Publikoa detektibe

  • Ile-apaindegi baten gainean bizi den musikaria nork hil duen erabaki behar du ikus-entzuleak Kanpingags taldearen antzezlan berrian. Barakaldo Antzokian irailaren 10ean estreinatu zuten gaztelaniazko bertsioa (Por los pelos) eta euskarazkoa, urriaren 17an eramango dute oholtza gainera, Arrasaten. Umore bizia eta intriga, nor baino nor dabiltza lan honetan.

2007ko otsailaren 21ean

Urlia antzokira sartu eta butaka gorrian eseri da. Begi aurrean, eszenatokian, ile-apaindegi modernoa du, bere auzoan zabaldu berri dutenaren antzekoa. Musika bizi eta modakoa da entzungai, ile-apaintzailea telefonoz ari da berbetan, honen laguntzaile pinpirina, berriz, azazkalak konpontzen. Bezeroa sartu da eta ilea mozteko eskatu du. Geroago, beste bi bezero sartu dira: gizon misteriotsua eta emakume aberatsa. Ile-apaindegiko giro ona piano hotsak apurtu du. Goian bizi den Isabel Cernuda musikari famatua entseatzen omen dabil. Ez du luzaro egingo, baina. Handik gutxira, hilik aurkituko dute etxeko zoruan etzanda. Nork akabatu du, ordea?

Hiltzailea nor den asmatu behar dute ikus-entzuleek Kanpingags antzerki taldearen Por los pelos / Ezetz lepoa jarri lan berrian. Ez dute lan makala izango ordea, taula gainean diren lau pertsonaiak direlako susmagarriak, laurek dute musikaria hiltzeko motiboren bat: Antonio Lujan ile-apaintzailea (Joseba Apaolaza), honen laguntzaile Alicia Garai (Ainhoa Aierbe), Mari Jose Zenarruzabeitia aberatsa (Itziar Lazkano gaztelerazko bertsioan eta Kontxu Odriozola euskarazkoan) eta Eduardo Lopez gizon misteriotsua (Asier Hormaza gaztelaniazkoan eta Jose Ramon Soroiz euskarazkoan). Hilketa izan den lekura bertaratu diren Lasa ofizialordearen (Kiko Jauregi) eta komisarioaren (Patxi Barko eta Asier Hormaza) laguntzaile bilakatuko da, beraz, ikus-entzulea.

"Antzezlana oso berezia da; batez ere publikoak erabakitzen duelako ze bukaera ikusi nahi duen, hau da, ikuskizunaren amaiera ikus-entzulearen esku dago", nabarmendu digu Asier Hormaza aktoreak. Lanak badu beste berezitasun bat, Pere Planella katalana du zuzendari. "Espainiar Estatuan egin zen lehen bertsioa berak zuzendu zuen eta horregatik jo genuen berarengana", aipatu digu Asier Hormazak. "Berak inork baino hobeto ezagutzen du obra, bete-betean asmatu dugu. Gainera, lehendik ere berarekin lan eginda ginen, ezagutzen genuen. Nahiz eta katalana izan gugandik gertu egon da urte hauetan", nabarmendu du Apaolazak.

Les miserables baino ikusiago

Jatorrizko antzezlana Paul Portner idazle eta psikologoarena da: Shear madness. Euskal Herrira iritsi aurretik, mundu osoko antzokietan izan da lana: 6.000.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute, eta 10.000 emanalditik goiti taularatu dituzte. AEBetako The Boston Globe aldizkariak, esaterako, urteko komediarik onenaren saria eman zion. Espainiako Estatuan 1987an estreinatu zuen Tricicle talde katalanak. Antzezlana Euskal Herrira ekartzea deliberatu du orain Kanpingags taldeak. Por los pelosek horrenbesteko arrakasta izateak, errespetua baino, lasaitasuna ematen die Asier Hormaza eta Joseba Apaolaza aktoreei. "Bermea da, badakigu ez garena ezer asmatzen ari, badakigu oso etekin onak eman dituen eta asko ikusi den funtzioa dena, funtzionatzen duena alegia", esan digu Apaolazak.

Umorea eta intriga

Barakaldo Antzokian bederen, txalo zaparrada itzela jaso zuen lanak. Eta ez da harritzekoa, Por los pelos hagitz berezia delako. Hasi antzerki obra arrunt baten moduan hasten da, ikus-entzuleak ile-apaindegian jazotakoak jarraitzen ditu. Umore bizi eta gertua da nagusi aurreneko zati honetan (Karlos Zabalak egin du testuen egokitzapena, orain dela 15 urteko bertsio espainiarra zaharkitua eta urrun samar geratu zelako). Antonio Lujan ile-apaintzaileak haragitzen du hobekien umore mikatz hori. "Ile-apaintzaile topikoa egokitu zait, hala zegoen jatorrizko testuan eta errespetatu egin dugu. Oso maritxua, oso zalapartatsua da Lujan", deskribatu digu pertsonaia jokatzen duen Joseba Apaolazak. Hilketa gertatu ondoren, laugarren pareta apurtu, eta ikus-entzuleei zuzentzen zaie ile-apaindegira joandako komisarioa: "Isabel Cernuda hemen zegoen norbaitek hil du, laguntza eskatzen dizuet ekintzen berreraikitzea egiteko, lekuko zuzenak izan baitzarete".

Ordura arte, lasai asko butakan jarrita zegoen urlia asaldatu egin da. Ez zuen halakorik espero. Hasiera batean, arras lotsatuta badago ere, laster ekingo dio komisarioa laguntzeari: "Ez, ez. Eduardo Lopez ez zen, berak dioen bezala, kalera joan, komunera baizik". Berreraikitzea amaitu eta beste gonbita bat egiten die komisarioak bertaratuei: "Eten bat egingo dugu orain, kanpora atera eta galderak egin ahalko dizkidazue. Gero, hona itzuli eta galdeketa egingo diezue susmagarriei". Komisarioak agindu bezala gertatzen dira ondorengoak. Zalantza guztiak argituta, hiltzailea nor den zehazteko botaketa egiten da. Oraingoan, Lopez gizon misteriotsua da hiltzailea, beti ere publikoaren ustez. Hala antzeztu dute aktoreek. Hurrengo batean, ile-apaintzailea izan daiteke, edo honen laguntzailea edo Zenarruzabeitia andere aberatsa.

Errealismoa

Harrigarria da antzezlanak duen ikus-entzulearekiko gertutasuna, fikzioa errealitate bihurtzen da istant batez. Butakan eserita dagoenak benetan sinesten du hilketa gertatu dela. Hori, hein batean, eszenografiari esker lortu dute Kanpingagsekoek. Jon Berrondo eszenografo ezagunak egin du lana. "Dena dago sinesgarritasun handiena lortzera bideratuta: bai pertsonaien aldetik, bai ikerketa nondik-norakoen aldetik (Ertzaintzaren laguntza izan dute), eta eszenografia... Erreala da, edozein ile-apaindegi horrelakoa da, edo hori bilatzen genuen, behintzat", esan digu Apaolazak.

Detektibe lanak egin nahi dituen edozeinek, beraz, badaki nora jo: antzokira. Datozen asteotan Getxon, Gernikan, Oiartzunen, Donostian, Azpeitian, Deban eta Zumaian ere aurkeztuko dute obra.

Antzerkia sozializatzen
"Ikus-entzuleak ikuskizuna bere eskuetan dagoela sentitzen du, eta hala da. Ez dakigu zer galdetuko duen, nola eta noiz", laburbildu digu Asier Hormazak estreinatu berri duten lanari buruz. Por los pelosen publikoa da errege. Nolanahi ere, aktoreak ez dira ikus-entzuleen txotxongilo: "Lanak baditu barne-mekanismo batzuk eta horiei esker, antzezlana ez da guk nahi dugun ildotik joaten. Hortaz, alde horretatik, nahiko seguru sentitzen gara", azaldu digu Hormazak. Dena den, erronka polita da aktoreentzat antzezlan hau: "Batzuetan inprobisatu beharra dago. Galderei-eta ahalik eta hobekien erantzun behar diegu, ahalik eta umoretsuen", nabarmendu digu Joseba Apaolazak. Publikoak ere kinka larrian ikus dezake bere burua. Izan ere, "ikus-entzuleak aktore bilakatzen dira, azken batean norbaitek ahotsa altxatzen duenean bere burua ari da nabarmentzen. Horrek guztiak sozializatu egiten du antzerkia", azaldu digu Apaolazak. Euskal Herriko publikoak, baina, nola erantzuten dio protagonista izatearen erronkari? Apaolazak berak erantzun dio galderari: "Hasiberriak gara, izango ditugu herriak edo zenbait toki parte hartze gutxiagorekin, izango ditugu gorabeherak. Baina ez dut uste hainbesteko alde dagoenik hemengo eta AEBetako edo Espainiako publikoaren artean".

Sosik gabe, baina aurrera
40 egun eskasetan prestatu dute Kanpingagsekoek Por los pelos antzezlana. "Oso epe motza da. Normalean, bi hilabetetik gora izaten dira", esan digu Apaolazak. Lanak berak dituen zailtasunak kontuan hartuta, are motzagoa da. Izan ere, testua moldatu eta euskaratu behar izan dute; hainbat amaiera daudenez, testu gehiago ikasi behar izan dute aktoreek eta gainera, proba moduan-edo publikoarekin entseatu dute bi lekutan. Hori guztia inongo diru-laguntzarik gabe egin dute. "Bigarren urtea da Eusko Jaurlaritzak dirua eman ez digula, datorren urtean ez dakigu Aragoiko Xuntari edo Errioxako Erkidegoari eskatu ala ez, ikusita Euskal Herrian ez daukagula inongo laguntzarik eta gure lanak interesik ez omen duela", kexatu da Asier Hormaza. Eta Apaolazak gaineratu: "Kezkatuta gaude, egia esan. Ez zaigu iruditzen zuzena denik".


Azkenak
Argalarioko parke eolikoaren aurka agertu da Bizkaiko Foru Aldundia, ingurumenean eragingo lituzkeen kalte “kritikoengatik”

Natura Ondarearen Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du Barakaldoko mendi horretan bost haize errota jarri nahi dituen Iparaixe II proiektuaren aurka. Barakaldoko Udalak duela urte eta erdi eman zion ezezkoa egitasmoari, Mendietan Eolikorik Ez–Barakaldo plataformaren... [+]


Azokaroa: sei ekintza kultural Ziburuko 6. azokaren atarian

Apirilaren 30etik aurrera Azokaroa-ren lehen printzak sumatuko dira Ipar Euskal Herriko zenbait txokotan. Uxue Alberdi egongo da Hetero liburua aurkezten, Maialen Lujanbiok errezetaldia eskainiko du eta Maddi Sarasuak bere liburuaren aurkezpen musikatua egingo du senide eta... [+]


Ernaik “nazio bulkada berri bati” ekiteko asmoa adierazi du Berriozarren egindako Gazte Topagunean

Ostegunetik igandera bitarte egindako topagunean 3.000 lagunetik gora bildu dituela esan du Ernaik. Larunbat iluntzean egin dute jardunaldietako ekitaldi politiko nagusia, gazte antolakundeko bozeramaile Amaiur Egurrolak hitza hartuta. Aberri Egunaren harira EH Bilduk... [+]


Laborantza lurrak babesteko barazki landaketa herrikoia antolatu dute Marienean

Kanboko (Lapurdi) lurrak babesteko deia zabaldu dute ELB, Lurzaindia eta Ostiak. Maiatzaren 17an ibilaldia, ekitaldia eta landaketa herrikoia antolatu dituzte. "Lurraldearen oraina, eta geroa ere, gure inplikazioaren araberakoa da", adierazi dute.


2025-04-22 | Gedar
Munduko gastu militarra hirukoiztu egin da Gerra Hotzetik

Hainbat ikerketak erakusten dute inbertsio militarraren gorakadak osasuna edo hezkuntza bezalako sektoreen suntsipena dakartela herrialde batzuetan.


2025-04-22 | Aiaraldea
Jai euskaldunak erdiesteko urrats berriak emango ditu Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak

Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak dinamika jarri du martxan aurten ere Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak, Udal eta elkarteekin elkarlanean. Jaien testuinguruan euskararen presentzia eta erabilera sustatzea dute helburu. Iaz abiatutako bidetik jarraitu nahi dute aurten ere,... [+]


2025-04-22 | Euskal Irratiak
Brebetaren zientzietako froga euskaraz egiten ahalko da, sare pribatu zein publikoan

Antton Kurutxarri, Euskararen Erakunde Publikoko presidente ordearen hitzetan, Jean Marc Huart Bordeleko Akademiako errektore berriak euskararen gaia "ondo menderatzen du"


Larunbatean egingo dute Frantzisko aita santuaren hileta, eta maiatzean berria hautatzeko konklabea

88 urterekin hil da Frantzisko aita santua astelehen goizean, iktus baten ondorioz. Azken boladan osasun arazoak izan zituen. Miñan liburua gomendatu zuen publikoki, migratzaileen egoera kontatzen delako.


2025-04-22 | ARGIA
Israelek hildako 15 langile humanitarioen ikerketa-txostena gezurrez josita dagoela salatu dute

Hamabost langile humanitario hil zituen Israelgo armadak martxoaren 23an, terroristak zirela eta ez zutela euren burua identifikatu argudiatuta. Bideo batek bertsio hori gezurtatu ostean, gertatutakoaren barne-txostena egin dute Israelgo Defentsa Indarrek, baina bertan esaten... [+]


Euskal Herria nazioa dela aldarrikatu dute eragile ugarik Aberri Egunean

Eragile nahiz alderdi politiko ugarik plazaratu dituzte euren aldarriak aurtengo Aberri Egunean. Azken urteetan egin bezala, Bilboko eta Iruñeko kaleak hartu dituzte EAJk eta EH Bilduk, hurrenez hurren. Bagira-k, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak, abertzaleen... [+]


Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


Eguneraketa berriak daude