«Onartezina eta ulertezina da honelako planta batek (Garoñakoak) gaur egun oraindik ere martxan jarraitzea. Bere eragin esparruan bizi diren milioi bat inguru pertsonen segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzen dituen erloju bonba da eta martxan jarraitzeak kalte egiten dio inguru horren garapenari". Horixe esan du orain dela gutxi EHUko katedradun Jose Allende adituak, bere garaian euskal kostaldea defendatzeko eta herritarren borrokari esker gaur egun itxita dagoen Lemoizko zentral nuklearraren kontrako plataformako sustatzaileetako bat izan zenak.
Hain zuzen ere, Burgoseko lurretan baina euskal lurraldeetatik oso gertu »batez ere Arabatik eta Bizkaiko Enkarterritik» dagoen planta nuklearra legealdi honetan behin betiko ixteko indarrak biltzea helburu duen "Araba Garoña gabe" izeneko ekimenak berriki antolatutako topaketan esan zituen Allendek hitz horiek. Ez da ezustekoa izan topaketa horretan Iniciativa Ciudadana por el Cierre de Garoña de Burgos ekimeneko ordezkaritzak ere parte hartzea. Burgoseko ordezkariek Arabako euskal ekimenarekin bat lan egin nahi dutela adierazi zuten, eta datorren udan jende asko bilduko duen herritarren mobilizazio bateratua antolatzeko erronka jarri zuten mahai gainean.
Horretarako eman beharreko urratsak ematen ari dira, eta Arabako udalek ekaina aldera elkarrekin mozio bat aurkeztuko dute, gero onetsia izan dadin. Era berean, herritarrei Garoñaren egoeraren berri emateko moduen bila dabiltza eta zentral nuklear hori ixtearen aldeko udalerrien batzarra sortzeko asmoa dute. Bestalde, ekimeneko gizarte eta sindikatu mailako indarrek inguru hori sozio-ekonomikoki garatzeko interesa dute eta, horrez gain, Burgoseko plantarekin muga egiten duten udalerrietako herritarrei azterketa epidemiologikoa egitea pentsatu dute.
Zentral nuklear zaharkitua
Garoñako zentral nuklearra Tobalina bailaran dago, Arabako zenbait eremutatik hamar kilometro baino gutxiagora. Zentral nuklearren artean aitzindarietako bat da. Nuclenor da jabea, eta Iberdrolak eta Endesak, bakoitzak %50 daukate. 1971ko maiatzean jarri zuten martxan. 25 urteko bizitza eman zioten hasiera batean. Epe hori bukatzear zegoela, Felipe González buru zuen PSOEren gobernuak beste lau urteko luzapena eman zion. Gobernu sozialista erori eta boterea PPk hartu zuenean, Aznarren gobernuak beste hamar urtez luzatu zuen zentralaren bizitza.
Beraz, zentrala eraiki zuten garaiko (1966-1970) baldintza teknologikoengatik eta martxan daraman denborarengatik, planta zaharkitua da Garoñakoa. Gainera, zentralak gero eta pikordun korrosio gehiago dauka. Korrosio horrek erreaktorearen segurtasunerako oinarrizko osagaiei ere eragiten die eta, zenbait kasutan, osagaiak dauden lekuan daudelako, ezin dira konpondu. Ekologistak Martxanek 1999an adierazi zuen 78 elementu oso hondatuta zeudela eta beste 135 nahiko hondatuta edo hondatzen hasita. Gelditze balbula eta hozkarriaren emariaren kontrola bezalako elementu garrantzitsuak higatuta, korrosioak jota edo nekatuta zeuden. Hala ere, Nuclenorreko buruak esan zuen Garoñako planta errentagarri izateari uzten dionean itxiko dutela eta ez segurtasun faltarengatik. 40 urterako diseinatu omen zuten eta 40 urte horiek ondo baino hobeto beteko omen ditu. Garoñako buruak adierazpen horiek egin zituen urtean, Burgoseko zentral nuklearrak 3.000 milioi pezetako etekin gordina lortu zuen.
Azken urteotan hainbat gertakari izan dira Garoñako zentralean. Esate baterako, 2001eko martxoaren 4an sei mila litro ur erradiaktibo isuri ziren zentralaren barruan. Hurrengo urteetan ere beste gertakari txikiago batzuk izan dira, baina hala ere agintari politikoek nahiz enpresa mundukoek ez dute zalantzan jarri zentralaren segurtasuna eta beti gutxietsi izan dituzte gertatutakoak. Segurtasuna erabatekoa omen da.
Erakundeak Garoñaren aurka
Ez dira talde ekologistak bakarrik Garoñak martxan jarraitzearen aurka daudenak. Erasandako euskal erakundeak ere zentrala ixtearen alde azaldu dira »Garoña Gasteiztik 40 kilometro ingurura dago eta Bizkaiko Enkarterritik 60 bat kilometrora». Plantaren inguruan dauden udalek eta Miranda de Ebro, Logroño eta Burgosekoek ere jarrera bera dute. PSOEk berak zentral horren eta Zoritakoaren »bi zentral zaharrenak» itxierak iragarri zituen 1999ko hauteskundeetako hauteskunde programan. Ezin izan ziren ixte horiek gauzatu, Moncloara Aznarren gobernua iritsi zelako, PP, alegia. Ez ixteaz gain, hamar urteko luzapena eman zion orduko gobernu berriak Garoñari.
Orain ikusiko dugu Espainiako gobernu berriak, PSOEk, hauteskunde programa gauzatzen duen, zentral nuklearrei dagokien atala, behinik behin. PSOEk esan zuen 2015. urterako pixkanaka-pixkanaka Espainiako estatuko zentral nuklear guztiak itxiko zituela. Ea esandakoa betetzen duen.