Binilomina

  • Disko jogailu gutxi geratzen da gure etxeetan, baina badira batzuk oraindik. Bestelako hamaika aparailu asmatu dituzte, guztiak musika pilatu eta kopiatzeko ezin hobeak. Asmakizunen errubera horrek ez du baina, zapaldu, klasiko bilakatu diren biniloen xarma.

2021eko uztailaren 28an

Ohitu gara dagoeneko disko konpaktuen soinu digitalizatua entzuten, musika denda handietan, gainera, horiek baino ez ditugu aurkitzen. Orain ez hainbeste urte biniloak ziren formatu "izarra", orain ordea musikaren merkatu komertzialak ordezko bat aurkitu dio: disko konpaktua. Eta formatu berriagoak ere badatoz… Horrek ez du esan nahi, ordea, biniloen doinu berezia nahiago duenik ez denik.
Musika maite dute, musikaren historia batez ere, asko bildumazaleak dira, baina batez ere gauza batek batzen ditu biniloaren zaleak: musika sortu zen moduan entzutea atsegin dute. Hori da diskoak biniloan entzuteak eskaintzen diena. Guztiak biniloen bila aritzen dira, hemen eta atzerrian, beti ere merkatu konbentzionaletik at. Biniloa bildumazaleen artean klasiko da.

Askotariko estiloak

Askotarikoak dira biniloan entzun daitezkeen musika estiloak, etxeko apalean kabitzen diren bezainbat. Oraindik, 2004. urtean EMI diskoetxe sonatuak biniloan entzuteko editatzen ditu zenbait disko. Hori bai, egia da estilo jakin batzuk direla biniloan kaleratzeko ohitura jarraitzen dutenak eta azken arrakasta komertzialek ez dutela biniloa aukeratzen.

Musika klasikoa edo 60ko eta 70eko hamarkadetako musika, taldeen berrargitalpenetatik hasi eta techno musika berritzaileeneraino, biniloan eskuratu dezakegu eta disko berriak dira, lehen eskukoak. Beste asko, aldiz, bigarren eskuko merkatuan eros daitezke bakarrik.

Merkatu ekonomiei buruzko aldizkari espezializatuek disko denda bat zabaltzea negozio ez errentagarrien zerrendan lehen postuan ipintzen dute. Ez da negozio errentagarria, hori kontatu digu Luis Vazquez Beltza Records dendako arduradunak. Bezeroak badira, baina biniloa ez da egunero erosten den zerbait eta bi edo hiru astean behin egiten dute gehienera dendara bisita bezeroek.

Disko dendak ez dira herri guztietan, auzo guztietan, baina hori ez da arazo. Ez baita biniloak saltzeko modu bakarra, merkatua nazioartekoa da. Donostiako denda honetan adibidez, eta beste batzuetan ere, on-line ere saltzen dute katalogoan dutena. Beltza Recordsen izan garen egunean Suediatik egin diote eskaria. Jendea badago eta gogoa badute, horregatik jarraitzen dute. "Gainera, jendearekin izaten den tratu pertsonala eta batez ere, musika ona David Bisbalenarekin ez nahastea oso garrantzitsua iruditzen zaigu", dio Vazquezek.

Hala ere, dendak eta Internet ez dira biniloak lortzeko modu bakarra. Zale bakoitzak bere modua du. Joxe Luis Egiak, esaterako, Donostian eta inguruko herrietan, urtetan zehar jarri izan ditu kartelak, singleak eta long playak erosten dituela iragarriz (discostelefonica.net eta 943526577). Hala, 16 urteren buruan 15.000 binilo bildu ditu: "Gogorra da, urte luzez aritu naiz bilduma osatzen eta disko batzuk ez ditut sekula entzun ezta entzungo ere, baina bilduma osatzearen pasioak horretara eraman nau". Euskal musikaren historian biniloan editatu diren ia guztiak ditu, bospasei baino ez ditu falta.

Gutxi, baina editatzen da biniloan

Antoni Guerssen kataluniarrak bere kasa 70eko hamarkadako euskal musika berreditatu du. Lleidakoa da bera eta disko etxe txiki bat du, Guerssen izena duena. Bertan, besteak beste, Haizea, Lisker, Itoitz eta Errobiren diskoak berreditatu ditu.

Diskoen prezioa oso ezberdina izan daiteke, musika estiloa eta egin diren kopia kopuruaren araberakoa izan ohi da. Diskoa zenbat eta zaharragoa izan eta beronen kopia kopurua urriagoa izan, orduan eta garestiagoak izaten dira. Badira 30 euro balio dutenak eta baten batek 300 euro ordaindu dituela ere jakin dugu. Garestienen artean punk estilokoak izaten dira; izan ere, edizioak oso mugatuak izaten dira eta zaharrak direnak lortzea are eta zailagoa izaten da. Sarri, gehiegi saldu izan ez diren diskoak ez dituzte berriro editatzen, horiei cut down deitzen zaie. Disko horiei marka txiki bat egiten diete eta bigarren eskuko merkatura pasatzen dira.

Bigarren eskuko merkatua oraindik ez dago oso garatua Euskal Herrian, baina pixkanaka ari da sartzen eta badago horrelako dendarik. Jose Mari Varonak Donostiako Psico dendan lan egiten du eta bertan bigarren eskuko binilozko diskoak ere saltzen ditu. Jose Marik binilozko diskoak baino ez ditu entzuten, disko konpaktua kontsumorako gai bat gehiago besterik ez dela iritzi dio: "Nik ez dut Internetik etxean eta hala ere ez dut inongo arazorik nahi dudan edozein binilo eskuratzeko. Biniloa ez da desagertu, ezta gutxiagorik ere, pixka bat mugitzen dakienak edozein lor dezake".

Momentuz ez dago Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan binilorik editatzen duen diskoetxerik. Horregatik kanpora jo behar izaten dute hemengo taldeek formatu horretan editatu nahi badute. Gehienek Txekiako etxe batean eskatzen dituzte kopiak. Nuevo Catecismo Católico eta Señor No dira Txekiara jotzen duten euskal taldeetako batzuk.

Talde gehienak hala ere CDan ere editatzen dute diskoa; izan ere, hori da publikoak, orokorrean, eskatzen duena. CDa erabilgarriagoa da, txikiagoa da eta kopiak eta bildumatxoak egiteko aukera eskaintzen digu. Biniloarekin ezin da hori egin, ezin dugu gure etxean plantxa bat jarri eta banan-banan abestiak gehitzen joan; biniloak pirateatzea oso zaila da. Luis Vazquezen iritziz disko konpaktua "XXI. mendeko kasetea» da eta biniloaren prezioan saltzen digute.

José Luis Olabeagak binilizko disko asko ditu eta zaletasun handia. Ez du diskoen pilaketa egitea gustuko, entzuteko erosten dituela dio: "Noiz edo noiz goizeko ordu txikietan deitu izan didate, nik dudan binilo bat sal dezadan; nik ez dut joko horretan sartzerik nahi, hura entzutea atsegin dut eta ez dut salduko diru mordoa eskaintzen badidate ere". José Luis ere ez da CD zalea eta uste du konpaktuak ez direla saldu zitzaizkigun bezain ongi irten; apurka arrakasta galtzen ari direla eta moda bat baino ez direla dio.

Olabeagak itxaropena du Australian asmatu duten aparailu batekin, ELP Laser Turntable du izena eta biniloak laser bidez irakurtzen ditu. Platoak ez ditu diskoak gastatzen eta aldi berean ez du CDaren soinuarekin zer ikusirik. Asmakizun honek informazioa era analogikoan irakurtzen du, ez digitalean, disko konpaktuekin gertatzen den moduan. Gainera, dagoeneko nahiko kaltetu ditugun diskoak ere entzuteko aukera eskaintzen digu. Hori bai, beltz kolorekoak soilik irakurtzen ditu.

Merkatu indartsuan, paraleloan edo etxeko apaletan izango den ez dakigu, baina badirudi biniloek gure artean iraungo dutela.

Biniloa pistaz pista
Biniloa sortu baino lehen arbelezko diskoak eta gramofonoa erabiltzen ziren. Gramofonoa 1887. urtean Emile Berlinerrek patentatu zuen. Lehen disko haiek zink eta arbelez egindakoak ziren. Alde bakarrekoak ziren eta eskuz biradera bati eragin behar zitzaion, minutu bakar batez soinua entzun ahal izateko.
Mende berria hasterako disko horiek merkatuan ziren. Hasieran jostailu dendetan, etxeko tresnen dendetan eta bizikleta dendetan saltzen zituzten. Bizikleta dendetan neguan bakarrik saltzen zituzten diskoak.

Ospea zuten opera abeslariak diskoak grabatzen hasi ziren. Espainiako eta Britainia Handiko erret familietan ere oso gustuko zituzten. Disko dendak zabaltzen hasi ziren orduan, baina ez zen denbora asko igaro I. Mundu Gerra heldu eta material faltak arazoak eragin zituen arte. II. Mundu Gerran ere arazo bera izan zen. Disko zaharrak ekartzen zituenari baino ezin zitzaizkion berriak egin.

Biniloa 1949 urtean erabili zen lehen aldiz diskoak entzuteko. Plastikoz egiten ziren eta iraupen luzea zuten. 1956. urtean egin zen lehen grabazioa estereoan.

Lehen konpainiak Ameriketan, Ingalaterran eta Alemanian sortu ziren. Espainiako Estatuan Donostia garrantzia handiko hiria izan zen; izan ere, bertako Iñurrieta sendikoek Compañía de Disco Columbia sortu zuten. Hasieran Ingalaterrakoaren sorospide bezala funtzionatu zuten, baina gero bere kabuz lan egiten hasi ziren. Hau izan zen Espainiako Estatuan binilozko disko fabrikatzaileen artean zaharrenetako bat. Columbia, Decco edo London zigilu ospetsuen diskoak egiten zituzten eta Donostian, Elvis Presley, Rolling Stones edo Billy Halleyren diskoak egin ziren.

Salmenta gune batzuk
Donostia
Beltza Records: San Juan kalea, 9.
Psico: Fermin Calbetón kalea, 11.
Discos Paseo Colón: Kolon pasealekua (Gros auzoa).
Música Autónoma: Katalin Erauso kalea.

Irun
Bloody Mary: Cipriano Larrañaga, 9.
Centro Musical Irunes: Kolon pasealekua, 31 behea.

Bilbo
Discos Boldan: Aureliano Valle, 7.
Discos Flamingo: Esperanza kalea, 11.

Iruñea
Dientes Largos: Joaquin Jarauta, 45.

Internet


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude