Gezurra badirudi ere, Kuba beti izan zen bazterturiko lurralde bat, Nueva Espainiako administrazioaren itzalean bizi zen beste irla bat soilik. Baina XIX. mendean egoera hau nabarmen aldatu zen, ordura arte nagusi ziren abeltzaintza eta tabakoari, kanaberen laborantza gailendu zitzaion eta benetako milioien dantza hasi zen, kainako azukrea ekoizteko ingenioak »kanaberak, esklaboak eta errotak biltzen zituzten lur sailak» izugarri ugaldu ziren eta hauen inguruan sakarokrazia deituriko gizarte elitista sortu zen. Habanako hiria, sekula baina distiratsuago, aberatsen bilgune bihurtu zen; bertako oligarkian klase sozial baxuagoetatik zetorren gero eta jende gehiagok hartu zuen parte, hauen artean Julian Zulueta Amondo, Arabako lautadako nekazal herri txiki batean jaiotakoa.
Mende honetan, migrazioek izugarri egin zuten gora, Euskal Herria ez zen salbuespen izan eta populazioaren hazkundeak, gerrateek edo industriaren atzerapenak, milaka lagun Amerikara eraman zituen, itxaropenaren lurraldera. Askok inork esan gabe, abenturaren arriskuan egin zuten bidaia hura; beste askok, lehenagotik joandako senide baten deia jaso eta gero. Zulueta azken kasu honetan sar genezake, 1832an, hemezortzi urte besterik ez zituela, bere osaba Tiburtzioren kafe sailetan maneiatzeko Anuzita herrixka utzi baitzuen.
Inperio ekonomikoa
Osabaren lur sailak heredatu eta gero, Zulueta azukrearen negozioan buru belarri sartu zen eta Londresen zuen ustezko senide baten enpresan »Pedro Juan Zuluetaren, Zulueta & Cía-n» parte hartu zuen; nabigazio enpresa honek esklaboak garraiatzen zituen, eta honen bidez, gure arabarra azukrearen ekoizpenerako ezinbestekoa zen eskulan merkeaz hornitzen zen. Baina negozioa ez zen hain erraza eta garbia, Britainia Handiak 1810ean esklaboen garraioa abolitu zuenetik, afrikarrez lepo zeuden bapore hauek pertsegitu zituen; Londreseko justiziak Pedro Juan Zulueta auzitan sartu zuen eta Julian Zuluetak ere bi hilabetetako kartzela aldia igaro behar izan zuen Kubako kontsul britainiarraren erruz.
Eragozpenak eragozpen, Zuluetak Kubako kanaberen esplotazioari esker aberastasun handia lortu zuen, 1860an Macagua inguruan eraikitako hiru ingenio zituen "Alava", "Vizcaya" eta "Habana" izenez ezagunak »herriminaren lorratza bistakoa da» eta urte horretatik aurrera Habanako oligarkiaren buru bihurtu zen. Ustiapen hauek sistema modernoenekin mugitzen ziren, Derosne izeneko baporezko makina berritzailea, esaterako. Gainera, azukrea itsasertzeraino garraiatzeko trenbideak sortu eta kostaldean ontziralekuak eraiki zituen. Baporezko itsas linea bat ere bazuen trafikante euskaldunak. Esklaboak barrakoi erraldoietan sartzen zituzten, hauek bohioetan zeuden banaturik, kanpotik ixten ziren ziega txikiak ziren, presondegien parekoak. Zuluetak esklaboen osasuna hobetzeko Afrikan ontziratu aurretik txertoa jartzen zien eta ingenio bakoitzean erietxe bana sortu zuen. Baina hau guztia ekonomiaren ikuspuntutik egiten zuen, esklaboak bere ondarearen parte baitziren, ekoizpenerako tresna bat, alegia.
Izan ere, ezin da ukatu Zuluetak negozioetarako begi zorrotza zuenik, ezkontza ere modu horretan erabili zuen eta! Baina ez gaitezen inuzenteak izan, maitasunagatik baino, ezkontza kontratu ekonomiko hutsa izan baita mila bider historian zehar. 1842an Francisca Doloresekin ezkondu zen, Kataluniako Samá familiako kidea eta honi esker esklaboen trafikoan gehiago sartu zen. Honen ondoren beste bi bider ezkondu zen, bere arreba baten bi alabekin, 1861 eta 1864an, hurrenez hurren; Zuluetak Habanan oso arrunta zen endogamiara jo zuen, lortutako dirutza guztia familian geratuko bazen.
Alkate, txapelgorri eta markes
Boterea ez da soilik diruz neurtzen; Zulueta, aberatsa izateaz gain politikoa ere bazen, gehienetan bi hauek batera baitoaz. Kubara iritsi bezain laster bertako gobernuetan muturra sartu zuen, lehenik Merkataritzarako Kontsul, gero Haziendako Kontseilari eta azkenik, 1864an eta 1876an Habanako Alkate izan zen. Bere agintaldian hiria inguratzen zuten harresi zaharrak bota zituen, etorbide eta eraikin zabalei bide emanez. Mundu globalizatuaren hastapenetan, karguak ez zituen bakarrik Kuban izan, baita Espainian eta Euskal Herrian ere. 1875ean Arabako Markes eta Casablancako Bizkonde izendatu zuten eta urtebete beranduago, espainiar erregeak senatari kargua eman zion Madrilen. Beraz, aldi berean Kuban eta Madrilen ibili zen, zaila da, ordea, soinua jo eta dantza batera egitea, esaera zaharrak dioenez.
Espainiako erreinuak ardura hauek eman izanak Zuluetaren postura ideologikoekin lotura zuzena du. Pertsonaia honek Kubako ildo intrantsigenteenaren gidaritza hartu zuen hasieratik, esklabotzaren abolizioa eta Kubarentzat autonomia gehiago eskatzen zutenei aurre eginez »liberalak, kubatar kreolak...». Zuluetak, beti bezala interes ekonomikoei so, Espainiako sektore tradizionalistenekin bat egin zuen eta aldaketa zekarren edozer mugimenduren aurka jo zuen. 1868an kubatarren lehen altxamendua gauzatu zen eta Anuzitako esklabistak, ehunka boluntarioz osaturiko "txapelgorrien tertzioak" sortu zituen. Batailoiko Koronel eta estratega militar izan zen, beraz. Gurean eraginik ere izan zuen gizon boteretsu honek, II. Gerrate Karlista diruz lagundu omen baitzuen, Karlosen kausaren alde, noski.
Heriotza kaxkarra
Gizon handia eta aberatsa zen eta heriotza ere hala etorri beharko zitzaiola usteko zuten askok garai haietan, zirraragarria eta epikoa; baina alderantziz izan zen, distira gabeko heriotza margula eta kaxkarra izan baitzuen Zuluetak. 1878an, bere zaldietako batean paseatzen zihoala, abere gainetik erori eta bertan geratu zen betirako. 64 urte eskasekin, "gazte" hil zen, baina hona hemen kontrasterako datu bat: bere menpe zeuden esklaboen bizi itxaropena ez zen urte horien erdira ere iristen.
Gaur egun apenas dugun berririk Zuluetari buruz, badakigu bere dirutzari esker hainbat jauregi eta eraikin egin zituztela, batez ere Gasteizen, horien artean Sancho el Sabio Fundazioaren Dokumentazio Zentroa dagoen Zulueta jauregia, Arte Ederretako Museoa kokaturik dagoen jauregia edo Gasteizeko Diozesi Seminarioa, baita garai bateko Anuzita herriko eskola ere. Kuban ere ez dute trafikante euskaldunaren oroitzapen askorik gorde, Habanako etorbide batek bere izena omen du eta garai bateko handiena zen "Alava" ingenioak izenez aldatu du, baina bertan "Torre Alava" bezala ezagutzen den kanpandorrea mantentzen da oraindik ere, esklabotza deituriko burugabekeria baten azken arrastoa.