Jose Luis Lizundia: «Arestik zioena: euskaldunok teatroa egiten dakigu ondo»


2021eko uztailaren 27an
Euskarari buruzkoa izan zenuen lehen ardura, gaztetan. Horrekin batera etorri ziren euskalgintza eta kultura, historia, politika... eltze askotako burruntzali zaitugu...
Hitz bat gustatzen zait erabiltzea: naziogintza. Esango nuke euskal nazioaren eraikuntzan lan asko ikusi ditudala. Nire burua politikaritzat daukat baina bada beste alderdi bat, politika baino lehen jartzen dudana, eta hori kultura da. Oroitzen naiz Krutwigek egin zuen kritika exiliotik etorri zenean. ETAko aholkulari nagusi izandako zen Krutwig, lau fronteen teoriaren aldekoa: kulturala, politikoa, ekonomikoa eta militarra. Orduko, 78-79an, zera esan zuen: "Zoritxarrez, laugarren frentea da lehena, eta bakarra". ETArekiko kritika zen hori, baina politikoei ere egiten zien kritika latza: "Politika jarri da kultura baino lehen" zioen.

Politikari askoren kultur maila ere horrekin batera dator...
Politikari askok ez du kultura mailarik, eta hori igarri egiten da. Adibidez, hartu alde batetik politikari katalanistek, eta galegistek, duten nazio kultura; eta hartu, bestetik, gure politikoek dutena: alde ikaragarria dago. Bat nator Krutwigekin, kulturak joan behar du lehenengo; politikaren aurretik behar du kulturak. Nire traiektoriari dagokionez, hainbeste eginkizun ikusten nituen, sartzen nintzen saltsa guztietan. Egia da asko eta asko irakurri dudala, gure nazioaz eta beste nazio txiki askoz, haien hizkuntzaren legeriaz eta abar, eta horrek ere saltsatan sartzera bultzatzen zaitu...

Esan duzu politikaritzat daukazula zeure burua... Lehenengo, politikari...
Bai, poltikari, baina hitzaren zentzurik zabalenean. Alderdi politikoak beharrezko dira, erreminta dira, baina alderdi politiko asko aparatu izan dira, gehienbat, nire alderdi ohia barne. Administrazioa, kulturgintza... dena da politika. Horri dagokionez, euskalgintzak autonomia behar du alderdi politikoetatik. Alderdiek "interbentzionismo" handia izan dute kulturan. Gogoratzen naiz, Zarautzen, EEk euskara eskolak planteatu zituela Ezkertokian. Ni, kontra. "Ez! Nire ustez Batzokietan ez da eman behar euskarazko klaserik. Herriko Tabernetan ezta, Ezkertokietan ere ez!". Alderdi politikoek, eta ETAren bariante batek baino gehiagok, muturra askotan sartu dute lan horietan. Zarautzen, esaten nuen nik: "Ez daukagu ba euskaltegia Zarautzen? Guk jendea euskaltegira joatea bultzatu behar dugu. Eta euskaltegia publikoa bada, hobe! Hara doazela! Alderdi politikoaren eginkizuna ez da euskararen monopolio egitea, edo interbentzionista izatea!". Eta ez zen jarri euskarazko eskolarik Zarauzko Ezkertokian. Lortu nuen.

Hobe zenuen parlamentuan antolatu izan bazenituzte; euskara eskolak, esan nahi dut.
Nik ezagututakoetan, Parlamentuan euskaraz gehien egiten zuena PNVkoa zen, gero EAra joan zena, azpeitiarra, Gurutz Ansola. Ekonomia eta Ogasuna batzordeko presidentea zen eta aurrekontuen eztabaida egiten zenean, euskaraz, trebezia handiz, zuzentzen zuen saioa, hasi eta buka. "Sozialisten taldeko urliak dauka hitza". Gurutz Ansola, rara avis bat. Beste bat, Martin Auzmendi. Besteren bat edo bi, eta kito. Hiriburuaren eztabaida egin zenean, adibidez, 80ko hasieran, prentsan, biharamunean, halakok zera esan zuela, beste halakok ez dakit zer eta, tartean, nire izena, Jose Luis Lizundia, eta aipu hauxe: "según dicen, habló muy bien en euskera". Baina adierazi nuenik, gaiari buruz eman nuen iritzia aipatu ere ez! Euskaraz jardutea izugarrizko handicap-a zen orduan.

Gaur egun ere bai, ala?
Bai, baina asko aurreratu da. Baliabide tekniko handiak jarri dira harrezkero. Gure garaian, euskaraz egiteak esan nahi zuen kazetariak ez zuela zure adierazpenik jasoko.

Euskararen Normalizazio Legea egiten jardun zuen taldeko kide izan zinen...
Gaur egun aterako ez zen bezalako legea atera zen orduan, nahiz eta kontu batzuk zintzilik geratu. Konstituzio Auzitegiak atzera bota zituen zenbait artikulu. Seber Altube arrasatear euskaltzainak, Errepublika garaian Gernikako alkate izan zenak, aipatzen du La vida del euskera lanean, euskarak behar zituela gune batzuk elebakarrak izango zirenak. Villasanteri entzun nion nik hori eta Legearen 8. artikuluan ezarri genuen. Konstituzio Epaitegiak hankaz gora bota zigun artikulu horren 3. paragrafoa: "Udalen eta gizartearen hizkuntza egoera dela eta, herritarren eskubideen kalterako gerta ez dadinean, herri-agintariek toki-adminitrazioaren alorrean euskara bakarrik erabili ahal izango dute". Etxenike sailburuak esan zidan: "Hi enpeinatu haiz hori sartzera baina hori ez ditek sozialistek onartuko". Etorri zen Ramon Jauregi eta kontrako jarrera azaldu zidan. Nire arrazoiak eman nizkion, toki-administrazioari buruz ari nintzela, ez autonomiakoari buruz, ezta foru-administrazioari buruz ere. "Udalerri eta mankomunitateen gainean ari naiz", esan nion, "berez, udalerriak erabat gaztelaniaz bizi dira, dela Enkarterrian, Arabako Errioxan eta beste batzuetan. Hortaz, herritarrei kalte egin ezik, toki-administrazioa elebakar izatea ez da inoren kaltegarri". Jauregik, ezetz: "Konstituzio Epaitegian ikusiko dugu elkar". "Hantxe ikusiko gara!", esan nion. Etxenikeri ere esan nion: "Zuk nahi baduzu hori Jaurlaritzak kentzea, kendu, baina ni ez noa kentzen!". Hizkuntza baten normalizaziorako, behar-beharrezko da hura irakaskuntza hizkuntza egitea, maila guztietan; administrazio hizkuntza, maila guztietan; eta, gainera, hedabide hizkuntza. Rafael Ninyoles-i irakurri nion, eta soziolinguistika gaietan hura ez zen nornahi. Nik esaten nuen: "Toki administrazioan, bederen, eutsi diezaiogun horri! Ez dut eskatzen Eltziegon eta Balmasedan. Ikusiko dugu nola egiten dugun plangintza. Dela Lea-Artibai, Urola, edo Aramaio! Plan baten arabera!". Ez zen onartu.

"Diglosia" hitzaren inguruan ere izan zen gorabeheraren bat...
Kataluniako Generalitat-eak zuen testuaren egokitzapena egin zuen gure taldeak. Hizkuntza normalizazioa lortzeko, zenbait erakunde sortzea proposatzen genuen, "egungo egoera diglosikoa gainditzeko helburuarekin" zioen, gutxi gorabehera. Emilio Gebara zen EAJko bozeramaile; atzetik Arzallus zegoen, baina hau ez zen sartzen holako txikikeriatan. Emilio Gebara ez da egundo abertzale izan, ezta euskaltzale ere, aitortu dit oraintsu kargudun izandako jeltzale batek. Gernikako juntetxean egin zen bilerara heldu zen testuan, oraindik, horixe aipatzen zen, "egungo egoera diglosikoa gainditzeko helburuarekin". Azken testuaren bilera egin zenean, kenduta zegoen diglosiaren kontua. Eta eztabaida izan nuen Gebararekin. Berak, purrustaka: "íEsa jerga de los lingüistas!". Nik ezetz, ez nintzela hizkuntzalari, administrazioko gizona nintzela. Eta erantzun egin nion: "Si hay alguna jerga ininteligible en este mundo, esa es la de vosotros los juristas! No voy a perder el tiempo explicando lo que es una situación diglósica!". Botazioa egin, galdu eta kalera! Eta garrantzitsua zen "diglosia" aipatzea. Hori da gure historia tristeetariko bat...

Inork ez du ukatzen aurrera egin duguna. Baina, zenbat?
Gustura nago irakaskuntzako alorrarekin. Izugarriko aurrerapausoa egin da, Euskararen Legearen ondorioz. Ikastolen bidea eta hiru ereduak ofizial egitea eta... hori handia izan da. Besterik da egoera soziolinguistikoari dagokionez. Ez du eraman guk nahi dugun abiadura. Besterik da, baita ere, euskararen instrumentalizazio politikoa, baina ez abertzaleen aldetik, indar estatalisten aldetik baizik. Beste ohar bat ere egingo nuke: pazientzia historikoa aipatuko nuke. Adibidez, suomieraren normalizazioak Finlandian 70 urte iraun zuen. Gurean, hedabideetan ere aurrera egin da; besterik da behar adinako diru-laguntzak dituzten edo ez. Askotan kritikatu egiten dira diru-laguntza horiek, baina delako Instituto Cervantes-ek ehunka miloikako aurrekontua du arriskuan ez dagoen hizkuntzarentzat. Konparazioak amorragarri dira, bai, eta batzuetan besteetan baino gehiago!

Aurrera egin da alor batzuetan, eta ez aurrera ez atzera gaude -"egon", ur geldietan-, beste batzuetan. Eta hizkuntza politikan aurrera ez egitea atzera egitea omen...
Administrazio-hizkuntzari dagokionez, irregularitate izugarriak daude. Justizia sailean gertatua ez da Jaurlaritzaren errua izan, konpetentziarik ez delako izan. Galizian ere bi artikulu eraman zituzten auzipera. Bertako sozialistek onartu, eta Madrilgo gobernuko sozialistak atzera bota, Gobernu zentrala ere eliteko administrazio zentralista ultrakontserbadore boteretsu baten menpe dagoelako. Ramon Piñeiro sozialista historikoak, Mitxelenarekin kartzelan egon zenak, esan zidan behin: "La administración de Justicia sigue siendo tan centralista y tan reaccionaria como siempre y no os va a permitir, como tampoco nos permitió a nosotros, que a un juez de 1ª Instancia de Mondoñedo, de Azpeitia, de Gernika o de Borges Blanques se le exija el conocimiento del gallego, el euskera o el catalán". Eta Antonio Tovarrek, falangista izana baina gero Erregimenetik guztiz alde egin zuenak, artikulua egin zuen El País-en Galiziako egoera hori zela eta, haserre, esanez funtzionario batek ez bazuen galegoz edo katalanez ikasten, nahi ez zuelako zela. "El euskera es un poco más difícil, eso lo sé por experiencia". Epeak daude, epeen luzamenduak eta beste. Baina ez dituzte errespetatzen. Gure esku egon den administrazioan, nola liteke herri batzuetan bai, legeak ondo garatzea, eta aldamenekoan ez! Zergatik egon behar du indar politikoen korrelazioaren gorabeheraren arabera? Egoera soziolinguistikoak agintzen du eta hori da diglosia! Legearen garapenak ezin du berdina izan leku guztietan, legeak ere horixe dio, Arabako Errioxan eta Lea-Artibain, ez da berdin. Ez toki-administrazioan, ez foru-administrazioan, egoera ez da berdina, baina legeak garatzeko daude! Eta beste alor batean, nola liteke 82ko legea oraindik garatu gabe Ertzaintzan eta Osakidetzan!

Ez da gertatu zaharra. Azpeitian. Ertzaina euskaldun petoari hoska kontrolean: "íA mí en la lengua del imperio!"...
Neuk ere izan nuen eztabaida sonatua ertzainekin. Salatu nituen. Esan nien: "Euskara hizkuntza ofiziala da. Yo no voy a aceptar la denuncia si no me la hace en la lengua propia de este País". "Cómo?", "Sí, artículo 6.1. 'El euskera es lengua propia del País Vasco y será juntamente con el castellano lengua oficial. Serán lenguas oficiales ambas dos'". "Pero eso...". "No, no, no voy a aceptar esa denuncia en castellano. íHace quince años que se aprobó la ley!", esan behar izan nion.

Nola piztu zitzaizun euskararen kontzientzia. Ze giro zenuten txikitan jaioterrian, Abadiñon?
Umea ez da askorik konturatzen. San Prudentzio da auzoko patroia eta gogoratzen naiz San Prudentziorik ez zela ospatzen ia-ia, frankistek Durango apirilaren 28an "liberatu" zutelako. Abadiño eta Eibar hartu zituzten 26an eta bi egun geroago Durango. Eskolan, euskara zeharo galarazita zegoen. Bagenuen abantaila txiki bat, maisua euskalduna zelako: nafarra, Etxarri Larraungoa, karlista porrokatua... baina euskalduna. Eskolan ez zigun uzten euskaraz hitz egiten, baina kalean, euskaraz egiten zigun. Ez dakit Joxe Azpirozen lehengusu propioa ez ote zen. Beharbada ezagutuko duzu Azpiroz, bizpahiru liburu ditu Auspoa-n... Hori zen giroa.

Hortaz, nola ernatu zitzaizun gogoa?
Ez dakit ba, nola heldu zitzaidan. Giroa kontrakoa zen baina ni irakurle porrokatua izan naiz beti. Nire osaba baten anaia, Paulo Bizkarra, oso abertzalea zen, gudaria; harenera joaten nintzen, Etxaburu baserrira, eta klandestinitateko liburu eta paperak zituen, baita gerra aurrekoak ere. Tartean, Aita Iberoren El Ami Vasco, eta beste batzuk. Baserri hartara joaten nintzen eta bertan lo egiten nuen batzuetan. Orduan gelakide izaten nuen osabaren anaia hura, Paulo, eta haren ondoan beharbada...

1961ean eskutitza egin zenion Euskaltzaindiari, hilabete izenen batasuna eskatzen.
Etxean hartzen nuen Arantzazuko egutegia, takoa, eta gipuzkeraz eta bizkaieraz zetozen hilabeteak. Batean "urtarrila", bestean "ilbeltza". Batean "zezeila", bestean "otsaila". Administrazioaren ikuspegitik, eta irakaskuntzarenetik, hamabi izenentzat 39 izen ezin zela atera ikusten nuen. Mapatxo bat egin nuen, Bilbotik Elizondora trenez joatekoa -garai hartan posible zen hori, Bidasoako Trenbideak zebiltzan eta, baina gaur egun ez-, eta esaten nuen geltokiz geltoki Mendaroraino "bagila" esaten joan behar zinela, Mendarotik Lesakaraino "garagarrila", eta Baztanen "ekaina". Are txarrago, Bizkaian "garagarrila" uztaila da. Lan hori egin nuen, beraz. Giroa endredatu nuen.

Eman dezagun hori izan zela hasiera. Eta gero?
Gero, 64an, Durangoko lehenengo euskarazko eskolak eman nituen Xabier Peñaren metodoarekin, escuela dominical deitzen zen batean. Santa Anako parrokiaren eskola zen eta, beraz, parrokoaren baimenarekin; oso frankista zen, baina bertsozalea ere bai, eta bertsolari txapelketak antolatzeko ere, apaiz haren baimena behar izaten zuten.

Durangoko Azoka ere orduantxe sortu zen...
Gerediaga elkartea sortu genuen 65ean. Astolan -merindadeko auzitegi bat-, Turismo egoitza egiteko asmoa zuen Fragaren adiskide zen Arespakotxagak. Hau Turismo zuzendari nagusia zen garai hartan eta Madrilgo azken alkate frankista izan zen gero. Jatorriz elorriarra zen eta bertan zuen jauregia. Astolako asmoa zela-eta mugitzen hasi ginen. Nire etxean bildu ginen auzo horretan bizi bainintzen. Hortxe erabaki genuen kultur elkartea sortzea. Abadiñoko ostatu baten sortu genuen Gerediaga, ekainaren 7an, 1965ean. 11 lagun ginen. Izenetan lehenena, Luis Mari Altzibar -Loiolako erretore da gaur egun. Tira, hori alfabetoaren arabera jarri zirelako izenak, ez beste. Besteok, Jesus Astigarraga, Conchita eta Rosario Astola, Julian Berrozabalgoitia, Bizente Kapanaga, Jose Luis Lizundia, Carmen Miranda, Arrate Salazar, Salbador Solaegi eta Leopoldo Zugaza. Hortik, harremanetan izan nintzen arregitarrekin, Andoainen. Haien etxean egoten nintzen. Gerediagako lehendakariorde izan zen Luis Gorroñok osaba bat zuen Andoainen eta hura arregitarren oso etxeko zen. Rikardo Arregi gure etxera etorri zen, Bizkaiko alfabetatze kanpaina hasi genuen. Horrela, gero eta barrurago.

Azokaren sorrera dela eta, hainbat bertsio entzun dut: uste nuen Leopoldo Zugaza joan zitzaiola Jesus Atxari, honek EDILI-n (Editorial del Libro) lan egiten zuen garaian...
Gerediaga elkartea sortu eta berehala antolatu zen Durangoko Azoka. Liburu Azokaren ideia Leopoldo Zugazak izan zuen; nonbait, gerra aurrean ere, Errepublika garaian, azoka bat ere egon omen zelako Gasteizen. Jesus Atxa, Aretxabaletakoa sortzez, jesuita ibilitakoa Ameriketan, Venezuelatik bueltan etorria eta elorriar batekin ezkondua zen. Elorrion bertan bizi zen, EDILIn lanean. Atxarengana joan ginen bere aholkularitza azoka egiteko oso onuragarria suertatu zitzaigularik.

Rikardo Arregi ezagutu zenuela esan duzu...
Gerediaga elkarteko bazkide egin zen Rikardo Arregi, eta bazkide izan zen 69ko uztailean, uztailaren 10ean oker ez banago, hil zen arte. Euskaltzaindiaren sorreraren urrezko ezteiak ospatzen ziren eta ekitaldiak izan ziren Nafarroako diputazioan, Baionan, Gasteizko diputazioan, Bizkaikoan, eta Gipuzkoakoan, orden horretan. Uztailean, Rikardo Arregi eta Ramon Saizarbitoria Bilbora zetozela, istripua izan eta hil zen Rikardo. Guk ez genekien nola ezkutatu Manuel Lekuonari Rikardo hil zela, don Manuel Rikardoren etxean bizi zen eta Andoainen.

Kolpe latza, ala?
Ikaragarria. Rikardo oso pertsona argia zen. Orduko Euzko-Gaztedi-n ibili zen, ni ere bai, eta uste dut Euzko Alderdi Jeltzalearen zenbait zuzendarik bista falta handia izan zutela, ez zuten jakin-eta orduko gazteak irensten. Eta baditut zenbait anekdota, kontatuko ez ditudanak, gure politikaren ahuleziaz hitz egin nahi ez dudalako, baina balio handiko pertsona zen Rikardo, hori dudarik gabe.

Hori da 60ko hamarkadan bizi zenuen giroa: Gerediaga elkartea, alfabetatze-euskalduntzea, Euskaltzaindia...
Rikardo Arregiren bidez Donostia aldeko jendearekin jarri nintzen harremanetan. Beste dimentsio bat eman zidan jende harekin izan nuen harremanak, garai hartan isolamendua handia zen eta.
Isolamendua...
Euskalgintzan, zaila zen Donostiakoak eta Bilbokoak elkarren berri izatea. Euskaltzaindiko biltzarrak, esaterako, oso gertakizun bakanak ziren. Leku batetik bestera mugitzea zail zen. Ez zegoen erakundetzerik. Alfabetatzea Bizkaian hedatzeko, Rikardo Arregik Abadiñora etorri behar izan zuen, gurean lo egin eta biharamunean Bilbora, han Euskal Kultur Mintegia zuten eta, unibertsitatean. Joseba Agirreazkuenaga, Xabier Kintana eta beste batzuk ari ziren horretan... Hitzordua, udaletxe ondoko taberna batean egin genuen, Kintana auzoan bizi baitzen. Kintanak hasiko zuen gero alfabetatze-euskalduntzea Deustuko ikasleen artean. Harremanak zailak ziren 60ko hamarkadan. Frankismoa batetik, eta harreman instituzionalik ez, bestetik. Gaitz erdi, bazegoen gutxiengo bat, batetik bestera zirkulatzen zuena.

Patxi Ezkiagaren poema delakoan nago: "Zeren esperoan dago, gure Herria? Nondik etorriko zaio, argi berria?"...
Lehenengo, bai Autonomia agintariei, bai hiru Foru administraziokoei eta udal agintariei ere, eskatuko nieke esfortzua egin dezatela kultura mailan. Subentzio asko ematen da; tartean, subentzio alferrikako asko. I+G, Ikerketa gehi Garapena ez da euskalgintzan ez kulturgintzan behar haina ematen. Hainbeste gauza dago ikertzeko gure naziogintzaren mesedetan, baina ez da ikusten. Nola berreskuratuko dugu gure oroimen historikoa, I+G baliatu gabe? Gerra garaian fusilatuak direla eta, hor ari dira. Besteak beste, jakin dugu Javier Madrazoren sailak ikerleak jarri behar izan dituela gobernu zentralaren eskuetan dauden artxiboak aztertzeko: Salamancako artxiboa, Guadalajarakoa, artxibo militarrak eta hau eta hori. Eta diot nik: PSOEren gobernuak, eta besteek, zer egin dute, gaur egun dauden baliabideak kontuan harturik, dena mikrofilmatu eta CDan jartzeko! Parentesian esan dizut hori. Baina gauza bera euskarari dagokionez. Eman dezagun Kalagorri. Bizkai gehiena, Araba gehiena, Debarro guztia... Kalagorriko elizbarrutiarenak ziren, eta hizkuntzari eta gure kulturari buruzko hainbeste informazio dago han, izugarrizko desordenuan... horrek denak gure esku egon beharko luke, hemen!, Gasteizen edo Derion, berdin zait. Enkarterriko euskararen historiaren berri jakin nahi izanez gero, berriz, eliz artxiboa nahitaezkoa da. Bada, artxibo hori Santillana del Mar-en dago, itxiturako mojen komentuan. Egunean ordu bi eta erdiz irekitzen dute, arratsaldean ez, eta gainera tornutik pasatu behar duzu. Behin izan naiz eta ez naiz hara egunero joateko moduan! Madrilen, Parisen, Valladoliden, Renon... hainbeste gauza daude, eta hemen ez! Uste dut ikerketa ez dela baloratzen, eta ikerketarik gabe ez dago nazio garapenik. Pentsatzen badugu I+G hori industrian, nekazaritzan eta arrantzan beste inon ez dela aplikatu behar... Horietan bai, jakina, baina baita kulturan ere! Ez da pentsatzen kulturan ikerketa behar denik.

Zibismoari buruz ere kezkatan zarena badakit...
Heletan nintzen behin, Nafarroa Beherean, herri txikian. Hango alkatesak hemengo edozein alkate abertzalek baino hobeto hitz egiten zuen jendaurrean. Bestalde, herrian zegoen garbitasuna! Beste heziketa bat dute. Haiek ez dira gure senide? Frantses heziketa izango dute, jakobinoa, hau eta beste, baina gurea baino askoz heziketa hobea da. Horrek bereizten gaitu, ez nazioak, ez etniak, ez hizkuntza desberdinak. Haiek dira citoyen, eta gu ez. Horretan inbidia diet. Ebroz harandikoek duten heziketa berbera dugu, espainolen heziketa berbera, intolerantzia berbera, askotan nazional-katolizismo berbera. Ez dugu heziketa zibikorik izan! Ez frankismoak iraun zuen 40 urteetan, baina ezta gero ere. Errepublika garaian saiatu ziren, baina bost urte baino ez zuen iraun aro hark eta, gurata ere, bost urtean ez dago ezer aldatzerik.

Azter ditzagun beste kontu batzuk, Jose Luis. Mintza zakizkit "Bazkaltzaindia"-z...
Ukronia izeneko ipuinean idatzi zuen hori lehenengoz orain Euskaltzaindiako idazkari denak, Xabier Kintanak. Hori dator Euskaltzaleen Biltzarrari, ehun urte baino dituen elkarte horri, Bazkaltzaleen Biltzarra deitzen ziotelako. Hortik, analogiaz, Bazkaltzaindia. Euskaltzaindian hasi nintzenean, euskaltzainek ez zuten zentimorik kobratzen. Bazkari bat besterik ez. Konpentsatzeko modua zen. Euskaltzaindiak bazkaria besterik ez zuen bermatzen. Eta horrela gelditu da: Bazkaltzaindia.

Euskaltzaindian egina duzun lana goraldua du Haritxelarrek...
Villasante euskaltzainburu karguaz jabetu zenean, deitu ninduen eta esan zidan: "Euskaltzaindia zaharkitua da, berriztatu egin behar da. Egin ezazu plan bat eta ekarri niri Arantzazura". Plana 70eko azaroan agertzen da Euskera aldizkarian, eta funtzionatzeko era berria proposatu nuen, korporazio bezala funtzionatzeko: osoko bilkurak, gobernu organoak, lan batzordeak... Zuzendaritza ez zen biltzen, karguak zeuden baina Zuzendaritzarik ez! Araudi berria egin genuen. Bazegoen araudi bat, baina ganorabakoa. 1950eko Euskaltzaindia katakunbetan zegoen. Gerora, Villasanteri Bizkaiko diputazioak omenaldia egin zionean, erantzuteko agindua hartu nuen Pradera diputatu nagusiaren aldetik, laudatio-a edo delakoa egiteko Villasanteri. Nik esaten nuen Villasantek buru oso instituzionala zuela, karguen banaketa, botereen banaketa egiten jakin zuela. Esan nuen Villasante zela gure kapitaina, izan zuela urte txarrenetan, pilotu bat: iker sailburua, Mitxelena. Eta, horretan, beste batek esan zuen: "Eta hi?", niri zuzendurik. Eta ni, isilik. Galdera egin zuenak berak erantzun zion galderari: "Hi, makinista!"...

Kontatuko al diguzu Arantzazuko argazkiaren historia, euskaltzainena...
72koa da. Aditz batuaren jardunaldiak egin zirenean ateratakoa. Hainbeste aldiz agertu da argazkia. Han dira Mitxelena, San Martin... euskaltzain osoak eta Aditz batuko batzordekoak. Iratzeder, Aresti, Patxi Altuna, Lafitte...

Tira, argazkilariaren berri nahi nuen nik. Nork egin zuen erretratoa?
Botileroak! Bakar-bakarrik ari nintzen Euskaltzaindian lanean. Idazkari bat ari zen egun erdiz, Bilbon, Rosa Mari Artza, eta Donostiako ordezkaritzan, beste bat, Mari Pilar Lasarte. Aditz batuko lehenengo jardunaldiak Bilbon egin genituen, egoitza zaharrean. Villasanteri esan nion: "Hara, Villasante, hiriburuan ezin da holako jardunaldirik egin!". Mitxelena ez zuen bakean lagatzen Karmele Rotaetxek. Hau tesia egiten ari zen eta momentu guztietan inguratzen zuen, telefono-deiak eta abar. Bigarren jardunaldiak Arantzazun egin genituen baina han ez nuen laguntzailerik, idazkariak Bilbon egon behar zuen eta. Eta Bitoriano Gandiagari eskatu nion laguntzeko. "Zer egin behar joat?", galdetu zidan berak. "Zerbeza horiek hartu eta niri lagundu!". Arantzazuko kolegio zaharrean egin ziren bilerak. Eta halaxe: "Hemen nok ni, Euskaltzaindiko botileroa!", zioen Bitorianok. Botileroa zen, pilotarien zentzuan, baina baita botilak garraiatzen zituelako ere. Eta argazkilari ere, bera. Botileroak disparatu zuen San Martinen makina: Bitoriano Gandiagak.

Euskaltzain oso izendatu zintuzten iaz, eta sarrera hitzaldia egingo duzu uztailaren amaieran. 60ko hamarkadaren gainean jardungo duzu...
Nire asmoa da, jubilatuta nagoenez -baina ez erretiratuta-, eta asti gehixeago ere bai, bi liburu egitea: kulturgintza, eta bereziki euskalgintza, 60ko hamarkadan. Hortaz, liburu asmo horren edukiaren laburpena egingo dut sarrera hitzaldian. Ez dakit ez ote naizen sartu itsaso zabalegian. Ez dakit nola laburbilduko dudan ere.

Eta botilero gabe...
Hori da, botilero gabe. Baina badaukat kazetari bat lagunduko didana, bestela sakabanatzeko arrisku handiegia daukat eta.

Euskaltzaindiaren historia berria ere egiteko moduan zara honezkero...
Behin, Haritxelarrek Euskaltzaindiaren azken hogeita hamabost urteko barne-historia idatzi behar nuela esan zidan, eta hasiko nintzela esan nion. Euskaltzaindiaren historia ez ezik, beste zenbait kontu ere bilduko nituela bertora. Hurrengoan, ordea, Patxi Goenaga zegoen ondoan eta esan zidan honek: "Egintzak laster, e! Alzheimerra sartu baino lehen!". "Bai, bai, arrisku hori ere badiat!", esan nion.

Politikagintzako albiste emateko asmorik ez?
60ko hamarkadan politika giroan jardun arren, Euzko-Gaztedi-n, ez nuen ekintza politiko handirik izan. Bilkura klandestinoren bat Baionan eta hemen ere holako bileraren batzuk. Bigarren liburuan, 70eko hamarkadari begira jardungo dut. Hamarkada horretan bi zati ditugu: lehenengo bost urteak, Patxi Peste-ren heriotza arte, eta beste bostak. Lehenengoan, denak batuta geunden Caudilloaren aurka, bigarrenean, berriz, 75etik 80ra, trantsizio zatikatua, Erdi Aroko banderizoak baino okerrago ibili ginen abertzaleok eta abertzale ez ziren antifrankistak ere, eskuinekoak zein ezkerrekoak. Izen batzuk agertuko dira eta beste batzuk ez, zenbait kontu mingarri izango dira-eta bizi den zenbait jenderentzat. 70eko hamarkadan, bestalde, euskaldunok erakutsi genuen banderizo izatez aparte, sektario kuadrila izan ginela, eta kuadrila desberdinak gainera. Baina 60ko hamarkadan ez daukat hori zertan ukitu.

Lehena berriz ere: "Aurreratutzen goaz, txangurruben gisan", idatzi zuen Pello Mari Otañok...
Villasantek hainbeste aldiz errepikatu zidan Gabriel Arestik esaten zuena: euskaldunok teatro egiten dakigula ondo. Eta egia da, beti ari gara horretan.

Jubilatuta bai, erretiratuta ez
«Mañariko harrobietako bateko nagusiak esan zidan. ‘Jubilatu nok, baina erretiratu ez!’. Nik ere horixe esan nuen iaz, Joxe Mari Iriondok telebistan egin zidan elkarrizketa batean. Gero, Iriondok berak ere erabili du esateko modu hori bere egoeraren berri emateko. Jubilatzeak abantaila onak ditu: ez zaude zurrunbilo ikaragarrian sartuta, ezertarako astirik gabe. Gogoratzen naiz lanetik etxera trenean itzultzen nintzenean, paperak irakurri eta irakurri, hainbeste lan eta hainbeste lan. Orain, jubilatuta nago, nahiz eta diruzain ari naizen Euskaltzaindian eta batzordeetan ere parte hartzen dudan. Baina denbora hartzen hasia naiz ikerketa egiteko. Aurrekoan ere Abertzaletasunaren artxiboan eman nuen goiza, Artean, paper arakatzen. Ikerketa asko gustatzen zait baina orain arte ez dut denborarik izan. Nire ahalmen intelektualen eta osasunaren arabera administratu behar dut egoera berriak, jubilatzeak, ematen didan abantaila».

Guardia Zibiletako «paittea»
«Behin Durangoko kuartelera deitu ninduten. ‘Paittea’ esaten genion orduko tenienteari »’paittea’, ahatea, ibilkeragatik», eta esan zidan, erdi interrogatorio batean: ‘Lizundia, a usted no le vamos a coger pintando paredes, pero sabemos que usted es de los que aconseja a los que pintan’. Neurri batean, egia zen».

Bertsoa

Doinua: Pello Joxepe

"Paittea" deitzen zenutenak behin
esango zuen egia,
margolarien aholkulari
zinela zu alegia.
Zure eskutan ez pasa arren
koloreen isuria
zerorrek ere margotu duzu
gaur egungo irudia.

Abadiño, Txile
«Iruñean jaio nintzen ospitalean, gerra denboran, 38an gure ama han zelako, baina Abadiñokoa naiz familiaz, Matienakoa, Abadiñoko auzorik populatuenekoa. Erdi baserrikoa, erdi urbanoa naizela esaten dut nik. Matiena industrigune izan da aspaldi, gune txikia sasoi batean, eta handia orain. 7.000 lagun ditu Abadiñok eta horietarik 4.000 Matienan bizi dira. Abadiño Txile bezala da, oso luzea. 19 kilometro ditu, Garaiko mugatik hasi, Urkiola pasatu eta Amaitermineraino, ia Otxandioraino».


Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Sostengua adierazi diote Marieniako lurren aldeko borrokari hogei kolektibok

Kanboko Marienia eremuan etxebizitzak eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak. "Elkarlanaren bidez" zein "indar harremana" mantenduta, proiektua ezeztatzeko borroka eramateko determinazioa plazaratu dute adierazpen bateratu... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Langile bat hil da Zornotzan, Forest Trafic SL enpresan

Boroa industrialdean hil zen 41 urteko I.P.C langilea, abenduaren 30ean biltegiko inbentarioa egiten ari zenean. ELA eta LAB sindikatuek, eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman dute istripuaren berri.


Eguneraketa berriak daude