"Mundu hau infernua da"

  • Bolivian jaiotzen diren umeetatik asko laster hil egiten dira. Goiatzeko (Gipuzkoa) Arre baserrian bi txiki-txikiak zirela hil ziren, eta Manuel bera ere erdi hilik jaio zen, baina aitak aurrera atera zuen. Gero aita bera izan zen aurrera atera ez zena Manuel zortzi urterekin etxeko gizon utziz. Bolivian indioek lurra amatzat dute. Manueli ere Ernioko haizea eta barrutien usaia odoleraino sartu zitzaizkion, eta lurra falta zitzaion aitatzat hartu zuen. Arantzazun sorora atera eta arbiak jaterainoko gosea pasa zuen, baina misiolari izateko bokazioak betetzen zion barrua. Bitoriano Gandiagak Euskal Herriaren alde jokatzeko ia konbentzitu zuenean, Hego Amerikara joateko hots egin zioten. Hiru egun eskasetan ama agurtzeko astia bakarrik izan zuen. Amak muxu bat eta hiru hitz: "On-ona izan". Onegia izateagatik Beniko gotzain izendatu zuen Aita Santuak. Beni Boliviako probintzia bat da. Boliviak zazpi probintzia ditu.


2007ko otsailaren 21ean

Euskaldun izate horrek lagundu zizun indioak hobeto ulertzen?

Dudarik ere ez. Asko lagundu dit euskaldun izateak. Nik oso garbi ikusten dut guri, hemen Euskal Herrian, euskaldun izate horrek sentimendu bat ematen digula, Espainiako batek sentitzen ez duena. Gure pentsaerak, gure ideiak, euskalduna ez denak ezin ditu sentitu. Eta horrek asko lagundu dit Amerikan. Indioak ikusi eta pentsatzen duzu: "Caramba, orain entenditzen dut indio hauek zergatik duten hain kultura ezberdina, eta zergatik nahi dioten eutsi". Euskalduna izanda indioari askoz errazago ulertzen diozu, hizkuntza berean hitz egiten dugu.

Hara zer mundu ikuskerarekin joan zinen?

Garai hartan apaizek pentsatzen genuen gu ginela egia guztiaren jabe, azken hitza beti guk genuela. Orduan ni Amerikara joan nintzen hango jendea aldatzera, hango jendea konbertitzera. Baina bi urtean buelta eman nuen. Amerika osoan nazioz nazio ibili nintzen misioak ematen, eta horrek beste pertsona bat bihurtu ninduen, beste pentsaera bat nuen, beste bihotz bat, beste Kristo bat, beste fede bat. Ni hangoak konbertitzera joan, eta hangoek ni konbertitu ninduten. Hasierako nire sermoiak eta gaurkoak alderatu, eta zerutik infernura dagoen alde berdina dago.

Eta zer fede, zein Kristo zen han aurkitu zenuen hura?

Hego Ameriketan bilatu nuen Kristo, pobreen abokatua zen, umeen defentsa eta emakumeen defentsa egiten zuen Kristo. Ikasi nuen nola bere garaian Jesukristok iraultza egin zuen, mundu honetako politikoek goian jartzen zutena berak behean jartzen zuen, eta munduko nagusiek behean jartzen zutena berak goian. Jaungoikoarentzat pobreak ziren aurrena: "Mundu honetan pertsonak balio du eta ez diruak" eta pertsonaren defentsa ikaragarria egiten du ebanjelioan.

Nazioz nazio emandako misio haiek zabaldu zizkidaten begiak. Kolonbia osoa pasa nuen, Ekuador, Santo Domingo... Eta ikusi nuen jende izugarri pobrea, miseria asko. Eta bestalde, gutxi batzuk izugarri aberatsak: animalia guztien jabe, uzta guztien jabe, eta emakume guztien jabe. Zenbat emakume ez ote zituzten haurdun utzi? Eta bestalde jende pobre-pobrea, baina oso ona. Eta pixkanaka, euskaldun izateari utzi gabe, indio bihurtu nintzen.

Indio bat nola bizi da Bolivian?

Normalean indio bat txabolan bizi da. Teilatua palmeraren hostoekin egiten du. Pareta bezala kanabera jartzen du, eta lokatza botaz hormak osatu. Zola berriz lurra. Bi egunean etxea erraz egiten dute. Gela bakarra izaten da eta hortxe sartzen dira denak. Bi bikote baldin badaude, bi bikoteak. Eta gero etxetik kanpora sukalde txiki bat edukitzen dute.

Lana berriz, bizirauteko lana izaten da. Herri gehienak erreka ondoan daude, orduan arraina jaten dute. Bestalde, baratze txiki bat egiten dute. Platanoa, patata moduko bat yuka esaten zaiona, eta arroza landatzen dute. Arroza egunero jaten dute uretan egosita. Ur arazorik ez dute. Arazo bakarra da errekara joan eta "dzanga" bertatik edaten dutela. Askotan esaten diegu ura egosita edateko, baina alferrik. Joaten dira errekara eta "dzanga", dena barrura. Gero zomorroz betetzen dira, eta haur gehienak horrela hiltzen dira, disenteria edo zomorroekin. Lehengo zaharrei galdetuz gero, "zenbat seme-alaba izan dituzu zuk?": "Beno, nik hilak bost, biziak bost". Gutxi gorabehera hilak erdiak izaten ziren orain berrogei bat urte. Dirurik, berriz, ez dute izaten, ez baitute ezer behar. Ohea behar duten galdetuz gero, "ohea zertarako? Lurrean lo egin eta kito" erantzungo dizute. Hanka hutsik ibili, eta praka bat eta alkandora bat edukiz gero nahikoa dute.

Eta zoriontsu dira daukatenarekin?

Izugarri pozik daude lan asko egiten ez dutelako. Daramaten bizitza eramateko lan asko egin beharrik ez dago. Beste aldetik, lana asko egingo balute non saldu ere ez lukete izango. Beraz, haiek izugarri zoriontsu dira, hizketan ibili, musika jo, dantza egin: haiek ez dute pentsatzen pobreak direnik. "Ni pobrea? Zergatik pobrea? Dena daukat-eta. Jana badaukat, andrea badaukat, umeak badauzkat, lagunekin izugarri ondo pasatzen dut, eta zertarako behar dut gehiago? Ni lasai bizi naiz...". Inbidia pixka bat sartzen zaie herri handietara joaten direnean, han palazioak eta igerilekuak ikustean. Akaso orduan inbidi pixka bat sentituko dute, baina ez askorik.

Eta ganaderoek lurrak kentzen dizkietenean?

Orduan pena ematen dute. Ez dakite borroka egiten. Guk hainbeste ikastarotan beraiekin hitz egin, formatu eta hala ere, ezin. Adibidez, indio batek erein du arroza, eta biltzeko moduan dagoenean inguruan dagoen ganadero baten behiak joan eta arroz guztia jan eta txikitzen dio. Joango da indioa nagusiarengana eta esango dio: "Zure behiak arroz guztia jan dit". "íMárchate de aquí indio de mierda!" Indioak burua makurtu, etxean dauzkan trapu batzuk eta pertza hartu eta beste leku batera joango da. Horrela ohituta daude, borroka egiten ez dakite.

Zuek indioei borroka egiten erakusten diezue?

Bai, indioek beraien lurra izan dezaten egiten dugu lana, borroka egiten ikas dezaten beren lurraren alde. Bulego bat daukagu abokatuekin, eta abokatu horiekin indioak antolatzen eta prestatzen ditugu. Horrela, lurrak zatitzeko eguna iristean, hantxe aurkezten dira indioak ganadero edo madereroen aurrera. Askotan herri guztia, umeak eta denak egoten dira eta denek egiten dute defentsa. Izan ere, lurra bizitza da indioentzat, "ama-lurra" deitzen diote, eta lurrik gabeko indioa indio hila da.

Eta zer gertatu da indioak lurrik gabe gelditzeko?

Urtetan pixkaka-pixkaka hango aberatsak, ganaderoak eta madereroak, indioen lurretara joan dira, paper faltsuekin gehienetan, polizia lagun, eta "hemen daude paperak, lur hau gurea da, zoazte hemendik!" esaten zieten indioei. Indioek ez dakitenez defendatzen, hanka egiten zuten eta terrenoak galtzen eta galtzen joan dira. Gainera, bekatu izugarria egin dute maderero horiek. Indioen lur horietan arbola asko zegoen, eta horiek bota eta saldu egin dituzte. Izugarrizko pikardia egin dute. Martxa honetan basamortua bihurtzeko arriskua ere badauka Boliviak.

Indioei laguntzen hasi zinetenetik lur asko berreskuratu dituzue?

Ehun eta berrogei herritan iritsi dugu terrenoa indioentzat, batzutan 2.000 hektarea, bestetan 5.000, herri batek 17.000 ere lortu ditu. Beren paperak oraindik ez zaizkie heldu burokrazia beti luzatu egiten delako, baina jada mugak seguru jarrita daude. Titulu horiek komunitarioak dira, ez zaio bakoitzari ematen. Horrela, euren artean egiten dute banaketa, zenbat familia hainbat lur puska berdin. Baina inork ez du eskubiderik bere zatia beste inori saltzeko.

Lurra berreskuratzearen alde ez ezik, emakumearen eskubideen alde ere egiten duzue lan. Nolakoa da emakumearen egoera Benin?

Oso txarra. Sinestea ere gizonak nola jotzen duen emakumea! Baita indioen artean ere. Emakumeek gauza izugarriak kontatzen dituzte. Eta hori dena alkoholaren eragina da. Alkohola oso sartua dago. Gaztetatik hasten dira alkohola edaten. Alkohola purua, bota ur pixka bat, eta barrura. Zeharo mozkortzen dira. Ni harrituta gelditzen naiz, batek baino gehiagok emakumea ia txikituta utzi eta hurrengo egunean haiek ez dakite zer egin duten ere. Badira, pertsona bat hil eta hil dutela ez dakitenak ere. Alkoholak indioak pertsona ez balira bezala uzten ditu. Eta orduan hasten dira ostikoak ematen, etxean dauzkaten gauza guztiak puskatzen. Umeak ohe azpian ezkutatuta beldurrez.

Zerk bultzatzen ditu alkoholera?

Arazo kulturala dela esaten dute. Jesuitek ere orain hirurehun urte esaten zuten: "Indioak munduko jenderik onena dira, baina ezin dute alkohola utzi". Emakumeek ez dute edaten, baina gizonak gaztetatik hasten dira. Hamalau urteko mutikoari jada esaten diote: "Ez al duk alkoholik edan nahi? Hi haiz marikoia!".

Hala ere Hego Amerikan dagoen arazorik handiena kanpo zorra da. Nola sortu zen kanpo zorra?

1973an Ekialdeko herriek petrolioaren emaria gelditu zutenean, Saudi Arabiak, Iranek, Irakek eta horiek, diru guztia Ipar Amerikako organismoetan sartu zuten, Nazioarteko Diru Funtsean, Munduko Bankuan. Horiek ez zekiten zer egin diru horrekin guztiarekin. Eta nola Hego Amerika guztian Ipar Amerikak jarritako diktadurak zeuden, haiei eskaintzen hasi ziren. Hasiera batean, %3ko interes txikiarekin. Orduan agintariek diru pilak hartu zituzten eta biharamunerako Suitzan kokatu. Diru hori guztia ez zen herriarengana iritsi. Baina handik gutxira interesak %30era altxa zituzten, eta orduan zordun guztiak amildegira erori ginen. Boliviak 5.000 milioiko zorra zuen, Argentina 100.000 milioira ere iritsi zen, eta zer gertatzen zen? Interesa %30ekoa izanda, zorraren interesa bakarrik pagatzeko Boliviako aurrekontu guztiaren %30a erabiltzen zen. Eta horrelaxe daramazkigu hogeita zazpi urte. Hogeita zazpi urte zorraren interesa pagatzen, eta zorra ez da gutxitzen. Eta nola egingo du aurrera nazio batek aurrekontuaren %30a horretan gastatu behar badu? Kalkulatu: zorra mila milioi dolar baldin bada eta interesa %30, urte betean pagatu %30, %30 hurrengoan, eta %30 hurrengoan, eta hiru urtetan hortxe dauzkazu mila milioi ordainduak. Eta zorra lehen bezala. Guk hogeita zazpi urte daramatzagu hola, jada sei aldiz pagatua dugu hasierako zorra, eta zorra ez da txikitzen. Beraz, lege hori kentzen ez baldin badute, Hego Amerikak eta Ertamerikak ez daukate nola irtenik.

Orduan, irtenbidea zein da?

Soluzioa izango litzateke nazio guztiak elkartzea, Ertamerika, Hego Amerika, denak elkartu, eta Bolivarrek nahi zuena egin: La Patria Grande. Izango balitz Europako Batasuna bezala, Hego Amerika eta Ertamerika dena bat, orduan akaso borrokatuko genuke. Denak elkartuta esanez gero "ez dizugu ordainduko kanpo zorra, hau bukatu da. Eta nola denak bat eginda gauden, ea zer egiten duzuen gurekin". Baina Ipar Amerikak dena egiten du nazioak ez elkartzearren. Beste aldetik, batzuk badute amets hori, Lula ari da ahal duena egiten, Chavez ere bai, Argentina ere orain ondo ari da jokatzen. Eta hor dago etorkizuna, Hego Amerika eta Ertamerika guztia elkartzea. Hori egiten ez den bitartean, alferrik ari gara. Bestela iraultza orokor bat egin behar litzateke, Kuban Fidelek egin zuena. Baina hori gaur egun ez da posible.

Elizak zertan lagundu lezake bide horretan?

Elizak jendea hezi behar du. Sermoi guztietan, konferentzietan, hezkuntza hori sartu. Baina elizaren kolegioetan askotan daude serora tontatxoak eta horiek ez dute mentalitate kritikorik. Eta hor horixe behar du, mentalitate kritikoa, jendeari ideia berriak sartu, eta Hego Amerikan denak nazio bat izan behar dugula ulertarazi. Bestalde, jendeari herri mugimenduetan parte hartzeko deia ere egin behar zaio. Mugimendu feministetan, mugimendu indigenetan, Chiapaskoa bezalako laborari mugimenduetan, ekologistetan, Foro Sozialetan... Herri mugimendu horiek oso beharrezkoak dira. Alderdi politikotan eta sindikatutan ez daukat konfiantzarik. Nire konfiantza bakarra herri mugimenduetan dago.

Lehen munduko jendeak, berriz, elizarengan ere galdu du konfiantza, edo fedea. Elizak gero eta indar gutxiago du.

Ez da harritzekoa. Izan ere, elizak jendeari arazo sozialen kontzientzia piztu behar dio, azaldu zer gertatzen den Hirugarren Munduan, azaldu zergatik dagoen hainbeste gose. Eta gero sartuko balitz etorkinen alde irmo jokatzen, eta gobernuaren kontra gogor hitz egiten, edo armamentuaren kontra... Zergatik ez dituzte hemengo gotzainek izugarrizko kartak idazten armamentuaren kontra? Hori egiten ez den bitartean eliza museo bat bezalakoa izango da. Eta Aita Santuaren egoerak ere ahultasuna erakusten du. Horrek erakusten du eliza aurrera joan beharrean, atzera doala.

Islamak, berriz, gero eta indar gehiago du.

Herri horietan etsipena dago. Ikusi zer egiten ari den Europa, eta batez ere zer egiten ari den Ipar Amerika petrolio guztia bereganatu eta nazio horiek hondatuz. Jakina, etsipen horrekin eta beraiek daukaten erlijio kulturarekin, idealismoarekin, nola ez da, bada, sortuko terrorismoa? Nola ez da, bada, sortuko mahometarrak ikusten ari direna ikusita? Terrorismoa defendatzeko da, euren eskubideak defendatzeko.

Gaur egun gertatzen dena hain da gauza lotsagarria! Ikusi bestela Israel eta Palestina. Hori dena pasa eta, hala ere, Ipar Amerika Israel defendatzen, eta Europan bitartean ezer egin gabe, hortxe. Gero Guantanamon egin dituztenak, Iraken zenbat milaka torturatu ote dituzte? Eta hori dena mahometarrek badakite. Gu gauza horiek ikusita hain sututa jartzen baldin bagara, pentsa ezazu mahometarrak nola jarriko diren. Mahometarrak erreta daude, kiskalduta, eta nahiz Ipar Amerikak eta Europak pentsatu mundu honetan gaitz bat bakarra dagoela, terrorismoa, egon daitezela horretan. Konturatuko dira egunen batean terrorismoak bazeukala sustrai bat, eta sustrai hori beraiek jarria zela, sustrai hori beraiek zirela. Nik uste lehenengo munduak pixkaka-pixkaka aldatzen hasi beharko duela. Aldatzen hasi, beste erremediorik gelditzen ez zaiolako, ez berak nahi duelako, obligatuta baizik. Eta obligatu zeinek? Ba mahometarrek, hegoamerikarrek, eta afrikarrek obligatuko dute. Izan ere, gero eta gose gehiago, miseria gehiago, etsipen gehiago dago, eta hori egun batean lehertu egingo da. Eta azkenean aldatu beharko dute. Hala ere, liberalismoa ari da pixka bat konturatzen gaizki jokatu denaz.

Liberalismoa diozu, baina elizak komunismoaren aurka gehiago ekin izan du liberalismoaren aurka baino.

Bai, egia da. Elizak eskuinera jo izan du, eta apaiz bati apaiz komunista deitzea akusazio bezala hartu izan da. Baina niretzat ohore bat da, nahiago dut apaiz komunista deitzea aberatsen apaiz baino. Marxismoak beti pobreen alde, langileen alde jokatu izan du, errealitatea zientifikoki aztertzeko oso metodo interesgarriak ditu, eta gauza bat esango dut: marxismoak elizari asko erakutsi dio.

Baina marxismoak ukatu egiten du jaungoikoa badenik.

Bai, hori bai. Horretan gu ez gaude konforme, jakina, marxismoak jaungoikoa ukatu egin duelako. Baina horretan ere batek baino gehiagok esan ohi dute, Marx bizi izan balitz, gaurko egunetan akaso ez zuela jaungoikoa ukatuko. Jaungoikoa ukatu zuen erlijioa opio hutsa zela ikusita. Dena den, horretan burua nekatzea alferrik da, ez dugu inoiz jakingo berak benetan nola jokatuko zuen gaur jaungoikoari buruz.

Eta garai batean elizak eta marxismoak bat egin izan balute?

Bat egitea batek jaungoikoa ukatuta eta besteak ukatu gabe, hori ez da posible. Baina Marxek jaungoikoa ukatu ez balu eta eliza eta marxismoa elkartu izan balira, bestelako mundua izango genuke gaur. Che Guevarak ongi esplikatzen zuen hori. Nire lagun bat, Javier Arsuaga, iraultza bukatu zenean, Kuban egon zen, eta Che Guevararekin askotan hitz egiten zuen. Hark beti esaten omen zion: "Zuek, kristauak, bi mila urte daramazkizue mundu honetan. Zuek esaten duzue: 'maitasuna, maitasuna'. Zuek maitasun iraultza egin izan bazenute, guk ez genuen iraultza indarrez egiteko beharrik izango. Zuek daukazue kulpa". Eta arrazoi zuen. Hori Amerikan egi ikaragarria da.

Herri aberatsak munduan zer egiten ari garen ikusita, zerurik espero al genezake?

Alferrik da zeruaren esperantzan egotea. Zerua lur honetan bilatu behar da. Eta noiz bihurtuko da lurra zeru? Denek esango dutenean, "ez zait ezertxo ere falta, besteek daukatena nik ere badaukat, osasuna, etxea, familia, jana, eta elkar maite dugu". Orduantxe lurra meza batekin zeru bihurtuko litzateke. Baina lan hori hemen, mundu honetan egin behar da. Eta mundu hau zeru bihurtzen ez den bitartean, infernua da. Esango genuke gaur mundu hau infernua dela. Eta gure lana izango litzateke, infernua den mundu hau zeru bihurtzea.

Curriculuma

Jaio: Goiatzen, 1930eko urtarrilaren 1ean.
Bizi: Trinidaden (Beni, Bolivia).
Beniko gotzaina.

Ibilbidea:
Teologia ikasi zuen Arantzazun eta Filosofia Zarautzen.
1954an eman zuen lehenengo meza.
1962an joan zen Hego Amerikara misiolari, eta ordutik Kolonbian, Ekuadorren, Dominikar Errepublikan, El Salvadorren, Uruguain, Argentinan, eta Paraguain ibili da.
1982tik Boliviako Beni probintzian bizi da.
Taupadak GKEaren sortzaileetakoa.
Indioak eta emakumeen eskubideak babesteko bulegoak sortu ditu Benin.

Sariak:
1998an urteko pertsonaia izendatu zuten Benin.
1997an Julio Tumiri saria eman zioten (Bolivian urtean giza eskubideen alde gehien jokatu duenari ematen zaion saria).
2003an urteko Euskal Kooperantearen saria eman zion Eusko Jaurlaritzak.
Trinidadeko plaza batek bere izena hartuko du.

Taupadak
"Bada GKE bat, orain sei urte sortu zena. Benira joan zen Toño Puerta izeneko gazte bat Irungoa, eta Benirekin txoratuta gelditu zen. Hasi zen proiektuak prestatzen, eta gero nirekin ibili zen udalez udal diru bila. GKE horrek Taupadak dauka izena, eta izugarrizko indarra hartu du. Taupadak-en lan handia egin du. Berari esker iritsi ditugu lurrak, kolegio teknikoa, musika eskola. Dena Taupadak eta Euskal Herriko udalei esker. Beraz, nik indio guztien partetik, eskerrik asko".


Bizitzaren pasartea
"Kolonbian egon nintzenean jende batek, konfesatzean, zera esaten zidan: 'Me acuso de haber dicho vascosidades', eta esan nahi zuen maldizioak edo hitz gogor samarrak esan zituztela. Edo bestela: 'Me acuso de haber sido vizcaino' ere esaten zuten. Hori hitz zakarrak-edo esaten zituztenean. Ez ziren, nonbait, gu baino lehen joandako euskaldunak oso mingain leunekoak".

Askapenaren teologia
"Askapenaren teologia Amerikan herriak sortu duen teologia da, pobreek egindakoa. Familiak elkartzen ziren eta biblia esplikatzen zioten elkarri, eta horrela sortu zen askapenaren teologia. Izan ere, ez da berdin jaungoikoari buruz hitz egitea palazio batean dagoen gizonari, edo txabola batean dagoen pertsonari. Kristori buruz, elizari buruz, sakramentuari buruz hitz egitea ez da berdina aberatsari edo pobreari. Aberatsa kolesterolarekin hiltzen da, eta pobrea gosez. Orduan, askapenaren teologia pobretasunean bizi diren jendearekin egiten den teologia da. Baina teologia hori denentzako da. Ez pobreentzako bakarrik, aberatsentzako ere bai. Eta pobreen aldeko aukera egiten ez duen aberatsak kristau izateari uzten dio".

Bertsoa

Doinua: Lagundurikan danoi

Lurrari buruz zera
diozu hitz larriz,
infernu bihurtua
daukagula egiz.
Baina gero diozu,
amets kutsu handiz,
lurra zeru bihurtu
behar dela berriz.
Ez al litzake aski
lurra lurra balitz?


Azkenak
2024-10-31 | Iñigo Satrustegi
Bizitza ez da esateko erraza

MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.

----------------------------------------------

Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]


2024-10-31 | Nicolas Goñi
Zuhaitzen migrazioa dugu oihanek klima larrialdiari aurre egiteko soluzioetariko bat

Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik aldatu arren, oihanak orain arte oso guti prestatu ditugu aldaketari, batez ere... [+]


2024-10-31 | Jon Torner Zabala
“Eskolak ezin dio heriotzaren gaiari bizkarra eman”

Iragan astean kontatu genizuen etorkizuneko hilerriaz gogoeta prozesua egin dutela Antzuolan, eta protagonista nagusietakoak umeak izan direla, Herri Eskolan heriotzaren bueltan 1980ko hamarkadaz geroztik egiten ari diren lanketaren ildotik. Hain justu, “hainbat urtetan... [+]


Komun idorrak instalatu dituzte Hendaiako San Bixente ikastetxean, trantsizio ekologikoaren izenean

Hendaiako ikastetxean komun klasikoak kendu eta komun idorrak eraiki zituzten martxoan. Ikuspegi ekologikoari tiraka, egitasmo orokorrago baten barne dute aldaketa: hondarrak jangelako konpostari gehitu eta guzia baliatzen dute ikastetxean duten baratze pedagogikoan, Hendaiako... [+]


Nafarroako Gobernuak 2025eko aurrekontuen proiektua aurkeztu du, EH Bilduren oniritziarekin

Ezker Abertzaleak seigarren urtez jarraian Chivite lehendakariaren kontu ekonomikoen alde bozkatuko duela adierazi du. Egungo akordioa mantenduz gero, abenduaren 19ko Osoko Bilkuran gauzatuko da proposamena.


Kontzientzia kritikoa existitzen al da egungo gizartean?

 Wikipedia.org-en arabera, Gish gallop (Gish-en lauhazka) edo falazien metrailadorea "eztabaida teknika bat da, aurkariari ahalik eta argudio gehienekin eraso egiten diona, argumentu horien zehaztasuna edo sendotasuna kontuan hartu gabe", eta albo-ondorio gisa... [+]


2024-10-31 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (I)

Terminoaren jatorria XIX. mendearen hasieran kokatzen da. Garai hartan, liberal ingelesen asmo inperialistek errusiarrekin talka egin zuten, Errusia Asian zabaltzen ari baitzen eta Ingalaterraren kolonizazio nahiak oztopatzen. Beren interesak babesteko, Ingalaterrak errusiarren... [+]


Aurrekontu akordioa sinatu dute Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk

Hitzarmenak 1.035 euroko gutxieneko errenta bermatuko du eta euskara, osasuna eta etxebizitza izanen ditu konpromiso estrategiko nagusi. Hamargarren urtez jarraian, UPNk ez du batere eraginik izanen aurrekontuetan, urteroko legerik garrantzitsuenean.


2024-10-31 | ARGIA
12 urtez azpikoentzat garraio publikoa doakoa izango da EAEn

Garraio publikoa dohainik erabili ahal izango dute 12 urtetik beherako EAEko haurrek. Administrazio gehienek babestu dute neurria, eta datorren urteko urtarriletik aurrera sartuko da indarrean.


Donostiako turistifikazioa agerian uzteko bost datu

Turistifikazioaren Aurkako Urria manifestazio jendetsu batekin borobildu zuen igandean desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak, baina turistifikazioaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du hirian. Hain zuzen ere, Donostiako azken urteko turismoaren... [+]


2024-10-31 | Leire Ibar
Mezu ultrakatolikoekin sabotatu dute LKN artistaren erakusketa Iruñean

Iruñeko kaleetan ikusgai dago LKN artista nafarraren Otoi nire alde erakusketa. Esprai beltzarekin eraso egin diote hainbat irudiri.


Euskara eta sexu-genero disidentziak uztartzeko zertzeladak

‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.


2024-10-30 | Julene Flamarique
Bizkaiko Arte Grafikoetako grebak ekoizpena geldiarazi du erreferentziazko enpresetan

Cebek patronalak blokeoa baztertzeko exijitu dute grebalariek, baita eros-ahalmena eta lan-baldintza duinak bermatzen dituen lan-hitzarmena ere, azkenekoa 2009-2011 . urtetakoa baita. Urriaren 30eko greba egunean Ertzaintzak langile bat “inolako justifikaziorik gabe”... [+]


2024-10-30 | Leire Ibar
Nafarroako Gobernuari “proposamen serioagoak” egitea eskatu diote hezkuntza publikoko irakasleek

Ikasturteko bigarren greba eguna izan zuten asteartean hezkuntza publikoko irakasleek. Urriaren 29an Nafarroako hezkuntza sektoreko sindikatu nagusiek, hala nola Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT-k greba eguna egin zuten. 


Eguneraketa berriak daude