Martin Ugalde. Bidaia emankorraren amaiera

  • 1921ean jaio zen Martin Ugalde Andoainen eta 2004ko urriaren 4an hil zen, Zarautzen eta Orion Kilometroetan milaka lagun euskaltzale bildu eta hurrengo goizaldean. Urte asko zeramatzan Ugaldek Hondarribian bizitzen, baina 82 urteko bizitza luzean egin zuen salto bakarra ez zen izan Andoaindik Hondarribirakoa. Kazetaritzan, literaturan eta politikagintzan uzta oparoa eman zuen euskaltzale amorratua 36ko Gerrak 15 urterekin harrapatu zuen. Eta alde egin behar izan zuen. Frantziatik bueltan 1947. urtean Venezuelara abiatu zen familiarekin elkartzeko asmotan. Hemengoa utzi eta han bizitza berria hasi zuen, eta 48 urte zituela, hango bizitza utzi eta hemengoa abiatu zuen, urriaren 4an ahitu zitzaion arte.

Venezuelako bizitza berrian kazetaritzari gogotik heldu zion, oso gustuko zuen, eta lanbide izan zuen. Venezuelan prestigioa ere eman zion hogeitaka urteetan egindako kazetari lanak. Gazteleraz idazten zuen, baina venezuelar erara, bertako herritarrek erabiltzen zuten hizkerara hurbildu nahian. 1949an hasi zen Elite aldizkarian lanean eta hurrengo urtean zuzendari kargua hartu zuen. Sei urte egin zituen aldizkari hartan eta hurrengo 15 urteak Creole Petroleum Corporation petrolio enpresak 32.000 langileren artean banatzen zuen Nosotros aldizkarian egin zituen. Bertako zuzendaria izan zen. El farol kultur aldizkarian ere zuzentze lanak egin zituen. Zuzendari lanak eta artikulugile lanak egiteaz gain, ikasteko eta irakasteko astia ere hartu zuen. Amerikako Estatu Batuetan bi urteko ikasketak egin zituen kazetaritzaren alorrean eta Caracasen unibertsitatean irakasle hasi zen; 1967. urtea zen. Emaztea eta hiru haurrak Euskal Herrira etorri ziren.


Euskal Herrian eta euskaraz

1969an etorri zen Euskal Herrira. Venezuelako bizitzak ez zuen itxura txarrik: familiarekin bizi zen eta kazetaritzak ate asko ireki zizkion Amerika alde hartan. Baina Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen, oraindik Franco bizi zela, eta Caracasen gutxi egin zuena egin nahi zuen: euskaraz idatzi. Zeruko Argian lur hartu zuen Ameriketatik bueltan, baina laster heldu zion EAJren Alderdi izeneko aldizkari klandestinoari. Franco hil baino lehen berriz erbesteratu zuten, Frantziara oraingoan; Donibane Lohizunen gelditu zen.

1977an Deia egunkariko zuzendariorde eta euskarazko erredakzioko arduradun izendatu zuten. Euskararekiko erakutsi zioten aprezio txikia zela-eta, aspertu eta alde egin zuen.

Egunkaria Sortzen

Joxemi Zumalabek, garai hartan Argiako kazetari zenak, aurkeztu zion Martin Ugalderi euskarazko egunkaria sortzeko proiektua eta baiezkoa eman zuen. 1990ean argitaratu zen lehen aldiz Euskaldunon Egunkaria eta Del Olmo epaileak itxi zuen iaz. Ugalderi, egunkariko ohorezko lehendakariari, kontu korronteak blokeatu zizkion epaileak. Zartako asko hartutako gizonari beste bat eman zioten 80 urtetik gora zituela.

Literaturan lan oparoa

Ipuinak, antzerkia, eleberriak, historia lanak eta saiakera obrak ditu Ugaldek. Denetarik pixka bat, baina bereziki ipuingintzan aritu zen. Bere idazle lanak ibilbide berezia izan zuen, urte asko egin baitzituen atzerrian. Euskal klasikoak baino lehenago ezagutu zituen Ipar Amerikako eta Latinoamerikako idazle garaikideak. Haienetik edan zuen eta emaitzan igartzen da. Zenbait adituren ustez, 1959an, Caracasen idatzi zuen Iltzailleak ipuina euskarazko ipuingintza modernoaren abiapuntua izan zen.

Ugalde politikaria

1947an, Venezuelara iritsi bezain pronto, EAJ alderdian afiliatu zen, eta alderdi horretan segi zuen 1985a arte, zatiketatik EA alderdia sortu zen arte. Politikagintzan poliki-poliki muturra sartzen joan zen, nahiz eta berak egiteko horretarako amorru berezirik ez izan. 1959an, Caracaseko Euskal Etxeko lehendakari izendatu zuten eta bi urtez aritu zen lan horretan. EAJko Hego Amerikako ordezkari bihurtu zen eta berak antolatzen zituen Jose Antonio Agirre lehendakariaren bidaiak. Venezuelatik Euskal Herrira etorrita, 1972an Leizaola lehendakari zela, Eusko Jaurlaritzako kontseilari izendatu zuten. Hamar urte geroago, Garaikoetxea lehendakari zela aritu zen Kultura Saileko Euskarazko Arazoetarako zuzendari karguan.

Zeruko Argian eta ARGIAn Martin Ugaldek esandakoak

Caracasetik etorritakoan berak egin zuen elkarrizketa sorta bat Zeruko Argiarako, baina berari galdezka ere behin baino gehiagotan ibili ziren. Jorratutako gaiak, noski, politika, literatura, kazetaritza eta euskara izan ziren. Hona aukeratutako pasarte batzuk.

1973ko ekaina
Idaztearen arrazoiak

«Munduan arkitzen duen giroaren aurka sentitzen duenak bultzatzen omen du idazlea lanera, eta nere kasuan ere alaxe gertatu dela uste dut. Batzuk gogorkeriaz eta armaz zuzentzeko ahaleginak egiten dituzten bezala, idazlea bere indarrak gizarteko deabruen bide bihurri illunak luma bidez argitzen ahalegintzen da. Idazlearen jomuga nagusia egia da, eta zuzentasuna. Iñoren zerbitzuan idazten duenak beste izenik merezi du».

Kazetaritzaren egoera

«... egiarik gehiegi izkutatzeko barrenik ez bait dut eta esan behar dizut emen eta gaur kazetaritza garbia eskatzea, gure erriko lurrari platanoak eta naranjak eskatzea bezala dela. Ez da lurra berez txarra delako, oraingo eta diferentea den eguzki-giro au igali oiek emateko gauza ez delako baizik; eta bitartean, zeuk bezala, inbernaderoan azia erein eta lurrak goldatu eta urez bustitzen ari zeraten langile miresgarri oiek Zeruko Argia ere irabazi duzuela».

Kazetaritzarik onena

«Askatasunik aundiena dagoen errian. Askatasun osorik ez dago iñon, askatasunaren mugak era askotakoak izaten bait dira; eta nik kazetaritza ikasi nuen errian, USAn ere badu askatasunak mugarik franko. Ala ere, eta oraintsu Watergate-ko arazo onek ondo erakutsi duen bezala, Ipar-Amerika da, kazetaritza neurri bezala artzen badugu, nik barrutik ezagutzen ditudan errietatik idazlearen eta kazetariaren askatasuna gehien zaintzen duena. Badira beste erri batzuk: Suezia, Suiza, Holanda, Canada, Bretaiña Aundia, esate baterako. Gertuago ez dut ezer ikusten».

1974ko urria
Euskal kulturak behar duena

«Gainontzekoak bezala, babesa (Mitxelenak dioen instituzionalizazioa) behar duela. Lehen mailako behar gorri bat, Unibertsitatea da. (...) Unibertsitatea da gure kulturak duen jo-muga nagusi-nagusia gaur. (...) Gero, erri-komunikabide guztien laguntza behar du gure kulturak, batez ere telebixta».

1983ko ekaina
Sozialistak Espainiako Gobernuan. Ustelak erdia ustel

«(...) Nik uste nuen sozialistek bazekitela gu nortzuk ginen eta gure gauzak onartu behar zituztela. Eta ez dituzte onartu. Ikusten denez, Espainian egin duten olatu berarekin nahi zuten gure Herria bete urez eta estali; eta ikusi dute ez dutela gure herria leporaino bete, ez direla potrotaraino ere iristen. Horrekin gaiztotuta daude; eta gero atzetik ejertzitoa daukate. Ejertzitoak neurriak jarri nahi ditu, lehen ere jarri zituen bezala. Otsailaren 23ko arazo hori ere ez zen hain gauza txikia izango, agertu zuten bezain txikia. Horiek bost urtetik bost urtera ematen dute kolpea, eta bost urte pasa direnez geroz, bestea eman behar dutela iruditzen zaie. Savaterrek zioen bezala, horiek ez dute ikusten berek beren aberria maite duten bezala besteek berena maita dezaketenik.
Eta horretan ekibokatu egin dira, eta hor aurkituko gaituzte, ez gara makurtuko».

1995eko apirila
Gutxirekin konformatuta

«Agirre batek edo Leizaolak berak, beste indar bat zuten. Agirrek gerra denboran bederatzi hilabetetan egin zituenak egiteko karakterra behar zuen. Orain indarra falta dugu. Eta oso gutxirekin konformatzen gara. Denbora luzez egon gara ezer gabe eta orain oso gutxirekin engainatzen gaituzte».

EAJren ehungarren urteurrena ospatzen

«Sabino Aranaz gogoratuko naiz, eta niri bidea egin zidaten aitona eta aita ikusiko ditut berarekin, eta joandako 50 aberri egunik gehienak sakabanatuak etorriko zaizkit gogora, Andoainen, Bilbokoa gerratean, atzerrikoak Caracasen, Donibanen, Hondarribian... Meza entzungo dut, eta hainbeste urte neketsu pasatu eta Aberri Eguna oraindik batasunik gabeko tristuran pasatu beharreko minetan.
(...) Ez dugu honezkero gure adinekoek abertzaletasuna bakean sentitzerik izango. Gure ondorengoek agian, ziur asko!»

Carlos Garaikoetxea: Agur, Martin, euskaldun unibertsala
Aspaldidanik genuen galduko zintugun beldurra, baina, susmoak susmo, horren pertsona maitearen galerak gogor kolpatzen gaitu beti. Zure kasuan, Martin, oso adiskide maitea izateaz gainera, hain zinen gure herriaren adierazle!
Zeure bizitzako periploaren azkenetik hasita, nazio honen arimarekin eta errealitatearekin zenuen identifikazioagatik, berak hainbat aldiz bezala, pertsekuzio bidegabe eta laidogarria pairatzen zenuen. "Tribunal bereziak", beti "Ordena Publikoko Tribunala" arbasoa gogora dakarkigunak, gandutu egin nahi izan zuen zu bakezko gizona eta demokraten adibide zinela. Zu, alajaina, horrenbeste irakats diezaiekezun hori, hala pertsonaren duintasunaz, nola zeure ibilbide politikoaren garbitasunaz eta zeure lanbideko jardunaren humanitate handiaz! Eraso baldar horrek, ezbairik gabe, samin handia sortu zizuen zuri eta zeureei, baina euskal gizartearen erantzunak eman bide zizuen kontsolamendua. Izan ere, gutxitan etorri ohi dira bat desagrabioan eta omenaldian, zure kasuan bezala, instituzioak eta Euskal Herriko gizarte-maila herrikoienak. Baina halaxe da, izan. Nahiz eta, zure bizitzako ikurraren »Euskal Herriaren eta euskaren» kezka bera izan, maiz aurrez aurre zebiltzan gure gizarteko hainbat sektore, eta, halaz guztiz, estimuzko kointzidentzia harrigarria gertatu zen beti zuganako.

Martin, zuk, zeure bizimoduaren bidez azaldu zenuen nazionalista terminoak anitz esanahi dituela berekin. Badela legezko nazionalismo bat, beste herriei, beren borondatearen kontra, legerik, kulturarik eta hizkuntzarik ezartzen ez diena; bere kultura propioa gordetzea eta garatzea eta bere interes legezkoak defendatzea besterik nahi ez duena, eta badela beste bat, inposatzailea eta azpiratzailea, gainerakoak fagozitatu nahi dituena eta lehen deskribatuarekin ikustekorik ez duena. Horregatik, Espainiako errepresiotik ihes egin zuten beste euskaldun asko bezala Venezuelak hartu zintuenean, euskaldun eta venezuelar eredugarria izan zinen. Zeure idatzietan erakutsi zenuen herri harekiko identifikazio sakona, batik bat lagun xumeenenganakoa. Eta, jakina, indigenenganakoa, zeinek nazionalista eta demokrata onaren sintonia aurkitzen baitzuten zugan; zeure kulturaren eta besteenen geroaz kezkatua ageri zatzaizkien.

Ez da harritzekoa, bada "Euskaldun Unibertsala" tituluarekin bereizi izana. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzi zenuen... neurri bereko zuhurtziaz obserbatu zenituen Euskadi edo Venezuela bezain gizarte ezberdinak; kazetaria izan zinen, nobelagilea, eta, bereziki, kontakizun laburren maisu; geure historia, hainbatetan ezkutatua edo deformatua, narratu zenuen. Akademikoa eta euskararen kausari atxikia, eta, esan gabe doa, inoiz ere erantzukizun politikoa saihestu gabea; beti giza eskubideekiko bide zeharo demokratikoak baliatuz, gainera. Euskarari zenion atxikimendua eta zeure ontasuna tarteko, erbesteko gobernu bateko lehendakariorde izan ondoren ere, zalantza-izpirik gabe onartu zenigun klandestinitateaz geroztiko lehenbizikoan euskaren saila zuzentzea. Bagenekien, eta zeuk inork baino hobeto, euskarak zer balio zuen euskal nazioak biziraupen propioa izan zezan. Zeure etsaiek dakiten bezalaxe, bestalde, Euskal Herrian bertan, autogorrotozko manifestazio erdeinagarri batean, jipoitzen dutenean!

Zutaz, Martin, esan izan dute ezen Herriaz eta haren kausaz zenuen ikuspegiak gainditu egiten zuela zure militantzia politikoa. Halaxe zen, bai, zeren horrela izan behar du beti, nahiz eta, hala ere, izate hori ezin dugun aitzakiatzat hartu bakoitzak eguneroko borroka politikoaz dugun ikuspegiarekin ongien sintonizatzen duen formazio organizatuaren lana babesteko dedikaziorik eta sakrifiziorik ez egiteko. Horregatik, zure izaera ere ezagutzen genuelako, ikuspegi partidista soilaz gaindiko kondizio euskaltzalearen jabe zinela bagenekielako, beti estimatzen genuen zure konpromisoa, eta efikaziarengatik enkoadratzen zintugun formazio organizaturen batean... Zer neurritan, gainera!

Gogoan zaitut oraindik, ia irudiak abaildua, Koldo Mitxelenaren, Joseba Elosegiren, Xabier Aizarnaren eta beste lagun ahaztezin batzuen ondoan, kartelez josia, Ajuria Eneako atarian, fundatu berria zen zure alderdiarentzat, Eusko Alkartasunarentzat, euskal hedabide publikoetan tratu justuago bat eskatzen... Dena dela, deskribatutakoaren gisako episodioak episodio, eta zure etengabeko konpromisoa konpromiso, beti gorde duzu osoan zeure Herriaren kausaren aldeko langile izatearen kondizio esentziala, eta eremu euskaltzale orotan izan zara errespetatua eta maitatua.

Zu bezalako pertsona bat hiltzen denean, topikoa dirudi esatea ezen beti bizirik izango dela gure artean, bere legatu izugarriarekin. Bada, Martin, Euskaldun Unibertsala, esana inoiz ez da izango zure kasuan bezain justifikatua.

Xabier Mendiguren: Bihozberaren irmotasuna
Bost liburutan izan nuen Martin Ugalderen editore izateko zorte eta ohorea, eta oroipenen altxorrean gordea dut harekin izandako harremana. Lehenengoan, ni artean mutil gazte autogabe eta bera sasoiko gizona, bere autoan joan ginen biok Bilbora, aurkezpena egitera; azkenekoan, bera ordurako etxean gaixo, lanak zituen hitz egiteko, eta nik ere bai hark esan nahi zidana behar bezala ulertzeko. Lehenengotik azkenekora, Martinen irudia geratu zait, ereduzkoa beti: samur, lagun, argi, eskuzabal, dotore, xehetasunekiko arreta ageri zuena baina benetan garrantzizkoaren ikuspegi orokorra galdu gabe.

Pertsona baten izaera eta balioa hura ezagutu zutenen gogoan geratu ohi da, hura maite izan zutenen gogoan batez ere. Martin Ugaldek jende asko ezagutu eta tratatzeaz gainera, ibili den leku guztietan utzi du jatortasun eta adiskidetasunezko arrasto sakona, eta, horrenbestez, asko gara Martinekiko zordunak, harenganako onginahi eta maitasunezko sentimenduak bizi-bizi dauzkagunak. Horren erakusgarri argiak dira egunotan kaleratu diren iritzi ugari bezain ahobatekoak; nahiko lan izango nuke horiei guztiei ezer berririk gehitzen, eta ez dut ezer erantsiko beraz.

Egia da, ordea, oroipen garbi eta indartsu hori gehienoi lausotu egingo zaigula asteak eta urteak igaro ahala, ez dugu deus berririk deskubrituko denbora errukigabearen higaduraz. Ugalderen kasuan, baina, bere obra geratuko da, bai ezagutu genuenon oroigarri, bai ezagutu ez zuten guztien jakingarri. Eta, edozein idazleri buruz esan baldin badaiteke egilea bere idazlanetan ezagutzen dela, baieztapen horrek are-eta esanahi beteagoa hartzen du Martinen kasuan. Haren eleberri nahiz ipuinetan, izan ere, hezur-haragizko gizona agertzen baita, zuzenean edo zeharka, fikziozko pertsonaien atzean.

Zer ikus liteke Ugalde gizonaz Ugalderen literaturaren bitartez? Batez ere, nire ustez, jendearenganako ardura: gizon-emakume ahul, historiaren jopu, injustizien eta halabeharraren biktima dira sarritan bere pertsonaiak, eta haiekiko maitasun egiazko bat sumatzen zaio, erruki kristautik baduena baina errukia baino harago doana: giza arimaren barrunbeak ez ezik, historiaren mekanismoak ere ezagutzen ditu, eta badaki, hortaz, bidegabekeriak badituela, kaltedunak bezala, bere onuradunak ere.

Historiaren umiliatuekiko elkartasunarekin batean justiziaren aldeko jarrera hori azpimarratuko nioke Ugalderi. Zintzo eta on dena »modako literatura eta zinemaren eraginez beharbada» bigun eta belaxka imajinatu ohi dugu maiz, eta Martinek kontrakoa erakutsi zigun, literaturan bezala bere bizitzaren ereduarekin: malgu eta apal jokatu zuen beti, baina malgutasun horrek ez zuen haize-alde jarri, apaltasun horrek ez zuen handikien aurrean makurrarazi.

Bizi bagara, urteetako lana daukagu ikasgai hori geureganatzen. Martinen oroipenak lagunduko ahal digu!

Euskara Batuak eragindako buruko mina
1969an itzuli zen Ugalde Venezuelatik eta euskara batuaren gorabeherek bete-betean harrapatu zuten. 1974ko urrian Argian egindako elkarrizketaren bi galdera-erantzun bildu ditugu segidan eta baita 1995ean gai berari buruz esandakoak ere.

Argia: Eta euskal kazetaritzaz zer?
M. Ugalde: Egin dena ez da gutxi; hala ere, bide zabal baterako lanean ari beharrean bide zidorra urratzen asi gara, eta honek kalteak ekarri dizkigu...

Argia: Euskera batuaz ari zara orain...
M. Ugalde: Nik ikusten dudan bide zabala euskera batua da, noski. Ezin dugu egoera larri hontan ahuldua dagoen gure izkuntza bere errian, eskola gabeko gure errian, itzegiterakoan gorde diren lau-bost euskalkitan batera landuaz indartu. Hau oso polita litzateke, eta nahiko nuke nik ere; baina bixtan da ezina dela. Gauza politak utz ditzagun indartzen garenerako. Gaur-gaurkoz iraun-bideak dira, nere ustez, lehentasuna dutenak. Euskera batua non, noiz eta nolakoetan daude, nere ustez, oztopoak. Aur-neurriak, komunikabideak eta landu edo sor-lanak ez dira berdinak; hemen behar dugu buruz jokatu. Baina izki bat gora-behera armatzen ari garen ixtiluak lurperatuko ez bagaitu, gure erantzun beharrak lepoan artu eta aurrera jarraitu beharko dugu.»

1995eko apirilean esanak
H-aren kontrako lau eta aldeko beste lau (Koldo Mitxelena, Jose Maria Satrustegi, Xabier Kintana, Manuel Lekuona, Damaso Intza, Lino Akesolo, Juan San Martin eta Piarres Lafitte) aukeratu zituen Ugaldek Zeruko Argian elkarrizketak egiteko eta batzuei ez zitzaien batere ideia ona iruditu:
«Egin banuen egin nuen. Nemesio Etxanizek ikusten ninduen bakoitzean esaten zidan: ‘Ai, Martin, harrapatu zaituzte!’. Eusko Alderdi Jeltzalean jendeak hala pentsatzen zuen, hizki hori ETAren maltzurkeria zelakoan. Baina begira gauzak nola diren, Nemesiok berak zuzentzen zizkidan hasieran artikuluak, h-ak beren lekuetan ongi ipintzeko, ‘baina ez esan inori, e?’ esaten zidan.
Garai gogorra izan zen. Telefonotik deitzen zizun batek: ‘Hor bizi al da h-rekin idazten duen hori?’ eta zuk ‘zu nor zara?’ eta berak ‘ez dizu inporta, komunista bat zara zu!’. Gutunak ere jasotzen nituen ‘Uhghahlhdheh’ idatzita... Hainbeste urte kanpoan pasatuta herrira itzuli eta halako giroarekin topo egitea, alderdi barruan bertan... pentsa zer gogo ematen zizun lan egiteko».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Iruñeko atxilotze-aldi luzea

Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han... [+]


Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro

Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.


Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


2024-11-18 | Hala Bedi
Frankismoaren errepresaliatuak omendu zituen Lagrango Udalak larunbatean [Argazki galeria]

"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"


Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute

Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


Astrabuduak Josu Murueta eta Anton Fernandez gogoratuko ditu, haien hilketaren 55. urteurrenean

Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.


Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian

Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.


Otxandioko sarraskitik 88 urte betetzen diren egunean, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Senatuan Angel Salas Larrazabali kondekorazioak kentzeko

Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.


Krabelin gorriz jantzi dute German Rodriguezen hilarria

German Rodriguez eta Joseba Barandiaran omendu, eta langile mugimenduaren alde egindako lana txalotu dute Iruñean. Palestinari ere elkartasuna adierazi diote, sanferminetan urteroko zitan Iruñean.


Corellako karriketan ikur frankistak azaldu direla salatu du Zurekin Nafarroak

Migratzaile familia batek irekitako denda baten aurrean ikur frankistak jarri dituztela salatu du Zurekin Nafarroa ezker koalizioak. Fiskaltzari eraman dizkiote datuak, gorroto delitu bat egon daitekeelako pankarta horren atzean.


Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraiki zuten frankismoaren esklaboei omenaldia egin diete

1939 eta 1941 bitartean Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzera behartu zituzten frankismoaren 2.400 esklaboak omendu zituzten larunbatean, Igariko gainean. Errepresaliatu antifaxista haien memoriak gure bidea izan behar duela aldarrikatu zuten omenaldia antolatu zuen... [+]


Eguneraketa berriak daude