Bingen Zupiria: "Euskarazko albistegigintza frustrazio txiki bat bezala bizi dugu"

  • 1983an mutil aurpegi-gazte begi-argi bat sartu zen gure etxeetan pantaila txikitik. Bingen Zupiria zen, ETBko esatari lanetan. "Euskal Telebista hasi berria zen. Dena zen berria orduan. Telebistarekiko exijentzia maila ere txikiagoa zen. Ontzat ematen zen edozein gauza. Gaur askoz ere gehiago eskatzen zaio telebistari". Hogei urte joan dira eta, egun, ETB zuzentzen du. ETBko zuzendari izendatu zutenetik bost urte bete ziren egunean elkarrizketatu genuen Bingen Zupiria, uztailaren 13an, asteartez. Mutil aurpegi-gazte begi-argi hura gizondu egin da, ETBrekin batera heldu da.

2007ko otsailaren 21ean
Oso lan estresantea da ETBren zuzendaritza?
Ez dakit lan estresanterik dagoen. Norberak nola hartzen duen lana, hori da garrantzitsuena. ETB zuzendari izateak estres handia eragin lezake, baina patxada pixka batekin, neurria ere har lekioke. Horretan ahalegintzen naiz ni, tamaina hartzen.

Laguntzaile taldea ere izango duzu, noski...
Bai, eta lanari tamaina hartzen laguntzen didana. Gaur bost urte izendatu ninduten zuzendari eta, erabaki beharreko lehenengo kontua izan zen nola egin aurre lan honi, nola antolatu talderik indartsuena, estableena; EITB barruko jendearekin, alegia. Taldeak asko laguntzen du erabakiak zuzen hartzen, eta lanari tamaina hartzen, hori zen zure galdera eta.

Tximistan sartu zara atetik, berandu, gurekin zenuen hitzordua zuzen bete nahian, arnasa buelta ezinda...
Hori dena bai, baina arnasa hartzen da.

Elkarrizketa prestatzen ari nintzela, EITBren estatutuetara jo dut, asko pentsatu gabe ere. Lagunduko al didazu nire joera interpretatzen?
Iruditzen zait horrela jokatzen duenaren buruan susmoa dagoela, edo uste bat: alegia, telebistan ikusten duena eta berak ikusi nahiko lukeena ez datozela bat. Baina hori gauza ona da, jatorrizko testuetara jo eta azterketa egin. ETBren legeak gure jardunerako ezarri zituen oinarriak aztertzea, eta ondotik etorri diren Plan Estrategikoa eta Kontratu Programa bera aztertzea... ariketa egokia da jendeak tartean bada ere ariketa hori egitea. Egiten ari garena agindutakoarekin bat ote datorren ikustea? Ongi iruditzen zait. Ez du askok egiten ariketa hori. Jendeak legea irakurriko balu, ustegabe bat baino gehiago izango luke.

Zein eratako ustegabeak?
Adibidez, oraintxe eztabaidan dira Espainiar estatuan, telebista publikoaren ereduari buruz. Auzitan jarri da zuzendaria aukeratzeko prozesua, administrazio-kontseilua aukeratzeko modua, finantzatzeko bideak... Horri dagokionez, esango nuke EITBren zuzendaria da, Espainiar estatuan, legebiltzarrean gehiengo osoz izendatzen den telebista zuzendari bakarra. Gainerako telebistetan gobernuak aukeratzen ditu zuzendariok. Beste zera bat ere, eztabaidan dagoena, administrazio kontseiluak osatzeko modua. Oker ez banago, Espainiar estatuan bakarrak gara horretan ere: alderdi politikoen ordezkaritzaz gainera, gizartean diren beste zenbait eragileren ordezkariak ere biltzen ditugu guk. Eta, gauzak nola diren, Jaurlaritzan gehiengo diren alderdiek ez dute gehiengorik gure Administrazio kontseiluan. Horrek, jakina, ahalegin handiago eskatzen dio EITBko Zuzendari nagusiari, alderdiekin bildu eta akordioak lortzeko sarri-sarri. Finantzazioari dagokionez, berriz, 2002. urteaz gero bada Jaurlaritzaren eta EITBren arteko harremanak zehazten dituen dokumentua: Programa Kontratua. Bertan zehazten da zein eratako edukiak landu behar ditugun, zenbat ordu eskaini behar dizkiogun halako eta halako edukiari, nola kudeatu EITB enpresa den aldetik... eta horren truke, zein finantzazio emango digun Jaurlaritzak. Kontuok ez dira askotan aipatzen, baina gure telebista Legeak eta Programa Kontratuak definitu dute EAErako telebista eredua. Bere telebista eredua definitu ez dutenek, eztabaidan direnek, horra non edukiko luketen kontuan hartzeko, edo kopiatzeko, beste elementu bat.

Ur handiak dira horiek: ikusleak ez daki horretaz eta egunero pantailan ikusten duenari begira dago. Eta ez dakit oso konforme dagoen...
Programa Kontratuak horri buruz hitz egiten du. Zerbitzu publikotzat definitzen du EITB taldea, eta talde honek dituen euskarri ezberdinen bidez -telebista, irrati eta Internet-, zein eratako edukiak eskaini behar dituen, eta zenbat ordu. Ez da antolatzea bakarrik, lan-esparrua oso mugaturik dago lege horien bitartez. Eta paperean idatzirik agertzea ez ezik, urtean behin azterketa egiten digu Jaurlaritzak, eta kontuan eskatzen, hartu ditugun konpromisoak -eduki mota bakoitzari eskaini diogun ordu kopuruak, besteak beste-, zuzen bete ditugun ala ez erabakitzeko. Horren araberakoa izango da finantzazio publikoa. Gaia ez da, beraz, etereoa.

Zein da azterketa horren emaitza? Jaurlaritzak ontzat eman du zuen jarduna, ala oharrak egiten dizkizue?
2002koa da Programa Kontratua eta orain arte egiten dizkigun bi azterketetan Jaurlaritzak betetzat eman dizkigu hartutako konpromisoak.

Telebistaren estatutuetan asko dio, ordea. Paragrafoa aldatu dizut hona: "EITB euskal herritarren informaziorako eta parte hartze publikorako oinarrizko zerbitzu publikoa eta berebiziko tresna izan zedin sortu zen, bai eta gure hezkuntza sistemari laguntzeko bitarteko funtsezkoa izan zedin ere eta, halaber, euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko eta, batik bat, euskara sustatzeko eta garatzeko bitartekoa izan zedin...". Zenbateraino betetzen du hori ETBk?
Ahalegina egiten dugu hori betetzen. EITB taldeak euskarri ezberdinak ditu eta helburua ez da euskarri denok lan bera egitea, euskarri ezberdin horien artean helburuak betetzea baizik. Espezializazioa dago. EITB ahalik eta euskaldun gehienetara iristen saiatzen da, horiek EAEn edo munduan bizi. Bi telebista kate ditugu hemen eta beste bi satelite bidez lan egiten dutenak; sei irrati emisio; eitb.com eta, laster, albisteak Internet bidez emango dituen ataria, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Hortaz, gu Legeak agintzen dizkigunak betetzen saiatzen gara, EITB taldean. Euskarri bakoitzak bere eginkizuna du, bestalde. ETB2, Legeak eskatzen digun "hiritarren parte hartzea" bermatzen saiatzen da; ETB1, berriz, askoz ere irauliago da hizkuntza kontuetara: haur programazioaren bidez, bereziki, eta beste inork eskaintzen ez duen aukera eskainiz... Eta horrela...

Legea agintzen duena betetzera jotzen duzue, baina EITB taldea osorik harturik...
Horixe. Gainera, telebista bakoitzaren barruan eredu ezberdinak ari dira jokoan. EITB esparru ezberdinetara iristen da, eta tresna ezberdinak ditu horretarako. Txikiengana hurbiltzeko, telebista programazioa du, ordu asko, eta, gainera, klub bat abian. Esaterako, Betizu klubaren bitartez Euskal Herrian bizi diren 60.000 haurrengana iristen gara. Tira, gehiagorengana iristen garela badakigu, baina 60.000 horiekin harreman zuzena dugu. Kate bakoitzak ez du lan egiten ikuslego osoa hartzeko, bakoitzak bere ikuslego eta entzulegoa du helburu.

ETB1eko ikusleok, berriz, ez dugu zuen helburu eta asmo horien berri: dena nahi izaten dugu euskaraz...
Izan liteke. Gertatzen da gaztelaniaz dagoen eskaintza ez dela kate bakarrekoa, hainbat kate dira aukeran. Euskaraz, bakarra dugu, eta normala iruditzen zait ETB1en ikusleak gehiago nahi izatea. Desoreka handia dago, eta handiagoa izan liteke aurrerantzean, aukera bera ere handiagoa izango delako laster eta telebista kate gehiago aukeran.

Zenbaterainoko zama da, telebistaren jardunean, orain hogeitsu urte ETB sortu zutenek eredurik ez izatea bere baitan?
Horrek ekarri zuena, hasieran, ezagutzen zuten eredu bakarraren arabera jardutea. Espainiako telebista zen eredu hori, jakina. Horri erreparatu zitzaion. Alemaniako telebistarekin ere izan ziren harremanak, baina helburua jendea trebatzea zen eta, horrekin batera, barruko funtzionamendua ere aztertzea. Baina telebista ereduari dagokionez, bat eta bakarra ezagutzen zuten eta hari begiratu zioten. Legea egiterakoan ere harixe begiratu ziotela esango nuke, Espainiakoari alegia, eta ez Europan izan zitezkeen beste batzuei.

Zama izan da hori?
Nik esango nuke harrezkero landu den eredua ez datorrela bat hasieran ezarri zen telebista egiteko modu harekin. Egia da Espainiar estatuan bertan telebistak aurrera egin duela, lehia ere hazi egin da eta eredu ezberdinak dira indarrean gaur egun. Hala ere, eta hau zenbaitentzat kritikagarri izango da, ETBk dituen erreferenterik gehienak Espainiar estatuko telebista ereduetan ageri dira.

Zergatik ditugu eredu Espainiar estatuko telebistak? Hizketan ari zarela "Espainiar estatua" gora eta behera ari zara. Zergatik ez jo Europa Iparraldeko herrietara, edo AEBetara, nahi izanez gero.
Euskaldunon ikus ditzakegun telebista eredu gehienak Espainiar estatukoak dira, horixe da ezagutzen dugun telebista modu bakarra, eta gu ahalegintzen gara ikusten gaituztenek dituzten gustuak betetzen. Gure herritar gehienek ez dute beste eredurik ezagutzen eta ez zait erraza iruditzen kanpoan diren ereduak ekarri eta hemen ezartzea. Ez genuke aurrera egiteko erraztasunik izango.

Hortaz, jakin dugu: telebista, ikusten duten horientzako egin behar da.
Ez dakit zeinentzat egin behar den. Nik zeinentzat egiten den esango dizut: telebista ikusten duten euskaldunentzat egiten dugu guk telebista; euskal hiztunak, ETB1en kasuan, eta ikus dezaketenentzat, berriz, ETB2.

Bataz beste 40-46.000 bat ikusle dituela ETB1ek esan izan duzu. Telebista ikusleak EAEn, berriz, 250.000tik gora omen dira... Datuak datu, ETB1ek audientziari begiratu behar dio, edo telebista ona egin eta nahikoa litzateke?
Audientzari begiratu, bai, baina horrek ez du esan nahi telebista ona ezin egin litekeenik. Egunkari batek ez al du gehiago saltzeko ahaleginik egin behar? Berria-k, edo Argia-k, ez al dute horretan ere saiatu behar? Gure idazleak ez al dira ahalegintzen ahalik eta gehien saltzen bere liburuak? Legea bera da. Audientziari kasu egin behar zaio. Eta guk kasu egiten diogu: lehenengo, zer ikusten duten jakiteko obligazioa dugu eta, horren arabera, zer ikusi nahi duten asmatzen eta, ondorioz, eskaintzen, baina ez edozein modutara. Beraz, audientzia inportantea da, baina ez ikusle kopuruari dagokionez bakarrik. Esaterako, gure helburuetan jarrita dago audientziak guri buruz iritzi ona izan dezan, eta urtero galdetzen diogu ikusleari ze iritzi duen telebistari buruz. Badakigu hiritarrik gehienentzat, nahiz eta gehien ikusten dena ez izan, ETB2k duela irudirik onena eta, euskal hiztunentzat, berriz, ETB1ek, nahiz eta euskal hiztunek beraiek ere gehien ikusten dutena ez izan hori. Baina gizartean dugun irudia, audientzia emaitzak bezain inportante da. Biak ditugu irizpide, alegia.

Normala ere bada euskaldunok, euskal hiztunok esan nahi dut, ETB1 ez ikustea gehien, dozena erdi aukera ditugu, bakarra euskaraz...
Hara, euskaldunok, eta euskal hiztunok, gehien ikusten dugun telebista katea T5 da.

Negargura ematen du horrek...
Ni ez naiz gauza jendearen gustuak ezagutu eta negargura ematen dutela esateko. Baina tira, T5-k jakin du ikusleak zer ikusi nahi duen asmatzen.

Zuek, zein kate ikusten den gehien ez ezik, zein programa ikusten den gehien ere jakingo duzue...
Bai, oraintxe bukatu berri den denboraldian, Los Serrano, horixe ikusi da gehien, eta ikusi dute gehien euskal hiztunek.

Eta euskalgintzatik, eta kulturgintzatik oro har, kritika ETB1i, ez dituelako euskaldunon nahiak asetzen...
Kritikak entzun eta aztertu egiten ditugu, horretarako gaude eta. Gure lehenengo helburua, hala ere, telebista ikusten duenari kasu egitea da, ze gure artean askok ez du telebista ikusten, eta bestelako aukerarik izanda ere ez luke ikusiko. Hortaz, ikusle ditugunen satisfakzioa dugu helburu. Kritikak aintzat hartzen ditugu. Baina, era berean, aintzat hartzen dugu lehengo datu hori ere: euskaldunontzat, irudirik onena duen telebista ETB2 izatea. Orekan bizi beharra daukagu.

Alde batetik egurra ETB1i. Bestetik, euskal hiztuna Los Serrano-ri begira... Zezen hau toreatuko duenik ez dago...
Ikuspegi ezberdinak dira. Jenderik gehienak etxera iritsi, telebista piztu eta ordu bat, pare bat orduko atsedena nahi du. Ematen dutena ematen dutela ere, irentsi. Jarrera kritikorik ez du telebista kontsumitzaileak, gehienetan behintzat. Telebista hainbeste ikusten ez duenak, berriz, kritika gehiago egiten dio. Eta honen kritikak haren jarrera akritikoak besteko garrantzia du niretzat. Baina hauen juizioa ez dator telebista ikuslearen partetik, telebistari ikusten dioten zerbitzu publiko izaeratik baizik. Eta kritikoa dute diskurtsoa. Eta, esan dizut, biak ditut aintzat hartzekoak. Orekan bizi behar.

Zeuk esana da, han edo hemen, ETB1 dugula euskalgintzak duen tresnarik garrantzizkoena. Nirekiko, euskaltzalea bere lanean are gehiago lagun diezaion eskatzen ari zaio ETB1i...
Izan liteke. ETB1era etorrita, gogoeta egina daukagu. Gure ustez, gizarte honi egin geniezaiokeen zerbitzurik eraginkorrena jendearen gustuko edukiak euskaraz eskaintzea da. Gainera, edukiak modu naturalean jaso ditzan nahi dugu, hizkuntzari buruzko galderarik egin gabe. Horren arabera jokatzen dugu. Uste dugu gure lana eraginkorra izango dela hori lortzen badugu. Haur programazioan gehiago egin litekeela? Baliteke, baina guk asko egiten dugu, ez ordu kopuruagatik bakarrik, baita erabiltzen den hizkuntza ereduagatik ere, errejistro eta aldaerengatik. Hori jarri genuen helburu, eta horretan ari gara.

Zein dira ETB1en muga eta ezinak?
Badago uste bat, etxe honek ahalegin handiago egiten duela ETB2ren alde, eta ETB1 hankamotzago geratzen dela. Egia, berriz, beste bat da: diru gehiago gastatzen da ETB1en, barne produkzio handiago egin behar delako, ETB2n baino. ETB2n pisu handia dute albistegiek eta filmek. Eta zinema erosketa horiek oso merke zaizkigu, beste zenbait telebistarekin batera erosten ditugulako. Ondorioz, zinema bidez merke betetzen dugu ordua. ETB1i dagokionez, berriz, horixe da gure eginbeharra eta geuk sortutako produktuak eskaini behar ditugu hainbat orduz, eta horrek diru gehiago eskatzen du. ETB1en aurrekontuak igoarazi egiten ditu horrek, beraz. Bestalde, albistegiak egitea dugu egunero-eguneroko erronketako bat, eta euskarazko albistegigintza frustrazio txiki bat bezala bizi dugu. ETB1ek erabilitzen dituen baliabide berak erabiltzen dira ETB2n, ez gehiago ez gutxiago. Etxe honek garai batean hartutako erabakia da erredakzio bakarraren bitartez bi telebistak egitea. Baliabideak banatu egiten dira, beraz, eta ez batak ez besteak dute baliabide gehiago edo gutxiago. Ikusleak, aldiz, bestelako ustea du. Albistegi berdintsua eskaini euskaraz iluntzeko 8.30etan eta gaztelaniaz 9etan, kazetari berak dira egile, eta jendeak dioena, xamurrago hartzen dituela gaztelaniazkoak. Euskal hiztunek gehien ikusten duten albistegia ere, Teleberri da, gaztelaniazko albistegia. Horren aurrean, guri pentsatzea tokatzen zaigu, zergatik jokatzen du horrela euskal hiztunak? Aurkezleak egoki dira. Albisteak, berak. Baliabide eta lekukotasunak, berdintsuak. Hortaz, badago hor arrazoiren bat, oraindik antzeman ez duguna.

Behin edo behin entzun dizut honen gaineko aipamenen bat eta galdera egin nahiko nizuke: euskaldunok ba ote dugu gaitasunik telebista bat hobea egiteko?
Nik ez dut ezagutzen 600.000ren bat hiztun dituen komunitate batentzako egiten den honen moduko beste telebistarik. Beste inon egiten ez den zerbait egiten ari gara. Hobea egiteko gaitasunik ba ote dugun? Zer den telebista hobea jakin beharko genuke lehenengo, gehiagok ikusiko duena, edo bestelako edukiak emango dituena. Dena dela, bata izan, bestea izan, gaitasuna badugula esango nuke. Ez dakit, hala ere, egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez etengabe euskaraz egingo duen telebista egiteko gaitasunik dugun, ze, horrek, edukiez gainera, protagonistak behar ditu, jendea, bere lekukotasunak emango dituena, aktore izango dena... Dugun unibertsoa kontuan hartuta, 600.000 hiztun, 250.000 ikusle... ez dakit hortik askoz gehiago ateratzerik dagoen.

Sasoi batean hitzean eta hortzean erabili genituen toki-telebistak. Herrian herriko informazioa landu, ETBrekin kolaboratu... hainbat bide izan ziren aztergai aukeran. Zertan da bide hori?
Harremanak badira, batzuekin, behintzat. Zenbait toki-telebistak, gaztelaniaz emititzen dute baina gure zenbait saio ematen dituzte. Beste zenbait toki-telebistarekin, berriz, ahaleginak egin dira, trukeak ere bai. Baina behin ere ez da egon kointzidentziarik: zer eskaintzen duen batak, zer besteak. Toki-telebistaren espazioa oso mugatua da, inguruari oso loturik ari da, guk eskainiko genukeen produktutik oso urruti. Guk haiei eskainiko geniekeena, berriz, askotan ez zaie osagarri iruditzen. Bide horrek ez du aurrera egin.

Errepikapenak gaizki ikusiak ditugu hemen. "Hara! Lehena berriz ere!", esaten dugu noiznahi. AEBetako zenbait katetan horixe da lege, errepikapena alegia...
Nik uste hemen ere ohituko garela horretara. Lehen ETBk beste inork ez zuen errepikatzea egiten. Gero eta gehiago joko da horretara. Telebista produktua oso garesti da eta zaila da behin emititu eta horri etekin ateratzea. Konpetentzia ere handia da oso eta zenbait produktuk aukera bat baino gehiago izan lezakete pantailan. Orain arte ETBren bekatu izan dena, gero eta gehiago ikusiko dugu egiten beste telebistetan. Aurten gehien ikusi diren programa horietatik batzuk, kate "nagusietan" ari naiz, errepikatu egin dituzte gero.

Kritikak asko ETBk, baina errekonozimendua ere badu, ala? Dena ez da arantza...
Nik uste saririk onena ikuslearen errekonozimendua dugula. Norbera konturatzen da gauzak hobetoxeago edo okerxeago egiten ari garen eta, gauzak ongi egiten ari garenean ikusleak ezagutzen du. Guk errekonozimendu hori badugu.

Barkatu teman jardutea, lehena berriz ere jardutea, baina zuek euskarri ezberdinetan banatu dituzue helburuak eta, aldiz, euskaldunak -euskal hiztunak, zuk diozunez-, batean, euskarazko telebistan nahiko lituzke denak. Sortzezko konponezina da, beharbada...
Ikusleak eskubidea du nahi duen bezala pentsatzeko. Gure taldeak eredu jakin bat landu du eta horren arabera ari gara. Guk uste izan dugu taldean dugula indarra, euskarri ezberdinetan lan egin beharra dugula, EITB bere osotasunean harturik: telebista kate bi, bata euskaraz, bestea gaztelaniaz, Europarako dugun satelite bidezko katea; Amerikarako Canal Vasco; Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Eitb irratia, Radio Vitoria, hurrena etorriko den Internet bidezko ataria... Hori dena da EITBren eskaintza. Beste autonomia erkidegoetan ez da horrelako eskaintzarik.

ETB2ri ere kritika
«Kritika ez da ETB1en kontua bakarrik. Telebista ereduari buruzko eztabaida indarrean dago. Telebistari behin ere baino kritika handiagoa egiten zaio eta, aldi berean, behin ere baino gehiago kontsumitzen da. Ikusleak ikusi egiten du bateko eta besteko telebistetan eskaintzen dena eta ETB2ri, besteak bezain berritzaile izan dadin eskatzen dio, besteak baino aurrerago joan dadin eskatzen dio. Hori egiten dugun neurrian, txalo jotzen digu, baina, bestela, kritika ETB2ri ere».

2004ko Rikardo Arregi saria ETBri.
«Nik uste saria eman dutenek ETBren errealitatea saritu dutela, telebistak dituen alde on eta txarrak gorabehera. Baina horrela da; ikuslegoa du, edukiak ere bai, batzuetan txalo eta besteetan, gehienetan, kritika... baina hor dago. Errealitate horrek eragile eta bultzatzaileak izan zituen, eta Rikardo Arregi sariak haien lana goraipatu nahi izan duela esango nuke, kasu honetan, Ramon Labaien».

Ikusleak eta ETBren hizkuntza eredua
«Ikusleak esaten digu entretenimenduzko saioetako euskara ia bat-bateko hori, oso modu naturalean jasotzen duela; alegia, idatzitako gidoi bati estu-estu loturik ez dauden testuak dira. Aldiz, idatzitako gidoiari gehiago lotzen zaizkion testuak gogorragoak eta zailagoak egiten omen zaizkio; eta adibide moduan ematen ditu albistegietako eta filmetako hizkuntza. Input horixe jasotzen dugu, hori hobetu beharra dugula».

Nortasun agiria
Bingen Zupiria (Hernani, 1961). Herriko ikastolan eskolatu zen lehenengo, eta bertako institutuan gero. Ordurako, lanean ere ari zen, etxeko negozioan. Euskara irakasle jardun zuen gero. Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta ikasketak amaitu orduko, esatari frogak bete ETBn, eta bertan hasi zen 1983an. 1989an, Ardanza lehendakariak prentsa-arduradun lanak betetzeko hots egin zion eta horretan jardun zuen hark kargua utzi arte. Hurrena, ETBko zuzendari izendatu zuten. Bost urte daramatza bertan. Bitartean, Hernanin, Donostian, Gasteizen eta Durangon bizi izan da. Bilbon bizi da orain, emaztearekin eta hiru seme-alabekin.

Bertsoa

Doinua: Amodioa gauza tristea

Irakasletzan jardun ondoren
prentsa bulegoa hauta,
gero ETBn zuzendaritzan
aurkitu zenuen mauka.
Kritikak jaso izanagatik
batzuk alde, batzuk aurka,
izena oker jarri zioten,
oraindik hortan dirau ta
kaja tontoa kaja da baina
tontotik ezer ez dauka.


Azkenak
Larunbatean ospatuko dute Hatortxu Rock, Atarrabiako azkena

Antolatzaileek iragarri dutenez, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten bidez agurtuko dute behin betiko jendea, "erreminta berriei bide emateko". Orotara, hamazazpi taldek eskainiko dute kontzertua larunbatean.


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Lesakan izango da 2025eko Bertso Eguna

Urtarrilaren 25ean ospatuko dute bertsozaleek urteroko hitzordua. Honakoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean. Goizeko 10:00etan ibilbide bat eginez hasiko da, arratsaldean XXI mende 25 (H)ilbeltz izenburua jarri dioten bertso... [+]


Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


Eguneraketa berriak daude