Gernikako museoak: hiribilduaren oroimena bilduz


2007ko otsailaren 21ean
Ondo ezaguna da Gernika historiaz gainezkako hiribildua dela. Azken urteotan, gainera, historia hori museotan gauzatu da. Batetik, Gernikako Bakearen Museoa 1937ko bonbardaketa lazgarritik abiatzen da bakearen aldarria egiteko; bestetik, Euskal Herria Museoak Gernikako arbolaren inguruan biltzen zen herriaren berri dakarkigu. Ondorengo lerrootan biak izango ditugu hizpide eta, horrez gain, museoak izan gabe milaka bisitari hartzen dituzten Batzar Etxeaz eta haritz ospetsuaz ere mintzatuko gara.

Gernikako bonbardaketatik bakerantz

Gernikako Bakearen Museoa hiribilduko Udalak sortu zuen 1998an. Iratxe Momoitio zuzendariak eman digu haren jaiotzaren berri: «Gernika ezagutzera zetozen askok 37ko bonbardaketarenganako jakin-mina agertzen zuten. Hori dela eta, 1998 aurretik erakusketa bereziak egiten ziren udan. Azkenik, epaitegi zaharraren eraikina hustu eta Udalaren eskuetara igaro zenean, bertan Gernikako historiari buruzko erakusketa finkoa ipintzea erabaki zen».

Handik urtebetera, museoaren izaera aldatu egin zen. Gernikaren esanahi sinbolikoaz jabetuta, herriari begirako museoa unibertsalago bihurtzea erabaki eta orain museoaren kudeaketaz arduratzen den Gernikako Bakearen Museoa Fundazioa sortu zen. «Hasieran 1937ko bonbardaketa zen ardatz nagusia», gogoratu du Momoitiok; «gaur, aldiz, museoak helburu zabalagoa dauka. Alegia, bakea».

Iaz, museoak aldaketak nozitu zituen itxuran zein ariman. Ordura arte «oso tradizionala» zen, Momoitioren berbak erabiltzearren. «Horma zuriak, testudun panelak nongura…». Orain, museoak oso era desberdinetan apaindutako gelak ditu, eta bonbardaketa ez da dagoeneko gai nagusia.

Hiru galdera ibilbide bakarrerako

«Bisitaldiak hiru galderei erantzun gura dio», azaldu digu Momoitiok: «Zer da bakea? Zer gertatu zen Gernikan bakerik ez zegoen une batean? Eta, hirugarrenik, zertan da bakea munduan gaur egun?». Horiei erantzuna eman guran, gernikar museo gazteak objektuetan baino sentimendu eta ideietan oinarria daukan ibilbidea eskaintzen du. Lehen areto bietan, Historian zehar bakeak izan dituen hainbat definizio azaltzen dira. Badira panel batzuk, «baina ez dute letra gehiegirik», ohartarazi du zuzendariak.

Hurrengo urratsa ikus-entzunezko emanaldia da. «Bi ditugu museoan, eta biak indar handikoak». Lehenbizikoak, hain zuzen, ibilbideko bigarren galderari erantzuna eman nahi dio. 1937ko gernikar egongela baten irudikapena da, eta bertan andrazko baten ahotsa entzun daiteke. Emakumeak bere bizitzaren berri emango digu, eta baita bonbardaketa lazgarria zelan bizi izan zuen ere. Segundo batzuetan, irudiek eta zaratak bonbardaketaren unera eramango dute bisitaria.

Bisitak aurrera egiten du. Gernika eta Alemaniaren arteko berradiskidetzetik abiatuta, munduan izandako hainbat bake prozesuk hartuko dute protagonismoa: Hegoafrika, Ipar Irlanda… Haraxeago, Picassoren Guernica gogoangarria erabiltzen da giza eskubideez hitz egiteko, eta azkenik euskal gatazkaren nondik norakoak agertzen zaizkigu. Honezkero, hirugarren galderaren erantzuna ere emanda dago.

Iaz, birmoldaketa burutu ondoko lehen urtean, 15.000 lagun hartu zituen Gernikako Bakearen Museoak. Kopuru txikia delakoan-edo, Momoitiok zenbait ohar egin dizkigu: «Museoa ezezaguna da oraindik, eta gainera, Gernikako gainerakoetan ez bezala, sarrera ordaindu behar da». Bisitari arruntek launa euro ordaindu behar dute, eta jubilatuek, ikasleek, langabetuek eta kide askoko familiek, bina.

Euskal Herria museoa, garai berrietara egokitzen

Izenak ez du iruzurrik egiten: Euskal Herria museoa Euskal Herriari buruzkoa da. 1991n jaio zen, «Gernikako arbola sortu duen herria zein den esplikatzeko helburuz», Felicitas Lorenzo zuzendariaren berbetan. «Batzar etxeak makina bat bisitari erakartzen ditu, zuhaitzagatik batez ere; museoa sortuz, testuingurua eman gura genion horri guztiari. Alegia, Euskal Herria zer den azaldu. Hala ere, ez dugu harreman organikorik Batzar Etxearekin. Hori bai, hartatik hurbil gaude», azaldu du Lorenzok.

Euskal Herria museoak 1.500 metro koadroko erakusketa-azalera dauka »«ez larregi», zuzendariak dioskunez», 1733ko jauregi bateko hiru solairutan banatuta. Orain, aldaketak egiten ari dira. «Dagoeneko amaitu dugu beheko solairua birmoldatzen», dio Felicitas Lorenzok, «eta orain beste biei ekin behar diegu». Beheko solairuan Euskal Herriaren ingurune fisikoari eta biztanleei buruzko informazioa aurkituko du bisitariak. Orain arte, euskal eraikinen maketa ugari, argazkiak, irudiak, kartografia »«asko eta oso kalitate onekoa»»… egon dira ikusgai. Birmoldaketaz geroztik, hori ez ezik, azalpenak ematen dituzten entzunezko gidak ere badaude. «Kolkoan ipintzen diren tartel-lege batzuk dira», argitu du zuzendariak, «eta panel baten, koadro baten edo dena delako baten aurrean zaudela botoitxo bat sakatu eta horren gaineko informazioa ematen dizute, aldez aurretik aukeratutako hizkuntzan». Euskara, gaztelania, ingelesa edo frantsesa izan daiteke hizkuntza hori.

Modernoagoa izan guran

«Gure asmoa museo elkarreragileagoa egitea da», dio Lorenzok; «azalpenak ematen dituzten orritxoak badauzkagu, aipatutako hizkuntza guztietan eta baita katalanez ere, baina jendeak ez du irakurtzea atsegin. Entzunezko gidek asko errazten dute lana». Orain, tankera bereko aldaketak egin gura dituzte erdiko eta goiko solairuetan. «Egia esan, museoa serioegia da une honetan», aitortu du Lorenzok, «eta guk modernoagoa izatea nahi genuke, XXI. mendeari hobeto egokitua». Hala, laster hasiko dira bigarren eta hirugarren solairuan ukipenezko pantailak, ikus-entzunezko euskarriak eta enparauak jartzen.

Erdiko solairua euskal foruei eskainita dago. Goikoa, berriz, etnografiari, euskarari, folkloreari eta erlijioari. Birmoldaketak horietara iritsi bitartean, bisitariak batez ere agiriak, liburuak eta irudiak aurkituko ditu bertan. «Onartu egin behar da, museoa oraintxe dagoen bezala, Euskal Herriko historia ezagutzen ez duenarentzat neketsua izan daitekeela hemen dagoen informazioa bereganatzea». Iaz, 16.000 bisitari hartu zituen museoak, baina 30.000 edukitzera ere iritsi da garai onenetan. «Gernikan museo gehiago irekitzeak eragin digu», uste du Felicitas Lorenzok, «bisitariek ordu kopuru jakina dute Gernika ikusteko, eta honenbestez gurea baino geroago sortutako museoekin elkarbanatu behar ditugu».

Batzar Etxea eta haritza, euskal foruen lekuko

Gernikako haritz ezaguna behinolako harizti baten azken oinordekoa da. Lumon »orain Gernikarekin bat eginda dagoen herrian» zegoen harizti hura, baseliza baten aldamenean. Baseliza ere, hariztia bezala, desagertu egin zen, eta hark utzitako lekuan dago gaur egungo Batzar Etxea. Jakina denez, Bizkaiko antzinako Batzar Nagusiak haritzaren inguruan egiten ziren; 1308koa da haien lehenbiziko idatzizko aipamena. XVIII. mendean batzarrak alboko baselizaren barruan egiten hasi ziren baina, zelangura, haritza euskal foruen ikur bihurtu zen. Are gehiago, noski, foruok 1876an galdu zirenean.

1979an Bizkaiak Batzar Nagusiak berreskuratu zituen. Orain, XIX. mendeko Batzar Etxe dotorean egiten dira bilkurak, baina zuhaitzak bere esangura politikoa gorde du. Hainbeste, ezen Bizkaiko Ahaldun Nagusiak nahiz Lehendakariak beraren aurrean zin egin behar baituten kargua hartzean, garai bateko Bizkaiko Jaunek foruak aintzakotzat hartuko zituztela hitz eman behar zuten bezala. Lehendakariak berak ere hantxe zin egiteak ondo agerian uzten du Gernikako arbolaren eragina Bizkaiaz landakoa ere badela.

Gernikako arbola izendapen hutsa da. Berez, arbolez berba egin behar genuke, ez arbolaz. Izan ere, oraingoa »1860an landatu zuten» leku berean egon den hirugarrena da, eta laster laugarrenak hartuko du bere tokia. Joan den apirilean zuhaitza hilik zegoela jakin genuen, iazko abuztuko bero handiak jota. Batzar Nagusietako presidente Ana Madariagak orduan adierazi zuenez, datorren urtarrilean hamabost urte inguruko kimua landatuko da bertan. Horretarako, ordea, lehenik aukeratu egin beharko da, Gernikako zuhaitzak kimu asko baitauzka, etxalde berezietan landaturik.

Bisitariei irekita

Gaur egun, Batzar Etxeak, instituzio legez daukan funtzioa betetzeaz gain, bisitariak hartzen ditu, museoa denik ezin esan daitekeen arren. Neguan zein udan, egunero sar daiteke bertara, goiz eta arratsaldez. Bisitariak XIX. mendeko eraikin neoklasikoa aurkituko du. Antzinako baselizaren itxuraz, berriz, ezer gutxi dakigu; badakigu, ordea, handituz eta berregokituz joan zela, harik eta 1826an Bizkaiko Jaurerriko agiriak gordetzeko artxibategi bat eraikitzea erabaki zen arte. Egitasmo hura oraingo Batzar Etxearen lehen hazia izan zen. Hain zuzen, urtebete geroago, 1826an, onartu zen Batzar Etxea eraikitzeko proiektua. Tamalez, Antonio Etxebarria arkitektoaren hasierako asmoak ezin izan ziren guztiz burutu, lehen karlistaldiak lanak etenarazi baitzituen 1833an. Hala, artxibategiaren guztiz bestaldean egin gura zuen armak gordetzeko tegia ezin izan zen eraiki, baina bai behintzat artxibategia bera eta Batzar Aretoa. XXI. mendeko bisitariak horixe ikus dezake eta baita, kanpora irtenez gero, Gernikako zuhaitz historikoa ere.

Hiru museoak:

- Bakearen museoa: 94 627 02 13
- Euskal Herria museoa: 94 625 54 51
- Batzar Etxea: 94 625 11 38


Azkenak
2025-01-22 | ARGIA
140.000 eurorekin zigortu du Jaurlaritzak Zarauzko ikastola, ezarritako matrikulazio muga gainditzeagatik

Salbatore Mitxelena ikastolak 140.000 euro ordaindu beharko ditu, Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzarako ezarri dion matrikulazio muga gainditzeagatik, baina zortzi ikasleak mantenduko ditu, negoziazioen ondorio. Hezkuntza Sailaren erabakiak eta jarrerak salatu ditu ikastolak.


Ez ezazula memoria gal, zure auzoa ere Gamonal

Burgosko Gamonalen 2014ko urtarrilean gertaturikoa M15 mugimenduak eta antzekoek hauspotutako protesta soil batzuk izan zirela uste duena, oso erratuta dabil. Auzoaren memorian arakatzea besterik ez dago konturatzeko zer nolako eragina izan zuten iraganeko galera sentimenduak,... [+]


2025-01-22 | Inma Errea Cleix
Ez gara aire

Nafarroa Arenan Mitoaroa ikusten izandako lagun batek “telurikotzat” jo zuen entzun-ikusi-sentitutakoa. Niri ere hala iruditu zitzaidan telebista medio etxetik hauteman nuena.

Pentsa daiteke Mitoaroak piztutako grinak eta atxikimenduak proiektuaren ikusgarritasuna... [+]


2025-01-22 | Itxaro Borda
Hutsa egin

Urte berria hastearekin batera, bizitza aldatuko diguten erabakiak hartzeko ohitura bada. Listak egiten ditugu hiru puntutan: bat, kirola gehiago praktika; bi, lagun zaharrak maizago ikusi; hiru, Islandiara itzuli, errealki eta metaforikoki. Xedeak beti xede geratzen direla... [+]


2025-01-22 | Sukar Horia
Semaforoa vs. herritarrak

Zirkulazioan lehentasunek garrantzi handia dute. Gidatzeko ikasten dugun lehen gauzatakoak dira: biribilguneak eta STOPak menperatu ezean nekez lortuko dugu gidabaimena.

Hala ere, lehentasunak ez dira kontu neutroak, eta historiak eta interes kontrajarriek aldatu izan... [+]


Benito, gure emozioen alkimista hori

Oholtzak betiko utziko dituela jakinarazi zigun Benito Lertxundik badira jada hainbat aste, eta geroztik asko gara maila batean ala bestean umezurtz sentitzen garenak, halako galera edo abandonu sentsazioarekin, triste. Iruindarroi, behintzat, bere zuzenekoen zirrara azken aldi... [+]


2025-01-22 | ARGIA
Armagintzarekin harremana duten Hego Euskal Herriko enpresa, ikerketa zentro eta erakundeen zerrenda

Zerrenda honetan,  2016az geroztik armagintza programaren batean parte hartu duten enpresak sartu ditu Gasteizkoak taldeak, edo militarrentzako produktu espezifikoak garatu dituztenak (ibilgailuak, pinturak, bateriak…). Hego Euskal Herrian sortuak, edo Hego Euskal... [+]


Mahai-ingurua | ELA · LAB · Steilas · ESK
Moldaketa, zail bezain ezinbesteko

Lehen aldia da Hego Euskal Herriko euskal gehiengo sindikalak armagintza industriaren moldaketaz taldean eta modu publikoan hitz egiten duena. Aurreko hilabeteotan mugimendu antimilitaristak bilera bana egin du lau sindikatuokin, produkzio militarra “sozialki... [+]


Armagintza industriaren “moldaketa eraldatzailerako” proposamen antimilitarista
“Ezin dugu nor bere aldetik joan, erronka komunak ditugu”

Armagintzaren “moldaketa eraldatzailerako” proposamena publiko egin berri du mugimendu antimilitaristak. Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez... [+]


2025-01-22
Armagintza moldatu gizartea eraldatzeko
Gerra hotsei aurre egin beharra

"Ez gaude prest lauzpabost urte barru datorkigunerako. Arriskua ziztu bizian dator guregana. Aurre egin behar diogu: Ukrainan gertatzen ari dena hemen ere gerta liteke” (...) “Errusia, Txina, baina baita Ipar Korea eta Iran ere, gogor ari dira lanean Ipar... [+]


“Noizbait ere gauzak bukatu egin behar dira, konplitu dugu ARGIA sariekin”

Behin batean, gazterik, gidoi nagusia betetzea egokitu zitzaion. Elbira Zipitriaren ikasle izanak, ikastolen mugimendu berriarekin bat egin zuen. Irakasle izan zen artisau baino lehen. Gero, eskulturgile. Egun, musika jotzen du, bere gogoz eta bere buruarentzat. Eta beti, eta 35... [+]


Eguneraketa berriak daude