Kilometroak 2004: Itsaso zahar, olatu berri


2021eko uztailaren 27an
"Orioko Herria urdin, berde eta horia". Horrela hasi ohi dute oriotarrek beren udalaren deskripzioa. Kostaldeko herri arrantzale txiki bat da Orio. Bost mila biztanle eskas biltzen ditu eta astialdirako ingurune paregabean kokaturik dago, Oria ibaiak itsasoarekin bat egiten duen tokian, mendi berde ederren magalean. Horregatik da urdina eta berdea Orio. Era guztietako kirola egiten da bertan: arrantza, arrauna, igeriketa, parapentea, piraguismoa, surfa, windsurfa... Baina urdin eta berde bakarrik ez, horia ere bada Orio. Kaleen izenak afixa horietan daude jarrita, herriko denda eta jatetxe askoren errotuluak ere horiak dira, estalki asko ere horiak dira. Izan ere, horia da Orioko traineruaren eta arraunlarien kolorea. Arrauna ezaugarri da Orioko herrian, herria bera janzten du.

Zarautzek, berriz, Santa Barbara eta Mollarri arteko hondartza du erakargarri nagusi. Area fina eta itsaso zabala biltzen ditu. Hondartza ondoko pasealekua da herriaren bihotza, beste hainbat txokotara iristeko bidea ematen duena. Mendiz inguratuta eta itsasoko urak zipriztinduta dago Zarautz. Izan ere, itsasoa ezaugarri izanagatik ingurune berdeak ere badira Zarautzen. Nekazaritza eremuko auzoetan kultura, astialdi eta ekonomia jarduera ugari izaten da.

Oriok arrauna landu du batez ere, Zarautz, berriz, turista askoren jomuga bihurtu da. Biak daude itsasoaren inguruan antolatuta eta Orio eta Zarautz, olatu artean hazi eta hezi diren herriak dira.

Hiru ikastetxe, egun bati so

Hiru dira Kilometroak 2004 jaia antolatuko duten eskolak; Orioko Herri Ikastola, Oteiza Lizeo Politeknikoa eta Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastola. Orioko Herri Ikastolak eta Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak 2 eta 16 urte bitarteko hezkuntza eskaintzen dute. Eskaintza hori zabaldu asmoz, ordea, Oteiza Lizeo Politeknikoarekin proiektu berri bat jarri dute martxan eta Batxilergo nahiz Lanbide Heziketako zikloak eskaintzen dituzte.

Orioko Herri Ikastola 1971n sortu zen. Ordutik gauza asko aldatu dira. Gaur egun 470 ikasle inguru eta 40 irakasle inguru ditu 25 gelatan. Orioko Herri Ikastolan Haur Hezkuntza ematen da, baita Lehen Hezkuntza, LHko Hezkuntza Berezia, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta DBHko Hezkuntza Berezia ere. Eskaintza horri jarraipena emateko proiektu berri bat jarri dute martxan Zarautzen, eta Batxilergoa eta Lanbide Heziketa eskainiko dituzte Oteitza Lizeo Politeknikoan. Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasketak emango dituzte han. Eskaintza zabalak beharrak ere baditu berekin. Gaur egun 473 ikasle dituzte Orioko Herri Ikastolan eta gela gehiago behar dituzte, 2 eraikuntzak ikaslez gainezka daude.

Antoniano Ikastetxea, Salbatore Mitxelena Ikastola eta Orioko Herri Ikastolaren artean osatutako proiektua da Oteitza Lizeo Politeknikoa. Bitoriano Gandiaga Fundazioak ematen dio izaera juridikoa. Bertan 537 ikasle eta 102 langile daude. Heziketa arautuan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa edo Erdi Mailako Heziketa Zikloak eta Goi Mailako Heziketa Zikloak eskaintzen dituzte. Heziketa arautugabean, berriz, Hobetuz programaren barnean, hiru arlok osaturiko eskaintza oparoa dute: fabrikazio mekanikoa; elektrizitatea, elektronika eta telekomunikazioak eta katalogo modularraz kanpoko gaiak jasotzen dituztenak.

Salbatore Mitxelena Ikastolak 2 urtetik 16 urte bitarteko heziketa osoa eta euskalduna eskaintzen du. Ikasleek HH2 tik DBH4ra arteko bidea egiten dute ikasketa, kantu, jolas eta armonia giroan. 1965. urtean sortu zenetik gaur arte bultzatu dituzte elkarbizitzarako beharrezko diren baloreak eta euskal izatean oinarritu dute hezkuntza. Gaur 986 ikasle eta 90 langile aritzen dira. Haur Hezkuntza ematen dute, baita Lehen Hezkuntza, LHko Hezkuntza Berezia, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta DBHko Hezkuntza Berezia ere. Baina 2tik 16ra bitarteko eskaintza hori 20ra luzatu dute hauek ere, Oteitza Lizeo Politeknikoarekin elkarlanean. Hezkuntza zabaltzeko beharra asetu badute ere, behar materialak ere badituzte Salbatore Mitxelenan. Kilometroetan lortutako diruarekin Haur Hezkuntzako eraikin zaharra berritu nahi dute, etorkizunean ikasleentzat lekua egon dadin.

Euskara, Kilometroen hazia

Orio herri euskalduna da eta euskarak ez duela ia arazorik esaten da, biztanleen ehuneko asko euskalduna delako eta kalean euskaraz asko hitz egiten delako. Oso gaztelania gutxi entzuten da. Baina Orioko Herri Ikastolakoen helburua ahozko hizkuntza horren kalitatea hobetzea da. Gazteek ohitura handia dute hitanoz hitz egiteko, baina kalitatea galdu du eta hori hobetu nahi dute. Galera hori euskara etorkizunean larri ibiliko den adierazgarri dela uste dute eta lehenbailehen heldu nahi diote behar horri. Horretarako, Euskaraz Bizi programaren barnean, ikasleekin lan egin nahi dute gure hizkuntza berpiztu eta ondoren gizarte esparru guztietara zabaltzeko. Lanbide Heziketa euskalduntzea da beste asmoetako bat, Batxilergoan ere materiala erdalduna baita.

Jai handiaren aurretik, hamaika ekitaldi
Itsaso zahar, olatu berri disko-liburua
Kilometroak 2004 jaiaren antolatzaileek Itsaso zahar, olatu berri disko-liburua argitaratu dute. Aurkezpena ekainaren 17an egin zuten, Martin Ugalde Kultur Parkean.

Itsaso zahar liburua haurrentzako da. Zarauzko eta Orioko hainbat idazlek »Anjel Lertxundi, Mariasun Landa, Andoni Egaña...» eta Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan aritutako zenbait irakaslek egin dute. Ipuin, olerki eta antzerki-lanez osaturiko bilduma da eta marrazkiak Zarauzko sei ilustratzailek egin dituzte.

Olatu berri diskoa ere haur eta gaztetxoentzako paratu dute. Zarauzko eta Orioko zenbait kantari eta musika taldek eta Salbatore Mitxelena ikastolako eta Orioko Herri Ikastolako ikasleek hartu dute parte. Diskoan bilduriko abesti guztien hitzak Xabier Etxeberriak idatzi ditu eta kontakizun edo elkarrizketen bidez daude harilkaturik. Pertsonaia nagusien ahotsa Egoitz Lasak eta Xabier Sukiak jarri dute. Gozategi taldeak, Mikel Markez eta Benito Lertxundi kantariek, Orioko Musika Eskolak eta Zarautz Txiki Abesbatzak hartu dute parte, besteak beste.

Elkartasuna bultzatuz

Ikastolak, kultura erakundeak eta gizarteko makina bat elkartek lagunduta antolatuko dute Kilometroak 2004. Eta horiek guztiak uztartzen eta lotzen aritu da, besteen artean, Martin Etxeberria. Berak azaldu duenez, aurtengo jaiaren helburu filosofiko nagusia elkartasuna bultzatzea da. Horretarako, bi herri elkartu dira, Zarautz eta Orio. Hiru ikastetxe ere bai, Orioko Herri Ikastola, Zarauzko Oteiza Lizeo Politeknikoa eta Salbatore Mitxelena Ikastola. Horixe izan da proiektu giltzarria, alegia, Ikastolen Elkartean Oteitza Lizeo Politeknikoa sartzea. Industriako Lanbide Heziketa indartsua zuen Oteiza zentroak eta euskara DBHn eta Batxilergoan aski finkaturik eta erroturik dagoela kontuan hartuta, industriaren eta oro har lan munduaren bide zuzen horri heldu nahi izan diote. LH osora zabaldu nahi dute euskararen erabilera eta horretarako Oteitza Lizeo Politeknikoaren hezkuntza eskaintza hartu dute oinarri. Industria arloko eskaintza Ikastolen Elkartearen ereduaren barruan euskaraz eskaintzea lehen urratsa baina oso garrantzitsua da, ondoren euskara gizarteko beste arlo batzuetara zabaltzeko.

Aurtengo Kilometroak, beraz, berrituta etorriko da. Zirkuitua bera ere aurreko urteetan baino luzeagoa izango da, 15 kilometrokoa, bi herri eta hiru ikastetxe lotuko baititu. Itsasoa eta mendia biak uztartuko dituen ibilbide atsegina antolatu dute.

Itsasoak garrantzia handia du bi herriotan eta horren haritik sortu dute aurtengo lema: Itsaso zahar, olatu berri.

Logotipoa eta ikurra aukeratzeko Orio eta Zarauzko artistei euren ekarpenak egiteko eskatu zieten eta horietako bat aukeratu zen oinarri. Euskararen itsaso zaharra olatu berri batek inguru zabalago batera hedatuko du. Hiru ikastetxe biltzeko proiektu berria ere jasoko du olatu horrek. Euskara eta euskal hezkuntza, itsaso zaharraren adierazle, olatu batek berrituko ditu. Itsaso bezain zaharra da euskar, gorde beharrekoa, baina horrek ez du esan nahi aurrera egin behar ez denik. Horregatik, euskararen eta ikastolen mundua olatu berri batek aberastuko du. Proiektu berriak sortuko dira horiek biak suspertzeko: Oteitza Lizeo Politeknikoarekin elkarlanean osaturikoa, horren adibide.

Orain, egun handiaren bezperetan, antolatzaileek dei egin dute Orion eta Zarautzen laguntzeko. Txosnetan, garbitasun lanetan eta trafikoan lanean aritzeko jende asko beharko dute. Herrietan ez dago nahikoa aparkaleku. Horregatik, euskal herritar orori deia egin diote Kilometroak 2004 jaira joateko garraio publikoa erabil dezaten. Usurbilgo eta inguruetako hainbat aparkaleku egokituko dute urriaren 3rako.

Urte osoan zehar egin diren ekitaldietan jendearen erantzuna oso ona izan da eta orain, egunari ere erantzun berbera ematea baino ez da falta. Aberastu dezala olatu berriak euskararen eta ikastolen itsaso zaharra!

Oteitzaldia
«Herria eraikitzen ari gara, baina aukera galtzen gabiltza. Ikastolak beharrezkoak dira irakasleak prestatzeko». Jorge Oteizaren hitzek ikastolekin zuen konfiantza azaltzen dute, artistak eta ikastolek lotura estua zutela ere bai. Horregatik, Orioko eta Zarauzko kilometroen antolatzaileek ikastolen jai handian Oteizari omen egitea erabaki zuten eta ziklo bat jarri du martxan. Hiru erakusketa eta liburu bat bilduko ditu zikloak.

Zarautzen eta Orion prestatutako hiru erakusketetan eskulturak, argazkiak eta margoak izango dira ikusgai. Eskulturen erakusketa irailaren 3an zabaldu zuten, Euskadiko Kutxaren Zarauzko aretoan. Bigarrena, argazkilariena, irailaren 10etik dago ikusgai, Orioko kultur etxean. Margolariena, aldiz, irailaren 17an ireki zuten, Orioko Kaia galerian. Hiru erakusketak artistek koordinatu dituzte. Martin Etxeberria Kilometroak jaiaren antolakuntzakoak aditzera eman duenez, erakutsitako lanik ez dute salduko. Horietakoren bat lortu nahi duenak, zuzenean jarri beharko du egilearekin harremanetan. Juan Luis Mendizabal Mendi, Ramon Serras eta Iñigo Manterola arduratu dira artistak aukeratzeaz.

Argazkilarien erakusketan Ramon Serrasen, Juantxo Egañaren eta Sigfrido Kochen lanak bildu dira. Ramon Serras zarauztar argazkilariak erakusketaren aurkezpenean esan zuenez Oteizari eta bere obrari ateratako argazkiak bildu dira bertan. Eskultoreen erakusketan, berriz, Oteizaren ikasle izandako hamahiru eskultoreren lan bana bildu dute. Tomas Muruaren, Ricardo Ugarteren, Ramon Andaren, Gorritiren, Lertxundiren edo Marino Plazaren lanak ikus daitezke. Margolarien erakusketak hamasei margolariren lanak jasoko ditu.

Oteizari buruzko liburu bat ere aurkeztu dute. Jose Luis Mendizabal Mendi margolariak liburuaren aurkezpenean esan zuenez, Oteizaren argazki psikologikoa da, oroigarri bat. Argazkiak, poemak, testuak eta abar bildu dituzte liburuan. Sigfrido Kochen, Ramon Serrasen eta Juantxo Egañaren lanak bildu dira. Pello Esnalek Oteizari buruz idatzitako testu bat eta Jose Luis Padronen poema batzuk lagun dituztela elkartu dituzte. Erakusketetan ez dute lanik salduko baina liburu bat egin dute eta hori 6 eurotan egongo da salgai, argazkilarien erakusketan.

Itsasoaren Hamabostaldia
Zarautzek eta Oriok lotura zuzena izan dute betidanik itsasoarekin eta gaur egun bestelako gizarte eta ekonomia sektoreek indarra hartu badute ere, itsasoa da bietan ezaugarri nagusi.

Ildo horretatik, Itsasoaren Hamabostaldia ekitaldi zikloa aurkeztu zuten maiatzaren 25ean. Zikloak hiru ekitaldi nagusi izan zituen: Bertso Txanpa, Itsasoaren Eguna eta Hitzaldiak.

Maiatzaren 29an Bertso Txanpa jokatu zen Orion, Orioko ibaian. Orion arrauna izan da kirol ezaugarria eta ohiturazko jarduera hori eta bertsolaritza uztartzeko ekitaldi berezia izan zen.

Ekainaren 13an, Itsasoaren Egunean itsasoko produktuak izan ziren protagonista Zarautzen, parrillan erretako sardinak eta txitxarroak, marmitakoa eta piperrada eta itsas produktuekin prestatutako pintxo bero eta hotzak izan ziren dastatzeko. Hori guztia girotzeko trikitilariak, dultzaineroak, txistulariak, bertsolariak eta kale animazio ugari izan zen Zarauzko kaleetan.

Azkenik, zikloaren hirugarren atala osatzeko, lau hitzaldi egin zituzten Orion eta Zarautzen maiatza eta ekaina bitartean, hirurak ere itsasoari buruzkoak. AZTIko Haritz Arrizabalaga eta Hilario Murua mintzatu ziren Itsasoa, eraginik ba al du gugan? galderari erantzunez. Albaola elkarteko Xabier Alberdik eta Xabier Agotek, berriz, Orioko ontzigintzaren historia. Mutiozabaltarrak izan zuten hizpide. AZTIko Irene Gartziak Azpi erabilitako arrain espezien birbalorapena hitzaldia eskaini zuen, eta Elhuyarreko Eneko Imazek Petrolioa, gai likatsua izenburu zuen solasaldia ekarri zuen.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude