Julen Gabiria: «Istoriorik gogorrena ere konta daiteke irribarre batekin»


2021eko uztailaren 28an
Noiz ekin zenion idazteari?
Nahiko berandu. 23-24 urterekin. Zerbait kontatu beharra sentitu nuen eta ipuinak idazten hasi nintzen. Nire herrian eta ingurukoetan antolatutako literatur lehiaketetara aurkeztu eta batzuek irabazi nituen »beste batzuek ez» eta orduan hasi nintzen pentsatzen ea merezi zuen idazten nuenak. Izan ere, lehiaketek hori dute: irabazi arren, ez dakizu irabazi duzun benetan onena zinelako eta ipuin ona egin duzulako, edo besteak txarrak zirelako. Beraz, Xabier Mendiguren editoreari bidali nizkion ipuin batzuk, eta berak esan zidan baietz, merezi zutela, eta horrela sartu nintzen mundu honetan eta etorri ziren Igartza sariak eta horiek.

Libururik kaleratu al zenuen ipuin haiekin?
Ez. Elkarrekoek argitaratzeko aukera eman zidatenean, bat-batean Igartza saria irten zen, eta pentsatu nuen: ipuinen aukera badaukat, noa nobela bat idaztera. Eta aurretik oso ipuin gutxi idatzita »dozenara ere ez ziren heltzen ordura arte idatzitakoak», nobelarekin hasi nintzen buru-belarri. Eta beno, Connemara gure bihotzetanek bere bidea egin du lau urteotan, ez dakit zenbat edizio azaldu diren, hamaika edo hamabi, eta ale pilo bat saldu dira, batez ere institutuetan-eta sartu delako liburua. Harrera ikaragarria izan du, nik espero ez nuena.

Nobela hori dibertimendua dela esan al daiteke?
Bai.

Narrazio nagusiarekin zuzenean loturarik ez duten ipuin eta argazki batzuk tartekatu dituzu bertan. Horren arrazoia?
Euren artean badute haritxo bat, batzuetan hobeto ikusten dena eta beste batzuetan ez hain ondo. Kontua liburu hori idazten hasi nintzenean, bada, idazle berri guztiak bezala gogo eta asmo handiak nituela, egundoko liburua egin nahi nuen. Hori da idazle hasi berriaren errua-edo. Handinahia. Hain gauza handia egin nahi duzu… Azkenean zerbait ateratzen da. Agian ez nuen zertan sartu ipuin horiek, agian gaur egun ez nituen ipiniko edo aparte argitaratuko nituzke, baina horrela irten zen.

Euskal Herrian eta Irlandan gertatzen da nobela. Egona zinen Irlandan narrazioa idazten hasi aurretik?
Urte pare bat lehenago izan nintzen, eta nobelan agertzen diren leku eta aterpetxeetan. Narrazioko aterpetxe horietan gertatzen diren zenbait gauza benetakoak dira, eta pertsonaietako batzuk ere bai. Esate baterako, Rocio ezagutu nuen.

Bikote protagonista ere benetakoa al da?
Ez. Liburu gehienak kezkaren batetik sortzen dira, eta nik ere banuen kezka bat. Azken batean, zer da engainua? Horixe galdetzen nion neure buruari, eta sortu nituen pertsonaia bi, bata bestearengandik guztiz muturrean daudenak. Neskak dio bere buruaren bila doala Irlandara, baina ez da egia, egiaz nahi duena gustuko ez duen errealitate batetik ihes egitea da, eta jakina, itzultzen denean errealitate hori topatuko du berriro. Mutila, berriz, zera dabil esaka: gu biok bat gara, gure bihotzak bat dira »horregatik da Connemara gure bihotzetan eta ez gure bihotzean, ze neskak irabazten du; bihotz bi dira, eta ez bihotz bat». Engainu mota ezberdinei buruzko liburua da hori, azkenean: neskak mutilari, mutilak neskari, mutilak bere buruari… Denek engainatzen diote elkarri, inork ez du inor ondo ezagutzen.

Oso liburu ironikoa da. Horrelako pertsona asko al daude gure inguruan?
Baietz uste dut. Hor kontatzen den egoera oso puztua dago, baina nork ez du izan inoiz horrelako kezka txikiren bat: adibidez, beste neska edo mutil batez pentsatu dut, momentu horretan nire neska edo mutila engainatzen ari naiz? Uste dut gai unibertsala dela, denoi gerta dakigukeela.

‘Han goitik itsasoa ikusten’ da zure bigarren nobelan, 1936ko Gerra, euskal haurrak deserriratu behar izan zirenekoa, II. Mundu Gerra… agertzen dira. Ukitu ameslaria errealitate gordin horiei izkin egiteko era bezala erabili al duzu?
Modu samurrean begiratu nahi izan nituen. Adibidez, gerrako umeak Habana itsasontzira igo zirenekoa. Istorio ezaguna da, mila bederatziehun eta ez dakit zein urtetan eta ez dakit zein egunetan Santurtzin 1.400 ume Habana barkura igo eta joan ziren… Hori datu historikoa da, eta oso erraza da modu dramatikoan kontatzea, irakurleak negar egin dezan. Baina istoriorik gogorrena ere konta daiteke irribarre batekin, eta horixe egiten saiatu naiz ni.

Nola laburbilduko zenuke nobelaren mamia?
Liburuak hari asko ditu. Hor badago Euskal Herriko mutiko bat zenbait arrazoiengatik Italiara doana bere idoloa den »zenbait arrazoiengatik idoloa ere» Gino Bartali ezagutzera. Haren herrira doa, eta han Gino Bartaliren inguruan ezagutzen du pertsonaia koadrila bat, ez Gino baina handiagoak »ez da nire asmoa izan jende txikia Gino baino handiago agertzea» baina bai Ginoren parekoak. Hau da, mitoa goian dago, jende xumea behean; bada, nire asmoa jende xumea idoloaren mailara eramatea izan da. Horregatik euskaldun gazte horrek iraultza txiki bat topatzen du Ponte a Ema herrian, Mussoliniren gobernuaren aurka. Era xumean egindako iraultza da, eta pertsonaia horietako bakoitzak bere moduan egiten du.

Garrantzi handia ematen diozu ziklismoaren gaiari. Zergatik?
Berez hortik sortu zen istorioa. Ni ziklismo zalea naiz, eta baneukan Gino Bartaliren berri. Baina hasi nintzen bere gainean pixka bat ikertzen eta bat-batean ohartu nintzen hor bazegoela datu inportante bat orain arte ezaguna ez zena: gerra zela-eta karrerarik gabeko urteetan Gino Bartali ibilia zela dokumentu faltsifikatuak bizikletako tubularretan eta koadroan sartu eta juduak ezkutaturik zeuzkaten monasterio batzuetara joaten, judu haientzat identitate faltsuak eramatera. Modu horretan 800 judu askatu omen ziren. Nolanahi ere, ziklismoa agertzen da hasieratik Gino Bartali ziklista zelako, eta gainera ziklismoak baduelako epika bat bizitzak berak ere badaukana, edo alderantziz. Normalean ez dugu epika hori ikusten, bizitza gertaeren errepikapen huts bat da guretzat: egunero lanera joatea, gero lotara, ondoren ez dakit zer…. Baina bizitzak badu epika handi bat. Eta jendeak baditu gauzak kontatzeko, asko. Eta nik pixka bat hori aldarrikatu nahi nuen nobela honetan.

Zer esan nahi duzu, bizitzan batzuek irabazi egiten dutela, baina beste askok egindako gauza txikiengatik suertatzen direla irabazle?
Bai. Ziklismoan horrela da: batek irabazten du, normalean liderrak, baina taldekide guztiek beretzako egin behar dute lan. Eta inor ez da gero akordatzen eurekin, baina ziklista leader bat ez da inor bere inguruan beste zortzi ziklista ez baditu berari laguntzen, ura eramaten, aldapa gogorretan bere ondoan egoten, eta gurpila zulatzen badu bere bizikleta uzten…

Nobela hau jende xeheari egiten diozun omenaldia al da?
Hala da.

Zer dela-eta Han goitik itsasoa ikusten da izenburua?
Mendira noanean, batzuetan bailaretan lainoa sartuta ikusten dut eta itsasoa ematen du, nik behintzat itsasoa balitz bezala bizitzen dut egoera hori. Hau azalpen praktikoa da, baina azalpen poetikoa ere badu horrek, hau da, pertsona bakoitzak, baita xumeenak ere, baduela bizitzan bere gailurra. Emakume batentzat ama izatea izan daiteke; beste batentzat, gustatzen zaion pertsona ezagutu duela. Horietan sentitzen den klimax hori da gailurra; eta hortik ikusten duzun zoriona itsasoa izan daiteke. Eta gailur hori denok daukagu, baita baztertuenak ere.

Errealismo magikoa eta surrealismoa
«Errealismo magikoa eta zatika surrealismoa nahastuta daude Han goitik itsasoa ikusten da liburuan. Lehenengo zatian surrealismoa da nagusi, egoera eta umore absurdoak. Bigarren zatian, bai, errealismo magikoa edo ukitu ameslaria nabarmentzen da. Ze eragina ez da hainbeste izan errealismo magikoarena, ez naiz ibili Hego Amerikako idazleen bila eragina hartzeko, gehiago hartu dut Natalia Ginzburg idazle italiarrarena, eta berak ez du errealismo magikoa lantzen, literatura xume bat baizik. Oso hitz gutxitan eta oso neurri txikian istorio unibertsalak eta sentimendu handikoak kontatzen ditu».


Azkenak
2024-10-31 | Iñigo Satrustegi
Bizitza ez da esateko erraza

MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.

----------------------------------------------

Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]


2024-10-31 | Nicolas Goñi
Zuhaitzen migrazioa dugu oihanek klima larrialdiari aurre egiteko soluzioetariko bat

Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik aldatu arren, oihanak orain arte oso guti prestatu ditugu aldaketari, batez ere... [+]


2024-10-31 | Jon Torner Zabala
“Eskolak ezin dio heriotzaren gaiari bizkarra eman”

Iragan astean kontatu genizuen etorkizuneko hilerriaz gogoeta prozesua egin dutela Antzuolan, eta protagonista nagusietakoak umeak izan direla, Herri Eskolan heriotzaren bueltan 1980ko hamarkadaz geroztik egiten ari diren lanketaren ildotik. Hain justu, “hainbat urtetan... [+]


Komun idorrak instalatu dituzte Hendaiako San Bixente ikastetxean, trantsizio ekologikoaren izenean

Hendaiako ikastetxean komun klasikoak kendu eta komun idorrak eraiki zituzten martxoan. Ikuspegi ekologikoari tiraka, egitasmo orokorrago baten barne dute aldaketa: hondarrak jangelako konpostari gehitu eta guzia baliatzen dute ikastetxean duten baratze pedagogikoan, Hendaiako... [+]


Nafarroako Gobernuak 2025eko aurrekontuen proiektua aurkeztu du, EH Bilduren oniritziarekin

Ezker Abertzaleak seigarren urtez jarraian Chivite lehendakariaren kontu ekonomikoen alde bozkatuko duela adierazi du. Egungo akordioa mantenduz gero, abenduaren 19ko Osoko Bilkuran gauzatuko da proposamena.


Kontzientzia kritikoa existitzen al da egungo gizartean?

 Wikipedia.org-en arabera, Gish gallop (Gish-en lauhazka) edo falazien metrailadorea "eztabaida teknika bat da, aurkariari ahalik eta argudio gehienekin eraso egiten diona, argumentu horien zehaztasuna edo sendotasuna kontuan hartu gabe", eta albo-ondorio gisa... [+]


2024-10-31 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (I)

Terminoaren jatorria XIX. mendearen hasieran kokatzen da. Garai hartan, liberal ingelesen asmo inperialistek errusiarrekin talka egin zuten, Errusia Asian zabaltzen ari baitzen eta Ingalaterraren kolonizazio nahiak oztopatzen. Beren interesak babesteko, Ingalaterrak errusiarren... [+]


Aurrekontu akordioa sinatu dute Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk

Hitzarmenak 1.035 euroko gutxieneko errenta bermatuko du eta euskara, osasuna eta etxebizitza izanen ditu konpromiso estrategiko nagusi. Hamargarren urtez jarraian, UPNk ez du batere eraginik izanen aurrekontuetan, urteroko legerik garrantzitsuenean.


2024-10-31 | ARGIA
12 urtez azpikoentzat garraio publikoa doakoa izango da EAEn

Garraio publikoa dohainik erabili ahal izango dute 12 urtetik beherako EAEko haurrek. Administrazio gehienek babestu dute neurria, eta datorren urteko urtarriletik aurrera sartuko da indarrean.


Donostiako turistifikazioa agerian uzteko bost datu

Turistifikazioaren Aurkako Urria manifestazio jendetsu batekin borobildu zuen igandean desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak, baina turistifikazioaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du hirian. Hain zuzen ere, Donostiako azken urteko turismoaren... [+]


2024-10-31 | Leire Ibar
Mezu ultrakatolikoekin sabotatu dute LKN artistaren erakusketa Iruñean

Iruñeko kaleetan ikusgai dago LKN artista nafarraren Otoi nire alde erakusketa. Esprai beltzarekin eraso egin diote hainbat irudiri.


Euskara eta sexu-genero disidentziak uztartzeko zertzeladak

‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.


2024-10-30 | Julene Flamarique
Bizkaiko Arte Grafikoetako grebak ekoizpena geldiarazi du erreferentziazko enpresetan

Cebek patronalak blokeoa baztertzeko exijitu dute grebalariek, baita eros-ahalmena eta lan-baldintza duinak bermatzen dituen lan-hitzarmena ere, azkenekoa 2009-2011 . urtetakoa baita. Urriaren 30eko greba egunean Ertzaintzak langile bat “inolako justifikaziorik gabe”... [+]


2024-10-30 | Leire Ibar
Nafarroako Gobernuari “proposamen serioagoak” egitea eskatu diote hezkuntza publikoko irakasleek

Ikasturteko bigarren greba eguna izan zuten asteartean hezkuntza publikoko irakasleek. Urriaren 29an Nafarroako hezkuntza sektoreko sindikatu nagusiek, hala nola Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT-k greba eguna egin zuten. 


Eguneraketa berriak daude