003an kluba utzi bazuen ere, emakumeak iaz salatu zituen sexu erasoak, Mario Lopezek taldeko entrenatzaile gisa jarraitzen zuela. Orain 18 urteko espetxe-zigorra eskatzen du akusazioak, fiskaltzak baino lau urte... [+]


Israelgo espetxerik ankerrenean atxiloturik dago Gazako azken ospitaleko zuzendaria

Hussam Abu Safiya medikua askatzeko eskatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta bere aldeko kanpaina ere abiatu dute sareetan. Abu Safiya medikua ez da edonor; nazioartean erreferente bihurtu da, berak zuzentzen zuen ospitalearen aurka egindako erasoak kontatzen zituelako.


2024-12-31 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Obrak eta obrak, marra horia lausotzeko

Garai aproposa izaten da urteburua iraganeko lorpenak goraipatzeko eta, are gehiago, etorkizuneko asmo-usteak aldarrikatzeko. Eta halatsu da Txinan ere, alafede. Bide batez, ez da harrigarria abenduko azken orduetan, aurreikusitako planari aurrea hartuz, Xinjiangeko Urumqi-Yuli... [+]


Petardo eta bengalak, albo-kalteak dituen tradizioa

Urtezahar gauean petardo, bengala, traka, suziri eta bestelako gailu piroteknikoekin jolasean arituko dira asko eta asko aurten ere, horietako ez gutxi adin txikikoak. Eta errepikatuko dira istripuak, suhiltzaileen esku-hartzeak, eta burrunba gordin sufritzen duten ume, adineko... [+]


2024-12-31 | Usurbilgo Noaua
Beste sute bat izan zen erraustegian

Suhiltzaileek beste sute bat itzali behar izan zuten abenduaren 27an Zubietako erraustegian.


2024-12-31 | Josu Iraeta
Borroka luzearen ametsak, egiazko nahi ditut

Badira, garun distiratsua izanik, "zehaztasun gutxiko" definizioekin, gauza bera, beste era batera esanda, aldatzen eta itxuraldatzen adituak direnak. Berea zen, eta hainbat hamarkadatan errepikatu den proiektu in eternum bat izan da. Hasiera batean hori zen hegemoniko... [+]


Bizilagunekin plataforma munduko futbol kopa Donostian jokatzearen aurka: “Ez dugu gure aurkako golik ospatuko!”

Bizilagunekin plataformak gogor kritikatu du Donostia 2030eko munduko futbol txapelketaren egoitzetako bat izatea, Marokok, Portugalek eta Espainiak antolatuko duten edizioan. “Hiria munduko mapan kokatzea” eta “lehen mailako kirol ikuskizuna herritarrei... [+]


2024-12-31 | Sustatu
Max streaming plataforman ere euskarazko edukiak agertzen hasi dira

Nazioarteko ordainpeko streaming plataformetan, Amazon Prime Video eta Netflix izan ziren lehenak euskarazko edukiak eskaintzen, eta orain Max gehitu zaie (2024 arte HBO edo HBO Max izan dena). Pantailak Euskaraz-ek azpidatziak moldatu ditu, eta EITBk bikoizketak eskaini, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude