Euskal izarra xede Europako Parlamentuan

  • Europako Parlamenturako bosgarren hauteskundeak burutuko dira hil honen 13an, igandean. Euskal Herrian, bi estatuetako alderdi nagusien ordezkaritzez gain »UMP eta PP, eta PSOE eta PS», bost aukera nagusi dituzte euskal herritarrek: Hegoaldean Galeusca, Europako Herriak, Herrien Europa, Aralar-Euskal Herria Europan Bai eta Ezker Batua-IU. Iparraldean, hainbat alderdi abertzalek Frantziako Berdeen zerrenda sostengatu dute. Herritarren Zerrenda da, berriz, Iparraldean nahiz Hegoaldean aurkezten den bakarra.Nahiz eta Hauteskunde Batzorde Zentralak HZren botoa baliogabetzat jo duendagoeneko Hegoaldean.

450 milioi herritar deituta daude Europako Parlamenturako hauteskundeetan botoa ematera. Europako Batasuneko (EB) 25 estatuetan 732 diputatu aukeratuko dituzte parlamentu berria osatzeko. Diputatu horietako 54 Espainiako Estatukoak izango dira, orain arte 64 zirelarik. Frantziako Estatukoak, berriz, 78 diputatu izango dira datorren igandetik aurrera, orain artekoak 86 izan direlarik. EB 15 estatukidek osatua izatetik 25 estatukidek osatua izatera pasatzeak ekarri du diputatu kopuruaren gutxitze hau. Bi estatu hauetako ordezkariak 18 gutxiago izango dira hartara. Hautes-barruti kopurua ezderdina da bi estatuetan, ordea: Espainian bakarra dago eta Frantzian zortzi daude.

Europako Parlamentua erakunde oso urrutikoa da hautesleentzako. Europako konstituzioa proiektua edo zirriborro bat baino ez da oraingoz. Europarako eredu ekonomiko neoliberala defendatzen duten alderdiak »ñabardurarik ñabardura eta oro har» konstituzio honen zirriborroaren aldekoak dira. Gaineratiko alderdien barruan, ezkerrekoak edo eskuinekoak izan, hainbat arrazoi dela tarte, konstituzio honen aldeko edo aurkako eztabaidak daude. Finean, konstituzioari buruzko eztabaida herritarrengandik oso urrun geratzen da.

Europako hauteskundeek ez dute beste hauteskundeek sorrarazten duten interes bera euskal herritarrengan. Oraingo Europa, Estatuen Europa da, estatu bakoitza izar batez sinbolizatua izaki. Bost urtetan behin, hauteskundeak iritsitakoan, euskal herritarrek »herritar abertzaleek, bereziki» Europan izar bat izatea aldarrikatzen dute. Hots, EBn herri gisa ezagutua izatea edota estatua osatzeko autodeterminazio eskubidea onartu dadila.

Europaren eraikuntzan bi joera nagusi daude egun: Estatuen Europa eta Herrien Europa osatu nahi dutenenak. Bigarren hauen ustez, EBren ideia herrien eskubideen defentsan oinarritua sortu zen. Estatuek berriz, »Alemania, Italia, Bretainia Handia, Frantzia, Espainia eta abar» Estatuen Europa hobesten dute, eta egiteko horretan ekonomia dute funtsezko faktorea. Europa ekonomiko indartsu bat dute helburu. Horretarako ez omen da lege sozialen beharrik, ekonomiak ondo funtzionatzea baizik. Artean, estatuek ekonomiaren publikotasuna bermatu behar duten arren, ekonomiaren pribatutasuna gero eta zabalduagoa dago, multinazionalak izaki estatuen arerio zuzenak.

Estatuen Europaren aldekoak

Frantziako nahiz Espainiako alderdi kudeatzaile nagusiak Europan PP eta UMP alderdi eskuin demokristauak nahiz PSOE eta PS sozialdemokratak dira. Lauak eredu ekonomiko neoliberalaren bultzatzaileak. UMPk eta PSk 21 eta 18 eserleku ordezkatzen dituzte, hurrenez hurren. Ez dirudi euren ordezkaritza asko aldatuko denik. Edonola ere, ezker aldeko gainerako alderdiek nola Berdeek osatutako koalizioek Espainiako Estatukoek baino eserleku gehiago ordezkatu dute orain arte. Espainian, PPren hautagai burua Jaime Mayor Oreja da. Inkesten arabera »La Razón eta El Mundo egunkariek egindakoak», 1999ko hauteskundeekiko emaitzekin alderatuz, PPren aldeko botoen portzentajeak behera egingo du doi-doi eta bost eserleku galduko ditu. 27 eserleku izatetik 22 izatera pasa liteke. PSOEren hautagai nagusia Josep Borrell da. PSOEk aurreko hauteskundeekiko lau puntu irabaziko lituzke, eta diputatu kopuru bertsua lortu lezake. 24tik 25era pasa liteke. Inkestek diotena beteko balitz, berdinketa emango litzateke Espainiako Estatuko alderdi nagusien arteko lehian. Estatuko ereduaren auziari begira, PP eta PSOEren artean dagoen lehiak berdinketa mugagabean segituko luke, antza.

Nolanahi ere, hauteskunde hauetako emaitzek PSOEk »PPren politikatik aldentzeko» indar nahiko duen argitu beharko lukete. Lehenik eta behin, PSOEk Alderdien Legea deuseztatzeko benetako gogoa eta sendotasuna duen argitzeko. Testuinguru horretan, nazioarte mailako terrorismoa eragiten ari da Europaren eraikuntzan. Europan Euskal Herriko indarkeria nazioarteko fenomeno terroristarekin nahasi dute dagoeneko. Areago, Europarako eredu sozial arautu bat aldarrikatzen duten sektoreak Europaren eraikuntzaren aurkako erresistentzia sustatzeaz eta politika erasokor bat praktikatzeaz akusatuak izaten dira estatu nagusietako agintarien aldetik. Europaren eraikuntza ekonomia indartsu batean finkatzeaz gain, estatu hauetako botereek segurtasunezko neurri estuen bitartez osatu nahi dute Europa. Euskal Herriaren auziaren testuinguruan, Euroaginduaren adibidea dago. Espainiak Segi erakundeko hiru euskal herritarren aurkako estradizio eskaera ezagutu da azken aste hauetan. Baltasar Garzon epaileak bideratua eta gauzatu gabe geratu dena Frantziako justiziak atzera bota duelako.

Herrien Europaren aldekoak

Galeusca-Europako Herriak hautagai-zerrendan EAJ, CiU eta BNG alderdietako kideak doaz. EAJ da euskal ordezkaria. EAJ aurreko hauteskundeetan EA, ERC eta Unio Mallorquirekin batera aurkeztu zen eta bi eserleku bete zituen, Josu Ortuondo eta Gorka Knör diputatuak izaki. Azken hau ERCko Miquel Mayolekin erdizka kudeatua. Galeusca koalizioa lau eserleku lortuko dituelakoan dago. Koalizio honetako alderdiek estatuak ahultzen ari direla diote. Estaturik gabeko nazioentzako toki gehiago eskatzen dute, Europa Federala proposatuz. Herrien Europa hautagai-zerrenda EA, ERC, CHA (Chunta Aragonesista) eta PSAko (Andaluziako Alderdi Sozialista) kideek osatuta dago. Bernat Joan zerrendaburua diputatutzat jotzen dute. Bigarren lekuan doan EAko Mikel Irujo hautatua izatea espero dute halaber. Herrien Europa koalizioaren esanetan, Galeuscak ez bezala, berauek autodeterminazio eskubidearen aldeko defentsa irmoa egiten dute Europan. Aralar-Euskal Herria Europan Bai da beste hautagai-zerrenda bat. Esquerra Valenciana ere alderdi honekin doa. Herrien Europaren zerrendan ez joateko arrazoietako bat Chunta Aragonistako buruzagia Jose Antonio Labordeta berean egotea da. Aralarren ustez, hau autodeterminazioaren aurkakoa da. Patxi Zabaleta zerrenda buruaren ustez, Aralarren zerrenda ezker abertzaleko aukera politiko eta independentista bakarra da, HZk ez baitu ideologia zehatzik. Ezker Batuarena da beste aukera bat euskal herritarrentzat. IUren zerrenda barruan doa beste sei alderdirekin batera. «Zure ahotsa Europara daramagu» da euren leloa eta orain dituen bost eserlekuei eustea espero dute.

Herritarren Zerrenda (HZ) da beste aukera bat. Marije Fullaondo zerrenda burua zen, baina Espainiako Auzitegi Gorenak lehenik eta Auzitegi Konstituzionalak ondoren legez kanpokotzat jo dute. PPk nahiz PSOEk auzitegietara eraman dute Batasunaren ordezko hautagai-zerrenda dela argudiatuz. Paradoxikoki, HZ legezko aukera da Frantzian. Izen bereko aukera, hauteskunde berberetan, baina legezkoa estatu batean eta legez kanpokoa bestean. «Euskal herria libre, muga gabeko Europan» da HZren leloa. Hegoaldeko HZk Iparraldeko HZren boto zerrendarekin bozkatzera deitu du dagoeneko. Mirentxu Lako da Marije Fullaondo zerrenda buruaren ordezkoa. Azken honen iritziz, HZri boto ematea aukera ezkertiar eta abertzale bati ematea baino gehiago da. Euskal Herriaren eta demokraziaren alde egiteko botoa omen da. HZk »ezker abertzalearen aukera den aldetik», aurreko hauteskundeetan esparru hori ordezkatu zuen EHren (Euskal Herritarrok) boto kopurua izanen du erreferente gisa. Koldo Gorostiaga Batasuneko kidea izan da Europako Parlamentuan EHren ordezkaria. EHk 300.000 boz inguru lortu zituen orduan. Boto baliogabetu honek ez du Europan eserlekurik izanen ordea. Uneon, AuBk udal eta Foru hauteskundeetan bizi izan zuen egoera aurrikusten zaio HZri. EA, Batasuna, Aralar, Batzarre, ANV-EAE eta Zutik-ek HZren botopaperak zenbatzeko ardura adierazi dute. Halaber, boto baliogabetuaren aurkako ekimenak burutzeko borondatea agertu dute sei alderdi hauek.

Abstentzioa nagusi martxoan
Eurobarometroak martxoan egindako inkesta baten arabera, Europako hautesleen %34k baino ez zuen bozkatzeko asmorik.
Herritarren boto asmoaren portzentajea edo datu hau, nola nahi ere, orain gutxi arte Europa osatzen zuten
15 estatuei dagokie soilik.

Iruñean eta Gasteizen harrerarik ez
HZko ordezkariek Iruñeko nahiz Gasteizko Gobernuekin biltzeko egindako eskaerak ezezko borobila jaso du. Areago, Eusko Jaurlaritzako Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordeak PSOErekin biltzea gomendatu die HZkoei. Zenarruzabeitiak ezker abertzalea PSOEtik oso hurbil dagoela adieraziz argudiatu du bere gomendioa.

Iparraldeko abertzaleek HZ edo Berdeak aukeran
Espainian hautes-barrutia bakarra da. Frantzian, berriz, zortzi hautes-barruti daude. Ipar Euskal Herria Frantziako Hego-Mendebalde Handia (Gran Sud-Ouest) barrutian dago. Bertan, Akitania, Languedoc-Rosello eta Erdialdeko Pirinioak eskualdeak biltzen dira. Hegoaldean ez bezala, Iparraldeko abertzaleek bi hautagai-zerrenden alde egin dute, EAJ, EA eta AB alderdiek Frantziako Berdeen zerrendaren aldeko botoa eskatzen dute. Berdeen zerrendan Gorka Torre abertzalea dago, hirugarren lekuan. Demo taldeko kide ezaguna eta Mugerreko hautetsia da Torre. HZko hautagai nagusia, berriz, Mirentxu Lako da.

Frantziako Berdeen zerrendetako hautagai nagusia Gerard Onesta da. Eurodiputatua gaur egun. Iparraldeko HZk Batasunaren sostengua dauka. Abertzaleen bi aukeren arteko eztabaidak azaleratu dira hauteskunde kanpainan. Batasuneko Koldo Gorostiaga eurodiputatuaren esanetan, Gerard Onestak ez du behin ere autodeterminazioaren alde egin Europako Parlamentuan. Gorka Torreren aburuz, berriz, Gerard Onestak autodeterminazio eskubidea, euskararen ofizialtasuna edota presoen hurbiltzearen aldeko jarrera agertu du behin baino gehiagotan. Torreren hitzetan, Onestak Parlamentuan herriek beren geroa erabakitzeko duten eskubidea defendatu du mozio baten bitartez.

Gorka Torre desobedientzialariak dioenez, Gerard Onestak »Europako Parlamentuko lehendakariordeak» desobedientzia zibileko ekintzetan parte hartu izan du. Bere jarrera goretsi du kanpainan zehar. Gorka Torrek, nazio eraikuntzari begira, abertzaletasuna aurreratzeko nazio izaerako zerrenda bat aurkeztea baino eraginkorragoa ikusten du abertzale ez den jendearekin biltzea. Bere hitzetan, ezkerreko eta aurrerazale den jendearekin batera Euskal Herriak proiektu bat gara dezake Europan herri bezala. Halaber, Europaren eskubide sozialak lortzeko modu bakarra da, bere ustez.


Azkenak
Osakidetzan egiturazko eta egiazko konponbideak eskatu dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian

Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.


Aroztegiari ezetz esan dio jende oldeak Iruñean, eta auzipetuen absoluzioa eskatu du

Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]


Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Eguneraketa berriak daude