Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa Ibaizabal ertzean dago, ezkerraldean hain justu, behinola Euskalduna ontziolarenak izandako eremuetan. Bertatik bertara du »harekin horma bat partekatzen du, izan ere» Euskalduna Jauregia, XXI. mendeko Bilboko ikurretako bat. Bertara ailegatzeko, Bihotz Sakratu plazan, Jauregiaren pare-parean gaudela ezkerretara egin behar da. Berehala itsasadarraren mailara eramango gaituzten eskailera batzuk aurkituko ditugu. Horiek jaitsiz, Euskalduna ontziolaren aztarnekin egingo dugu topo. Ez dugu aterik zeharkatu, baina museoan gaude dagoeneko.
Itsas Museoa ez da itsasadarrari buruzko bilduma hutsa. Ibaizabal bera museo bihurtu du. Gainazal osoaren hiru laurden kanpoaldean daude, izan ere. Bertan ikus dezakeguna, barrualdekoa baino askoz gutxiago izanik ere, museoko gauzarik garrantzitsuena da, Pablo Atela museoko zuzendariaren aburuz. Hain zuzen, garai bateko lantegi oparotik geratzen diren hiru dikeak »bata 1868koa, balio handikoa, Espainiako Estatuan egindako lehena baita, militarrak kontuan hartu gabe», 60 metroko garabi gorri ikusgarria, "gure ikurra, ezbairik gabe", eta XX. mende hasierako ponpa-etxola, "dikeak bete eta husteko sistemak dituena", Atelak dioskunez.
Bat eta bi zenbakidun dikeak guztiz lehor daude gaur egun, museoko arduradunek egindako lanei esker. Lehenbizikoaren barruan »1868koan, hain justu», hainbat itsasontzi daude: besteak beste, 1928an Euskaldunan bertan egindako atoiontzi bat, Plentzia eta Ondarroako arrantza-ontzi bana, Ugarte areetarrak munduari bira egiteko erabili zuen Euskadi-Europa ontzia… Gainerakoan, apaingarri batzuk ageri dira, museoaren kanpoalde zabalean han-hemenka sakabanaturik: aingurak, kateak… Gehien-gehienek badute nolabaiteko harremanik Ibaizabalekin: bertan egindakoak dira, edo bertan ibilitakoak.
Autoak sabai gainean
Barrualdera sartzeko tenorea iritsi zaigu, honenbestez. Atelak azaltzen digunez, "era honetako museo batek barrualdea behar du, gauza batzuek sabaipean gorde behar baitira. Horregatik, 1996an museoa sortu duen fundazioa eratu zenean, eraikina non eta nola egin pentsatzen hasi ginen. Konturatu ginen gure gainean dagoen errotonda erraldoiaren beheko aldearen erdia-edo hutsik zegoela, eta une hartan ero samarra zirudien ideia bururatu zitzaigun: zergatik ez sartu museoa hutsunean?".
Azterketa teknikoek aditzera eman zutenez, ideia ez zen hain eroa, eta zulo hura museo batekin "betetzeari" ekin zioten. "Lana merkatu egin zen gainera, zorua, sabaia eta horma batzuk aldez aurretik eginda geneuzkalako", gogoratu du Atelak. Azkenik, iazko azaroaren 21ean, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak bere ibilbideari ekin zion, edo, sartu eta berehala ikus daitekeen plakak dioenez, uretaratua izan zen.
Museoko solairu biei itxura modernoa darie. "Halaxe egin behar genuen", iritzi dio Pablo Atelak, "itsasadarrak, bere historia aspalditik datorren arren, bizirik jarraitzen duela adierazteko". Aldi berean, diseinuak ontzi baten formak dakartza gogora. Bisita-gunera sartu eta berehala, orain mende bateko ontzien maketen ondoan, proiekzio-gunerako sarrera dago. Hamar minutuz, itsasadarren historia azaltzen zaio bisitariari, irudi digital ikusgarri eta guzti. Hormetako panel mordoek informazioa osatzeko balio dute.
Solairu bi, hiru ardatz
"Museoak hiru ardatz ditu", dio Atelak, "batetik, itsasadarrean izandako aldaketak; bestetik, merkataritza eta industria; eta hirugarrenik, ontzigintza. Lehenbizikoak beheko solairua du gune, eta beste biek, goikoa". Proiekzio-gunea atzean utzi eta aurrera jarraituko dugu, bada. Hainbat tresna ikusiko ditugu lehenik eta behin, batzuk lema bezain ezagunak, besteak ez horrenbeste, lehortar petoentzat behintzat. Itsasoratzea izeneko guneak ateak itxita ditu, oraingoz. Abuztura arte ez da bertara sartzerik egongo, eta horrek oraindik guztiz osatzeko dagoen museo gazte batean gaudela gogorarazten digu.
Umeentzako gela, maketa gehiago eta zenbait koadro ikusi ostean, gorantz abiatuko gara. Han, informazio-panelak eta objektuak tartekatuz, Itsas Museoak azaldu egiten digu nola sortu zen merkataritza Ibaizabalen. Hementxe ikus ditzakegu XIX. mendea baino lehenagoko objektu bakanak: zenbait agiri zahar eta, batik bat, Berpizkunde garaiko mapak.
Burdinazko itsasadarra atalak industria-garapenaren berri ematen digu. Museoko argazkirik ikusgarrienetako batzuk daude hemen. Meategietako aberastasunetik abiatuta apurka-apurka lantegiz bete ziren itsasadarraren ertzak erakusten dizkigute argazkiok, guztion gogoan dagoen Ibaizabal zikin, itsusia azken batean. Baita aberatsa ere, Atelak aldarrikatzen duenez. Ezin falta, txoko batean, Bizkaiko Zubiaren oroigarria.
Ontzigintzak ehunka urte
Bisitaren amaierara hurbiltzen hasita, ontzigintzari eskainitako tarterantz goaz. Ontzigintza, Euskalduna eta La Naval sortu baino askoz lehenago hasi zen Bilboko itsasadarrean, atal honetako lehen guneak argi erakusten digunez. Bisitariak Zorrotzako errege ontziolaren berri izango du hemen, besteak beste. "Indietara joandako ontzietako asko Ibaizabalen egin ziren, Zorrotzako ontziolan batez ere", azaldu digu Pablo Atelak, garai hartako usaina dakarkigun galeoi baten maketa ederraren aurrean. "Areatzan bertan ontziak egiten ziren XIII. eta XIV. mendeetan", gaineratu du museoko zuzendariak.
Altzairuzko ontzigintza modernoari gainbegiratua eginez amaitzen da egonaldia. Industria horri lotutako hamaika objektu ikus ditzakegu, baina argazkiak, zinez ikusgarriak, dira gure ustez aipatzekoak. Horietako batek La Navalen egindako gas-ontzi erraldoia erakusten digu, Bizkaiko Zubiaren azpitik ozta-ozta igarotzen. Argazkia iazkoa da, eta horrek esan gura du ontzigintza ez dela guztiz desagertu oraindik; haatik, gainbehera geldiezina da. "Ez dugu gainbehera hori islatu nahi izan erakusketan", egin du hausnarketa Atelak, "eta nahiago izan dugu onerako aldaketak azpimarratu". Nolanahi, ezin uka industriarenak egin duela Ibaizabal inguruan. Museo garaiak dira orain.