"Erreginaren pare" bizi omen zara...
Sei egun egon naiz ospitalean, sukarrarekin eta etxera etorri naizelarik unatua nintzen, ez nintzen sobera kapole deusetarako. Semeak erran ninduen: "Ez duzu lanean ari behar eta lana da janari egitea ere! Eta erretretan sartua baitzaitut, behar dugu egin gauza bat!". "Zer egin nahi duk?". "Orai arte zuk bazkaria egiten zenuen eta gero, ni lanetik etorrita, nirea berriz hasi behar zenuen. Eta ez duzu holako lan beharrik!". "Ongi da. Baina jan behar diagu!". "Nik aipatuko diot eta tabernako nagusiari, egiten ahal badu guretzat bazkaria, behar dena pagatuz. Eginen diot komisionea eta onartzen badu, zuk mahainean jarriko zara eta bazkaria izanen duzu bero-beroa, eta zuk -eta nik, lanetik heldu naizenean-, bakotxak gurea janen dugu!". "Hi, baina, egin nahiko dik?". "Bistan da egin nahiko duela erranez geroztik!". Erran zion eta "ez diat ba eginen! Baina nik egiteko dudana, lana badiat eguerdietan, langileak baititiat eguerdietan jatera heldu direnak, batzuetan gertatzen ahalko duk ezin etorria!". "Ez zaitezela kexa! Auzoan badut emazte bat etxeetan lanean aritzen dena, eta eguerdietan etorriko da plater horieken bila". "Arras ongi!". Gizon manerakoa baita, prezioan ere ez da gaizki, bi lagunentzat horrek ibilki duen lanarentzat... Eta hemen ikusten zutelarik platekin heldu bazkaltzeko, egiten zuten: "U, u, u, nor da hemen holako erregina!". "Ni nauk hemengo erregina!". "Arrazoina duzu!". Geroztik, ikusten nautenean mahainean jarria jateko bero-beroarekin, egiten didate: "Ez duk holako erreginik, to!". Deitzen naute erregina! Gero, etxeko garbiketak eta egiteko badut emazte bat, auzokoa... ez ote da, erretreta hartzean, gauza ederragorik! Erreginak ere ez dira, denak, ni bezain trankil!
Lan handiaren ordain iduri zait. Lana frango egina zara zure bizian...
Ba, nekatua naiz. Laborantza genuen eta Mattin beti kanpoan ibiltzen zen. Nik ere nahiago nuen hura joatea, etxean baino gehiago arrazoi banuen uzteko, zeren etxean laborantzatik nekez baita biltzea, eta bizi behar zen. Kanpotik sartzen zuen diru pixka ere, beti etxea laguntzen zuen. Ni obligatua nintzen behiak deitzi, onkairua kendu eta beti banuen lana, goizetik arrats. Orai, medikuak erran dit: "Eta nola arrenjatzen zara orai? Denak kenduak dituzu. Ze egiten duzu orai?". "Orai erregina naiz!", erran nion medikuari. "Orai arte egin ez dudana egiten dut: zerbitzatua naiz, langilea badut eta zer behar dut gehiago". "U, u, u... merexiko zenuen! Badituzu egunak bertzelakoak pasatuak!". "Ez nuen pentsatzen holakorik!", erran diot. Ongi naizeno, bizi naizeno, ez naiz gaizki segiko.
Ongi bizitzen hasteko adina ere baduzu...
77 urte eginen ditut agorrilean, abuztuan, agorrilaren hamekan. 27an sortua naiz. Senperen. Aitak erosi zuen Arbonan bere etxea, Jangurdoinea, eta gero Mattin etorri zen nere bila. Baina erraiten du: "ez naiz ni etorria, zu zara gure etxera etorria nere bila".
Egia ere bada, molde batez...
Egia du, bertsoetarako galdetu bainuen, eta haren erratea da beti ni etorri nintzela honat haren bila, beti erraten ninduen hola...
Nola izan zen Arbonatik Ahetzera etortzea Mattinen bila...
Bertsoak baziren Senperen. Gerla denbora zen eta ohointzak egin zituzten hor eta han, eta herriko gazteek nahi zuten ohointzan aritu zirenei bertso batzuk ematea eta ni hartako etorria nintzen. Denbora berean amak egin ninduen: "Gomitazan Mattin bazkaltzera!", eta gogotik etorri zen. Geroztik badakizu gaztea zer den, bizitza antzina zihoan...
Ohoinei bertsoak jartzeko, beraz...
Bertso batzuk emateko, ba. Meza iragana zen eta etxerat etorri nintzen, hona, mezatik lekora atxemanen nuela eta non ibilki zen hemen, eta zure bila, nere bila... geroztik hasi zen erraten: "ez naiz ni zure bila etorria!".
Bertsolariaren aditzea bazenuen orduko?
Bai, bai. Zeren pilota partidak egiten ziren. Eta, Mattin komedianta baitzen, pilota partidan ere kantu eta jendeen kitzikatzen aritzen baitzen. Gu ere, gazteak, loriatzen ginen!, denbora pasa haiekin egotean. Arbonan sortua naiz eta Arbona eta Ahetze bi herri dira baina Moulienea hau eta ene etxea bi kilometrotan ditut.
Mattin esan dugu, baina zuk zeuk ere ematen dituzu bertsoak. Hamaika bertso da zure liburuan, eta Baionako Gure Irratian emanak dituzu...
Ez, ez ditut ematen bertsoak. Ematen ditut, gauaz, konparazione, lo egiten ez dudanean eta holakoentzat. Etortzen zaizkit ideia batzuk baina ez naiz kapole kantatzeko pekoz peko. Hartzen dut papera eta idatzi egiten dut, gero nihaurek, ikusten dut: "To, ondo ote duk hori agertzeko?", eta radioan entzuten naute, egiten ditut bertso batzuk eta: "Emazu gogotik! Eman bezala ongi izanen dira!". Ez da nehor aritzen radiotik bertso ematen eta ni bezalako atso zahar bat aditzen dutenean... ikusten duzu zer moldea den...
Ahetzeko berriemaile Gure Irratian...
82an hasi nintzen. Deitu ninduten Ahetzeko berriak emateko... Jaun-andreak aritzen ginen Maite Barnetxeren denboran. Maite Barnetxek izigarri maite zuen hona etortzea. Ez zen sekula telefonoz hasiko. "Mattin behar dut... ikusi!", etortzen zen. Eta ikusten nuenean haren autoa, erraten nion gure gizonari: "To, zure emaztegaia hor duzu, heldu ondotik!". "Non da?", "Ez da luzatuko, etorriko zaizu!". Nonbait joaten zenean, goxoak ekartzen zituen, pastizak eta. Egiten nion: "Bihar Maite etorriko zaizu eta atxiki itzazu horiek harentzat!". Lorietan egoten zen! Maiteren denboran pasatuak ditugu egun onak. Izigarria zen radio edo telebistako! Maite emakume argia zen.
Ondoko kontuak dira Gure Irratikoak...
Eskolak hasi ziren, bakantzak ondoan. Mattin Larzabalek deitu ninduen: "Mayi Treku? Ez zenuke gurekin radioan mintzatu nahi?". Maite Barnetxe hil zen eta iruditzen zitzaidan Maite hiltzean mundu guzia hil zela. Ez zitzaidan iruditzen gehiago deusik agertuko zenik, zeren Maite bazen norbait. "Zer behar zaitut erran?", "Orai eskolak hasten dira, eta eskolaren gainean eta anitz gauza baliteke erraiteko". Erran nion: "Nik erraten dudana erranen dut eta ez bada ongi una ezazue". "Ba, erraten duzuna ongi izanen da!". Eta hala hasi. Astelehenetan beti: "Mayi Treku!". Hola segitu dugu orai artio...
Hemengo berriak...
Zerbait baldin bada, ba.
Eta bertsoak...
Nehorrek asmatuak, zerbait ikusita edo, galdegiten dizkidate. Egiten ditut eta "banituen eginak!", "ematzu, ematzu hortik!". "Ahalke naiz, ez dut bozik, eta ematen ditudanak ere ez dakit ongi izango diren!". "Ematen dituzun bezala ongi izanen dira!". Horiek behar dute beti fornitu astelehena, eta aste guzia, eta hola aritzen naiz zerbaiten erraten.
Nolakoa zen zure Arbona, ttipitakoa...
Haurrak baginen andana bat. Orai izan da epoka bat haurrik ez zena, baina gure epokan bazen haur andana. Elgarrekin gure ateraldia zen meza eta bezperak. Hola bagenekien bezperetara joaten baginen gurasoek utziko gintuztela, etxetik kanpo joanen ginela. Oinez ibiltzen ginen, eta holako tenoretako behar genuen etxerat etorri, bertzela gurasoekin.... ez zen orai bezala, bazen beldurra! Meza goizean eta bezperak arratsaldetan izaten ziren orduan. Orai ez dute apezek ematen gehiago, ez da nehor joaten, mezan ere bada lanik aski. Guk kantatzen genuen mezan eta bezperetan, repetizioneak egiten genituen apezekin. Gurekin kondatzen zuten bezperetara joateko eta gu ere kontent etxetik ihesi istant bat!
Mattin, nere gizona liburuan diozu ttipitan ezagutu zenituela bertsolariak...
Matxin Senperekoa ezagutu nuen. Ene ahizpak bibitxiak sortu ziren eta Matxinen herrian, Senperen, bazen osaba bat. Ez zekien idazten ez irakurtzen baina bertsoa maite zuen. Bi ahizpa horien bataioa egin zen eta delako osaba hark erran zion amari: "To, haur horiek bataitzean behar dinagu Matxin ekarrarazi bertsoen emateko!". Amak Matxinen aditzea bazuen baina ez zuen ezagutzen. "Ekarriko dinagu! Xilarreneko Ganixunek ekarriko din!". Eta Xilarreneko Ganixunekin etorri zen Matxin. Ez nekien nik zer zen bertso ematea. Amari egiten diot: "Errazu, ama! Nere asieta emanen duzu Matxinen ondoan!". Eta ez nekien zer zen bertsolaria 6 urtetan. Eta eman ninduten beti haren aldean. Baziren auzoak jaun-andre batzuk eta ez zuten haurrik. Bat bertzeari aritzen ziren kondatzen: "Horrek ez dik haurrik izan. O, o, o... Eta aberatsa duk!". Eta hau eta hori. Eta aditzen nuen bertsoetan ber-bera erraten! Barna sartu zitzaidan haren bertsoetako alderdia. Bertsolari ona zen Matxin!
Ddarddara bazuen kantuan aritzean eta hari begira egoten nintzen, baina hari baino gehiago, nola deabru bertsoak ematen zituen, nondik ateratzen zituen! Gero, banuen kusin bat etxean, aita gazterik hila, amaren iloba, eta aritzen nintzen harekin: "Erran, eman bertsoa!", elgarri aritzen ginen. Denbora berean, bertze batek erraten dit: "Badago hor Ahetzetik etortzen dena Arbonarat denbora pasa: Mattin!". Eta nik: "Ez Mattin, Matxin!". "Matxin ez, Mattin! Bertsoak ematen ditu Dihartzenea ostatuan". "Nondik atera da hori?", "Irri eginarazten zaitu! Ematen ditu bertsoak!". Eta afizionea bezala lotu zait, barna sartu hitza. Eta gustatzen zaizkit! Biltze horiek egiten zirenean, han behar nuen izan! Ez zen fitsik egiteko! Maite nituen aditzea! Orai fini da, ez da gehiago bertsolaririk hemen. Ez dute deus egiten. Triste bilakatu da Euskal Herria. Bertsolari bat etxean edo herrian baldin baduzu, baduzu bizitzeko manera horiekin, eta nik etxean ikusten nuen. "Eman bertsoa!" aritzen zitzaidan Mattin. "Ba!, nondik behar diat eman!". "Zaku bat ilarrentzat ez dun emanen hik!", hola aritzen zitzaidan. Mattin joaten zen sororat eta behar zuen boza egin. Kantuz aritzen zen goratik. Ez da orai gehiago. Ez du nehork kantatzen, ez bertsorik aipatzen. Izan denik ere. Arrunt hila da Euskal Herria...
Hala ere, zenbait gazte ezagutzen dituzu: Amets Arzalluz, Sustrai Colina...
Aditu dudanean bazirela, joan naiz horiek ziren tokira. Ez dituzte gehiago galdegiten, pena da. Ahetzen izan direla, zazpi-zortzi bat gazte, txapelketa izan da eta ni nintzen irabaztunari saria emateko. Delako Arzalluzi hori eman zioten. Eta besta gisa egin zuten iluntzean, eta Arzalluz eta Colina gomitatu zituzten. Han nintzen, jakin ezazu. Izan zirelarik, gazte guti zen han: gu bezalako zera batzuk, baina gaztea guti. Bizpahiru urte da hori izana baina luze da. Hori behar dute sei hilabetetan bederen ateratu herrietan.
Eta zure denboran? Zer iduri zuen bertsolariak garai hartan?
Neri iruditzen zitzaidan Euskal Herriko patroinak zirela. Behar zuten erran! Nik izpiritualak atxematen nituen orduan bertsolariak. Ez dakit jende denek berdin pentsatuko zuten baina nik etxean hartako nuen nere bertsolaria!
Behin ere pentsatu zenuen bertsolariarekin ezkonduko zinena?
Zaude isilik! Behin erran ninduen: "To!, zurekin ezkondu naiz, ez dakit zertako! Antza itsusia, zertaz gustatu ote naizen!". "A!, ni itsusia, eta ez duzu uste zu politarentzat bildu zaitudala?". "Zertako hartu nauzu?". "Zure izpirituarentzat!, abila baitzinen!", egiten nion. Orai, etorri zaizkidalarik eskolako haurrak bisitan, egiten didate: "Eta, nola hartu zenuen Mattin?". "Hola, bertsotan zen eta!". "Norabait joaten baldin bazen, hoinbertzetaraino maite duzu bertsoa eta, eramaten zintuen berarekin?". "Eeez!, ez zuen nahi". "Zertako ez?". "Aaa! Erraten zuen bertsolari bat norabait joaten bazen, eta andrea berekin eramaten baldin bazuen, gosaria bizkarrean eramatea bezala zela!". Eta haurrek erraten didate: "Eta bizkarrean eramaten zintuen?". "Ez, andrea bertsotara eramatea gosaria bizkarrean eramatea bezala zela, bertsolaria behar zela utzi bakarrik!", hori erraten zuen. Ateratu dizkidate haur tzar horiek istorio!
Zuen seme Jean-Pierreri alfabetoa erakutsi ziola kontatua duzu...
Eta kalkula. Konduen egiten. Hark norbait aritzen baldin bazen kraionaz edo: "Ez duzu egina oraino! Nik egina dut buruz aspaldi!". Semeak ere badu horretarik. Jean-Pierrek alfabetika ikasi zuelarik, norbaitek erraten ziotenean: "To, errak nola dakian alfabetika!". Gaztea zen, lau-bortz urte zituen, baina hasten zen: "A, astoa. B, behia...". Bazekizkien denak! "Baina nola deabru atxikitzen dituk gogoan!" erraten zuten.
Afizioak bazituen arbola txertatzen, ile mozten...
Eta ura atxematen, surzeroa zen. Makilekin, altzarekin, aritzen zen. Gerra denbora zen eta etxe ainitzetan ez zen urik. Erreketara joan behar zen. Eta aditu zutenean ura atxematen zuela, denek galdegiten zuten, eta ibili den etxeetan denetan badu ura! Ura atxematen zuen eta bazekien zenbat metretan ere! Gure gizonak bazituen alderdi guztiak. Eskolako haurrak eta, zahar guziak eta, denak hona etortzen ziren, orduan ez baitzen kuafurrik herrian. Egoten zen kalakan, istorio konda, ile mozten ahantzia...
Tratuan ere abila...
Ba. Behi bat erosiko zuen egun, eta aritzen ginen ni behien aintzinean, hezten, eta, gero, egiten zuen: "Behi hau ona diagu uztarriko! Makina heldu denean joan behar dik!". Beti sos gehixeago egiten zuen uztarrian usatua baldin bazen.
Autoari zenbat kaskako eman zion ere!
Erraten ninduen ene falta zela hemen etxera arribatzean, ateak ez nituzkeelako aski zabaltzen. Goizeko lauretan edo etortzen zen, unatua askotan, eta gero atea jotzen zuen pasatzean. "Aaa, ez duzu aski ireki!". Bi akzidenta ere izan zituen!
Bata bestea baino handiagoa... Ez da erraz izanen bertsolariaren emazte izatea, ala?
Bertsolaritza maite behar da izan, konprenitzeko bertsolaria joaki dela etxetik, zerbaitetako joaki dela. Heldu zelarik etxera, ezagutzen nuen umorea. Erreusitzen bazuen jendea irribarrez egitea, "Aaa, egin diat lana egun!". "Ze egin duzu?". "Jendea barrez ikusi dut!". Gaiak ematen baitzizkioten, ez zuen behar hark gai tristea, behar zuen jendea barre eginarazteko beti. Ez bazuen populua irribarrez ikusten, ez zen kontent. "Zer zenuen?". "Erraten diotet ba nik, ez dudala maite gai hori ematea!". Mixel Itzainari eta: "Errak, ez gaituk nigar egitera etorriak honat! Jendeari jostarazteko etorriak gaituk!". Itzainari eta bertze gai-emaile frangori ere: "Nik irri eginarazi behar diat!".
Zuk bertsoa hain zenuen gustuko ttipitik eta gizona kanpoan, zu etxean, ez zenuen bertsoa gozatzen...
Joaten nintzen, denbora batean. Baina bertsolariak egoten baitziren goizeko hiru-lau orenak arte! Ez baitzen egoten ahal Etxeko lanak hor ziren, segitu behar zuten, orduan alimaliekin bizi ginen etxean, laborantzan neke zen, ez ziren orai bezala tresnak, eskuz ari behar zen lanean...
Kanpoan bezain irri eginarazle zen Mattin etxean?
Jakintzazu: hura nigarrez ikusten bazen... Hark behar zuen norbait etorri astokeria zerbait errateko. Behar zuen jendeekin egon, orenak ariko zen eleketan, maite zuen konpainia. Ni ere frangotan, lan handienak eginda, heken eskuetan egoten nintzen. Ahantziak egoten ginen batzuetan. Auzoak etortzen ziren, bat Baigorriarra genuen. Etortzen zen Soleixa hartuta, mobileta baino lehen bazen Soleixa. "To, hor zinen?". "Ba, ez nian batere gogorik laneko!". "Ni bezala zaude zu ere!". Hasiko ziren eta eguerdia atxematen zuten. Behiei gorotzak kendu behar eta: "To, orai beranta gorotzak kentzeko. Bihar eginen dugu!". Jendea orduan urusago bizi zen orai baino. Elgarrekin bizi ziren, ideia berak zituzten; berak, berdinak edo berdintsuak. Orai, autoan pasatzen dira eta ez duzu ezagutzen ea auzoak diren ala kanpotik heldu den bat... Ez da jendea egoten solasean. Ni harritua egoten naiz. Orai eritu naiz eta Ahetze guzia heldu zait ikusten. Egiten diot gure mutikoari: "Hil behar diat naski! Zer diat denak hola izateko?". Radioan ez naute aditu. Hilabete bat pasa egotu naiz eri. "Amak zer dik, ez duk ongi? Radioan ez diagu gehiago aditzen! Badakik eskas egiten gaituela astelehenetan ez badiagu aditzen?". Harritua egoten naiz jendea zenbat heldu zaidan ikusterat. Doaike, estimatzen naute, Mattinen andrea naizelako edo radioak interesatzen dituelako... ez dut opiniorik egiten ahal, heldu zaizkit eta! Ni ere kontent naiz, estimu pixka badudala doaike!
Bertsolarietan zure gizonak Xalbador zuen adiskide handiena... Hala da esana.
A, ba! Bi anaia bezala ziren. Hiltzeko egun hartan, bazkaria bazuten, bertso saio artean. Mahai handia bazen, familiako eta denak. Bi burutan emanak ziren Xalbador eta Mattin. Eta Xalbadorrek egin zuen zerbitzariari: "Errazue, ni eman nauzue eta Mattin han eman duzue. Nik egungo eguna ere behar diat Mattinen ondoan bazkaldu!". Ez zuten pentsatzen azken aldikotz zela! Joan ziren bertsotan aritzera eta Xalbador gaizkitu zen eta eraman zuten. Xanpun jaun-andreekin joana zen Mattin. Ni ez nintzen joan ez dakit batere nola ze beti ez nintzen joaten ahal. Trixte atxeman nituen arratsean heldu zirela etxerat. "Zerbait pasatu da? Akzidenta egin duzue edo?". "Ez dakizu zer pasatu den?". Orduan ez dut pentsatu ere nik halakorik. "Xalbadorren omenaldira joan eta Xalbador hila utzi dugu". "Zeeer?". Harritu nintzen. "Bertsotan ari zelarik gaizkitu da, kanporat joan da. Mixel Labeguerie medikua joan da ondotik baina hark ez du fitsik egiten ahal izan. Hila zen!". "Jesu!, ez da posible!". Hazila zen, azaroa, 7a, eta 11n herriko bestak dira hemen, Ahetzen. Usaian, familia dena ekarrarazten dut bazkaltzerat. Gero pilota partida edo musika baldin bada herriko plazan, joaten gara. Urte hartan, ahizpek egiten didate: "Ez zara heldu plazara egun honetan?". "Ez, egun trixtea dugu etxean!". "Zer duzue?". "Xalbador hila, gure gizona trixte da". Eta egiten dit gure gizonak: "Nahi baduzu joan ahizpekin. Ni egonen naiz etxean". "Zatoz zu ere gurekin!". "Ez dakizu zer gertatu den?". "Badakit zer gertatu den. Hola gertatu da eta...". Iluntzeko etorri ginen etxera, atxeman dut bertso egiten ari Xalbadorrentzat. Heldu zitzaion nigarra bertsoen egitean... Geroztik, egiten zuen: "Niretzat menbroa galtzea bezala da Xalbador hiltzea". Gero bazituen Ezponda eta Xanpun eta horiek denak, baina ez zuten Xalbador balio harentzat. Gazte-gazterik elkarrekin ziren, bi hokiekin ere berdin!, baina bertze amodio gisa bat zen, elgarren artekoa. Hori handia izatu da.
Laurel eta Hardy zirela izkiriatu duzu...
Ba. Berdin-berdinak. bat bertzeari horiek ateratzen zituztenak ikustekoak ziren! Zenbait aldiz, bederenik. Behin Xalbador jaun-andereak ardiekin Arbonarat etorri ziren. Soroak hartu zituzten han. Iluna zen. Ahetzeko bestak ziren, hazilan, azaroan. Ateari norbait joka. Joaten naiz eta Xalbador. Goiza baitzen, ilun zen. "Atzo etorriak gira honat eta bizarra egin nahi nuen. Baina bizarra egiteko tresnak eskas ditut eta Mattinenak ematen badizkidazu...". "Sar zaite, sar zaite, ez zaitut atean errezibituko! Sar zaite!". Sartzen da eta Mattin justuki bizar egiten ari zen eta: "Non habila hi?!", eta "To!, hire lan bera egin behar diat! Bizar egiteko tresnak etxean ahantziak ditiat!". "Hemen dauzkak ba!". Nik, usaia den bezala, bazkarixka egina nuela. Eta gure gizonak egiten dio: "To, zatozte jaun-andreak bazkaltzera!", "To, berdin! Hola ez diagu lanik egiteko izanen han ere eta etorriko gaituk!". Han ari ziren solasean eta egiten dio gure gizonak Xalbadorri: "Izan haiz medikuan?" eta, "Ba, izana nauk bai". "Bai ni ere!", Mattinek, diabetea baitzuen. "Eta zer erran haute?", "To, diabetarekin, tratamendua behar. Eta hiri ze erran haute?", Mattinek Xalbadorri, hura bihotzeko ataka bat baitzuen izana ordukotz. Gaizki ibilia zen Xalbador. Eta beti, delako bihotzeko ataka. Erran zion oraino Xalbadorrek: "To, joaten bahaiz medikura beti atxematen diate zerbait. Ez duk joan behar!". Eta Mattinek: "Hi izatu haiz medikuan! Ze erran diate?". "Ze erran didaten? Luze sendatuko naizela erran naik!"."Luze sendatuko haizela? Badakik orduan ez haizela lasterrean hilen hi!", egin zion Mattinek. Bat bertzeari daka! ematen zuten. "Trankil, badakik ez haizela laster hilen hi!".
Ameriketan eta Parisen elgarrekin izan ziren...
Hilabete pasatu zuten Ameriketan, dena gratuit. Parisen ere izan ziren, Hernandorenarekin. Honen andrea oraintxe galdua da, hila. Hernandorenarekin hasiak ziren bertsotan. Hura ibili zen hemen bertsolariak bilatzen eta harekin egin zuten lehenengo harata ere. Balio zuen Hernandorenak! Parisen ere, ostatu batean izan ziren meza eta espektakulua. Meza eman zuen omonierak, apez ordeak, eta bertsoa ere eman zuten Xalbadorrek eta Mattinek. Eta erran zuen omonierak: "To, igande guziez behar lirateke hemen bertsolariak ekarri. Beharbada, jendea hobekixeago bilduko luke!". Jendea bildu baitzen baina ez mezarentzat, baina bertsolarientzat!
Semea ere Parisen izan zenuten, lanean...
Bost urtez, egunez egun. Negarrez joan eta negarrez etorri zen. Negarrez joan zen etxea ez nahirik utzi eta han lagunak egin zituen eta, itzultzean, bilkura egin zuen, bazkaria, eta uste baino lagun gehiago etorri da: hamar-hamabost gomitatu eta berrogei etorri zitzaizkion! Eta gero partitzean denak lepotik helduak! Badakizu, lagunak egin eta gero, lagunen amodioa bildu zuen! Ç'est ne qu'un au-revoir! kantatu zioten...
Postari lanetan Parisa Jean-Pierre...
Orduan, mementu hartan, obligazionea zen nahi bazen fakturra izan, postako langilea, baina tituluarekin, behar zen Pariserat joan eta bost urte baino gutiago ez zen egoten. Gure semeak emana zuen lehenik izena telegrafistarendako, baina postako nagusiak erran zion: "Gauza onik ez duk eginen telegrafista. Behar duk titulua hartu deus egitekotan postan. Hortakotz behar duk lehenbailehen joan. Gaztea haiz, eta Pariserat behar duk!". Aditu zuenean gure gizonak negarrez lotu zen. Bost urte pasatu zituen eta eginahalak egin zituen Mattinek semea jin zedin etxerat... Etorri zen eta bera joan zen gero mundu honetarik! Plazer hura ez dute elgarrekin izan, bakantzetan bertzerik. Baina, batto jin zen eta bertzea... fini. 81etan hil zen Mattin eta 78an edo etorri zen Jean-Pierre... Mundu honetako harat-honatak dira horiek...
Anitz kaskako hartu zuen autoarekin Mattinek eta, hurrena, traktor berria erosi eta bertan hil zen...
Auzoa jin zen. Ikusten dut gizon bat eroa bezala heldu dela etxerat. "Zer pasatzen da?". "Mattin hila duzu!". "Non?". "Han, traktorrak azpian hartua duzu". Bazen tronko bat eta tronko hartan ezin pasatuz traktora gelditu zitzaion eta azpian hartu zuen. Lehertu zen!, geroztik ez zuen onik izan.
Berak bazuen sinestea, sendatuko zena...
Berak erraten zuen: "Nik sofritu diadan guziarekin nahiagoko nian mementu hartan hil banintz!". Ez baitzen hil, iraun baitzuen, bi urte. Baina harek sofritu zituenak, gero! Dena lehertu zuen barrena. Ibiltzen laguntzeko makilak eramaten nizkion ospitalerat. "Medikuek erraten didate nahi badut kurri ibili makilak behar ditudala!". Eramaten nizkion baina ez baitzen kapole. Gero izan zuen on bat. Labeguerie medikua etortzen zitzaion ikusterat eta erran nion: "Uste duzu salbatuko den?". "Bai, bai. Behatzak ez ditu urdinduak. Behatzak urdinduak izaten badira orduan izaten dira kontuak. Etorriko da etxerat!". Baina ez zen hala izan. Makilak ere ez zituen ibili. Medikuak, bezperan, erran zuen: "Ez ezazula erran, operatuko dut baina ez erran deus ere berari!". Neretzat bazen aski. Hark ez zuen aditzen baina nik adituak bainituen. Eta biharamonean joan nintzen, auzoko emaztekiarekin, eta ikusi nuen ohea egina, makilak eta arropen eramateko denak ohe aitzinean. Erran nion auzokoari: "Etxera partitzen ahal gaituk!", "Etzazu holakorik erran!", eta hau eta hura. Baina ikusi nituen zirujaua eta heldu, harekin mintzatu eta: "Egin ditugu egiten ahal ziren guziak baina ez zen fitsik egitekorik". Solasean arituak omen ziren lokartu aitzinean: "Ez du sofritu, joan da trankil"... Kolpe onak ziren horiek jasoteko. Baina hola zen.
Liburuan horiek denak paratu dituzu...
Zerbait kaskoan sartzen badut, egoten zaizkit hor. Atxikitzen ditut. Eskolan ere punituko ninduten. Balin bazen prolema edo zerbait egiteko, egun guziko han egonen nintzen. Ez nuen eginen, ez nuen ikasiko, baina biharamonean, galdegiten nindutelarik, denak banekizkien! Mementuan, erran eta gehiago, baina ez nuen deusik kaskoan sartuko. Baina gero, ikasia nuen. Orai ere, zerbait aditzen badut atxikitzen dut gogoan.
Horrela egin zenuen liburua...
Aita Zavalak erran ninduen. "Zuk badakizkizu guk ez dakizkigunak". "Baina, gizona!, zer egin behar dut eman liburuan? Nik ez dut deus nahi!". Nik erranen zaitut eta kapole izanen zara!". Ez baininduen barkatzen! Eta behin, Xanpunen omenaldia zen Urruñan. Maite Barnetxek egin ninduen: "Badut gauza bat, pena, filmatua dut, ez dut agertua, baina agertuko dut oraino". Maite bera hil baitzen, gaixoa, Mattinen zera hura telebistan agertu baino lehenago. "Pena dut. Eginen dut, tarte bat eta finituko dut". Gero, bazkaltzen ginen, etorri zitzaizkidan Azkaingo Luberriagaren kusinak. Eta han ari ginen istorio konda. Eta heldu zait bertsolari bat: "Berantegi hasia duzu liburu horren egiten". Ez ginen liburua aipatzen ari eta deus ere. Istorio kondan ari ginen, irriz. Uste zuen horrek nere liburuaz ari nintzela espantuka. Eta ez nien aipatu ere egin liburua. Eta gizon hori hola etorri zitzaidan erraten berantegi hasia nintzela. Erran nion: "Ez gara liburuaz ari, gero!". "Erraten zintudan berantegi hasia zarela!". "Ez dakit hasia naizen berantegi baina behar badut utziko dut hasia dudan lana". Biharamonean heldu zitzaidan Zavala. "Triste zara!", erran ninduen. "Ez, ez..." eta hola, eta gero: "Eguna fini da orai eta etxera joanen gira! Bihar arte", egiten dit. Baina nik: "Ez dakit batere!". "Ze 'ez dakit batere'! Bihar heldu naiz goizik!", aita Zavalak. Heldu zait eta ez nuen fitsik eginik, deus eginik ere. Urruñan nintzen eta bertsolari haren errateko manerak desgustatu ninduen. "Ez duzu egin?". "Ez". Eta egiten diot: "Azken aldikotz!", "Azken aldikotz? Zer pasatzen da?". Badakizu? Negarra heldu zitzaidan. Zavalari nahi nion atsegin eta bertze asto hark erran ninduena barna sartu zitzaidan: "Ni bezalako zozo batek zer behar dik ateratu, horren arabera?". Eta Zavalak: "Banekien bazenuela zerbait!". Bertsolari haren errana utzia nuen, baina, hala ere, barna sartua nuen. "Badakizu zer errana didaten atzo?", "Hola eta hola, berantegi hasia nintzela liburu horren egiten, eta ez nintzen batere liburuaz ari. Ikusi nau konpainian ongi ginela eta uste izan du nere liburuaz ari nintzela". "Ze behar du horrek zure liburutik!", "A, egiten zuen berantegi hasia naizela!". "Ez da sekulan beranta ongi egiteko, eta eginen nauzu eneri. Segituko!", kaskotzarra baitu horrek ere. Ez baininduen barkatu! Joan zen deusik gabe. Orduan ez balitz etorri, ez nuen segituko. Balekite nere liburua nola egina dudan! Goizeko bietan egina dut negarra begian, goizeko bi orenetan. Gure mutikoa nonbaitik heldu bazen, bestatik edo, egiten ninduen: "Zoaze hortik ohera! Ze ari zira ezartzen?!". Beti zure ondoan norbait balin baduzu ez duzu deus egiten ahal, behar duzu bakarrik izan.
Bertsolariaren itsusikeria batetik, Zavalaren gogoa bestetik...
"Ez nauk aski interesanta!", pentsatu nuen, bertsolari haren arabera betiere. Kakola horrek eman ninduen afruntu hori orduan. Eta barna sartu zitzaidan. Eta Zavala: "Heldu den astelehenean heldu naiz eta eginen nauzu!". Ni, nere ustean, Zavalari atsegiteko, horrek pusatzen ninduen, eta Aranaldek, hori ere etortzen zen tarteka. Oraino, Xanpunen enterramenduan erran dit: "Liburu hori berriz behar zenuke hasi!". "Liburua? Uste duzu orai hasiko naizela?". "Ba, handixeago behar zenuke egin". "Uztazu, uztazu! Ez naiz orain hasiko!". Nere liburua, balekite nola egina dudan! Ez bazen Zavala izan ez nuen sekula eginen, eta oraino, lehenbiziko ohointzako istorio hura eman niolarik, erran ninduen: "Bada, bada, liburua, heldu da!". Eta gero, igortzen nizkion Xabiererat. Telefonatzen nuen eta beti espainol horietarik atxematen nituen eta: "Ez, ez zaituztet zuek nahi. Nahi dut Zavala", eta nonbaitik atxematen zuten. Ez da liburu handia baina gosta zait ederki, eta ez banu Zavala izan, eta orduan ez baninduen egitera bortxatu... berantegi hasia nintzela?, hala izanen zen!