Azkaratetik Txindokira: Mariren lurretan

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ehun biztanle inguru ditu Azkaratek eta etxe eta baserri dotoreek osatzen dute. Herriko frontoi aldamenetik irten gara. Ondo-ondotik pasa garen etxe batean egiten ditu bere grabazioak euskal diskoetxe batek. Kanposanturantz hartu dugu eta gorako bidean Balerdi mendiaren edertasunaz ohartu gara. Hala ere, ez da gure gaurko helburua izango bere malkar arriskutsuetan ibiltzea. Gu Marik inguru hauetan utzitako lorratzen atzetik goaz.

Urdileko lepoa

Ohartzerako Urdileko lepoan gara, Balerdi mendiaren amildegiaren eta Urreagako haitzaren tartean. Ataka zeharkatu eta lehendabiziko izerdiak baretuko dituen ordekan barneratu gara. Urritzagako larreak zeharkatu ondoren, baso itxi batean alertzeek inguratuko gaituzte. Infernuko errekatxora iritsi aurretik, Bedaiora doan bidea utziko dugu eskuinetara eta aurrerago, baita Amezketara doana ere. Ezkerrari helduta altuera eta gosea irabaziz hasiko gara. Ohartzerako, txabolatxo batzuk aldamenean utzita, eta jaitsiera baten ondoren, Buruntzuzineko txaboletara iritsiko gara. Orain arte bidelagun izan ditugun marka edo arrastoak alde batera utziko ditugu.

Mariren arrastoan

Haran eder bat dugu ikuspegi. Garai batean meatzeak izan ziren inguru hauetan. Ezkerretara joanez gero, Pardelus iturritik Igaratzara iritsiko ginateke. Gure asmoa oso bestelakoa da, ordea. Hamaiketako txiki bat egin ostean behera jaitsiko gara eta begien aurrean dugun malda igoko dugu Txindokirantz. Mendiaren edertasunaz gain, Mari jainkosaren arrastoak garamatza bertara. Aztertzaile eta aditu guztiek aho batez aitortzen dute Mari dela euskal mitologiako pertsonaiarik ospetsuena. Bera da Euskal Herriko ahozko tradizioa osatzen duten jeinu, sorgin, numen, espiritu... eta gainerakoen burua. Euskal Herri osoan dago hedaturik Mariren sinestea. Elezaharretan emakumezko gisa agertzen da. Batzuetan dama eder baten itxura du; beste zenbaitetan, sugarrez inguratutako andre bat da; ilargierdi, zekor, bele edo zaldi itxura ere hartzen du; baina zerua zeharkatzen duen suzko igitai gisa agertzen da maizenik.

Haitzulo edo leize ugari ditu bizileku, Euskal Herriko leku askotan. Aparteko ahalmenak ditu eta saritu bezalaxe zigortzen ditu beregana iristen direnak. Mendian galdu denari lagun diezaioke, baina baita haize eta ekaitzak igorri ere.
Kontuak kontu, behera jaitsi gara eta Larraone eta Uzkuiti mendien tarterantz abiatu gara. Aldapa dago gero! Lasai-lasai, borda baten ondotik, belardi ederretatik helburu dugun lepora goaz. Goia jo eta zer ikusiko dugun irrikak arindu egin dizkigu, geldoak ziren hamaiketako astunaren ondorengo pausajeak.

Muitzeko errekastora

Harriak inguruan, borobildua dagoen ikuspegiak hartu gaitu. Ezkerretik joanda, bidea luzea; aurrera eginda, zokora jaitsi ostean igo egin behar. Biak hala biak, gustura egiteko modukoak. Guk aurrera jarraitu dugu Muitzeko errekastora. Itzulera hemendik egingo dugu. Ordubete eskasean Larraitzen geundeke. Aurretik, ordea, Txindoki tontorretik dagoen paisaia ez galtzekoa izanik, gora egin dugu 15 minutuz.

Txindoki tontorrean

Egurrale izeneko lepora iritsi garenean, mendizale ugarirekin egin dugu topo. Bisitari ugariak Mariren arrastoak uxatuko dizkigun beldur gara. Baina ez da hori atzera egiteko aitzakia. Tontorrera bidean bisitarien oin arrastoek markatutako bide nabarmenak pentsarazi digu Larrunarri edo Txindokiri bisita egitea zein derrigorra den. Igotzeko ez dago hain zaila, eta uste baino lehen gara goian. Mendebaldeko ertza ikusgarria da, zorrotza eta bortitza. Eskalatzaileek ere estimatua izan eta soka eta guzti iritsi dira bi lagun. Aralarko mendirik garaiena ez izan arren »Ganboa altuagoa da», edonor gustura egoteko gailurra da.

Ostera, Muitzeko haranera jaitsi eta bertatik abiatu gara ibilbidearen azken zatira. Bide ezezagunagoa izanik, arrastoak ez dira hain markatuak. Bidea bera ere, estuagoa da. Ur-jauzi txiki batetik igaro eta han goaz, Larraitz inguruetara noiz iritsiko. Urritzaren gainean katagorri bat ikusi badugu ere, Mariren suzko bolarik ez da inon ageri. Beste egunen batean itzuli beharko gara bila...

Informazio praktikoa

Nola iritsi Azkaratera


Tolosan N-130 hartu. Lekunberrirako bideak Araitzko bailaran murgilduko gaitu.


Nola iritsi Larraitzera


Alegiatik Gi-2133 Amezketatik barrena.
Ordizian Gi-2133 Zaldibitik barrena.


Ibilbidea


Azkarate
Urdileko lepoa (0:45 ordu)
Buruntzuzineko txabolak (2:30)
Muitzeko ubidea (4:00)
Txindoki (5:20)
Larraitz (7:00)

Mari eta Kattalin
Zazpi urte joanak ziren azkeneko aldiz Mari Txindokin izan zenetik. Han zuen, izan ere, egundo inork ikusi ez, baina denen ahotan zebilen bizileku eder bat. Ziotenez, haitzuloaren barnealdea urrez estalirik zegoen eta altzariak ere urrezkoak ziren. Dama iritsia zela erraz jakin zuten, zaldi hegalari bat ikusi baitzen zerua zeharkatzen, eta, horren ondoren, aspaldiko urtetan ezagutu ez bezalako euri jasa hasi zuen. Euriteak asteetan iraun zuen, egunsenti batean atertu zuen arte. Zerua oskarbi zegoen, Txindoki mendiaren tontorra zen hodei txuri batez estalia zegoen bakarra. Damak labea piztu zuela esaten zuten amezketarrek.

Behin Kattalin izeneko artzain alaba gazte batek mendi hegalera eraman zuen larrera bere artaldea. Eguzkia distiratsu zegoen eta udaberriaren hasiera nabari zen. Neska gazteak denbora luzea eman zuen loretxoei eta zuhaitzez zuhaitz zebiltzan txoriei begira. Arratsaldean, etxeratzeko garaia zela iruditu zitzaion eta ardiak biltzen hasi zen. Bat falta zitzaion, ordea. Neska gaixoa ardi galduaren bila hasi zen. Eta, ardi hori harkaitzetara edo mendi tontorrera igo bazen, zer? Hamaika aldiz entzuna zuen herrian Mari Txindokin zegoen bitartean hobe zela hara ez igotzea. Hamaika aldiz entzunak zituen desagertutako pertsonei buruzko kontu izugarriak. Baina igo ahala, lasaitu egin zen. Ez zirudien aparteko gauzarik gertatzen zenik han, dena lasai zegoen. Azkenik, bere ardiaren marraka entzun zuen.

Sastraka batzuk baztertzean, ardia haitzulo baten sarreran zegoela ikusi zuen, urrezko goru batekin iruten ari zen andre eder baten oinetan etzanda. Bere bizitzan ez zuen ikusi halako dama ederrik! Neska han geratu zen. Kristalezko kanpaitxo bat zirudien damaren ahotsak zer egiten zuen galdetu zion. Erantzunik jaso ez zuenez, bere burua aurkeztu zion: «Nire izena Mari da eta hau nire etxea da. Ez beldurrik izan». Kattalinek ere bere burua aurkeztu ostean, laguntzaile bat behar zuela esan zion Marik, horrela, egunen batean bere artaldea izango zuela.

Kattalinek baietz esan zion eta zazpi urtez geratu zen Marirekin. Marik erakutsi zizkion jakin beharreko guztiak, haria egiten, ogia egiten, landareen tasun zoragarriak bereizten, animalien hizkera ezagutzen... Ohartzerako joan ziren urteak. Behin, zintzo portatu izanagatik eta berak erakutsitako guztia ikasi zuelako opari bat eman zion. Ikatz zati handi bat. Gero, desagertu egin zen sugarrez inguraturik. Kattalin, harrituta, ikatz zatiari begira geratu zen.

Harridura ez zen txikiagoa izan ikatz zati hura urre bihurtzen ikusi zuenean. Herrira jaitsi zen. Aspaldi hiltzat zeukaten eta ez zuen inork espero. Denei kontatu zien gertatutakoa eta urrearekin etxea eta artalde bikain bat erosi zituen.


Azkenak
Birundaren aldeko manifestazioa egin dute Donostiako Parte Zaharrean barrena

Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.


2025-03-31 | Ahotsa.info
Burlatako Gazte Asanbladak gaztetxearekin jarraitzeko akordioa iragarri du Udalarekin

Manifestazio jendetsu batek herriko kaleak zeharkatu ditu, Poliziaren gehiegizko dispositibo batek zainduta, gazteek kudeatutako guneen defentsan eta Gaztetxeak erasoen aurrean defendatzeko. Manifestazioaren amaieran, publiko egin dute iragarpena.


Armen lobbyek (Euskal Herrikoak barne) gerrara eraman nahi gaituzte

Joan den ekainaren amaieran bukatu genuen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuaren lehenengo zatiak Gerra badatorrela! du izenburu, bertan... [+]


2025-03-31 | ARGIA
Iruña-Veleia afera argitzea, eta ondarea ez suntsitzea eskatu dute Gasteizen

Iruña-Veleia auzia “behin betiko” argitzea eskatu dute martxoaren 30ean, Gasteizen egindako manifestazioan. Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak aztarnategian egindako “txikizioak” salatu ditu eta Arabako Foru Aldundiaren ardura... [+]


2025-03-31 | Gedar
Etxebizitza-arloko arrazakeria salatu eta apirilaren 5ean mobilizatzera deitu dute hainbat kolektibok

Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.


2025-03-31 | Usurbilgo Noaua
Zaintza eredua eraldatzeko ahalegin betean segitzen du Usurbilek

Usurbil herri zaintzaileagoa izateko lankidetzan ari diren herrikide, eragile eta erakundeen talde argazkia duzue albiste honi atxikitakoa. Larunbatean Sutegin egindako "Usurbil, herri zaintzailea" izeneko ekitaldian atera genuen. Norabide horretan herri hau egiten ari... [+]


Aitor Esteban EAJko presidente berriak batasunerako deia egin du alderdiaren IX. Batzar Nagusian

Kargua "ohore handiz, erantzukizunez eta apaltasunez" hartuko duela adierazi du Atano III.a pilotalekuan, 1.800 lagunen aurrean. Aberri Batzarrak Euskadi Buru Batzar berria osatuko duten zortzi kideak ere hautatu ditu.


analisia |
Save the Children, saldu bonbak (II)

Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]


Miranderi buruzko zikloa abiatuko dute Iruñean, bere obraz eta figuraz gogoetatzeko

Astelehen honetan hasita, astebetez, Jon Miranderen obra izango dute aztergai: besteren artean, Mirande nor zen argitzeaz eta errepasatzeaz gain, bere figurarekin zer egin hausnartuko dute, polemikoak baitira bere hainbat adierazpen eta testu.


Apirila, zikloaren hasiera

Udaberrian orain dela egun gutxi sartu gara eta intxaurrondoa dut maisu. Lasai sentitzen dut, konfiantzaz, bere prozesuan, ziklo berria hasten. Plan eta ohitura berriak hartu ditut apirilean, sasoitu naiz, bizitzan proiektu berriei heltzeko konfiantzaz, indarrez, sormen eta... [+]


2025-03-31 | Nagore Zaldua
Udaberrian sakura loreak eta itsas-tomateak

Itsasoan badira landareen itxura izan arren animalia harrapari diren izaki eder batzuk: anemonak. Kantauri itsasoan hainbat anemona espezie ditugun arren, bada bat, guztien artean bereziki erraz atzemateko aukera eskaintzen diguna: itsas-tomatea.


2025-03-31 | Jakoba Errekondo
Ohea berotzearen teknika

Ohe beroan edo hotzean egiten da hobeto lo? Nik zalantzarik ez daukat: hotzean. Landare jaioberriek bero punttu bat nahiago dute, ordea. Udaberriko ekinozio garai hau aproposa da udako eta udazkeneko mokadu goxoak emango dizkiguten landareen haziak ereiteko.


2025-03-31 | Garazi Zabaleta
Errekauek
“Errekauek” eta “enkarguk” etxean jasotzeko proiektua Azpeitian eta Azkoitian

Duela lau urte abiatu zuten Azpeitian Enkarguk proiektua, Udalaren, Urkome Landa Garapen Elkartearen eta Azpeitiako eta Gipuzkoako merkatari txikien elkarteen artean. “Orain proiektua bigarren fasera eraman dugu, eta Azkoitian sortu dugu antzeko egitasmoa, bere izenarekin:... [+]


Eguneraketa berriak daude