Erresistentzia kutxak patronalaren erasoei aurre egiteko

  • Aurtengo negoziazio kolektiboan patronalaren erasoak lan gatazka luzeak ekarri ditu Hego Euskal Herrira. Horietatik gogorrena Caballitorena. Euskal sindikatuak ELAren ispiluari begira jarri dira, sindikatu honek urte asko baitaramatza erresistentzi kutxarekin lanean, bere afiliatuek greba luzeak jasan ahal ditzaten. Orain erresistentzi kutxa eduki nahi dute denek.

Greba luze eta gogorrak hasi dira aurten Hego Euskal Herrian, negoziazio kolektiboa gauzatzen zen bitartean. Grebarik gogorrena Gasteizko "Caballito" multinazional alemanarena da, dagoeneko bederatzi hilabetetik gora irauten baitu. Egoera horren aurrean, erresistentzi kutxak eratzeko beharra ikusi dute sindikatuek, patronalaren erasoei aurre egin ahal izateko. ELA STVren kutxak urte asko daramatza lanean, eta grebetan eskaintzen duen laguntza ikusita, gainontzeko sindikatuak -LAB, CCOO eta UGT- buru-belarri hasi dira arazoaren inguruko gogoeta egiten, bazkide izan litezkeen langile asko ELA STVra joango diren beldurrez. Arazoari adarretatik heldu diote, eta sindikatuak erresistentzi kutxa edo elkartasun funtsen eredua aztertzen hasi dira, beraien erakundeetan ere horrelakoak ezartzeko.

Sindikatu guztiek diote ez dutela ELA STVren eredua erabili nahi, ez direla ari kide berriak lortzeko sistema baten bila, ez dutela eten nahi langileen arteko elkartasuna, eta abar. Alabaina, sindikatu horiek luparekin aztertzen ari dira ELA STVren eredua, eta ziur aski azkenean ELA STV sindikatu abertzaleak urteetan erabili izan duenaren antzeko formula erabiltzen bukatuko dute. Horregatik, ELA STVren eredua ezagutzeko, Jose Elorrietaren sindikatuko erresistentzi kutxaren erregelamenduko edukiaren ardatz nagusiak ematera goaz. Bestalde, aipatu beharra dago gaur egun gutxiengo bat biltzen duen beste sindikatu batek ere, USOk, alegia, bere erresistentzi kutxa daukala. Greban dauden USOko kideek gutxieneko soldataren (hileko 460,5 euro) %75 eta %100 arteko diru kopurua jasotzen dute kutxa horretatik.

ELAko grebalariek gutxieneko soldata baino gehiago kobratzen dute

ELA STVko Zuzendaritzak aurten bertan berrikusi du bere erresistentzi kutxa. Greban dauden kideek gutxieneko soldata baino dezente gehiagoko ekarpena jasotzen dute, erregelamenduko baldintzak betetzen badituzte. Hauexek dira aurtengo zenbatekoak: astean 143,01 euro jasotzen dituzte ohiko egoeretarako erresistentzi kutxatik. Hileko ohiko kalte ordaina 620,66 eurokoa da. Egoera berezietarako erresistentzi kutxatik 1.218,54 euro jasotzen dituzte hilean.

Pentsatzekoa denez, ELA STVko kide diren langileek ez dituzte erresistentzi kutxa konfederaleko prestazioak jasotzen edozein motako grebak egiten dituztenean. Erregelamendu bat ezarrita dago, kideei greba egoera zehatz batzuetan kalte ordainak emateko. Erregelamendu horrek hamabi artikulu eta eranskin bat ditu. Eranskineko zazpi puntuetan biltzen dira greba egoera zehatz batzuetan kideei eman beharreko aparteko kalte ordainak. Erregelamenduaren lehenengo artikuluan erresistentzi kutxaren definizioa dator: "ELA STVko kide diren langile guztien elkartasun ekintza, sindikatuaren eraginkortasuna areagotzen duena, erregelamendu honetan eta Kontseilu Nazionalak ezartzen dituen beste arauen arabera grebak eta lock-outak gertatzen direnean laguntza emanez". Erresistentzi kutxa konfederalari kuota konfederalaren zein ehuneko egokituko zaion ezartzea Kontseilu Nazionalari dagokio. Aurten %25 ingurukoa da ehuneko hori.

Sindikatu abertzaleak ez ditu kalte ordainak ematen edozein grebarengatik. Erregelamenduaren arabera, "lanbideko grebengatik soilik emango dira kalte ordainak; lanbide arteko grebak eta lanbidearen eremutik kanpo gelditzen direnek ez dute kalte ordaina jasotzeko eskubiderik ematen". Horrez gain, hiru lanegunetik beherako greba eta lock-outek ere ez dute kalte ordainerako eskubiderik ematen. Horiek horrela izanik, norbaitek erabaki behar du grebak bidezkoak diren ala ez. Halaxe da bai, lehenik eta behin "profesionalen federazioei dagokie grebaren zilegitasuna epaitzea. Konfederazioari idatziz eskatu behar diote, ahal bada greba edo lock-outa hasi aurretik eta asko jota hasten denean, gatazkan interesa duten pertsonei dagokien kalte ordaina. Gatazka eragin duten arrazoien berri emango dute, eta horrez gain greba edo lock-outa noiz hasiko den, zenbateko iraupena aurreikusi den eta gutxi gorabehera zenbat grebalari izango diren adieraziko dute". Eskaera jaso ondoren, "Exekuzio Batzordeak dagokion profesionalen federazioari adieraziko dio bere onespena. Onespenik ematen ez badu, ordea, Batzorde Nazionalak erabakiko du kalte ordainak ematea bidezkoa den edo ez den".

Zeinek du kalte ordaina jasotzeko eskubidea? B kuota (12,40 euro) kotizatzen duten langileek eta M kuota (9,31 euro) kotizatzen duten 18 urtetik beherako langileek. Sei hilabetetik gora etengabe kide izan direnek eskubide osoa daukate. Hiru eta sei hilabete bitartean kide direnei %50eko kalte ordaina dagokie, eta hilabete bat eta hiru hilabete artekoei, berriz, % 25ekoa. Kalte ordaina astero jasotzen da, hileko soldata garbia, gehienez ere, sindikatuko kideari dagozkion aparteko ordainsariak barne. Kasu berezietan, eta profesionalen federazioek eskatuta, kide izaten gutxienez hiru hilabete daramatzatela egiaztatzen ez duten pertsonei %50eko kalte ordaina emateko baimena eman dezake Exekuzio Batzordeak.

Aparteko kalte ordainak

Erregelamenduko eranskinean jasota datorrenez, "sindikatuaren ildo estrategikoekin bat datozen erasoko greben kasuan" erresistentzi kutxa konfederalak aparteko ordain sariak eman ditzake. Horretarako, "greban dauden langileen %30ek, gutxienez, izan behar du sindikatuko kide". Horrez gain, arazoak ukitzen dituen sindikatukide horien %75ek, gutxienez, eman behar du grebaren aldeko botoa. Bi hauetakoren bat gertatzen denean utziko zaio kalte ordaina emateari: federazioak deitutako erreferendumean sindikatuko kideen gehiengoak hala erabakitzen duenean eta erreferendum horretan greban jarraitzearen aldeko botoak %75etik beherakoak direnean.

Aparteko kalte ordaina astero banatzen da, eta gatazkak ukitzen dituen ELAko kideen urteko batez besteko soldata garbiaren %65ekoa izaten da. Zenbateko hori kalkulatzeko, gizarte segurantzako kontingentzia orokorrengatiko kotizazio oinarriak hartzen dira kontuan. Aparteko kalte ordain osoa jasotzeko eskubidea izateko, gutxienez sei hilabeteko antzinatasuna eduki behar da sindikatuan. ELAn sartuta hilabete bat eta sei hilabete artean daramaten pertsonek erresistentzi kutxa konfederaleko oinarrizko kalte ordainaren %100 jasotzen dute eta hilabete baino gutxiagoko antzinatasuna daukatenek, berriz, kalte ordain horren %50. Ez dute kalte ordaina jasotzeko eskubiderik greba hasi eta gero sindikatuko kide egiten direnek.

'Borroka kutxa'tik 'Elkartasun kutxa'ra
ELA eta USOren bideari jarraituz, LAB, CCOO eta UGTk ere laguntza erakundeak sortu nahi dituzte beraien kideak greban daudenerako. Horrekin, laguntza eskaintzeaz gain, kideek ELAra aldegitea saihestu nahi dute, ELAk laguntza ekonomikoa ematen baitie bere kideei krisialdi garaietan. Hiru sindikatu horietako sailak hasiak dira erresistentzi kutxa sortzeko azterketak egiten. Bakoitzaren kutxak behin-behingo izen bat du. Esate baterako, LABena "Borroka Kutxa" da, CCOOrena "Elkartasun Funtsa" eta UGTrena "Elkartasun Kutxa".
LABen kutxa ereduak "inoiz ez ditu klase barruko elkartasun mailak hautsi behar: ez da izango sindikatura kide berriak erakartzeko tresna edo, gaur egun gertatzen ari den bezala, greban daudenek lanean ari diren milaka eta milaka langilek baino askoz ere gehiago irabazteko bidea". Sindikatu abertzale horrek, hala ere, oraindik ez du zehaztu zein izango den bere eredua. CCOOri dagokionez, kutxa enpresako gatazkak gertatzen direnean bakarrik erabiltzeko asmoa dauka, ez du balioko sektoreko gatazketarako. UGTk aldiz, edozein gatazka motarako erabili nahi du bere funtsa.


Azkenak
2024-08-20 | ARGIA
Langile bat hil da Iurretan, baso-lanetan ari zela

LAB sindikatuaren kontaketaren arabera, dagoeneko 36 dira aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak.


Hainbat sexu eraso salatu dituzte Tuteran, Ondarroan, Bilbon eta Donostian

Tuteran 30 urteko gizon bati 23 urteko bikotekideari erasotzea leporatu diote, eta Ondarroan 31 urteko gizon bati lankide bati ukituak egitea, herriko osasun etxean. Bilboko jaietan bi sexu eraso salatu dituzte, eta Donostian 20 urteko gizon bat atxilotu dute, hiriaren... [+]


Epaileak ez du “hilketa saiakeratzat” ikusi emazteari labanaz eraso dion ertzainaren kasua

Mehatxu larriak egitea egotzi diote, eta behin-behinean aske utzi dute urruntze agindua ezarrita.


Taser pistola Foruzaingoaren armen araudian sartu nahi du Nafarroako Gobernuak

Nahiz eta Nafarroako hainbat udalerrietako udaltzaingoek taserrak dituzten, ez dago armen araudian jasota. Azkoienen lau aldiz erabili dute, eta Iruñean aurtengo ekainean erabili zuten lehen aldiz.


2024-08-19 | ARGIA
Palestinaren alde mobilizatu dira Bilboko eta Donostiako Aste Nagusian

Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, bi hiriburuetako jaietan "Palestina presente" egoteko aldarria luzatu dute. Ostiralez Bilbon, eta larunbatez Donostian.


2024-08-19 | Behe Banda
Barra Warroak |
Soro bat, zoro bat

Testu hau goizeko ordu txikitan izaten diren hausnarketa batekin hasi da, Araba galduko herri batean zoruan jarrita, ortzimugan eguzkia ateratzen dela ikusirik. Zelai hori eta nabarren artean hegan egiten duten txoriei so eginez, mendietan dauden basoetan pentsamenduak galduta... [+]


2024-08-19 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei ikus-entzunezko proposamen.


2024-08-19 | El Salto-Hordago
Amazon, Israelgo armadaren informazio biltegi amaigabea

Amazonen hodeia da AWS, eta funtsezko faktorea izaten ari da Israelen operazio militarretan.


Beroaren ondorioz 47.000 pertsona baino gehiago hil ziren iaz Europan

Mundu mailan erregistratutako urterik beroena izan zen, eta Europako bigarren beroena, ISGlobalek egindako azterlanaren arabera. Europa hegoaldeko estatuak dira heriotza-tasa handienak dituztenak. Parisko Akordioan zehaztutako helburuak ez dira betetzen ari.


Behar adina egin

Berrerarabili, zaharberritu, konpondu, eraldatu… Behar duguna baina gehiagorekin bizi garelako agian…


2024-08-14 | ARGIA
Israelek preso palestinarrak erabiltzen ditu tunelak eta eraikinak miatzeko

"Gure bizitzak haienak baino garrantzitsuagoak dira", esan dio Israelgo armadako soldadu batek Israelgo komunikabide bati.


2024-08-14 | Kanaldude
EuskarAbentura: gazteen paregabeko espedizioa

Joan den uztailean, hilabete batez, 127 gaztek 400 kilometroko espedizioa oinez egin dute Euskal Herrian gaindi. Abenturazale haiek Jzioquitarrak deitzen dira eta 30 egunez, 27 herri bisitatu eta hainbat euskal eragile ezagutu dituzte. Aurten, EuskarAbenturako helburuak aise... [+]


Eguneraketa berriak daude