1937 Gerrako haurren koloniak

  • Udalekuek, barnetegiek eta koloniek umeak zein gazteak laketzeko lekuak dirudite. Uda garaian, mendian ala lautadetan, itsasaldean nahiz eremu lehorretan, milaka nerabek aisialdia eta abentura uztartzeari ekiten diote. Aspaldiko kontua dugun horrek hainbat berezitasun izan ditu historian zehar. Horietako batzuk, Espainiako Gerra Zibila zela medio, euskal umeek ezagutu zituzten. Izan ere 1937ko udaberriaz geroztik, oso bereziak izan ziren milaka euskal haurrek izan zituzten ikastaldiak, ikastetxeak eta Europan zehar buruturiko koloniak eta bidaiak.Gehienak estraineko aldiz itsasoratu ziren ikaragarrizko barkuetan, 24 orduko itsas zeharkaldiak egiteko. Bonbardaketek irauten zuten bitartean burutu behar izan zituzten egonaldiak, hainbatentzat »Errusiara joan zirenentzat, esate baterako» ia-ia bizitza osokoak bilakatu zitzaizkien. Beste batzuei, uda garaiko koloniaren bat izan beharko zuena, bizpahiru urterako barnetegia bilakatu zitzaien.

2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ume horien erbesteratzearenerrudun frankistek egindako erasoaldiak ditugu. Irun frankisten menpe gelditu zelarik hasi ziren lehen erbesteraldiak. Gipuzkoatik alde egindakoek aterpea eskuratu zuten Katalunian eraturiko kolonietan. Baina arazoa larriagotu egin zen 1937ko martxoaren amaieraz geroztik, Molaren armadak Bizkaiaren aurkako erasoaldiari ekin zionean, alegia. Orduan hasi ziren antolatzen Pirinioz bestaldera jo zuten umeen irteera masiboak. La Rochelle aurrean zegoen Oleron irlara joandakoa izan zen aitzindari, 400 ume inguru hara eraman zituztenean. Gero, Durango eta Gernikaren aurkako bonbardaketen ondorioz, nabarmen azkartu zuten barkuen joan-etorria. Izan ere Habana, Goizeko Izarra, Alice Marie eta antzekoak izan ziren milaka ume gerraren triskantzatik at eraman zituzten itsasontzi salbatzaileak. Bizkaiko zeruetatik frankistek izua hedatu zuten heinean, horrelako barkuak euskal umeekin behin eta berriro bete ziren, Almirante Cervera gerra barku frankistari bizkarra emanez, mugaz bestaldera eramateko. Durangoren edo Gernikaren aurka izandako bonbardaketa bezalakoetatik libratzeko, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, giza gaiez arduratzen zen Juan Gracia sozialista eta kultur arloko Jesus Maria Leizaolaren agindutara, ume espedizioak biderkatu zituzten. Ondorioz, 30.000tik gora euskal ume mugaz bestaldera bidali zituzten. Horietatik gehienak, 22.000 inguru, Frantziako Estatuan egokitu zituzten arren, beste aunitz »4.000 inguru» Britainia Handira, 3.000 Belgikara, eta 2.000tik gora SESBra eraman zituzten.

Iparraldeko euskal koloniarik handiena

Frantzian hiruzpalau egonaldi mota atondu zituzten bertako arduradunek zein Eusko Jaurlaritzakoek umeen jardunak aurrera eramateko: batzuk babes familietan egonik, herriko eskoletara joaten ziren bertako mutiko eta neskekin batera. Beste batzuk barnetegietan edo aterpetan egoten ziren, baina Frantziako ikastetxetan eskolak hartzen zituzten. Eta azkenik, baziren barnetegian edo kolonian bertan euskal eskola hartzen zutenak. Azken horien artean, handiena eta iraupen luzeena izan zuena Donibane Garaziko Zitadelle edo Gotorlekuan kokatu zen kolonia dugu. Hara eraman zituzten ia-ia 500 ume »5 eta 15 urte bitartekoak- 1937ko ekainetik, 1939ko azaroa arte, bi ikasturte luze igarotzeko. Garazira joatearen arrazoia bertan zegoen gotorlekua zen. Hutsik zegoen orduan eta eraikin nahiko itzelak zituen makina bat gazte, irakasle eta laguntzaile aterpetzeko.

1628 eta 1640 urteen artean Pirinioetako mugetatik gertu paratu zuten gotorlekua zen: Antoine Deville ingeniariak diseinaturikoa eta geroxeago Sebastian Vauban ospetsuak birmoldatua. Garazikoek "gaztelu" deitutakoak 600 metroko luzera eta 400 metroko zabalerako laukizuzena eratzen zuen, eta bere lau bastioiekin, akropoli baten gisara, Donibane menpean hartzen zuen 80 metroko hormatzarrekin. Belaunaldiz belaunaldi, euskal Pirinioetako mugetara begira zegoen gotorlekuak gerra giroa zekarren Garazi aldera. Esate baterako, Konbentzio gerran edo Independentziakoan, Frantziako soldaduen abiapuntu edo babesleku izan zen. 1914-1918ko gerraren ondorioz, aldiz, gatibu alemaniarren kartzela izan zen. 1920tik, militarrek hustu eta gero, abandonaturik gelditu zen 1936an Donibaneko udalak erosi zuen arte.

Jabe horren menpe eta hutsik zegoenez, hara eraman zituzten trenez, Bordeletik euskal umeak. Bilbo erori baino egun pare bat lehenago ateratako haurrak ziren gehienak. Sondikatik, Areetatik, Bilbotik, Plentziatik... zetozen haurrak. Gordexolan bildu zituzten geroxeago Santanderretik ihes egiteko. Han, Ploubazlanec ikatz ontzia hartu eta bere sotoetan Frantziako Pauillac itsas portura eraman zituzten. Handik, Bordeletik Baionara trenez eta gero Donibane Garazira. Kantabriako hiriburuan ekainaren 22an itsasoratu zirenak, bi egun beranduago iritsi ziren Nafarroa Behereko hiri nagusiko gotorlekura.

Herri euskaldun peto-petoa zen orduan Donibane Garazi, bere ingurua bezala. Hala ere, Espainia aldeko gorri-separatistak ez zituzten maite. Fronte Popularra Frantzian nagusi bazen ere, eskualde nafar hori eskuin muturrekoek aise menperatzen zuten. Jean Ibarnegaray, ondoko herrixka Uharte-Garaziko auzapeza izateaz gain, Frantziako parlamentuan diputatua zen eta 1940tik aurrera Petainen gobernukidea. Bera nabarmendu zen euskal errefuxiatu guztien aurkako ekimenetan eta Francoren aldeko goraipamenetan. Antzeko zerbait erran daiteke Iparraldean kaleratzen zen Eskualduna astekariaz. Molaren aldeko jarrera sutsua ez ezik, euskal nazionalistak ere bortizki arbuiatzen zituen, gorriekin bat eginda zeudelako.

Gotorleku izatetik ikastetxe izatera

Garazira iritsi zirenean, gotorlekura doan aldapa estua baino latzagoa izan zen beraientzat garaztarren hoztasuna. Hala eta guztiz ere, Munoa, Iparla, Autza, Mendimotxa, Ortzantzurieta ikusgai zituztelarik, gotorleku hori babeskelu izan zuten bi urte luzez, mendi horiez bestaldean gerrak iraun zuen bitartean.

Euskal eskolen ereduari jarraituz euskal irakaskuntza martxan jarri zuten bertan Bingen Ametzagaren agindutara kementsu bildu ziren irakasleek. Aipaturikoa, lehen zuzendaria izan zen, Eusko Jaurlaritzak Bartzelonara antzeko lanak burutzera bidali zuen arte. Luis Arbeloak ordezkatu zuen ondoren. Honekin batera, euskal irakaskuntzaren teorizatzaile eta irakasle esanguratsuenak ziren Pelayo Bernedo, Mikel Arruza edo Diego Pascual Eraso aritu ziren zuzendaritza lanetan. Eguneroko jarduera, aldiz, irakasle andana luze baten eskutan gelditu zen. Beste askoren artean, bertan aritu ziren Pilare Alba, Polixene Trabudua, Libe Altuna eta Genoveva Leibar. Euzkadiko eskoletatik, euskal eskoletatik edo estatuko irakaskuntzaren sailetatik zetozen irakasle horiek, bat eginik, ikastaldeak eratu zituzten Garaziko gotorlekuan, hizkuntza eremuen eta adinen arabera. Euskaldunak alde batetik, erdaldunak bestetik; 14 urtetik gorakoak, lanbide ikasketetara batzuk eta batxilergora besteak. Ordutegia eliz jardunek mugatzen zuten, nabarmen gainera: eguna mezarekin hasi eta errosarioarekin amaitzen zen. Bitartean, klaseak, otorduak, baita dantzak eta kirolak ere egiten zituzten. Higiene kontutan, gotorlekuak eskas zituen bainugelak ordezkatzen zituzten inguruko Errobi eta Laurhibarreko ibaiek, baita negu gorrian ere.

Euskal dantzak eta musika ikasteak garrantzi handia hartu zuen orduko jardunean. Martin Anuzita maisu zela, euskal dantzak eta kantak ikasteari eta gero hedatzeari ekin zioten bertako gazteek. Zitadellen bertan emandako ekitaldiez gain, inguruko herrietan eta elizetan hasi ziren dantzatzen eta kantatzen arrakasta handiz. Hori dela eta inguruko euskaldunekin harremanak gorpuzten hasi ziren. Espainiako gerra amaituta, zenbait hilabete gehiagoz iraun zuen koloniak, Frantziako armadak berreskuratu zuen arte. 1939ko udazkena zen eta orduan euskal umeak Armendaritze, Poyanne, eta Cagnotte bezalako herrietan zeuden beste euskal kolonietan barreiatu zituzten. Zaharrenek nekazal lanetan »mahatsa biltzen bereziki» laguntzen zuten bitartean, txikiek beste ikasturte bati ekin zioten. Dena den, urte horretako azaro aldean, behin betiko bueltatzea gauzatu zen, bertako koloniei amaiera emanez. Orduan ez zen barku zeharkaldirik izan etxeratzeko. Lasterbidea egina zegoen: Baionatik Iruneraino trenez abiatzen ziren eta, frankisten galbahetik pasa ondoren, Donostiaraino edo Bilboraino. Mugaz bestaldean egoera gazi-gozoa zen: familiakoekin berriro elkartzearen irrika batetik, diktadura frankistaren egoera latza bestetik. Kolonietan egondakoen testigantzek bat egiten dute kontraste hori azpimarratzerakoan. Horien arabera, 40ko hamarkadan bizi behar izan zuten egoera politiko eta ekonomiko larriak »ogi beltzak, lehengaien gabeziak eta espekulazioak laburbiltzen dutena», Garazin igarotako urteak estimu handiagoz gogorarazteko akuilu gisa balio izan zien behien baino gehiagotan. Era berean, gotorleku horretako sotoetan, ikasgeletan eta patioan bizi eta ikasitakoa oso baliagarria izan zuten frankismoaren tunel luzea duintasunez zeharkatzeko.

Pilare Alba Loiarte, garaiko irakaslea: «Umeek ez zuten denbora galdu, guk irakatsi egiten genien eta etxean bezala bizi zitezen saiatzen ginen»

Iruñean jaio zen Pilare Alba 1913ko azaroan, baina Goizuetan hezi eta hazia da. Eta bertan bizi da gaur egun. Donostian Magisteritza ikasketak burutu ondoren, Elizondoko lehen ikastolan andereño izan zen 1935-1936 ikasturtean. Gerra hasi zenean Bizkaira jo zuen eta Mundakako Euskal Eskolan irakasle izan zen umeekin erbestera joan arte. 23 urte zituen Donibane Garazira, andereño joan zenean.

Gerraz zer oroitzapen dituzu?
Ikastoletako kontuekin andereño bezala ezagutzen nindutelako, euskal eskoletara deitu ninduten eta Mundakan aritu nintzen gerra bitartean. Bermeora joaten ginen denbora pasa baina gero ez, ezinezkoa zelako. Orduan Bilbora, Ibañez de Bilbao kalean izaten genuen etxe batera joaten ginen asko. Bertan ikusten genuen umeen dokumentazioa, zein joaten zen kanpora eta zein geldituko zen. Umeez eta jende guztiaz arduratzen ginen. Bestalde, beti beldurrez, lasterka eta ezinean.

Zer nolako harrera izan zenuten Donibane Garazin?
Jende asko joan ginen. Ziutadela dena moldatu zuten gu sartu ondoren. Nik herriko familiekin egiten nituen tratuak, euskaraz bazekitelako. Gainera familia bat neukan, gure familiak ezagutzen zuena, Aranburutarrena, eta haiengana joaten nintzen igandero bazkaltzera. Frantziako agintariak ez ziren hurbiltzen eta herrikoak ere hasieran gaizki, baina gero ikusi zutenean zein zen egoera, dena aldatu zen. Guk Ibarnegarayri ez genion kasu egiten. Gure bizimodua egiten genuen. Gerra zen, eta gerratik kanpo geunden gu, baina familiak banatuta zeuden, haurrak gurekin eta familiak ahal zuten moduan.

Koloniaren antolakuntzaz, zertaz oroitzen zara?
Ni ume txikiekin nengoen, bost urtekoekin. Beraiekin egiten nuen lo ere. Kortina batzuk jartzen genituen tartean, baina gela berean geunden. Entretenitu behar nituen eta irakatsi ere bai. Ni euskaldunekin ibili nintzen beti. Zatituta baitzeuden, euskaldunak eta erdaldunak. Jende asko ginelako, bazkaltzeko esate baterako, txandaka ibiltzen ginen. Umeek ez zuten denbora galdu, guk irakatsi egiten genien, eskola eta guzti, eta etxean bezala bizi zitezen saiatzen ginen.

Bi gerra handien artean ibili zineten. Nolakoa izan zen itzulera?
Hemengo gerrarri buruz jasotzen genuen informazioa. Amaitu zenean etxera etorri behar izan genuen eta, jakina, etxea beti etxe da. Familiak nola zeuden ez genekien, haurrak jaso zitzaketen edo ez. Batzuek, kargua zutenek, ezin zuten hona itzuli eta Ameriketara jo behar izan zuten. Besteak itzuli egin ginen. Franco egotea ez zitzaigun inporta. Kasu gutxi egiten genion, ez genion beldurrik. Ni Guardia Zibiletik pasatu nintzen. Nire familia oso ezaguna zen, Loiartetarrak, abertzale porrokatuak gainera... baina deus ez ziguten egin. Gero 70 urte bete arte, ikastoletan egin nuen lan. Dena ahaztu zait, urteek ez dute barkatzen.

Kepa Larrea Garai, gerrako haurra: «Donibanen izan genuen harrera oso ankerra izan zen: elizkoi peto-petoak izanik, "gorri-separatistak" omen ginen gu»

Kepa Larrea Garai 1922ko ekainaren 29an jaio zen Sondikan. 15 urterekin eraman zuten Donibane Garazira. 1988-1998 urteen artean 37an Atzerriraturiko Haurren Elkarte-ko lehendakari izan da. Gaur egun Sondikan bertan bizi da.

Gerraz zer oroitzapen duzu?
Oso txarrak. Ni aireportuan bertan (Sondikakoan) bizi nintzen. Gure etxetik 100 metrora pilotuek eta langileek bonben kontrako aterpea zuten eta nire amak horko hainbat langileei bazkaria prestatzen zien. Hori dela eta asko ezagutzen nituen. Sondika sarritan bonbardatu zuten eta behin behargin bati ogitarteko bat eramaten ari nintzenean, sirena hotsak hasi ziren jotzen. Guztiak niri oihuka zeuden. Azkenean, lubaki batean sartu nintzen eta hortik gertu hiru bonba lehertu ziren. Han zegoen langile bat, nik ikusten nuen horietako bat, desagertu egin zen. Txikituta eta kiskalita hil zen hantxe bertan. Hori izugarria zen... Oroitzen naiz gerra hasi zenean, hemen zeuden hainbat pilotuk, familia oneko semeek, alde egin zutela. Santanderreko Pormbotarrak, Getxoko Lezama Legizamondarrak... Hegazkinak ez, hemen gelditu ziren. Orduan Del Rio pilotu ospetsua ekarri zuten. Firestonen egiten zuen lana eta ekarri zuten hegazkin gudetan aritzeko. Hegazkin alemaniarrak izutzen zituen, bera ere hil zuten arte. Nik gerra gertu-gertutik bizi izan nuen, bonbardaketak bereziki. Milizianoen eta hegazkinen artean hazi nintzen eta hori izan zen nire bizitza alde egin nuen arte.

Nola erabaki zenuten Frantzia aldera joatea?
Bilbo erori baino egun batzuk lehenago, esan ziguten Sondika utzi behar genuela. Auzokoekin Enekuritik alde egin nuen. Han bertan bonbardatu gintuzten. Hala edo nola miliziano batzuekin Deustura iritsi nintzen eta, galdezka, La Casillaraino, osaba baten etxearen bila. Jendea izututa zegoen bonbardaketekin eta jakin genuen andre eta mutiko talde bat izena ematen ari zela Frantziara joateko: orduan, gure amak galdetu zidan ea guk ere abiatu nahi genuen. Nik baietz. Eta izena eman genuen bi arrebek »Gotzone 12 urtekoak eta Mari Carmen 7 urtekoak» eta nik. Txikiena ez zen nigandik urruntzen ezta segundu batean ere. Hori ekainaren 18an zen. Santanderrera eraman gintuzten eta Magdalena aldean zeuden txalet batzuetan egon ginen. Hirugarren egunean itsasoratu ginen.

Itsas zeharkaldia nolakoa izan zen?
Ikatza garraiatzeko barkua zen gurea. 1.000 ume baino gehiago eraman zituen bidaia horretan. Itsasoan 24 ordu luze eman genituen, Pauillacera iritsi bitartean. Gauez atera ginen eta hurrengo egunean, itsasontzi frankista batek geldiarazi gintuen. Ume koskorrenok sotoetan sartu ginen, kapitainari galderak egiten zizkioten bitartean eta azkenean jarraitu ahal izan genuen. Iritsi ginenean Pauillacera, ekainaren 24a zen, Sondikako jaien eguna. Hortik Bordelera, Baionara eta azkenean Donibane Garazira trenez eraman gintuzten.

Garaziko egonaldiari buruz zer diozu?
Nik ezagutu dudan gauzarik hoberena. Den-dena oso ondo prestatu zuten. Baina Donibanen izan genuen harrera oso ankerra izan zen. Frantziak oso gogoan zuen oraindik 1914-1918ko gerra, eta ahaztu gabe zituen orduan hil ziren Iparraldeko soldaduak. Nazionalismo frantziarra oso indartua zegoen eta horren bozeramaile bero-beroa zen bertako diputatu Ibarnegaray. Horrek gure aurka izugarrizko propaganda egin zuen. Gu elizkoi peto-petoak izanik, gorri-separatistak omen ginen. Ikaragarria zen, ez zuten irekitzen ez aterik, ezta leihorik ere. Baina gero herriak aldatu zuen gurekiko jarrera, sei hilabete baino lehenago gurekin ongi moldatzen ziren, nola jarduten genuen ikusi baitzuten. Nagusiak herrira jaisten ginen, ogi edo esne bila, elizara joaten ginen... Eta jendeak esaten zuen: baina horiek dira gorri-separatista arriskutsuak?

Itzuli zinenean zer nolako egoera aurkitu zenuen?
Frantziako armadak gotorlekua behar zuelako beste kolonietara eraman gintuen. Ni Cagnottera, beste batzuk Donibane Lohizunera. Batzuek Ameriketara jo zuten. Baina hortik gutxira, etxeko bidea hartu behar izan genuen. Mugara iritsi ginelarik, nire bizitzako tristeziarik handiena izan nuen. Andere falangista batek "Gurutze santuarena" egitea eskatu zigun. Gu euskaraz hasi ginenean, bera garrasika hasi zen ez zuelako ulertzen! Gu jaunartze egunerokoak eta "aitarena" egin behar! Irunen sartu eta... hor zegoen kalapita, zikinkeria... izugarria izan zen. Gero ogi beltza eta ogi beltza, besterik ez zegoen. Garazin jaten genuen ogi onarekin alderatuta... Sondikara helduta, berdintsu. Etxeak botata, dena suntsituta. Ikaragarria zen. Badut lagun bat, berriro Frantziara itzuli zena. Egundoko talka izan genuen. Politikoki, berdin, hori guztia oso tristea izan zen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
2024-11-12 | Julene Flamarique
Sortuk manifestazioa egingo du Brouard eta Muguruzaren hilketen urteurrenean, azaroaren 20an Bilbon

Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.


Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute

Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.


2024-10-25 | ARGIA
Gasteizen 1976ko martxoaren 3an zauritutako beste zazpi pertsona identifikatu dituzte

Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


2024-10-17 | Cira Crespo
Herriaren ahotsa onartuko duzu

Gaur gauean, urriak 17, 88 urte faxistek Jose Ariztimuño, Aitzol, hil zutena. Fusilamendu pelotoiaren aurrean ez zuela isilik gelditu nahi irakurri berri dut. Soldaduei tiro egitea kosta egin omen zitzaien, behin eta berriz agindu behar izan omen zieten su egiteko. Hala... [+]


ANALISIA | Urriak 12
Torturatuak: ausart edo aske?

“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]


Donostiako La Cumbre “Estatuaren biktimen etxea” izatea proposatu dute

La Cumbre Jauregia biktimen aitortzarako, erreparaziorako eta dibulgaziorako gune bilakatzeko proposamena egin dute memoriaren inguruan dabiltzan hainbat taldek eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideek. Memoria Demokratikoaren Legearen arabera, eraikina Donostiako Udalaren... [+]


2024-10-15 | Julen Orbea | Zuzeu
Bizitza oroit dezagun

1944an, Stauffenberg-en agindupean, Hitler bonba batekin hiltzen saiatu ziren, soldadu eta herritar alemaniar batzuen artean prestatutako ekintza baten. Hurrengo hilabeteetan naziek 90 pertsona exekutatu zituzten ekintza haren ondorioz.


KRONIKA | URRIAK 12, GASTEIZ
Guardia Zibilaren terrorearen apologia, plaza erdi huts batean

Orain 180 urte sortu zenetik lehen aldiz, kuarteletik kanpo eta Gasteizko erdigunean ospatu du Guardia Zibilak bere patroiaren eta hispanitatearen eguna. Bertan izan dira Gasteizko alkate Maider Etxebarria, Espainiako Gobernuko ordezkari Marisol Garmendia, Gasteizko gotzaina eta... [+]


2024-10-11 | Usurbilgo Noaua
1936ko gerraren oroimenean barneratzen laguntzen duen ibilbidea prest dute Usurbilen

"Gerraren Oroimena" izeneko ibilbidea osa dezakezue noiznahi Usurbilgo erdigunean.


Astrabuduak Josu Murueta eta Anton Fernandez gogoratuko ditu, haien hilketaren 55. urteurrenean

Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.


Eguneraketa berriak daude