Ipar Poloa odolusten

  • Izarren odola lan berria estreinatu du Biarritz baletak Maitaldia jaialdiaren baitan. Thierry Malandain koreografoak Ovidioren Metamorfosiak eta Ipar Poloari buruzko ikerketa bat uztartuz osatu du ikuskaria.

2021eko uztailaren 20an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Txundituta utzi zuen Thierry Malandain koreografoa Jean-Louis Etienne esploratzailearen lan zientifikoak. Duela bi urte eskuetara heldu zitzaion testu hura Ipar Poloan bizi diren hartzei buruz mintzo zen, eta besteak beste, izotzaren urtzeak eragindako kalteak nabarmentzen zituen. Hartzek gero eta espazio gutxiago izanda, gizakien herrixketako zaborrak jan behar izaten dituztela ere jakinarazten zuen esploratzaileak. "Ikerketaren arabera, gainera, zientzialariek hartzei eginiko analisietan gizakiek duten kutsadura tasa bera topatu zieten odolean", gaineratzen du Biarritz baleteko zuzendari eta koreografoak, hartzen eta gizakien arteko harreman bereziaren adierazle gisa. Koreografoaren inspirazio iturri bilakatu zen ordutik lurralde izoztua: "Dudarik gabe Ipar Poloa gogortasunaren eta edertasunaren adierazgarria da", dio.

Baina pieza handi bat sortzeko ildo sendoago bat behar zuela eta, Ovidio poeta latindarrak (43 k.a.-17 k.o.) idatzitako Metamorfosiak izeneko poema narratiboa aintzat hartzea erabaki zuen sortzaileak. Bertan munduaren sorreratik Zesarren garairainoko hainbat elezahar, itxuraldaketa mirarizkoei buruzkoak, kontatzen dira.

Izar artean betiko

Ovidioren idazkiak, kapituluetako batean, Hartz Nagusia izeneko konstelazioaren sorrerari buruzko legenda mitologikoa azaltzen du, eta legenda hori izan da, hain zuzen, Balet Biarritzen azken sorkuntza osatzeko balio izan duena.

Mito honen arabera, Artemis jainkosak Calisto ninfa hartz bilakatu zuen, Zeus jainkoarekin seme bat izan zuela-eta jeloskor. Calisto eta Zeusen seme ehiztaria basoan bere hartz ama hiltzen saiatu zen ordea eta, ondorioz, Zeusek ama eta semea izar bilakatzea erabaki zuen, arrisku guztietatik urrun. Hala sortu omen ziren Hartz Nagusia eta Hartz Txikia konstelazioak. "Azken finean edozein gizaki betiereko bilaka daitekeela iradokitzen du legendak. Eta hala pentsatzen dut nik ere, gizakiari betiko izaten eragozten dion gauza bakarra bere burua baita", dio Malandainek. Itxuraz zeharo ezberdinak diren iturrietatik edanda sortu da, hortaz, Biarritz baletaren azken ikuskizuna: Izarren odola, Bilboko Arriaga antzokia eta Reimseko antzokiarekin batera ekoiztutako lana.

Konpainiak 1998.ean sortu zenetik izan duen arrakasta dela medio, irailaren 4 eta 5ean Miarritzeko Gare du Midin eginiko estreinaldian lepo egin zuen antzokiak. Dantza kritikari, programatzaile eta herritarren artean ikusmin handia eragin zuen konpainiaren lan berrienak.

Oihala zabalduta Biarritz baleta osatzen duten hamalau dantzari gazteek Strauss, Mahler, Waldteufel, Lanner eta Minkusen musikaz ikuskizun dinamikoa eskaini zuten 70 minututan zehar. Teknikoki oinarri klasikoa izanda ere, dantza berritzaile bat proposatzen du Malandainek sorkuntza honetan ere, jada konpainiak oso bereak dituen pauso eta moldeak guztiz alboratu gabe. Konpainiak jada marka propioa baduen arren, koreografoak definizioetatik ihes egiten du.

Intuizio eta gogoetaren artea

Pieza guztiek naturari ez ezik egungo gizarteari ere erreferentzia egiten diote etengabe. Esaterako, dantzariek vals musikaren erritmora dantzatzen duten bakoitzean gizakien manikeismoa eta baldarkeria islatzen dira. Valsez gain, polkak eta martxak dantzatzen dira.

Obrako mugimendu guztiek badute beren zioa, baina ez beti gogoetatik sortutakoa, askotan intuizioz jokatzen duela onartzen baitu koreografoak: "Calistoren haurdunaldia adierazteko, esaterako, nire burua haurdun irudikatu nuen. Eskuak sabelera eraman nituen modu intuitibo batez eta aurrera zein atzerako mugimendu bat egiten hasi nintzen eskuekin. Mugimendu horixe egiten dute dantzariek orain oholtzan".

Konpainiaren aurreko lanetan bezalaxe, honetan ere eszenografiak ez du inolako elementurik. Eszena gainean lur eta horma zuria besterik ez dira ageri arreta guztia dantzarien mugimenduetan bildu asmoz: "Ezin dut jasan oholtza gainean dantzariak ez beste ezer ikusterik. Nik gorputzak ikusi nahi ditut". Ikuskarian zehar Jean-Claude Asquiék eginiko argi diseinuaren bidez sortzen dira espazio eta giro ezberdinak. Jorge Gallardorenak dira jantziak.

Ikuskaria sorpresaz beteta dago, batez ere obraren azken partea, bertan hartz zuriz mozorrotuta agertzen baitira hamalau dantzariak. Hasieran lau hanketan eta ondoren zutik, dantza koreografia hunkigarria burutzen dute. Estreinaldiaren egunean behintzat bati baino gehiagori irribarreak ihes egin zion.

Hamabost eguneko atsedenaldiaren ostean Izarren odola Frantziako zenbait herrietan eskainiko dute lehenik eta, ondoren, urtarrilean Bilboko Arriaga antzokian emango dute. Kritiko eta programatzaileen iritzien zain gelditu behar, ordea, ikuskariak zein etorkizun izango duen jakiteko.

Mikel Irurzun, Biarritz baleteko dantzaria: «Dantzari sentitzen naiz goitik behera»
Estreinaldi ondorenak ematen duen lasaitasunez mintzatu zaigu Mikel Irurzun donostiarra. Lau urte daramatza Biarritz baletean 27 urteko dantzariak, eta oraingoz oso gustura dabil.

Nola sortu zitzaizun Biarritz baletean aritzeko aukera?
Zeharka, nire anaiaren bitartez jakin bainuen Biarritz baletak audizio bat antolatu zuela. Orduan Zaragozako konpainia batekin nenbilen. Entzunak nituen balet honi buruzkoak eta banekien ez zegoela batere gaizki, hortaz probak egitea erabaki nuen eta hartu egin ninduten.

Nolakoa da lan egun bat?
Goizean 9etan hasten gara entseatzen eta arratsaldeko bostak arte bertan izaten gara. Hala ere, batzuetan dagokizun pieza ez bada entseatuko, arratsalde batzuk libre ere izaten ditugu, eta ze langilek du horretarako aukera? Lan asko egiten da, baina ez da beste edozein lan baino gogorragoa. Gainera gehienetan biran gaude.

Koreografo gisa ikusi al duzu inoiz zure burua?
Ez, inolaz ere. Dantza egiteari uzten diodanean guztia utziko dut. Ez dut nire burua besteei irakasten ikusten. Dantzari sentitzen naiz goitik behera.

Thierry Malandain, Biarritz baleteko zuzendari eta koreografoa: «Akatsak ere nire estiloaren parte dira»
Edozein musika entzun eta dantza pausoak irudikatzen dituen horietakoa da Thierry Malandain. Eta ez da harritzekoa, oso gaztetatik dantzarekin hertsiki lotuta egon baita. Dantzari izan zen lehenik Pariseko opera eta Rhineko baletarekin. 1986.ean dantzari izateari utzi eta koreografiak sortzeari ekin zion. 60 koreografiatik gora diseinatu ditu ordutik munduko dantza konpainiarik garrantzitsuenentzat. 1998.tik Balet Biarritz Koreografia Zentro Nazionaleko zuzendari da. 2000.etik Maitaldiaren zuzendari artistiko ere bada.

Izarren odola ikuskizunak naturaren aldeko aldarria egiten du. Zure koreografiek atzetik gai sozialak lantzen dituztela uste al duzu?
Saiatzen naiz, noski, ideia indartsuak lantzen, baina nire lana hori guztia obra poetiko batean bihurtzea da. Obra politikoak egingo banitu, dantzariak arropa militarrez jantziko nituzke, eszenan zaborra utziko nuke edo dantzariak garrasika jarri, baina hori ez da inolaz ere nire xedea.

Koreografia bat diseinatu aurretik estudioan ordu mordoa sartzen duten horietakoa zara, ezta?
Bai. Lanik sakonena ideiak garatzearena izan da. Estudioan sartzen naizenean usuenik ez dut batere garbi izaten zer emaitza nahi dudan, baina bai zer esan nahi dudan. Askotan errazena kamera bat buruan sartzea litzatekeela uste dut, buruan ditudan irudi guztiak grabatu ahal izateko.

Urte luzez aritu zara lanean, zure estiloa topatu al duzu bidean?
Bai noski. Uste dut ikuskizunetan funtzionatzen ez duen horrek ere nire estiloa markatzen duela. Akats guzti horiek nire estiloaren parte dira.

Zer moduz moldatzen zara kritikariekin?
Azken lan honekin kritikoak ikusleak baino gehiago harritu dira. Jende normalak eskertu egiten du ikusitakoa, kritikoek, aldiz, eszena gainean gertatu ez den horretaz hitz egiten dute, eurak ikusi nahiko luketen horretaz. Obra berari buruz gutxitan hitz egiten dute. Hori pretentsiorik gabe egiten dute, noski, baina azkenean sortutakoa jada ez dela nirea iruditzen zait. Konplexua da.


Azkenak
2025-03-04 | Irutxuloko Hitza
Donostiako metroaren lanetako gainkostua argitzeko eskatuko du EH Bilduk

Satorralaia plataformak Donostiako Metroaren Mirakontxa-Easo zatiko lanek “%164ko gainkostua” izan dutela salatu zuen joan den astean, eta, horren harira, EH Bilduk gainkostu hori argitzeko eskatu du, Eusko Legebiltzarrean erregistratutako galdera sorta baten bidez.


2025-03-04 | Gedar
Bilbon eta Iruñean, hiru ikastetxetara sartu da Polizia

Ikasleen lan politikoa jazartzeko asmoz, Iruñeko Iturraman eta Biurdanan nahiz Bilboko Unamunon izan dira polizia-indarrak, IAk salatu duenez.


Down sindromea eragiten duen kromosoma gehigarria ezabatzea lortu dute laborategiko zeluletan

Down sindromea eragiten duen 21. kromosomaren kopia gehigarria ezabatzea lortu dute ikertzaile japoniar batzuek laborategiko giza zeluletan. Erabilera klinikotik urrun dagoen arren, sindrome hori tratatzeko aukera berri bat ireki du esperimentu honek. PNAS Nexus aldizkarian eman... [+]


5.000 ‘erlezain’ lortzeko kanpaina nazionala abiatu du Herri Urratsek

Otsailaren 28an Hendaian eman dio hasiera kanpainari Herri Urratsek. Euskararen transmisioa bermatzen duen Seaska babestea da helburua.


8 urteko ume bati biluzik argazkiak egiteagatik ikertzen ari dira gizon bat Ortuellan

Gizonak ustez Ortuellako Jendea futbol taldean zuen posizioa baliatu zuen umeari argazkiak egiteko. Ertzaintzak ikerketa abiatu du eta aurretik antzerako salaketak zituela jaso dute.


2025-03-03 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Karbonoa ez da neutroa

Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]


PKK-k su-etena deklaratu du, buruzagiaren agindua onartuta

Abdullah Öcalan buruzagiak PKKri otsailaren 27an eskatu zion armak uzteko. Taldeak egin duen adierazpenean babes osoa agertu dio buruzagiari eta Öcalanek eskatutakoa betetzeko konpromisoa adierazi du.


Istilu handiak Grezian, 57 lagun hil ziren tren istripuaren bigarren urteurrenean

Poliziaren eta manifestarien arteko talkek atxilotu eta zauritu ugari utzi dituzte ostiralean herrialdeko hiri nagusietan. Herritarrek gertatukoaren erantzuleak zigortzea eskatu diote gobernuari, ez baita oraindik istripuaren inguruko epaiketarik ireki. Greba orokorra deitu... [+]


Frantziak eta Erresuma Batuak Ukrainarako su-eten plan bat aurkeztuko diete AEBei, Trump Zelenskiri oldartu ostean Etxe Zurian

Hala iragarri du Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Londresen eginiko goi bileran. Etxe Zurian Trumpek Zelenskiren aurka egin ostean, izandako eztabaidaren aurrean, Europako buruzagiek babesa adierazi diote Ukrainako presidenteari.


Elizako sexu abusuen biktimei kalte-ordaina emango die Iruñeko Artzapezpikutzak, “laster”

Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.


Nafarroako armarri historikoaren erabilera debekatu du Castejoneko alkateak

Karbankulu pomelatua "garai batean gure bizilagun Francisco Casanova hil zutenen ideiak babesten dituztenek erabilitako ikurra" dela, adierazi du  Noelia Guerra UPNko Castejoneko alkateak, eta sinbolo "ez ofizialak" udalaren espazioetan erabiltzea... [+]


Larhunen dabilen otsoaren presentziaren “ondorio larriak” salatu ditu ELB sindikatuak

Mendizale batek asteburuan ikusi du animalia Lapurdiko Azkaine herrian, eta otsoa dela baieztatu du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. ELB lurraldean "harraparien presentziaren kontra" agertu da.


Pagolarren gainean eolikoak jartzearen aurkako aldarria, plazara

Elkarretaratzea egin zuen Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak atzo Laudioko Lamuza plazan, Mugagabe Trail Lasterketaren testuinguruan. 


2025-03-03 | Ahotsa.info
Iruinkokoa, Iruñeko iñauteri euskaldunen bersignifikazioaren aurka

Martxoaren 2an igandea Iruinkokoak berriz ere Iruñeko karrikak hartu ditu.


Eguneraketa berriak daude