Sifilia: izurri zaharra itzuli da

  • Sifilia iraganeko eritasuntzat jotzen genuenean, ia 20 urtetan haren berririk izan gabe egon ondoren, Basurtoko ospitalean 8 kasu agertu dira berriki. Napolesko gaixotasuna eta gaitz espainiarra edo frantziarra deitua, Aro Modernotik aurrera mugarik gabe hedatu zen, kultura eta politikaren pertsonaia garrantzitsuetaraino iritsiz. Sifiliari mugak jartzea inoiz baino errazago dirudien honetan, ordea, gure artean da berriz.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Basurtoko ospitaleko Sexu bidez Transmititutako Gaixotasunen unitatean (STG) sifili primarioko 8 kasu diagnostikatu ziren iaz. 80ko hamarkadatik ez zen horrelakorik gertatzen. Datuok Basurtoko STGko mediku Mari Mar Camarak eskaini zituen, eritasun benereo honen berragerpenak osasun publikoaren ikuspuntutik garrantzia handia duela gaineratuz. Infekzio hauen gorako joera ez omen da kasualitatea. Alderantziz, sexu jardunean gero eta neurri gutxiago hartzen direla adierazten du horrek. Basurtoko 8 gaixoen artean, guztiak gizonezkoak ziren eta haietatik 7 homosexualak. Eritasun benereoren bat hartu duten paziente homosexualei egindako galdeketaren ondorioak garbiak dira: %25ak ez zuen penetrazio harremanetan preserbatiborik erabiltzen; sexu oralean babesik gabe jardun zutenak, aldiz, %86 ziren; azkenik, %22ak bazekien hiesaren GIB-eramaile zela. Eta kontuan izan behar da sifiliak infektaturik egoteak hiesa kutsatzeko aukerak ugaritu egiten dituela.

Europa osoko joera

Basurtoko 8 kasuak ez dira salbuespenak. Espainiako Estatuan 2000. urtetik aurrera 700 kasutik gora diagnostikatu dira urtero. Ingalaterran 274 kasu detektatu ziren 1998an eta iaz 518ra igo zen kopurua. Europa osoan kutsatzeen kurbak ia %50an egin du gora. Sifili brote indartsuenak 8-10 urteko ziklotan eman ohi dira. Azken igoera 90eko hamarkada hasieran aurreikusten zen, baina hiesaren beldurrak eta osasun arduradunen politika aktiboak berau saihestea ekarri zuten, prebentzioari esker. Europako gizarteak sifilia menpean zuela sinestu zuen, iraganeko kontua zela. Baina hamarkada honek brote berri baten aurrean jarri gaitu.

Eritasun larria, baina sendabide erraza

Sifilia ez da soilik arriskutsua osasun publikoaren ikuspuntutik. Pertsona kutsatuarentzat ere ondorio larriak ekar ditzake eta Treponema pallidum bakterioak egindako kalteek ez du atzera bueltarik (ikus ondoko orriko koadroa). Gainera, ez da diagnostiko errazeko gaixotasuna; sifiliari «imitatzaile handia» deitu izan zaio, bere sintomak (buruko mina, goragalea, sukarra, zorabioa...) gaixotasun arruntekin nahasten direlako maiz. Baina garaiz harrapatuz gero (infekzioaren lehen fasean) sendabide erraza du: penizilina dosi bakarra nahikoa da bakterioa uxatzeko (penizilinari alergia dioten pazienteetan beste antibiotiko batzuk ere eraginkorrak dira), erremedio erraz eta seguruena prebentzioa dela ahaztu gabe.

Mundu berriko izurri zaharra

Azken urteotako datuak kezkagarriak dira, noski, baina, iraganera begiratuz gero, inoizko datu baxuenetan mugitzen garela onartu behar da. XX. mende hasieran, esaterako, Europako populazioaren %15 kutsatua zegoela uste da. Penizilina aurkitu eta bere erabilera zabaldu baino lehen, sifiliak sekulako sarraskiak egin zituen, XV. eta XVI. mendeetan bereziki. Amerika zapaldu zuten lehen europarrak kutsatuak izan ziren, baita Cristobal Colon bera ere, eta Atlantikoa lehen espedizioetako karabeletan zeharkatu ondoren, infekzioa bolbora bezala zabaldu zen Europan. Sendabiderik gabe, milaka eta milaka kutsatuei otoitza baino ez zitzaien geratzen eta Elizak erabaki bat hartu behar izan zuen: San Dionisio sifilitikoen patroi izendatu zuen. Aurrerago sifilia merkurioarekin sendatzeko ahaleginak ugariak izan ziren, baina emaitza baikorrik ez zen lortu. Gehienetan, gainera, merkurioak onura baino kalte gehiago zekarren pazientearentzat.

Sifilitiko «handiak»

Aro Modernoko sifili eztandak, Europan 1492a arte sifilirik ez zegoenaren ustea zabaltzea ekarri du. Baina Erdi Aroan dagoeneko sifiliarekiko kezka agertu zuten garaikideek eta kutsatuen artean izen ezagunak ere baziren. Amalasuntha erregin ostrogodoak sifilia zeukala badakigu, baina ez zen hura bere heriotzaren arrazoia izan; bere senar Deodatok hil zuen bera ere kutsatua zegoela jakin bezain laster. Eta deigarriena Erdi Aroko sifilitikoen zerrendan hainbeste Aita Santu topatzea da: Bonifazio VIII.a, Alejandro VI.a, honen seme Cesar Borgia, Julio II.a...

Aginte erlijiosoari ez ezik, sifiliak bisita ugari egin dizkio aginte politikoari ere: Ingalaterrako Enrike VIII, Frantziako Francisco I, Portugaleko Alfonso, Errusiako Pedro I... Habsburgo familia bereziki begiz jota izan zuen gaixotasun benereo honek: Espainiako adarrean, Felipe II.ak eta bere biloba Felipe IV.ak euren amoranteengandik jaso zuten eta Carlos II.a gizarajoak bere ama Austriako Marianaren sabelean zela hartu zuen; Austriako adarrean, berriz, Sissy ezaguna bere senar Francisco Jose I.ak kutsatu zuen eta hauen seme Rodolfo osasuntsu jaio bazen ere, geroago Vienako putetxeetan izan zen kutsatua.

Denboran gertuago, Benito Mussolini eta Adolf Hitler kutsatuta zeudela esaten da. Hitlerrek 1908an Vienan hartu zuela zabaldu zen, prostituta judutar batek kutsatu zuela. Egia izan ala ez, agintari naziak Mein Kampf ezagunean 13 orrialde eskaini zizkion eritasun honi, sifilia «arrazaren etorkizunerako mehatxu larriena» zela esanez.

Kultur munduan, sifiliak idazle, musiko eta margolariak zigortu izan ditu bereziki: Liszt, Schubert, Maupassant, Lord Byron, Rimbaud, Verlaine, Nietzsche, Gauguin, Goya, Van Gogh...

Sifiliak inspiratuta?

Robert Schummannek zioen Franz Schuberten espirituak konposatutako obra oso bat diktatu ziotela zeruko aingeruek. Bonneko eroetxe batera eraman zuten berehala; sifiliak, bere azken fasean, kalte neurologikoak eragin zizkion, gorputzaren paralisi progresiboaz gain.

Charles Baudelairek zera idatzi zuen gorputz osoa minbera zuela: «Guk guztiok espiritu errepublikarra dugu zainetan, gure hezurretan sifilia dugun bezalaxe. Demokratizatuta eta sifilizatuta gaude». Guy de Maupassantek sifiliak eragiten zion burukomina zakurren zaunkarekin konparatu zuen: «Euren zaunka inori zuzendua ez dagoen, inora ez doan, ezer esaten ez dizun kexua da». Hala ere, garai beretsuan liburu bat idazteko asmoa zuen, L’angélus izenburupean: «Dena buruan dut, dena erraztasun harrigarriz pentsatua dut. Nire literatur karreraren gailurra izango da». Friedrich Nietzscheren kasuan, sifiliak eragindako arazo mentalak goiz agertu ziren, 1891n, Thus Spake Zarathustra idazteko inspirazioarekin batera. James Joyceren Ulisesen, Leopold Bloom pertsonaiak dio Dublingo Nighttown zonaldea «nire adineko gazteentzat heriotz tranpa bat» zela. Joyce berak Nighttown bisitatu zuen 1904an eta sifilia hartu zuen bertan.

Treponema pallidum izeneko organismo txiki bat al da Beethovenen Bederatzigarren Sinfoniaren erantzule? Dorian Greyren erretretatua ez al da Oscar Wildek sufritutako eritasun benereoaren parabola? Sifiliak eraginik izan al zuen Hitler gaztearen judutarrenganako gorrotoan eta hitler helduaren megalomanian? Deborah Hayden doktore estatubatuarrak Pox: genius, madness and the mysteries of syphilis liburuan berriki dioenez, sifiliak talentua areagotu edo distortsionatu egiten du. Baina ez dagoen lekutik ez du talenturik sortzen. Sortzekotan, kezka sortu beharko luke, iraganeko kontua uste genuena, berriz ere hemen baita

Zer gertatzen da sifilia hartuz gero?
Sifili Primarioa: Kutsatu eta 3 aste eta 3 hilabeteko tartean minik ematen ez duen txankro eta zauri ireki bat agertzen da, gehienetan genitaletan. 3-6 asteetan desagertu egiten da txankroa, baina infekzioak bizirik dirau.

Sifili Sekundarioa: Kutsatu ondorengo 2. edo 3. hilabetean agertu ohi dira sintomak. Ohikoena gorputzeko edozein ataletan agertzen den azaleko brotea da. Esku eta oinetan agertu ohi da maiz eta ez du azkurerik ematen. Beste sintoma batzuk glandula puztuak, sukarra, nekea, ilea galtzea, buruko mina eta pisua galtzea dira. Sintomak desagertu edo apaldu arren, infekzioak aurrera jarraitzen du.

Sifili Latentea: Ez da sintomarik agertzen eta odol analisi batek soilik detekta dezake. Tratamendurik gabe bizitza osoan iraun dezake arazorik eman gabe, baina maiz hirugarren mailaraino egiten du aurrera.

Hirugarren Mailako Sifilia: Tratatu gabeko gaixoen heren batek garatzen du. Kutsatu ondorengo lehen urtetik aurrera iritsi daiteke, baita kutsatu eta 50 urtera ere. Garuna, bihotza, gibela eta hezurrak erasotu ohi ditu. Paralisia, arazo mentalak, itsutasuna, gorreria, bihotz-gutxiegitasuna eta heriotza ekar ditzake.

Sortzetiko Sifilia: Ama sifilitikoak fetoa kutsatzean gertatzen da eta hau da eritasun honen modurik larriena. Jaio baino lehen hiltzen ez direnek, ezgaitasun larriak izateko aukera handiak dituzte.

Sifilia eta talentua
Deborah Hayden doktore estatubatuarrak Pox: genius, madness and the mysteries of syphilis lanean sifilia eta talentuaren arteko harremana aztertu du, kultura eta politikako pertsonaia handien sintomen bidez.


Azkenak
Martxoak 3tik 49 urte
“1976ko Gasteizko greben mugimendua eskola politikoa izan zen”

Martxoak 3ko sarraskiaren 49. urteurrena beteko da astelehenean. Grebetan eta asanblada irekietan oinarritutako hilabetetako borroka gero eta eraginkorragoa zenez, odoletan itotzea erabaki zuten garaiko botereek, Trantsizioaren hastapenetan. Martxoak 3 elkartea orduan... [+]


Memoria bala bat da buruan

1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak ehunka tiro egin zituen asanbladan bildutako jendetzaren aurka, zabalduz eta erradikalizatuz zihoan greba mugimendua odoletan ito nahian. Bost langile hil zituzten, baina “egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria... [+]


2025-02-28 | ARGIA
1936-1976an Nafarroan errepresaliatutako 407 irakasleak, nortzuk ziren?

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Memoriaren Nafarroako Institutuak "Maistrak eta maisu errepresaliatuak Nafarroan (1936-1976)" hezkuntza-webgunea aurkeztu du.


2027an ixten hasi behar diren zentral nuklearrak mantentzeko eskatu diote Iberdrolak eta Endesak Espainiako Gobernuari

Espainiako Estatuko zentral nuklearrak itxi ez daitezen aktoreen presioak gora jarraitzen du. Otsailaren 12an Espainiako Kongresuak itxi beharreko zentral nuklearrak ez ixteko eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta orain berdin egin dute Endesak eta Iberdrolak.


2025-02-28 | ARGIA
“Erdalduntzeko makina” salatzeko kanpaina abian jarri du Bilboko Guka mugimenduak

Gukak “Bilbo erdalduntzen duen makina” ikusaraziko du kanpainaren bidez. 24 orduz martxan dagoen makina salatuko dute, eta berori “elikatu eta olioztatzen dutenek” ardurak hartzea eskatuko dute. Euskararen aldeko mekanismoak aktibatzea aldarrikatuko dute.


'Errealitatearen harribitxiak'
Arreta galdu barik

ERREALITATEAREN HARRIBITXIAK
Nork: Josu Iriarte, Nerea Lizarralde, Jare Torralba eta Amets Larralde. Mikel Martinezek zuzenduta eta Jokin Oregiren testuetatik abiatuta.
Noiz: otsailaren 21ean.
Non: Bilboko 7katu... [+]


2025-02-28 | Gedar
Adin txikiko neska bati eraso dio Sarako kirol entrenatzaile batek

 15 urteko emakume bati egin dio eraso Izarra klubean jarduten zuen pilota entrenatzaile batek.


Nafarroako Gobernuak Estatuaren indarkeriaren beste zazpi biktima aitortu ditu

Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortu ditu gure lurraldean giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten Estatuaren indarkeriaren beste zazpi biktima. Horien artean, hitzez hitz “motibazio politikoko biktima gisa” aitortzen ditu Patxi Erdozain, Eneko Compains,... [+]


Odon Elorzak Donostiako San Bartolomeko merkataritza zentroaren kontrako plataforma aurkeztu du

Donostiako alkate ohiak webgune bat sortu du, eta plataformarekin bat egiteko eskatu die herritarrei.


2025-02-28 | Sustatu
Webtest.eus: webguneen segurtasuna autoebaluatzeko tresna

PuntuEus-ek doako tresna erabilgarri bat jarri du edonoren eskura, webguneen segurtasuna erraz ebaluatzeko. Webtest.eus izeneko autoebaluazio-tresna honi esker, erabiltzaileek beren webgunearen segurtasun-maila modu sinple eta argian azter dezakete.

 


Okzitaniako A69 autobidea
Justiziak ezeztatu du obren gauzapena zekarren prefetaren ordenantza

"Historikotzat" jo du otsailaren 27an plazaraturiko epaia Lurraren Altxamenduak sare ekologista antikapitalistak. Bere aldetik, epaiaren "krudelkeria" salatu eta helegitea jarriko duela jakitera eman du Frantziako Estatuak. Duela hogei urte baino gehiago jarri... [+]


Arabako ospitaletako komunen irisgarritasun falta salatu du Eginaren Eginez elkarteak

Elkarteko Elena Avalosek salatu du aulki gurpildunarekin komunera sartzea oztopatzea, pertsona desgaituen eskubideen, autonomiaren eta duintasunaren kontra doala.


Txema Monterok EAJ birsortzea proposatu du, ‘Deia’-k zentsuratutako artikulu batean

Joan den asteartean La Vanguardia-n argitaratutako artikuluan egin zuen proposamena Txema Montero abokatu bizkaitarrak. 30 urtez Deia egunkariko kolaboratzailea izan da eta lehenik hara bidali zuen bere artikulua, baina egunkariak ez zion argitaratu.


Eguneraketa berriak daude