Irtenbidea arazo bihurtzen denean

  • Urduritasuna, depresioa eta gogoaren beste hainbat gaitz gero eta hedatuago daude gure artean. Hori berez txarra izanik, "epidemiak" beste ondorio bat ekarri du, medikuntza arloko hainbat erakundek ohartarazi duenez: aipatutakoei aurre egiteko sendagaien gehiegizko erabilera. Osasun-sistema beraren antolamendua izan daiteke horren zergatietako bat: gaixoarekin lasai berba egiteko denborarik ezak botika bidezko irtenbidera jotzea eragiten du sarritan.

2021eko uztailaren 28an
Herrialde aberatsenetako gizarte modernoetan, gehienok ondo asetzen ditugu oinarrizko beharrizanak, eta baita oinarrizkoak ez direnak ere. Ondasun materialek, hala ere, ez digute ongizatea bermatzen, agidanez. Estresak, lehiakortasunak eta aisialdi faltak jotako bizimodua da gurea, eta haien eskutik zabaltzen ari dira, modu geldiezinean, antsietatea, depresioa eta tankera bertsuko zenbait gaitz. Horiei aurre egiteko hainbat medikamentu eskaintzen du medikuntzak, baina batzuetan okerragoa izaten da konponbidea arazoa baino.

Gonzalo Gomez de Iturriaga familia-medikua da. Hamazortzi urte daramatza lanbidean eta denbora horretan antsiolitiko »«antsietate hiltzaile» litzateke itzulpen zehatza» eta depresioaren aurkakoen erabilera asko handitu dela dio. Are gehiago, erabilera hori gehiegizkotzat jotzen du. "Guztion errua da: gaixoena, medikuona…", nabarmendu du. Gomez de Iturriagak azaldu duenez, arazoa bentzodiazepinekin gertatzen da batez ere.

Bentzodiazepinak gehien erabiltzen diren antsiolitikoak dira. Joan den mendeko erdialdetik dira ezagunak, eta laster lortu zuten ordura arte oso zabaldurik zeuden barbiturikoak baztertzea, ez direlako inondik inora haiek bezain arriskutsuak. Gaur egun kopuru izugarritan ekoizten dira, Antonio Escohotadok Aprendiendo de las drogas (Drogetatik ikasten) liburuan dioenez. Lan horretan aipatzen diren adibide bi ekarri ditugu hona: 1977an, 800 tona bentzodiazepina sintetizatu ziren AEBetan, eta 1985ean Nazio Batuek munduan 600 milioi lagunek antsiolitikoren bat »bentzodiazepina, gehienetan» hartzen zutela adierazi zuten.

1985eko egoera nazioarteko erakunde baten arreta bereganatzeko aski izan bazen, gaur egungoa askoz okerragoa da. Mundu mailako daturik ez dugu, baina gure ingurukoek, behintzat, hala adierazten dute: hamabost urtetan Espaniako Estatuan lasaigarri eta depresioaren aurkakoen kontsumoa hirukoiztu egin dela argitaratu zuen Madrilgo egunkari batek iaz. Gomez de Iturriaga bizkaitar sendagileak, ikerketa zehatzik ezean, datu esanguratsua eman digu: egunero 35-40 gaixo inguru ikusten du, eta egunero sartzen da beraren kontsultara bentzodiazepinak hartzen dituen norbait. Bide batez, EAEko Osasun Sailak honetaz guztiaz daukan iritzia jakiten ahalegindu gara, baina isiltasuna baino ez dugu jaso. "Ez dago ezer esaterik gai honi buruz", esan digute hitzez hitz.

Arauak ez dira betetzen

Bentzodiazepinek menpekotasuna eragiten dute, eta horrez gain tolerantzia-indize handia daukate. Hots, zenbat eta gehiago hartu, orduan eta kopuru handiagoak behar dira eragin bera erdiesteko. "Azkenean»» dio Gomez de Iturriagak»"ez dute ezertarako balio, sekulako menpekotasuna sortzeko ez bada".

Medikuek aspaldidanik dakite »eta hala gomendatzen dute nazioarteko erakunde ugarik» sendagai mota honekin egindako tratamenduek ez luketela hiru hilabete baino gehiago iraun behar, baina jende askok orain dela urte asko hartzen ditu. Zergatik? "Askotan, ez medikuok ez gaixoek ez dugulako araua betetzen", dio Gomez de Iturriagak. "Gaixoek pilularen menpe ikusten dute beren burua, eta uzteko unea dela esaten diegunean guztiz aurka agertzen dira. Gaixo horiei bentzodiazepina kentzea oso zaila da, eta medikuok, batzuetan ezin dugulako eta bestetan ez dugulako nahi »hala da, kontsulta denbora asko kentzen digu eta Osakidetzan gaixo bakoitzarentzat bost minutu baino ez dauzkagu», ez dugu egiten. Tratamenduak, azkenik, kroniko bihurtzen dira".

Bestetik, bentzodiazepina bidezko tratamenduak inolako beharrik gabe hasten dira askotan. Koldo Callado EHUko farmakologia irakasleak adierazi digunez, "batzuetan gaixoa egoera ezagun batengatik dago urduri »azterketa batengatik, esaterako», eta kasu horretan nahikoa litzateke baleriana bat edo besterik gabe tila bat hartzea, baina oso arrunta da, AEBetan batez ere, halakoetan bentzodiazepina ematea". Gomez de Iturriagak ere aitortu egiten du gehienetan ez dela bentzodiazepina bidezko tratamenduarentzako alternatibarik bilatzen: "Izan ere, ez dugu aukerarik edukitzen. Gaixoarekin tratamendu psikologikoa abiaraz genezake, baina gure osasun-sistemak ez du horretarako betarik ematen. Nik badakit askotan gaixoak hitz egitea baino ez duela behar, eta ni neu ahalegintzen naiz hitz egiten, baina ez dago horretarako denbora nahikorik".

Denborak ezarritako mugek, hala ere, ez dute saihetsi familia-medikuak gero eta gehiago arduratzea arazo psikologikoez. "Lehen, gaitz psikologikoak ez ziren inoiz oinarrizko medikuntza kontsultatetan aztertzen", dio Gonzalo Gomez de Iturriagak, "zuzenean bidaltzen genituen espezialistengana. Baina gaur egun hori aldatu egin da. Familia-medikuon lanaren zati bat »ez naiz gauza portzentaje zehatza emateko, baina handia da» psikiatriari dagokio. Eta horrek eragin du, besteak beste, bentzodiazepinak eta abar gero eta gehiago erabiltzea; honezkero, psikologo eta psikiatrek ez ezik, geuk ere ematen ditugu-eta. Egia esan, gauza berritzat daukagun arren beti egon dira era honetako osasun-arazoak, baina gaur egun sarriago atzematen dira". Arazoak atzeman ostean datoz, gaitza sendatu behar denean. Gero eta farmako gehiago erabiltzen da horretarako, psikoterapiaren kaltetan.

Depresioaren aurkakoak, ez hain kaltegarriak

Bentzodiazepinez gain, depresioaren aurkako sendagaiak ere modu ikaragarrian ari dira zabaltzen. Horiek, ordea, arazo gutxiago sortzen dute, berrienek batez ere. Ez dute menpekotasunik eragiten, eta beraz errazagoa da uztea, baita tratamendu luze baten ostean ere. Zelangura, bigarren mailako eragin desiragaitz ugari sortarazten dute: ahoa lehortzea, ikusmena lausotzea, idorreria, izerdia, zorabioa, urduritasuna, lo egiteko zailtasuna, antsietatea, buruko mina, dardara, orgasmoa berandutzea edo sexu-harremanak izateko nahia gutxitzea, batzuk aipatzearren.

Azken urteotan serotoninaren birxurgapenaren inhibitzaileak gailendu dira depresioaren aurkako familia zabalean. "Leku zehatz batean baino ez dute eragiten", argitu du Koldo Calladok, "eta horregatik lehen erabiltzen zirenek baino ondorio kaltegarri gutxiago sortzen dute". Dena dela, gehiegi erabiltzen direla azpimarratu du Calladok, "baita beharrezkoa ez denean ere".

Eromen honetan bada onerako joeraren bat. Gomez de Iturriagak dioskunez, "apurka-apurka serotoninaren birxurgapenaren inhibitzaileak hasi dira erabiltzen lehen bentzodiazepinak erabiltzen ziren kasu askotan, konturatu egin baikara antsietatea sendatzeko onak direla. Are gehiago, bentzodiazepinek ageriko sintomak baino ez dituzte desagerrarazten, eta depresioaren aurkakoak, berriz, sintomak ezabatu ez ezik, egokiagoak dira antsietatea sortarazten duen arazoari aurre egiteko". Zailagoa izango da, zalantza barik, arazo orokorrari aurre egitea.

Bentzodiazepinak, noraino seguruak?
Sendagai guztiek eragin ditzakete bigarren mailako ondorioak, eta bentzodiazepinak ez dira salbuespena. Menpekotasuna eragiten dute denbora tarrte jakin batean erabiliz gero. Beraz, hartzeari utzita abstinentzia-sindromea agertzen da. Koldo Callado irakaslearen berbetan, "sindrome hori farmakoak borrokatzen dituen sintomak are modu bortitzagoan agertzean datza: urduritasuna, lo egiteko ezintasuna, kasurik larrienetan konbultsioak...".

Menpekotasuna albo batera utzita, bentzodiazepinek ez dute aipatzeko moduko ondorio kaltegarririk eragiten, Calladoren ustez. Antonio Escohotadok, aldiz, besterik dio Aprendiendo de las drogas liburuan: "Bentzodiazepinek menpekotasun fisikoa eragin dezakete, abstinentzia-sindrome arriskutsua eta guzti". Zorionez, gaindosia gertatzea ez da batere ohikoa: dosi eraginkorra baino 60-100 aldiz gehiago hartu behar da (bentzodiazepina motaren arabera) koma edo heriotza eragiteko.

Beti ere Escohotadoren arabera, bentzodiazepinek amnesia motaren bat eragin dezakete, "berehalako memoriatik epe luzeko memoriara doan informazioaren transmisioa eteten baitute", eta baita depresioa, urduritasuna, eta lo egiteko eta arreta jartzeko zailtasuna ere. "Bentzodiazepinek antsietatea gutxitzen dute, hartzailearengan lasaitasun emozional gisa deskribatu den egoera sortuz » dio Escohotadok» baina nik bizitza psikikoaren moteltzea esango nioke lasaitasun horri". Alegia, bentzodiazepinak hartzen dituztenak "erraz konformatzen direla", adierazten du Antonio Escohotadok: "Fantasiarik, ikuspegi kritikorik eta hausnarketarik gabeko egoera eragiten die drogak. Ideiak murriztu egiten dira". Gaineratzen duenez, "bentzodiazepinen azalpen-orritxoek esaten dute egoera psikikoa egonkortzen dutela gizabanakoaren ohiko eginkizunei inola ere eragin gabe. Hori ez da egia. Dosi txikietan ere, hitz egiteko eta mugimendua koordinatzeko zailtasuna eragiteko gauza dira, besteak beste. Gainera, ezinezkoa da antsietatea gutxitzea norberaren aldartea aldatu gabe, eta besterik dioena gezurretan dabil".


Azkenak
2025-01-22 | Julene Flamarique
‘Independentziara egunak’ antolatu ditu Ernaik Hego Euskal Herriko 75 udalerritan

“Independentziara egin beharreko bideaz” hausnartzea da helburu nagusia. Apirilaren 20an, Aberri Egunarekin batera,  Berriozarren ospatuko duten Gazteon Eskutik jardunaldia izango dute azken geltoki.


Esa-ko urtegiaren handitzea
Apurketaren mamua beti hor

Valentziako tanta hotzaren ondoren hondamendiaren itzala beste leku batzuetara ere hedatu da: zer gertatuko litzateke horrelako denborale erraldoi batek Esako urtegi handitua kolpatuko balu? Eutsiko ote lioke presak? Urak gainezka egingo ote luke? Galderak hor daude eta... [+]


2025-01-22 | Leire Ibar
Brasilgo suteek 2024an suntsitutako eremua Italiaren azalera baino handiagoa izan da

Brasilen suteek 30,86 milioi hektarea baso eta eremu natural suntsitu zituzten iaz, Italia osoaren azalera baino gehiago. Suteek %79ko igoera izan zuten 2023arekin alderatuta, Fire Monitorren ikerketa batek agerian utzi duenez.


2025-01-22 | Julene Flamarique
Gorriz margotu dute Iruñeko Erorien Monumentua, ‘Caídos eraitsi’ eta ‘Faxismoaren aurka lehen lerrora’ aldarripean

Astearte gauean egin dituzte pintaketak, bizilagunek azaldu dutenez. Fatxada nagusia, bertako ateak eta alboetako paretak margotu dituzte. Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25rako deitutako mobilizazioarekin bat egiten du aldarriak.


Groenlandia erosi nahi dute

Groenlandia, X. mendearen amaiera. Lehen esploratzaile eta kolono eskandinaviarrak uhartera iritsi ziren. Baina XV. menderako kokaleku horiek abandonatuta zituzten eta jatorrizko inuitak geratu ziren. Baina 1721an, Hans Egede misiolariak espedizio bat antolatu zuen eta kolonoak... [+]


2025-01-22 | ARGIA
140.000 eurorekin zigortu du Jaurlaritzak Zarauzko ikastola, ezarritako matrikulazio muga gainditzeagatik

Salbatore Mitxelena ikastolak 140.000 euro ordaindu beharko ditu, Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzarako ezarri dion matrikulazio muga gainditzeagatik, baina zortzi ikasleak mantenduko ditu, negoziazioen ondorio. Hezkuntza Sailaren erabakiak eta jarrerak salatu ditu ikastolak.


2025-01-22 | Julene Flamarique
Martxan da Errobiko hezegunea “Natur Erreserba Nazional” gisa izendatzeko proiektua

Lapurdiko hezegunea funtsezkoa da biodibertsitatearen biziraupenerako. Proposamena eremuan zabaldu dute eta Errobi inguruko sistema hidrauliko osoa barnean izango luke; Baionako, Angeluko, Basusarriko, Milafrangako eta Uztaritzeko Aturri ibaiaren ibaiadarrak, esaterako. Bost... [+]


2025-01-22 | Inma Errea Cleix
Ez gara aire

Nafarroa Arenan Mitoaroa ikusten izandako lagun batek “telurikotzat” jo zuen entzun-ikusi-sentitutakoa. Niri ere hala iruditu zitzaidan telebista medio etxetik hauteman nuena.

Pentsa daiteke Mitoaroak piztutako grinak eta atxikimenduak proiektuaren ikusgarritasuna... [+]


2025-01-22
Armagintza moldatu gizartea eraldatzeko
Gerra hotsei aurre egin beharra

"Ez gaude prest lauzpabost urte barru datorkigunerako. Arriskua ziztu bizian dator guregana. Aurre egin behar diogu: Ukrainan gertatzen ari dena hemen ere gerta liteke” (...) “Errusia, Txina, baina baita Ipar Korea eta Iran ere, gogor ari dira lanean Ipar... [+]


2025-01-22 | Sukar Horia
Semaforoa vs. herritarrak

Zirkulazioan lehentasunek garrantzi handia dute. Gidatzeko ikasten dugun lehen gauzatakoak dira: biribilguneak eta STOPak menperatu ezean nekez lortuko dugu gidabaimena.

Hala ere, lehentasunak ez dira kontu neutroak, eta historiak eta interes kontrajarriek aldatu izan... [+]


Benito, gure emozioen alkimista hori

Oholtzak betiko utziko dituela jakinarazi zigun Benito Lertxundik badira jada hainbat aste, eta geroztik asko gara maila batean ala bestean umezurtz sentitzen garenak, halako galera edo abandonu sentsazioarekin, triste. Iruindarroi, behintzat, bere zuzenekoen zirrara azken aldi... [+]


2025-01-22 | Karmelo Landa
Korapilo-morapilo mordoilo

Hiru korapilotan mordoilotzen digute euskaldunon elkarbizitza, eta urte luzez, pazientzia handiz eta erabakitasun irmoz ekin arren, loturok askatu ezinean gabiltza. Hiru bederen badira uneko korapiloak: presoak, euskara, etorkinak.

Urte berriarekin elkartu ohi gara milaka... [+]


Eguneraketa berriak daude