Benin, Burkina Faso, Boli Kosta, Ginea Bissau, Mali, Niger, Senegal eta Togoko herritarrek eguneroko buruhausteez gain beste kezka bat gehiago dute irailaren 15etik: urtea bukatu baino lehen beren franko zaharrak aldatu egin behar dituzte. Europarrok diru aldaketa masibo bat zer den probatu berria dugu, egin ziren kanpaina guztiak eta gero oraindik euroarekin lasai mugitzera ez baikara iritsi. Baina ez dugu horregatik ikusi, Afrikako albiste honi garrantzi handiegirik eman diotenik gure komunikabide nagusietan. Batzuk Vilaweb egunkari digital katalana irakurrita enteratu gara.
Europar Batasuneko gainerako txanponak bezala, duela lau urte urtu zuen euroak Frantziako libera. Baina Frantziari lotutako beste libera batek, CFA frankoak, bizirik segitu du Afrikan. Frantziaren kolonia eremuetan sortutako hamalau herrialdek osatzen dute gaur CFA frankoaren eremua. FCFA siglek politikoki zuzenagoak dirudite beren esanahiak baino: Franc des Colonies Francaises d’Afrique.
1959an sortu zituzten CFA frankoa eta horiek kudeatzen dituzten banku zentralak: Erdialdeko Afrikakoak (BCEAC) Kamerun, Afrika Erdiko Errepublika, Kongo-Brazzaville, Gabon, Ekuatore Ginea eta Txad biltzen ditu. Mendebaldeko Afrikako bankuaren (CDEAO) mende daude Benin, Burkina Faso, Boli Kosta, Ginea Bissau, Mali, Niger, Senegal eta Togoko herritarrak, eta hauek dira diru aldaketa derrigor egin beharra daukatenak. Gainera, Komore Irlak ere »Madagaskar inguruan» CFA frankoaren eremuan daude sartuta.
Frantziako Bankuak bere web gunean esplikatzen duenez, «banku zentral horiek ‘operazioetarako’ deitzen den kontu bat daukate irekia Frantziako Altxor Publikoaren liburuetan, eta honek bermatzen du beren monetaren bihurgarritasuna. CFA eta Komoreetako frankoak 1999ko urtarrilaren 1a arte Frantziako frankoari egon dira lotuta. Euroa onartuz geroztik, CFA eta Komoreetako frankoen euskarria Europako moneta da, eta honek ez du eraginik eskualdeko moneta mailako elkarlanean». Gaur euro batek 655,957 FCFA balio du.
Frantziak ematen die herrialde horietako txanponei bermea, eta ordainetan banku zentral horiek beren erreserben %65a Frantziako Altxor Publikoan eduki behar dute. Frantziako Bankuan banku afrikar nagusi horiek ipinita dituzten diruek, normala denez, etekinak ematen dituzte, eta egoera bereziren batean onartuko omen litzaieke kontu horiek zorretan egotea ere. Afrikako saltsa guztietan Frantzia nola sartuta dagoen galdetzen duenak, dirutza horietan duke erantzun argia.
Debaluazioaren beldurrez
Mendebaldeko Afrikako bankuak herritarrei sakeletatik atera nahi dizkien billeteak nahiko berriak dira, 1992ko serieetakoak. Garai horretako 10.000, 5.000, 2.500, 1.000 eta 500 CFA liberatako billeteek beren balioa galduko dute abendu honen 31n. Baina afrikar asko ari dira galdezka, ea zergatik aldatu behar dituzten kalean ikus daitezkeen billete guztien erdiak, paper horiek oraindik hamabi urte baino gehiago ez badituzte.
Agintariek zenbait arrazoi eman dizkiete. Batetik, billete faltsu asko omen dago zirkulazioan. Bestetik, lapurreta handiak ere gertatu direla azken urteotan; Abidjango banku zentraletik adibidez 2002an 2.000 milioi CFA libera eraman zituzten; eta Bouaké-n egin zuten beste atrako handi bat Boli Kostako errebeldeek. Beraz, diru zikina garbitzeko ahaleginarekin lotuta justifikatzen da nagusiki truke operazioa.
Diru aldaketa honetan zirkulaziotik 600.000 milioi billete aterako dutela zioen berrikitan Le Monde egunkari paristarrak, eta horien ordainetarako beharko diren billete berriak -faltsutzen zailagoak izango omen direnak- Frantziatik kontainerretan ekarri dituztela Afrikako bankuetaraino. «Operazioa 40 milioi euro kostatuko da, eta horren gakoa Boli Kostan dago. Moneta aldaketak hemen lortu nahi du diru zikin oso politikoa desegitea». Eta diru zikinak erreakzionatzeko denborarik izan ez dezan, aldaketarako hiru hilabete eta erdiko epe murritza eman dute.
Lurrikara baten eragina omen du operazio honek Afrikako herrialde horietan. Baina ez da izango CFA liberak afrikarrei eman dien lehenengo buruhaustea. Duela hamar urte, 1994an, bere balioaren erdiraino jaitsiarazi zuten moneta hori. %50eko debaluazio bat egiteko erabakia, orduko lehen ministro frantsesa zen Edouard Balladur-ek eta diruaz okupatzen diren nazioarteko erakundeek hartu zuten. Gu ez ginen asko enteratu Europan, baina goizetik gauera beren txanponen balioa erdira jaitsita ikusi zuten Erdialde-Mendebaldeko Afrikako herritarrek zerbait esango zuten egun hartan. Joan den uztaileko Le Monde Diplomatique hilabetekarian salatzen zenez, oraindik nozitzen dituzte afrikarrek debaluazio haren kalteak.
Dakarren (Senegalen) ekonomilari den Demba Moussa Dembélé-k deskribatu zuen egoera: «Frankoaren zonaldeko hamalau herrialdeetatik, hamaika daude eremurik atzeratuenen zerrendan, eta beren biztanleen %90a eguneko bi dolar baino gutxiagorekin bizi da. Orain dela hamar urte, herritar horiei guztiei esan zitzaien debaluazioarekin beren egoera hobetu egingo zela. Baina gero egiatan, beren eroste ahalmena arras txikitua ikusi zuten, debaluazioagatik eta harekin batera martxan jarri ziren neurriengatik. Munduko Bankuak eta Nazioarteko Moneta Fondoak aldaketa baliatu baitzuten beren liberalizazio eta pribatizazio politikak zabaltzeko».
Duela hamar urteko debaluazio basatiaren ondorioz, Demba Moussak dioenez, frankoa darabilten afrikarren kanpo zorra asko handitu zen, eta Munduko Bankua bihurtu zen hemengo herrialde askoren hartzekodun nagusia, Frantzia kolonizatzaileari berari aurrea hartuz. «1995etik aurrera Estatuen ahalmena ere ahuldu egin da, beren sinesgarritasuna eta legitimitatea bezala. (...) Hau da frankoaren zonaldeko herri askok jasan dituzten estatu kolpe eta leherketa politiko eta sozial larrien esplikazioa. Begibistakoa da, adibidez, debaluazioaren eragin negatiboak garrantzia izan duela 1999tik Boli Kostan bizi den desestabilizazioan, kakao eta kafearen liberalizazioarekin batera».
Trauma latz baten arrastoak utzi zituen 1994ko debaluazioak CFA frankoa erabiltzen duten afrikarren artean. Eta 2000.ean euroa martxan jarriko zela eta debaluazio berri baten zurrumurruak hedatu zirenean, panikoa nagusitu omen zen herritarren artean, agintariak jendea lasaitzen saiatu arren.
Oraingo billete aldaketa berriari ere susmo txarra hartzen zaio hemen. Congo Page guneak hala bukatu du albistea: «Moneta Batasuneko zortzi herrialde daude operazioan sartuta, eta tartean errebeldeen mende dagoen Boli Kosta zatia. Izugarrizko lana izango da. Horregatik ditugu zalantzak operazio honen motiboez».