Renoko antropologo William A. Douglass-i behin esan niona esango dizut zuri: ez duzu denbora alferrik galtzeko itxurarik...
Denbora alferrik galdu? Behin ere ez, txikitan ere ez. Gogoratzen naiz behin, mutikoxkorra izango nintzen, hamahiru-hamalau urte, Urtezaharretan, mahatsa jateko ohitura. Neure artean: "Urtezahar hola pasatzea ere, tristea dek!". Familian denak geunden, baina erretiratu egin nintzen: "Nik Urtezahar irakurtzen pasa behar diat!". Eta nire gelara joan nintzen eta pentsatu nuen: "Irakurtzea gauza ederra dek baina, errezatzea ez ote da hobe?". Eta errezatuz pasa nuen Urtezaharra. Gero, hamabietako kanpaiak jo zituztenean, atzera behera jaitsi nintzen, familiako lagunartera. Orduan ere ez nuen nik denbora alferrik galdu nahi...
Historiaurrea aztertzen eman duzu bizitza osoa. Azkoitian egin zenuen hitzaldi bat tarteko ezagutu zintudan, orain 25en bat urte...
Gehiago, gehiago... artean ezkondu gabe nintzen. Apaiza nintzen ni orduan... Hogeita hamabi bat urte izango dira...
Tira, hogeita hamabi urte. Ez dira bart arratseko kontuak, hortaz. Orduantxe entzun nituen nik lehenengo aldiz Lezetxiki, Altxerri, Ekain eta beste. Barandiaranen hurrena zinelakoan ginen, garai hartan. Uste zuzena ala okerra, gurea? Tres tristes trogloditas haien leinukoa zaitugu?
Barandiaranek berak esaten zuen hiru troglodita zirela, baina triste ez. "Gu ez gara sekula triste izan", esaten zuen berak. Pozik ibiltzen zirela, alegia. Barandiaranen jarraitzaile? On Joxemielek izan ditu ikasle gehiago ere. Beharbada neu ibili nintzen gehiena berarekin. Beste askok baino urte gehiago pasa nituen haren ondoan, kobazuloetan eta abar. Harremana estua izan zen, denbora askoan. Baina ez naiz neu bakarra. EHUko Historiaurre irakaslea, Inazio Barandiaran donostiarra, Apellaniz bilbotarra, Juan Garmendia tolosarra... Askotan aipatzen da Barandiaranen hurrena naizela, baina ez da egia.
Zuk Biologia ikasketak burutu eta Barandiaranengana jo zenuen Atauna itzuli zenean...
Hura hona etorri bezain pronto ezagutu nuen, 1954an. Donostiako apaiztegian nengoen ni orduan, ikasten, eta hitzaldia egin zigun On Joxemielek. Asko gustatu zitzaidan niri hitzaldi hura. Gero, Madrila joan nintzen, Biologia ikastera, eta han ari nintzela, lanean hasi zen berriro Barandiaran hemengo haitzuloetan. Niri, arlo horretan zer edo zer egin nezakeela iruditu zitzaidan, hura lanean hasi zenez. Hortik abiatu eta jo nuen beragana.
Barandiaranek bultzatu omen zintuen leizezuloetan aurkitutako hezurrak aztertzera.
Bai, berak esaten zidan: "Hara, garai batean, Telesforo Aranzadi eta biok genbiltzanean, hark giza hezurrak aztertzen zituen, hezurrik agertzen zenean. Nik, berriz, tresnak, harriz edo hezurrez eginak, zeramika... Baina hara ze hezur pila dugun hemen, lehengo gizonak ehizatzen zituen animalien hezurrak, eta horiei buruz ezertxo ere ez dakigu. Eta garai hartako gizartea hobeto ezagutzen lagunduko digute, inola ere. Zu Biologia ikasten ari zarenez, hortik jo beharko zenuke". Hasieran ez zitzaidan gehiegi gustatu, batez ere Madrilen beste proposamen batzuk ere banituelako Consejo Superior de Investigaciones Cientificas delako horretan, Genetika eta Bakteriologia ikasteko, eta hori bai, gustatzen zitzaidan. Bestalde, ordea, nik hona etorri nahi nuen eta CSIC hori Madrilen beste inon ez zegoen. Aukera hori egin nuen, hona etortzeko aukera alegia, eta hezurrak aztertzen hasi nintzen. Eta hasiz gero, benenoak hartzen zaitu, eta hementxe nabil harrezkero, hari honetan.
Geroago, Vespa batean ibili omen zinen batera eta bestera, hezur biltzen...
Beharko ibili... Hezurren azterketa egitea ez zen erraza. Hezurrak sailkatzen hasi eta nola jakin oreinarena zen, edo elur-oreinarena, edo etxeko aberearena... Garrantzi handiko kontua da hori: oreinarena izan, edo behiarena, alde handia dago. Batak esango digu ehiztaria zela gizona; besteak, artzaina. Oreinarena izan, edo elur-oreinarena, alde handia: klimaren berri emango digu horrek... Baina, hala ere, nola sailkatu hezurrak, nola jakin? Horretan, behin, Urtiagako hezurrak Madrilera eramateko baimena eman zidaten, han aztertzeko, nire doktorego tesia egiteko. Tesi zuzendaria ere izendatu zidaten baina zera esan zidan hark: "Hara, nik hasiera-hasieratik esango dizut, honetaz ezertxo ere ez dakit. Zerbait egin zenezakeela uste dut, baina zaila duzu, hezurrak konparatzeko modurik ere ez duzu eta. Erbestera joan beharko zenuke horretarako". Dena dela, hasi ginen. Urtiagako hezurretako batzuk erakutsi hari eta esan zidan: "Horiek izango dira... basazezenarenak, handiak dira eta. Madrilgo museoan, berriz, zezenketarako zezena duzu, hezurdura osoa. Joan eta konparatu bion hezurrak". Joan nintzen, begiratu nion zezenaren hezurdurari, sekulako buelta pila eman nion, berak plazan emandakoak baino gehiago, eta jakin nuen nik eraman nituen bi hezur, kubito eta radioa zirela, aurreko hankarenak... baina ez basazezenarenak! Gero jakin nuen hartzarenak zirela. "Arraioa! A ze laguntza dudan nik gizon honekin!", esan nion neure buruari. Haginak ere azaltzen ziren, baina ez ziren orkatzarenak. Oreinaren haginen antza zuten, baina txikiago ziren, eta errorik ez zuten. Joan nintzen haiekin zuzendariarengana eta kasua kontatu nion. Eta haren erantzuna: "Bai, izan ere, azkonarrek erroak jaten dizkiete aztarnategietan!". Eta nire galdera: "Eta zergatik hortz hauei bai eta besteei ez? Espezialak al dira hauek?". "Bai, hala da!". Gero jakin nuen oreinkumearen esne hortzak zirela. "Honi besterik ez zioat galdetuko!". Eta Alemaniara joan eta ikasi egin nuen. Han besterik zen. Nik egin nahi nuen antzeko doktorego tesia egin nahi zutenak ezagutu nituen han. Haiek, sailkapenak eta konparazioak egiteko nahiko zuten armairu bateko kaxoia ireki eta hantxe zituzten hezurrak! Era guztietako humeroak, radioak eta bestelako hezurrak. Sailkatuta denak. Aspaldi egindako lana! Alemania besterik da. Eta Suitza, Basilean egon nintzen ni, gauza bera. Atzera hona etorri... eta ezer ez! Ezta katu baten hezurrak ere! "Lehenengo, hemengo hezurrak biltzea dek!". Eta Vespa xaharra hartu eta, bakardade osoan, batetik bestera hezur bila: Gredos, Pirineoak, Galiziako mendiak... alde guztietan ibili nintzen. Horri esker daukagu gaur egun hemen, Arantzadin, Estatu honetako bildumarik onena. Onena, dudarik gabe.
Vespa hartuta, batetik bestera zenbiltzala ezagutu zenuen emazte duzuna, Koro Mariezkurrena...
Hezur biltzea bizitza osoko lana izan da. Eta da. Oraindik orain, aurtengo udan, Finlandian izan gara, elur-oreinaren hezur bila. Bagenituen, baina gehiago nahi genituen. Beraz, lan hori egiten jarraitzen dugu. Tira, nik bidaia asko egin nituen Vespan, apaiz nintzela. Gero, sekularizatu egin nintzen eta sekularizatu orduko Seat 600 ttiki bat erosi nuen eta orduantxe ezagutu nuen Koro eta elkarrekin ibilitzen ginen batetik bestera 600 hartan, aire giroturik gabe, baina sekulako lekua hezurrak ekartzeko! Gainera, hezurrak Vesparen irtengune guztiei lotzen ibili beharrik gabe! Asko lagundu dit Korok, eta asko ibili gara biok. Lehenengo hamar urteetan bakarrik ibili nintzen eta ondoko hogeita hamarrak, berriz, elkarrekin. Bai, ze hogeita hamar urte ere badaramatzagu ezkonduta...
Gero seme-alabek ere laguntzen ziguten. Bidezidor bazterrean hezur multzo bat ikusi eta: "Hara, hara, hezurrak!" esaten zuten.
Ona da, ala nekagarri, ezkontidea lankide ere izatea?
Niretzat ona izan da. Eta berarentzat ere bai. Askok esaten didate: "Ez al zarete aspertzen?". Ezta pentsatu ere. Guri on egin digu, eta gustura baino gusturago gaude.
Dominguin toreatzaileak jandako oreinen hezurren atzetik ere ibili zinen Madrilen, jatetxe batean...
Bai, Madrilen egin nituen hasierako urteak ziren. Orduan ezer ere ez zegoen. Madrilen nengoela, museora joaten nintzen, zer edo zer ba ote zegoen ikustera. Buruhezurrak bai, leku guztietan jasotzen zituzten. Baita Madrilen ere. Gainerakoan, Paris, Londres, Basilea... horietara jo behar zenuen. Haiek XIX. mendean eginak zituzten bildumak. Madrilen nengoela, egunkarian irakurri nuen Dominguinek eta bere lagunek ehizatutako orein bat jatera zihoazela. Serrano kalean zen jatetxea. Irakurri nuen eta hara joan nintzen ilunabarrean. "Aizue, gaur, hemen, Dominguinek eta, oreina jan dute. Hezurrak nahi nituzke nik". "Haragirik ez dute!". "Ez, ez, haragirik ez, hezurrak behar ditut nik". Aurpegi arraro xamarra jarri zidaten, baina eman zizkidaten hezurrak. Hori izan zen bilduma ostologikoaren hasiera! Gordeta ditugu oraindik ikusi nahi badituzu ere!
Poetaren hitzak dira eta ez dakit zuzen-zuzen esango ditudan ere: "Nora doan nahi duenak jakin, behar du nondik datorren jakin". Hori da Historiaurrea ezagutzearen helburua?
Iraganak etorkizuna prestatzen laguntzen digu. Historia, bizitzaren maistra da.
Garai ederrak izan ditugu iraganean. Hara hor, lekuko, Ekain. Iragan horrek eskatzen digun etorkizuna sortu behar dugu.
Filosofiatik gehiago du horrek Historiaurreko zientziatik baino...
Hala izango du...
Zerk bultzatu zintuen mundu horretara galdetzeko asmotan nintzen baina, non edo non irakurri dudanez, gaztetandik zenuen zuk gauzen sorrerari buruzko jakinmina...
Bai. Zortzi urte nituela Tolosako eskolapioetan ikasi nuen. Berastegiko eskolan ez genuen askorik egiten, egia esan. Lehenengo "entziklopedia". Kosta zitzaigun izen horixe ere ikastea! Entziklopediatik ikasten genuen dena. Hamar urterekin hasten ginen batxilergoa ikasten. Orduan bai, bagenituen liburuak: Natur zientzia, Historia... Eta gogoratzen naiz Historia liburuan begira jarduten nuela, Euskal Herriko sorrerari buruz jakin nahian. Nafarroako Erresumari buruz zer edo zer esaten zuten, baina ezer gutxi. Orduan dena zen "balio unibertsalak", "Francoren gurutzada", "eguzkia sartzen ez deneko lurraldea" -pena, ilunabarra hain polita izanda-, eta holakoak. Euskal Herriaren sorrera ez zen aipatu ere egiten, jakina. Hurrena, apaiztegira joan nintzen eta, han, oso irakasle ona izan genuen Natur zientzietan, Leontzio Arabiotorre. Gero jakin nuen Barandiaranen oso lagun handia izan zela. Nonbait, Barandiaran apaiztegian izan zenean giroa ez zen oso ona. Teologia irakasten zutenek Barandiaranek "zientzia profanoak" egiten zituela esaten omen zuten. Eta taldetxo bat bildu zen: Arabiotorre, Barandiaran, Antonio Pildain -gero Kanarietako apezpiku izan zena-, eta Manuel Lekuona. Honek Ahozko literatura aztertzen zuen. Pildainek, Soziologia. Barandiaranek, Historiaurrea eta Etnografia, eta Arabiotorrek, Natur zientziak. Astero biltzen ziren laurak eta astean egindako lanak aztertzen zituzten. Mintegi koxkor bat osatu zuten -On Joxemielek esanda dakit hau dena-, baina gero desegin egin zen: kanpora joan zen Pildain, baita On Joxemiel bera ere; Manuel Lekuona ere beste nora edo nora... eta Arabiotorre beste inor ez zen Gasteizko apaiztegian geratu. Eta izugarrizko irakasle ona izan zen. Gainera, ni Berastegiko mutikoa izanda, natur zientzia ikasteko joera izatea ez zen zaila ulertzen. Nik ez dakit gaur egun herri txikietako mutikoek zer egingo duten, telebista ere hor da, baina garai hartan, patrikan zarpil txiki bat, harri bat, soka mutur bat eta igel bat sartzeko gai zena, horixe zen mutikoxkorra. Hori baldin baduzu abiapuntu eta, gainera, gero, norbaitek gogo horretan sakontzen asmatzen badu, ez da besterik behar. Eta Arabiotorrek horixe egin zuen nirekin. Teologia eta Filosogia eta beste zenbait gai ikasturte amaiera aldera hasten nintzen prestatzen, apirilean. Baina ez zitzaidan gehiegi interesatzen. Filosofiaren historia bai, eta Soziologia ere bai... baina han urte haietan erakusten ziguten Teologia eta! Orduan, Biologia ikasteko baimena eskatu nuen, eman zidaten, eta Madrila joan nintzen. Holaxe egin nuen Biologia.
Zer erakusten digu Historiaurreak, eta zer galdera ez dizkigu erantzuten oraindik?
Galdera asko uzten ditu erantzun gabe. Kontua da buruhezurrak eta, fosilizatu egiten direla, baina ideiak ez, "arinegi" dira, nonbait, eta gauza asko geratzen zaizkigu ezkutatuta. Gizakiaren bizimodua, tresnak eta beste zenbait kontu bai, jakiten ditugu, baina haren gogoak, beldurrak, pozak eta malkoak ez dizkigu agertzen. Nolanahi ere, Ekain ikusten duzunean, edo Altxerri, konturatzen zara lehen gizona bazela zerbait. Kobazulo horietan beste mundu bat ikusten da. Baina ez gara guztiz jabetzen. Beste era batera: eman dezagun mundua oraintxe akabatzen dela eta hemendik milaka urtera non edo nondik beste izakia etortzen dela hona. Aztarnak ikusi, aztertu, eta etxeak "ikusiko" lituzke -"hemen sukaldea, su aztarna dago eta"-, eta beste eraikin batzuk, aulki mordoa harri baten aldera begira... Hori ikusita ere, ez lirateke jabetuko aldarearen esanahiaz, elizaz, tenpluak gizartean betetzen duen funtzioaz... Horixe gertatzen zaigu guri Ekainen sartzen garenean. Santutegi bat da... Niaux-en, esate baterako, Frantzian, galeria berri bat aurkitu dute oraindik orain. Sartu dira eta aztarnak. Gizakiaren oinaren aztarnak batetik, eta txikiagoko batzuk bestetik. Uste dute emakume batenak eta ume batenak direla: ama-semeak, edo ama-alabak badoaz, joan, galerian barrena; bisonte bat dagoen lekura ailegatzen dira. Han, buelta hartu eta itzuli... Hortaz, emakume hura hara sartu zen, erakutsiko zion bisontea haurrari, eta itzuli. Baina zer esan zion umeari bisontearen aurrean? Noizbehinka bai, aurkitzen dira puzzlearen atalak, baina puzzlea osatzeko atal asko falta ditugu oraindik.
Ze istorio polit...
Nolanahi ere, kasu askotan bai, hainbat kontu dakizkigu. Esate baterako, Marizulo aipatuko dizut, Urnietan. Barandiaran eta biok jardun genuen han lanean, eta guri laguntzen, Manuel Laborde, kobazuloa aurkitu zuena, hain zuzen. Berak bazekien han Marizulo izeneko baserria zegoena. Hara joan zen galdezka: "Marizulo. Zergatik du izen hori baserriak?". Eta esan zion baserritarrak: "Tira, hor, baserriaren atzean kobazulo ttiki bat dago eta...". Joan zen hara Laborde, egin zuen kata ttiki bat eta zenbait tresna aurkitu zituen. Hasi ginen gu lanean, eta giza hezurdura bat, osoa azaldu zen, eta beste hezur batzuk. Hortaz, giza hezurdura, batetik, eta animalia batzuen hezurrak, bestetik. Ondo. Baina, arkeozoologiari esker, hezurrak sailkatu eta jakin genuen hiru hilabeteko arkume batenak, eta zakur batenak zirela. Zakurrak bururik ez zuen: oso-osorik zegoen, behatzetako falange eta guzti. Hark esan nahi zuen burua kendu egin ziotela. Alegia, lehenbizi, jakin genuen giza hezurdura hura artzainarena zela. Zakurra ere berarekin lurperatu zutela, eta, arrazoia ez badakigu ere, burua kendu ziotela. Eta, artaldeko arkume bat ere ondoan lurperatu zutela. Arkeozoologiari esker dakigu hori. Eta hara ze gauza polita! Hori jakin genuen Marizulon! Hantxe, hildakoak, bizitzatik hurbil. Eta handik pasatzean zerbait esango zion helduak umeari. Lurperatu zituztenean malkoak botako zituzten haiek ere. Bere ondoan nahi... Bere bakardadea jasangarriago egiteko, malkoak hain garratzak ez izateko... Hori dena ere azter dezakegu.
Askok uste baino giza zientziago da arkeologia, eta arkeozoologia...
Hala iruditzen zait niri. Ez dakit zuk zer asmo zenekarren...
Zientzia hotz zelakoan nengoen, gizakiaren historia gorabehera...
Zientzia hotz... objektiboa ere bada arkeologia, eta arkeozoologia. Ondorioak atera behar dira, baina ez arin antzean. Ondorio asko atera daitezke, dudarik gabe. Pentsa, artzain baten ondoan zakurra lurperatuta egotea! Otsoarengandik zakurra lortzea! Otsoak Madalen garaian hurbiltzen ziren gizakia zegoen lekura, neguan, zaungaka, janari beharrean. Gizakiaren inguruan, haragi usaina, eta hara hurbilduko ziren otsoak. Beldurgarri izango ziren otsoak. Bada, gizakiak, zakurra lortu zuen animalia beldurgarri hartatik. Praxitelesek Grezian, marmol pusketa batetik Apolo atera zuen bezalaxe, gizakiak, askoz lehenago, zakurra atera zuen otso zen hartatik. Eta zakurra, leiala, zintzoa, laguna... Ez dakit Odisea irakurria duzun...
Bai, irakurria dut...
Bada, Odisea-n, Ulises etxera itzultzen denean, inork ez du ezagutzen. Inork ez... bere zakurrak izan ezik. Argos zakurrak! Batek esango du: "Argos zakurrik ez da sekula izan. Eta Ulises ere ez!". Berdin zait hori. Homeroren buruan, Homeroren Grezian, hori bazegoen. Aztarnategian batean, zakur baten hezurrak aurkitu eta dar-dar egiten dizute eskuek! Egingo ez dizute ba! Zer dago zakurraren portaera baino humanoagorik! Eta objektiboa da: zakurraren hezurrak dira, ez otsoarenak.
Sasoi batean, hitzaldirik hitzaldi zenbiltzan garaian, maiz aipatzen zen "euskal arraza". Gaur egun, berriz, ez dago aipatzerik ere. Bekatu ere bada...
Egundainoko konplexua dago antropologian, "arraza" dela eta ez. Alemanian Hitlerrekin gertatu zena gertatuta... Kostatu zen konplexua sartzea, hala ere. Gogoratzen naiz, 1961ean, Arambourg-ek, Pariseko antropologo batek, liburu bat idatzi zuen, Giza arrazak. 61ean! Eta hantxe, munduan diren arraza guztiak. Arrazak. Konstatazio bat da liburuan egiten duena. Arrazak, izango ez dira ba arrazak! Baina arrazak aipatu eta arrazakeria ulertzen dute batzuek. Eta ez da hori. Batak, halako ezaugarri batzuk dituelako, bestea zanpatzea, hori da arrazakeria. Baina zuk ekarri hona norvegiar bat, altua, begi-argia, ile-ondulatua, eta ekarri bestaldetik pigmeoa, ttikia, beltza, ile-kizkurra... begiak itxita ere esango duzu zein den zein: bata norvegiarra, bestea pigmeoa. Konstatazioa egitea besterik ez da. Zakurretan bezala: artzain alemana batetik, pekindarra bestetik. Berdin-berdin! Egiterik ez dagoena, bata altu eta begi-argia delako, bestea mendean hartzea. Hori gertatu da eta! Baina arrazak daudela konstatatzea? Tira, gaur ez dago horixe egiterik ere! Nik uste gauzak baretuko direla eta bere onera etorriko direla berriro. Beste alde batetik, arrazak nahasten eta hibridatzen ari dira etengabe. Horra mulatoak ere. Baina, zenbait lekutan arrazak garbi iraun du, kanpokoak ageri ez diren lurraldeetan, batez ere. Pigmeoen artera ere, nor joan izan da urte askoan? Etnologoak, eta misiolariak. Eta kitto. Mesopotamian, berriz, arraza garbirik ez, mundu guztia handik pasa delako, Afrikatik edo Europatik Asiarako bidean. Hor aspaldi gertatu zen hibridazioa.
Eta gurean, Euskal Herrian?
Hegoaldean, zeltak, indoeuroparrak eta erromatarrak kokatu ziren. Baina mendi aldera, gure bailara estu hauetara, kostaldea alde batera utzita, ez ziren horrenbeste etorri, hemen dena hariztia eta pagadia besterik ez zen eta. Zertara etorri behar zuen hona? Hortaz, hemen hobeto kontserbatu zen "tipo euskalduna", arraza hitza erabili nahi ez baduzu... Hori horrela izan da. Egia da, gaur egun, gure "tipo euskalduna" ere desagertzen ari dela. Ez dugu arrazakerian jardun behar, baina ezberdintasunak badaudela? Dudarik gabe. Nik ikusiko banu, gero eta gutxiago ikusten dira baina, halako pertsona bat, gure zahar horietakoa, Australian ikusita ere, esango nioke: "Kaixo, nola etorri haiz honaino?". Garbi-garbi ikusten da eta! Berezitasunak ongi aztertuta daude. Baina batek Rh-a aipatu eta akabo!
Baina, berez, oraindik badago Rh-a aipatzerik?
Noski. Baina politika giroan aipatzen baduzu, orduan eta okerrago, zenbait oso erne dago eta, kontu horietara. Baina jakina Rh-a aipatzerik dagoena. Hor dira portzentajeak. Hori ez da ukatu. Egia da orain beste neurri batzuk daudena, ADN-a eta abar. Nolanahi ere, Rh-a negatiboa %36 da hemen, gutxi gorabehera. Inguruko herrietan ez da %16ra iristen. Hala baldin bada, zer egingo diogu ba! Begiak urdin edukitzea bezala da hori. Berezitasuna.
Behin edo behin esan izan duzu arkeologia lanetatik bakarrik ez dagoela bizitzerik...
Zoritxarrez hala da.
Irakaskuntzan jardun beharra dagoela...
Garai batean batez ere, irakasle lanpostuak zirenean, Institutuan edo Unibertsitatean, gaur ez baitago hori ere. Hori da okerrena. Ikertzailea Unibertsitatean baldin badabil, hobeto erakutsiko du. Ikertzailea Unibertsitateko irakasle ez bada, nekez emango dio ikasleari behar duena. Beste aldetik, irakaskuntzatik bizi bada, hobe du bokazio izan, bestela ez du ondo pasako eta.
Zuri asko gustatu zitzaizun irakaskuntzan jardutea...
Bai, asko. Institutuan eta Unibertsitatean jardun dut erakusten eta ondo erantzuten zuen ikasle askok. Gogoratzen naiz erretiratu aurreko azken klasea ematea kosta egin zitzaidala. Lehen, 65 urterekin hartu behar izaten zen erretiroa. Ni erretiratu baino lehenxeago, berriz, lege bat -edo dekretu bat, txuxen ez dakit-, atera zen, eta 70 urteraino luzatu zuten erretiratzeko adina, Unibertsitatean. Aukerakoa zen, hala ere. Nik ondo ikusten nuen nire burua, ikasleak ere ez ziren haserre, eta 70 urte arte jarraitu nuen. Gero, utzi egin behar. Eta, azkenengo eskola ematea berezia izan zen. Ikasturte bateko azken eskola beti izaten zen triste xamarra. Pentsatzen duzu: "Tira, oinarriak eman dizkiet ikasle hauei. Ederra litzateke ikasle hauek berak hartzea datorren urtean eta oinarri horien gainean lan egitea". Baina ikasleak joan egiten ziren, eta berriak etorri. Ikasturte berriko lehen egunean, aurpegi berriak nire aurrean. Eta, seguru, ikasleak galdezka: "Zein ote dugu tipo hau!". Harremana sortu arte, behintzat. Gero, urtea bukatu eta alde egiten zuten. "Datorren urtean, berriz hasi behar!", esaten nion neure buruari. Erretiratu aurreko azken eskola egunean, berriz: "Akabo!, gaur hori ere ez daukat!". Tristea izan zen.
Hainbat sari jaso dituzu, handiak gainera. Zure lana preziatua da, inondik ere. Baina, uste duzu gure ondarearen ikertzea eta zaintzea behar beste preziatzen dela gure herrian? Jendeak, erakundeek, eraikuntza-nagusiek...
Denetarik dago. Nik esango nuke, gehienbat, baietz, ardura hori baduela jendeak. Gure arbasoak aipatu, haiek egindako lanak... estimatzen dira. Datua ere badut: hemen, esate baterako, ez dugu aztarnategiak mantentzen beste leku askotan duten lanik. Eman dezagun Ekain. Santutegia da, berezia da, balio handikoa, itxita dago aspaldi. Eta inork ez digu atea bota. Beste zenbait lekutan ikusi behar: atea jarri eta berehalaxe puskatu. Zaragozako lagun batek esaten zidan: "Atea jarri beharko genuke... baina 500 voltiokoa! Eta zintzilik, han kixkali diren hilotzak". Hemen ez dugu horrelakorik. Horrek zerbait esan nahi du. Hori, herri aldetik. Erakundeei dagokienez, 1990ean atera zen Ondare Legea. Ona. Autonomiatan, lehenbizikoa. Legeak agintzen du Ondare gunea eratu beharra, eta sendotu beharra. Eta Ondare Zuzendaritza eratu zen, Jaurlaritzan, Kultura sailaren barruan. Lan handia egin du horrek. Duela lau urte, "ondasun kualifikatu" izendatu zituen Gipuzkoako trikuharri eta megalito guztiak. Gauza ona izan zen. Lehenengo, izendatu, gero seinalizatu, garbitu... Mendian, okerrena, sasia eta otea dira, trikuharriak eta bestelakoak ezkutatuta geratzen dira eta arriskua dago era batera edo bestera haiek hondatzeko. Orain arte dirua izan dugu ondarea garbitu eta mantentzeko. Baina beldur naiz azken urteetan ez ote den pixka bat makaldu...
Hitz onak dituzu baina bestelako datuak ere badira: Noaingo akuedoktuari bizpahiru begi kendu zizkioten, autopista egitearren! Ehunka urte dituzten baserriak bota eta etxetxoak jasotzen ari dira, nonahi. Durangotik hurre, Izurtzan, Bekotorre, XV. mendeko dorretxea, chalet berriz inguraturik dago. Iruñeko Gaztelu plazako txikizioa eta! Salbuespen ez baina arau ditugu gertaerok... Eta ez da gertatu zaharra Igeldon (Gipuzkoa): errepidea egiteko lanetan betiko galarazi zuten bertan zegoen trikuharria ere...
Arrazoi handia duzu. Ondarearen elementu asko ari zaigu galtzen gure agintari askoren axolagabekeriagatik. Etorkizuna eraiki dezakegu, iragana hainbeste hondatu gabe ere. Begira diezaiegun Europako zenbait herri aurreraturi: Suitza, Alemania, Finlandia... Adibide ederrak ditugu bertan. Etxean, berriz, Igeldo aipatu didazu, trikuharriaren deuseztapena. Adibide tamalgarria da, adibide bat, beste askoren artean. Makina zahar handi baten ordu erdiko lana nahikoa izan zen! Han gelditu ziren sakabanatuta, lur eta harri tona askoren artean, bertan, orain dela 4.000 urte, hilotzaren inguruan ipini zituzten lanabesak eta apaingailuak... Eta, lanabesak eta apaingailuak ez ezik, hildako haren senideen nahigabeak eta malkoak ere sakabanatuta geratu ziren... Mendi bizkar batean, bidertzean ipini zuten monumentua, beraien ikusmenean, hurbil, lotura iraunkorra izateko asmotan. Oroitzapena. Bide haietan barrena, artaldeak larreetara eramaterakoan, beraien barruan zuten itxaropen ahuldu hura bizirik mantentzeko balioko zuen. Eta, gaur egun, betiko galdua!
Tristea, negargarria, geure izpirituak ere hiltzen ari gara...
Trikuharria nabarmena zen, gainera. Beharbada, haren kamera ez zen ondo-ondo ikusiko, baina tumulua bai, nabarmena zen. Gure departamenduko lagun batzuek, Arantzadikoek, aurkitu zuten, Igeldoko tabernan zeudela. Leihotik begiratu eta elkarri esan omen zioten: "Han, muino hartan trikuharri bat dago!". Joan ziren, eta baita izan ere, trikuharria! Hamaika galdu da horrela. Batez ere mendi bideak egiten dituztenean. Makina handi horiekin edozer gauza txikitzen dute. Guk hitz egiten dugu bateko diputazioarekin eta besteko erakundearekin, baina nahikoa da makina-gidariak oker egitea, hondatu behar ez zuena hondatzeko.
Txikitan, Altamirako leizeak ageri ziren eskola liburuetan. Egun, Ekaingo irudiak ageri dira, sarri... Hala ere, jendeak ez du Ekain bertatik bertara ikusi, itxita iraun zezan "lortu" zenutelako...
Altamira aipatu duzu, baina Altamira alferrik galduta dago, asko. Lascaux-ko (Frantzia) kobazulo zoragarrian ere arazo larriak daude orain. Eta Santimamiñe bera. Joan den apirilean izan ginen gu Santimamiñen eta On Joxemielen memorian agertzen diren bost irudi, gutxienez, ez dira ikusten. "Hortxe zegoen ba, bisontea! Hona argazkia ere!", baina ez da gehiago ageri. Eta, are okerrago, ate baten erroak, Santimamiñen, bisonte baten irudiaren gainean! Hori ere bai. Ekaini dagokionez, Ekain esplotatu egin nahi zuten, hitzak duen zentzurik txarrenean. Garai hartan horixe egin zuten Altamirarekin, esplotatu. Egunean hiru mila lagun sartzen ziren Altamiran, eta horregatik galdu ziren hainbat gauza han. Guk ez genuen horrelakorik nahi Ekainen. Ekain bi azpeitiar gaztek, Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek aurkitu zuten 1969an. Guk indusketak egiteko baimena eskatu genuen, atarian aztarnategia dagoelako. "Indusketak iraun bitartean ez dadila koba irekita egon!" eskatu genuen. Eta hori onartu zuten. Indusketak 1975 arte iraun zuen. Franco hil zen. Gauzak aldatu egin ziren. Jende asko Altamiran gertatzen ari zenaren kontra hitz egiten hasi zen. Lascaux ere itxi egin zuten garai hartan, eta hori dena ondo etorri zitzaigun guri, Ekain itxita edukitzeko. Dena dela, Ekain ikusi nahi duenak badu aukerarik, kontrolpean, jakina. Horretarako, eskaria egin behar du. Launaka-launaka sartzen ditugu bisitariak. Zortzi lagun sartu eta nahikoa da batek irudi bat ukitzea irudi hori hondatzeko. Astean zortzi bat lagun sartzen dira Ekainen. Interesa duenak aukera du Ekain ikusteko. Txarrenean, zain egon beharko du pixka batean. Horrexegatik ari gara kopia egiten. Ekainek betetzen duen funtzio didaktiko eta soziala erakusteko. Kopiak ere gorabehera handiak izan ditu eta aspertuta nagoela ere esango nuke, baina ez dut etsiko. Bestetik, ematen du bere onera datorrela eztabaida.
Eztabaida antzua...
Lehenengo, Deban edo Zestoan behar ote zuen kopiak. Gero, Zestoako udala txikia eta, ez zuela dirurik kopiaren gastuei aurre egiteko. Jaurlaritzak lagundu zigun asko, Bruselak, Kutxak, Madrilek -gainera, Jose Joan Gonzalez Txabarri bertan zegoen garaian, hain zuzen-, eta orain, badirudi aurrera egingo dugula, benetan. Dirua jarriko dutela. Kopia oso aurreratuta dago. Lascaux-eko kopia egin zuen Renaud Sanson bera ari da egiten, oso ondo ere, eta eraikina ere bukatuta dago. Erakusgaiak jartzea eta barrua ere ixtea besterik ez da geratzen. Hamar bat hilabeteko lana baino gutxiago. Falta izatekotan, parkinga, eta harainoko bidea. Guk nahi dugu bailada hura izan dadila, Sastarrain, osorik izatea ondare. Ikuslea errespetuz sartzea bertara, ez zuloan bakarrik. Bailada hura Historiaurre da. Han bizi izan zen lehen gizakia, bertan harrapatzen zituen izokinak... Kopia egiteko bi modu daude. Lehenbiziko kopia alemanek egin zuten; Altamirako sabaia Municheko Deutsches Museoan jarri zuten. Madrilek, baimena emateko garaian, zera eskatu zion: ordainetan, beste kopia bat Madrilgo Arkeologia Museoan jartzeko. Hori da kopia egiteko modua. Niaux-en ere, berdin egin zuen Renaud Sanson horrek berak. Lascaux-en beste era batera egin zuten: kobazulo berdina sortu, eta Lascaux-en bertan dauden bezala jarri irudiak eta beste. Era hau askoz ere aberatsagoa da, eta guk hauxe aukeratu genuen. Ez dugu irudiak bere testuingurutik atera nahi, eta ez dugu kobazuloa bera ere testuingurutik atera nahi, hau da, bailadatik. Eta berdin zait hori Deba izan, Zestoa izan, edo Baliarrain. Han bizi izan zen euskal gizona, hantxe harrapatzen zituen oreinak eta Izarraizko malkarretan basahuntzak, Urolan izokinak... nola eramango duzu ba, handik 30 kilometrora, Mutrikura, Astigarribia leku polita izanda ere? Leku politak toki askotan daude. Hortxe korapilatu zen eztabaida. Bestalde, dirua. Baina, ematen du pixkanaka-pixkanaka zuzendu direla gauzak, Sanson berak ere asko maite duelako proiektua.
Ekain launaka ikusitakoen artean da Jean M. Auel ere, Clan of the Cave Bear (Kobazuloetako Hartzaren Klana) idatzi zuena. Zure eskutik ikusi, eta negar ere egin omen zuen...
Ekaingo zaldi multzo handi horren aurrean gauza asko ikusi ditut, baina hori bakarrik ikusi dut negarrez. Ahozabalka ere ikusi izan dut baten bat, ez dizut esango nor den, baina gizon ezaguna, ahozabalka, eta hari ez nion besterik erakutsi: esplikatu nion, bukatu genuen eta agur! Irudi haren aurrean, bata, ahozabalka; bestea, berriz, negarrez! Egia da Ekain zela emakume horrek, Jean M. Auelek, ikusten zuen irudidun lehenbiziko kobazuloa. Ondoren ikusi zuen Altamira, eta ondoren ikusi zuen Lascaux. Eta, hain zuzen, Auel idazten ari den liburuan Ekain azalduko da. Sentiberatasun handiko emakumea. Oso egun polita pasa genuen.
Atapuerca besterik ez da entzuten, gaur egun. "Gizakiaren adinak" erakusketa ere hor da, ikusgai. Zer da, Historiaurrea boladan ote dugu?
Atapuerca garrantzi handiko da. Aztarnategi bat baino gehiago daude hor, ez da bat bakarrik. Gainera, batzuk, oso zaharrak. 800.000 urte baino gehiago dituzten giza aztarnak agertu dira hor: tresna zaharrak ezagutzen genituen lehendik ere, baina giza hezurrak... Hori alde batetik. Bestetik, orain dela 300.000 urteko giza hezur multzo handia agertu da. Hainbeste giza hezur, eta garai berekoak, ez dugu Atapuerca arte ezagutu. Antropologia aldetik batez ere, garrantzi handiko kontua da hori.
Ekain eta Atapuercaren artean loturarik ba ote dagoen irakurri dut...
Ez. Gehienez ere, egon liteke Lezetxikirekin, beharbada. Guk aztertu genuen Lezetxiki eta hezur bat, emakume baten hezurra, oso zaharra aurkitu genuen Barandiaranek eta biok 1966an. Urte hartan Lezetxikiko lanak uzteko asmoa genuen, eta azkenengo egunean aurkitu genuen hezur hura. Eta, orduan, hurrengo urtean berriz itzuli ginen Lezetxikira. Oso hezur zaharra da, fosilizatuta dago eta 300.000 urte eduki ditzake. Eduki ditzake, diot, zuzen ez dakigu eta. Hipotesi eginez, egon liteke lotura Lezetxiki eta Atapuercaren artean, orain dela 300.000 urteko hezurrak direla eta. Baina jakiteko modurik ez dugu oraindik.
Historiaurrea aztertzen bizitza osoa eta, egin ezazu, politikarien modura, zure "balantzea". Zein dituzu argiak, zein itzalak? Zein lortutakoak, zein damuak...
Altxorretan, hezur bilduma. Gaur egun, bide horretatik jo nahi duenak badauka nik, nire sasoian, Alemaniako kideei ikusten niena: armairu kaxoiak ireki eta hemen bizi izan diren animalia guztien hezurrak, Afrikatik etorriak edo Asiatik etorriak izan, baina hemen bizi izan direnak. Nire bizitza osoan egin dudan lana, eta jarraitzen dut horretan. Eta nirekin batera, emazteak jardun du, Korok. Azpiegitura sortzea baita kontua. Bilduma honi esker egin ahal izan dugu ikerketa asko eta asko, eta hauen bitartez gure arbasoak hobeto ezagutu ahal izan ditugu. Bestalde, gure Historiaurreko ondarea zaintzen ere aurrerapauso handiak egin ditugu. Hara hor, lekuko, Ekain santutegiaren kontserbazio ezin hobea. Gipuzkoako aztarnategietan aurkitutako materialak ere ondo zainduta dauzkagu, eta Gipuzkoako megalito guztiak garbituta eta seinalizatuta.
Eta, damuetan?
Damuetan... denbora aurrera doa eta metodoak ere aurrera ari dira. Gaur egun, aztarnategiak lehen ez bezala aztertzen ditugu. Baina, jakina, orduan inork ez zituen aztertzen gaur bezala. Batzuetan pena ematen dit zenbait aztarnategi azkar xamar aztertu direla. Gaur egun zuku handiago aterako genien. Askotan esan dut, On Joxemielen merituak aipatzen direnean, Historiaurrean baino, Etnografian daudela. Hark, Urtiaga, Ermitia, Lezetxiki... leizezuloak aztertu izan ez balitu ere, hor egongo ziren aztarnategi horiek, gerora ere aztergai, metodo hobeekin. Baina Etnografiari dagokionez, berak, hiltzen ari zen mundu bat jaso zuen. Gure mitologia, esaera zaharrak, gure uste zaharrak... jaso zituen, hiltzen hasi zirenean. Inguruko beste herri batzuek ere izango zuten, guk bezala, bere mitologia... baina ez dakite horretaz ezer, ez dutelako izan Barandiaran bat, mundu hori hiltzen ari zenean jaso zuena. Hori da Barandiaranen meritua. Askok esaten diote Barandiarani ez duela interpretaziorik egin, ez duela ondoriorik atera, ez dituela datuak josi. Garai hartan ere esaten hasi ziren hori bakan batzuk, baina nik bertatik bertara entzunda dakit Barandiaranek esaten zuena: "Ez baitugu denbora hori egiteko. Jaso egin behar dugu, jasotzen ez baldin badugu gero ezin izango dituzte egin interpretazioak, ez dutelako gaia izango!". Berak, mutikoxkorretan, bere aitona-amonagandik eta, bizirik zeuden garaian jaso zituen materialak. Gero, ikusi zuen jendeak ez zuela zaharren kontuetan sinesten: "Bai, aitonak esaten zuen...", baina besterik ez. Hara, Barandiaranek, Jentillarriko trikuharria aurkitu zuenean, Aralarren, lehenbiziko trikuharria, mutikoxkor batek kontatu zion jentilaren ipuina. Mutikoxkor batek, 14 urteko artzainak, jentilarena kontatzen Barandiarani! Ez artzain zahar-zaharrak, mutikoak baizik. On Joxemielek horiek jaso ez balitu, akabo!