Miren Egiguren: «Venezuela pobretu egin dute, nazio pobrea ez bada ere»

  • Euskal Kooperantearen Saria jaso zuen uztailean Miren Egigurenek Ibarretxe lehendakariaren eskutik. 34 urte daramatza Egigurenek Venezuelan eta Caracastik hurre, Petare herrian bizi da gaur egun, behartsuekin. Eta ez "behartsuen artean", ez "behartsuentzat", beraiekin baizik. Aspaldi utzi zion Miren Egigurenek kooperante izateari. Haietako bat da. Horixe du Miren Egigurenek saririk handiena: haietako bat egin dute venezuelarrek eta pozik da behartsuekin bat eginda, pozik bere ingurukoak pozikago bizi daitezen lanean..., patrifilioak laga eta jo eta ke lanean.

2021eko uztailaren 27an

Aurtengo Kooperante Saria jaso duzu, behartsuen alde lana beltz egiteagatik...
"Grupo Cristiano Esperanza" izena duen elkartean egiten dugu lan. Talde bat ginen lanean baina ez genuen izenik. Gero, gure taldeko emakume zahar bat, oso ona, hil zen. Esperanza zuen izena, eta horregatik jarri genion izen hori. Guk beste talde batekin egiten dugu lan, "Luz y Vida" du izena. Teknikoek osatzen dute taldea, jende ikasia, kontaktuak dituena... etorkizunari begira lan egiten dute. Gure taldea, berriz, ekintza taldea da: Petaren bizi gara eta bertan lan egiten dugu, eguneroko lana.

Caracastik bertara, Petaren bizi eta lan. Horixe da zure aukera...
Han ez dago ni beste urte bizi denik. Ni han bizi naiz, bertakoak bezala, bertako banintz bezala. Ez zait ondo iruditzen bestela bizitzea, edo hemengo jendearen ondoan bizitzea han. Venezuelan egon eta hemengo jendearekin biziko banintz, aparte jango nuke, bizitzeko estilo ezberdina izango nuke, hangoak ez bezala biziko nintzateke. Hangoa izan eta haientzat lan egitea izango litzateke hori, baina ez haiekin batera. Eta bi gauza zeharo ezberdinak dira. Ez da gauza bera inorentzat lan egitea, edo inorekin. Niri, inorekin lan egitea gustatzen zait. Hara, "Luz y Vida"-k harreman handiak ditu, baina inor harritu nahi dutenean, niri hots egiten didate. Nire bizitza kontatzen hasi eta aho bete hortz geratzen dira, harrituta! Bateko eta besteko enbaxadoreek hots egiten didate, Petareko egoeraren berri emateko. Ni bizi naizen lekura ez duela inork joan nahi kontatzen diet, ezta Luz y Vida-koek ere! Izan ere, gure auzoan arriskua, tiroak eta heriotza dago. Bazterrekoetan bazterrekoena da gure Petare...

Ze lan egiten duzue komunitatean?
Guk kaleko umeak ditugu. "Kaleko umeak" esaten da baina, berez, badute non lo egin eta non bizi... baina ez dira hara joaten! Lagunen etxean geratzen dira edo auskalo. Baina kalean bizi denak ez du batere aukerarik Venezuelan, ez bizitzeko, ez ikasteko, ez ezertarako ere. Hogeita hamalau urte daramatzat Venezuelan, eta hogeita hamalau urte honetan herria erortzen ikusi dut. Etxe bat nola erortzen da behera? Halaxe. Herria pobretzen ikusi dut. Nik ikusi dut, nik ikusi dut... pobreago, pobreago, pobreago... Ikusi ditut gobernuak pasatzen eta ikusi dut nola lapurreta egiten duten. Beraiei sekula ez die inporta izan pobrea, umeak, lanik ez dutenak... Nik begiak irekita eduki ditut, ez nintzen diru egitera joan eta! Beraiekin bizitzera joan nintzen, beraiek ezagutzera, eta sentitu egin dut pobrezia, nola gero eta okerrago egon garen... Ikusi dut gobernuaren plangintza izan dela herria pobretzea...

Oso latza da esaten ari zarena...
Ez dituzte pertsonak baloratzen, ez dakizu egin dituzten hilketa pila!, gobernuen plangintza izan da pobreak akabatzea... Hondamendia!, hori izan da alderdi politikoen plangintza!, horixe! Amorrarazita jartzen naiz, berotu egiten naiz horretaz hizketan, horixe egin dute eta gobernuek, izan kristau-demokratak eta Jainkoaren izenean hizketan, edo izan beste nornahi... Gezurra galanta! Venezuela egin dute eskutrapua hartu eta bihurritu, tantarik gabe utzi arte. Venezuela aberatsa da, baina pobretu egin dute. Ez da berdin pobre izan edo bestek zu pobretzea. Venezuela pobretu egin dute, nazio pobrea ez bada ere!

Bertakoek ala kanpokoek pobretu dute Venezuela?
Denek! Oligarkak ez du nazionalitaterik. Zapaltzaileak ez du herritasunik. Izan liteke euskalduna, izan liteke espainiarra -ze ezberdina da euskalduna izan edo espainiarra-,izan liteke gringoa... Eta pobreak ere ez du nazionalitaterik: berdinak dira denak.

Zerk eraman zintuen Venezuelara? Askotan galdetuko zizuten baina...
Galdetu? Beti! 23 urte nituen orduan, Donostian bizi nintzen, bertan lan egiten nuen eta. Hara, nola esango dizut! Bidanian jaio nintzen eta bertan hazi nintzen. Eskolara joan eta erdaraz hitz egiten ziguten mojek. Guk, ezer ere ez genekien erdaraz. Eta sartu zitzaidan halako amorrazio, gorroto bat nire barruan! Hamaika urtetan neskame joan nintzen! Aurrena Bidanian bertan eta, gero, 14 urtetan, Donostian. Bidaniko eskolan, mojetan, arratsaldetan josi egiten genuen, errosarioa errezatu bitartean! Niretzat mojak txarrak ziren, gaizki tratatzen gintuzten eta. Ez genekien nola esan komunera joan nahi genuela! Behin, egunkari paperarekin txiza garbiarazi zidaten moja haiek. Zapaldu egiten gintuztela sentitzen nuen! Gure herrian bertan zapaltzen gintuzten! 6-7 urte bat izango nituen, mojen eskolan, josten eta errosarioa errezatzen eta han, aurreko paretan, gurutzea, eta beherago, Francoren erretratoa. Berak esaten ziguten Jaungoikoaren hurrena "hura" zela, Franco! Nik, batere ezer jakin gabe, nire ezjakinean, esaten nuen: "Mojak txarrak dituk niretzat!, eta erretratoko hori horientzat ona bada, niretzat txarra dek!". Francori txistu botatzen nion nik! Kontzientzia hori nuen! Eta inork ez zidan ezer esaten, Franco txarra zenik, euskaldunei min egiten zigula... Ez, inork ez zidan ezer esaten baina nik banekien kanpoko jendeak gu izorratu egiten gintuela! Donostiara joan eta lotsa ematen zidan euskaraz hitz egitea! Eta dantzara joan Hernanira, Oialumera eta: "Mira estas casheras!" aditu behar! Kanpoko jendeak despreziatu egiten gintuen! Lagun bati esaten nion: "íQue bien hablamos castellano! Se nos notará que somos vascas?". Badakizu zer min egin diguten! Gorroto ditut horiek! Gorrotoa dut barruan, gorroto dut Espainia den edozer, bihotzean daukat gorroto hori! Esaten didate: "Gorroto horrek min egiten dizu". Eta nik: "Nahiago dut min egiten badit! Ez dut ahaztu nahi!". Halaxe da, gorroto eta arrabia hori daukat, eta ez dut kendu nahi. Nola kenduko dut ba! Bateko psikologia eta hainbeste huevonada! Guretzat orduan ez zen psikologiarik! Nik ez dut barkatuko!

Nola heldu zinen Venezuelara, Miren?
Caracas izan edo beste leku bat, gutxienekoa zen. Nik joan egin nahi nuen, hemendik kanpora. Saria eman zidatenean Lehendakariaren aurrean esan nuen. Ordu arte ez nuen behin ere esan, etxean ere ez zekiten: 16 urte nituela anaia bat hil zitzaigun. Hildakoaren kutxan atera behar zutenean, gure aittak esan zuen: "Motell, gaur arte nire semea hintzela uste nian baina gaur ikusten diat ni baino lehenagoko aitta badaukaala. Laster ikusiko gaituk eta itxoin!". Gure aittaren gogoeta horrek dardar eragin zidan. Orduantxe erabaki nuen nire anaiaren heriotzak ekarri zuen mina nola edo hala gozatu behar nuela. Halako mina izan zen gure familian! Zer edo zer inportante egin behar nuela sartu zitzaidan barruan.

Eta kaleko umeekin lan egitera abiatu zinen Venezuelara?
Aurrena indioekin joan nintzen lanera, mendira, Guajirara, Venezuela eta Kolonbia artera. Bertakoek lurrean salto egiten zuten, hankapean marra bat baleukate bezala, eta "Venezuela, Kolonbia, Venezuela, Kolonbia", esaten zuten, hanka marra haren alde batean eta bestean txandaka jarrita. Guajiran, herritik oso urruti geunden Oso ona izan zen niretzat, hantxe ikusi nuen garbi! Dotrina erakustera joan nintzen, erdaraz. Joan... eta indioek erdaraz ez zekitela ikusi nuen! Orduantxe esan nion neure buruari: "Bidaniko mojek niri egin zidatena egin behar ote diat ba nik! Ez diat dotrinarik emango hemen!". Eta kaputxino batengana joan eta kasua kontatu nion, haien ardurapean nengoen eta. Kaputxinoa espainiarra zen, baina ondo hartu zidan nik esana, maitasun handia ere hartu zidan garbi adierazi niolako pasatu zitzaidana, ez nuela historia errepikatzea nahi.

Zenbat denbora egin zenuen guajiroen artean?
Hiru urte. Han egoteko konpromisoa bete nuen. Lan asko egin genuen. Hara ailegatu ginenean, herri hartan, urik ez zegoen, etxerik ez, eskolarik ez... eta hiru urtean hori dena egin genuen...

Eta gero? Handik nora?
Gero, hona etorri nintzen. Aitta hil zen, arbolatik erorita. Nahi nuen joan leku batera, baina elizarik gabe, ez nuen nahi inork niri misiolari esaterik, ez nuen Erromako eliza katoliko apostolikoaren berririk jakin nahi, elizaren jerarkiak eta! Ez nuen ezer jakin nahi! Bi anaia ditut apaiz, baina ez zait granorik inporta! Ondo konpontzen gara. Nik esaten dut haiek lau boto egin zituztela eta nik kunplitzen ditudala!

Atzera Venezuelara joan zinen...
Lehenengo Madrila joan nintzen, jatetxe batean lanean, ontzi garbitzen, Venezuelara joan ahal izateko diru ateratzen. Eta emigrante joan nintzen Venezuelara. Petare honetara joan nintzen, beste kanariar batekin, berarekin egon nintzen 30 urtean baina orain Kanariarretan dago, erretiro saria, seguritate soziala eta kontu horiek konpontzen. (Uste zuen arin xamar konponduko zuela, baina ez du konpondu oraindik. Eta lau urte daramatza bertan). Txabola erosteko dirua utzi ziguten, eta hango eskola batean idazkari hasi nintzen lanean. Gero, maisutza ikasi nuen nire kontura, eta eskola ematen hasi nintzen "Fe y Alegria" eskolan, eta gazteei laguntzen. 5.30etan bukatzen zen eskola, eta kanariar hura eta biok gazte talde batekin geratzen ginen bertan, ikasteko zailtasun handiak zituztenekin. Eta kanariarra eta biok, haiekin, egunero-egunero, 7.30ak arte. Eta jendea esaten hasi zen: "Maistra hauek diferenteak dituk!". Baina "maistra" esaten zuten, behintzat, ez "misiolari". Hitz hau ez zait batere gustatzen. Maistra bai: "Maistren etxea", "Joan maistren aldetik", "Maistrak dauden eskailerak"... Horrela beti. "Maistrak".

Zer diozu Chavezen gainean?
Maite dut. Han esaten dute zahar (andre) denak hartaz maiteminduta gaudela.. Nire ametsa izan da, beti, nire ingurukoak hobeto bizitzea, gusturago bizitzea. Horretan jardun dut lanean. Gizon eta emakumeak, izan daitezela gizonago eta emakumeago, eta pertsonago. Chavezen programak proiektu bat du, orain arte behin ere ez bezala. Venezuelako konstituzio berria herri proiektu bat da. Konstituzio hori biblia dut nik: lehenengo aldiz, ezer ez daukatenak gogoan hartu ditu dokumentu horrek. Analfabetorik ez duela egon behar esaten du; ez du ontzat ematen aberatsen eta pobreen arteko alde hori; enpresek hainbeste irabazi eta dirua Venezuelatik kanpora ateratzea ez du onartzen. 34 urte pasa eta gero, liburu batean daukat nire bizitza, nire ametsak gauzatzeko bidea. Konstituzioak esaten duena betetzen bada, nire ingurukoak hobeto biziko dira, gusturago. Nire ametsak bete egingo dira horrela!

Eta zergatik hainbeste burrunbada, Chavez dela eta ez dela?
Zatiketa ikaragarria dago. Umeek ere bata besteari galdetzen diote: "Hi zer haiz, chavista ala escualido?". Pobreak baztertuta egon dira beti, eta orain ere bai. Ez ziren sekula aintzakotzat hartuak izan. Chavezen diskurtsoa da: "Zuek balio duzue! Zuek gabe nazio hau ez doa aurrera! Zuek eman diozue honi bizitza! Zuek aberastu duzue herri hau! Zuek eskolarik ez daukazue eta bestek probetxu atera du hortik! Etxerik ba al daukazue? Ospitalerik? Begiratu zuen inguruan, zer zareten, nola bizi zareten! Horrek ez du horrela izan behar! Zuek gero eta jende hobea izan behar duzue! Elkartu! Pobre zarete, baina pobretu zaituztelako! Hemen denentzako lain lur dago! Denok biziko ginateke ondo!". Chavezek hitz egin behar duenean jendea korrika joaten da etxera haren hitzaldia entzuteko. Hari entzun nahi denok. Eta lau eta bost ordu hitz egiten du. Jendea puzten hasi da. Venezuela ez da sekula santan berdina izango. Eskatzen hasi da. Badaki zer den eta zenbat balio duen! Pobreak eta langileak gorroto hartu dio nagusiari: "Higatik nagok ni horrela! Hik egin didak hori!". Gorrotoa atera egin da, orain arte lo zegoen gorroto hori. Begira, land-roverrak ibiltzen ditugu guk. Horiek dira gure ibilgailu. Etxera joateko, etxe sail batetik pasa behar izaten dugu. Harri tiraka hasten zaizkigu bertako aberatsak! Zuek ez dakizue ze gauza egin dituzten aberatsek bertako pobreen kontra!

Lauburua daramazu lepotik zintzilik...
Beti daramat. Ezin naiz bizi lauburu gabe. Nire nortasun agiria da, nire arnasa. Beti esaten diet Venezuelan: "Euskal sinboloa da". Eta hemendik hara noanean beti eramaten dut atzaparkada bat lauburu. Lauburua da ni bizi naizen herrira eraman zenezakeen erregalorik onena. Izan ere, hainbeste urte eman dut esplikatzen gu ez garela espainolak, euskaldunak garela.

Ulertzen al dizute? Nola azaltzen diezu?
Nola azaltzen diedan? Galdetzen diet: "Ezagutzen duzu Guajira?", eta "Bai". Eta nik orduan: "Ez dira venezuelarrak, ez kolonbiarrak. Ez dira, zatitu egin zituzten. Marra bat egin eta esan zieten, 'zu, venezuelarra, eta zu, aldiz, kolonbiarra'. Baina indioek esaten dizute: 'Ez naiz venezuelarra, ez kolonbiarra, guajiroa naiz. Nire herria, nire hizkuntza, nire arraza ditut... guajiroa naiz'. Horixe bera pasatzen zaigu guri: zatitu egin gintuzten, Espainian jarri gintuzten batzuk eta Frantzian beste batzuk, baina ez gara ez bat eta ez beste, euskaldunak gara'". Joan eta harrapazak!

Bertsoa

Doinua: Lagundurikan danoi

Gernikako arbola
atari aurrean
daukazulako zaude
etxetik hurrean.
Venezuelara joanda
han lan gogorrean
jardunda jakin duzu
leku ziurrean
nortasuna sustraitzen
zoazen lurrean.

Misiolari ez
«Hasieran hildakoa non, hantxe nintzen ni, errezoak egiten. Gero, jendeari erakutsi nion errezatzen eta bestek egiten du hori, ze inor otoitz egin gabe lurperatzen baduzu esaten dizute: ‘Ze! txakurra bezala sartu behar al duzu zulora?’. Hileta ondoren edo, joan izan naiz inguru hartan aldi batean bizi izan den apaizen batekin etxeren batera eta kafea eman izan digute: apaizari, kikaran; niri, besteekin batera, ontzi plastikozkoan. Horixe da handiena niretzat! Ez didate kikaran ematen, plastikozko ontzian baizik, besteei bezala! Ni beraietako bat naizela esan nahi dute. Ez dute nirekin diferentziarik egiten!».

Venezuelako presidente ustelak
«Orain dela urte batzuk izan zen presidente bat, Lucinchi, emaztearekin bizi ez zena. Baina konstituzioak agintzen zuen presidenteak emaztearekin bizi behar zuela. Hortaz, presidentearekin bizitzera derrigortu zuten emaztea, eta pagatu egin zioten horretarako, Lehen Damaren lanak egiteko! Lucinchik, ordea, maitalea zuen, Blanquita Ibañez, eta Venezuelan agintzen zuena... maitalea zen! Gizona zahagia baino mozkorrago zen eta! Blanquita zen botere exekutiboa zuena! Beste bat, Carlos Andres Perez, inurriak baino gehiago akabatu du jendea Venezuelan! Inork ez ditu horiek nahi».

Nortasun agiria
Miren Egiguren (Bidania, 1947). Hogeita lau urte zituela joan zen Venezuelara eta, dagoenekoz, urte gehiago egin ditu han, Euskal Herrian baino. Hemen izan ez zituen aukerak baliatu zituen han. Ikasketak burutu, irakasle jardun... baina pobreen alde egiten duen lanak eman dio sonarik handiena Venezuelan. Eskolak jaso, ura etxeetara ekarri, haur eta gaztetxoak babestu... kale gorriko lanean, jo eta ke. Anaia baten heriotzak etxera ekarri zuen mina gozatzeko asmotan, "zerbait handi" egitera joan zen Miren Egiguren Venezuelara. Aurten, zerbait handi egin duela, egiten ari dela, jakin dugu Euskal Herrian. Txikienaren eta ahulenaren alde ari da lanean. Horixe du handitasuna sasoi betean bizi eta epelkeriarik gabe mintzo den emakumeak.


Azkenak
Yemenen 68 hildako eragin ditu AEBen bonbardaketa batek

Petrolio-portu bateko sarraskia gertatu eta hamar egunera izan da erasoa. AEBek erasoak abiarazi zituztenetik 250 pertsona baino gehiago hil dira Yemenen. Oraingoan 68 pertsona hil eta 47 zauritu izan dira. Orain arteko bonbardaketa lazgarrienetakoa da.


2025-04-29 | Antxeta Irratia
Lakaxita: beste Irun posible baten erresistentzia 20 urtez

Beste bizi eredu  baten alde eginez, hainbat belaunaldik ikasteko, antolatzeko, esperimentatzeko eta trebatzeko aukera izan dute Lakaxitan bi hamarkada hauetan zehar. Gazte belaunaldi anitz ikusi ditu gaztetxeak, eta Jaion bestan, oraingo gazte mugimenduko kideak ez... [+]


Igor Peñalver (ELA Volkswagen): “Jarritako garraiatzaileekin osasun arazoak sor daitezke”

ELA, LAB eta CGT sindikatuek ibilgailu elektrikoak egiteko elektrifikazio prozesuan instalatutako olagarro edo garraiatzaile berria kentzeko eskatu diote Nafarroako Volkswageni. Elkarretaratzea egin zuten ostegunean eta atzorako greba eguna deitu zuten lantokian: 13:15etatik... [+]


2025-04-28 | Amanda Verrone
Lurrerako giza eskubidea: gaudenen eta eraman gaituztenen alde

Apirilaren 17an, Brasilgo Eldorado do Carajás-en egin zuten lurrik gabeko 21 langileen sarraskiaren 29. urteurrena izan da. Ordutik, La Vía Campesinak data oroitzen du Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Egun gisa, lurrerako eskubidea defendatzeagatik koldarkeriaz erail... [+]


Argindarra itzuli da Euskal Herriko lekurik gehienetara, baina normaltasunera itzultzeko “orduak edo egunak” beharko dira

Gaueko 21:00etarako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako %85era itzuli da hornidura energetikoa, eta Nafarroan, berriz, %50era. Egoera okerragoa bizi dute Espainian eta Portugalen: hurrenez hurren, argindarra lurraldearen %25era eta %10era iritsi da.

Sare elektrikoa erabat erori da... [+]


Lizarrako Udalak txosnei jarritako debekuaren aurka protesta egin zuten 27 gazte epaituko dituzte maiatzean

Maiatzaren 22tik 23ra bitartean deklaratu beharko dute auzipetuek. Gazteek salatu dute instituzioak "geroz eta gehiago" ari direla mugatzen protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa, eta 'Bajadikako 27ak' izenarekin sortu dute plataforma bat. Maiatzaren... [+]


Iparretarrak taldeko militanteen omenezko margolana aurkeztu dute Baigorrin

Felipe Bidart Iparretarrak taldeko kide ohiak Kazetari azaldu dioenez, "borrokan erori diren militanteak oroitarazteko" xedea du margolanak. Xabi Tapia Xabxab artista urruñarra da haren egilea, eta Baigorriko Lagundu elkarteak antolatuta egin dute aurkezpen... [+]


2025-04-28 | ARGIA
Uxue Alberdiren “Hetero” liburuaren aurkezpenak emango dio hasiera Azokaroari

Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]


Euskal herritar bat epaituko dute bete hogei pertsonarekin batera 2021ean Bartzelonan etxegabetze bat geldiarazten saiatzeagatik

Maiatzak 8an abiatu eta ekainaren 3ra arte luzatuko da epaiketa. Guztira 35 espetxe urteko eta 200.000 euroko zigorra eskatu ditu fiskalak auzipetuentzako.


Norabidea erakusten duten zenbait ohar, Aritz Otxandianori gertatutakoaren harira

Harriduraz irakurri dugu prentsan Aritz Otxandianori etxean bertan bengalekin egindako erasoaren albistea. Berak sare sozialetan eman zuen gertatutakoaren berri. Bai bera, bai bere adierazpenak jasotzen dituzten hedabideak ahalegindu dira eraso hori makro-berriztagarriei buruzko... [+]


Mikel Gardoki omendu dute, haren erailketaren 50. urteurrenean: «Egia jakiteko garaia da»

50 urte bete dira Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm-ko kidea tirokatuta hil zuenetik. Egiari Zor fundazioko kideek eta Gardokiren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k hartu dute parte ekitaldian.


2025-04-28 | Gedar
Berrarmatzeari eta industria militarrari ezetz esan diete

PSOEren hainbat egoitza eta armagintzarekin lotura duten hainbat enpresa seinalatu dituzte, hala nola, ITP Aero, Dassault eta Lauak.


Kontserbadoreei aldea iraulita, liberalak faborito dira Kanadako parlamenturako hauteskundeetan

Astelehen honetan egingo dituzte Kanadako Komunen Ganberarako hauteskundeak, Trudeau lehen ministro ohia ordezkatu duen Mark Caneyk data aurreratu ostean. Liberalen lidergo aldaketak kontserbadoreei aldea nabarmen murriztea eragin du, eta inkesta gehienek bozetan garaile irtengo... [+]


Eguneraketa berriak daude