Zeri erantzuten dio politikari ez den pertsona bat Espainiako Estatuaren Kongresuko diputatua hautatu izanak Nafarroan?
Nafarroan gauzak zeuden bezala ikusirik, abertzaletasunetik begiratuta, politikarako formula berriak behar ziren. Eta ez bakarrik alderdi abertzaleen ikuspuntutik. Batzarre, esaterako, ez da alderdi abertzalea. Alegia, alderdien batasuna behar beharrezkoa izanda ere, hori ez zen arrazoi bakarra. Zentzu horretan, NB ez da bakarrik hainbat alderdi politikoren batasunaren emaitza, formula berri baten emaitza baizik. Formula hori oso garrantzitsua izan da une batez, garrantzitsua da uneon eta izango da, proiektuan independenteak eta euskaltzaleak ere biltzen baitira. Hau da, NBko independenteak ez dira bakarrik garrantzitsuak hautagaien zerrendaren lehen postuetan joan direlako, beren lana funtsezkoa delako baizik. Martxoaren 14ko emaitzak horri guztiari erantzuten dio.
NBren formula arrakastatsuak emaitza garrantzitsu bat ekarri du: zu zeu diputatu izatea. Zein da aurrerantzean ilusioa eta itxaropena mantentzeko formula?
NBren inguruan nolabaiteko oihartzun mediatiko bat lortu dugu orain arte: formula berria zelako, abertzalea zelakoa, 25 urtetan ezkertiar eta euskaltzaleen ahotsa lehen aldiz Madrilera iritsi delako. Tira moduko bat izan dugu...
... zeure tirak ere bere eragina izan du.
Bai lagundu du, ezaguna naizelako. Baina neurri batean, gehiagorik ez. Hemendik aurrera ez da berdin izango eta, agian, estrategia mediatiko bat asmatu beharko dugu. Gure bitartekoak ez dira asko, ez handiak ere, baina saiatuko gara Madrilgo gure lana Nafarroan entzunarazten. Hori da NBren zeregin garrantzizkoenetako bat. Eguneroko lanaren bidez eragozpen hori gainditzea da gure erronka une honetan.
Aralar, EA, EAJ eta Batzarre alderdiak eta 2000 independente inguru ari zarete NBn. Zuk zer behar edo nahi zenuke une honetan?
NB proiektuaren bizitza luzea bermatzea eta batez ere berau Nafarroan bideratzea. Eta hori egitea ez da erraza, jakina. Koalizio elektorala Diputatuen Kongresuan aritzeko osatu zen, orain, berriz, koalizioko gehienon asmoa proiektua Nafarroan gauzatzea da. Zailtasunak askoz handiagoak dira koalizioa Nafarroari begira elkarlanean jartzeko orduan. Baina beharrak ere handiak dira. Erronka hori gainditu beharko dugu. NB lau alderdien koalizioa da eta beti esan dut alderdi hauek oso ausartak izan zirela. Beraien aldetik eskuzabaltasun handia izan dela proiektua gauzatzeko. NB beren proiektua da funtsean, eta esan bezala, independenteen ekarpenekin batera.
Batzar iraunkor baten beharra aipatu da NBtik. Berau egituratzea funtsezko izan daiteke.
Bai. Baina, lehenbizi, maiatzaren 14ko hauteskundeetarako, bai alderdiek bai independenteek lan handia egin zutela gogoratu behar da. Lau alderdiek esfortzu ekonomiko handia egin zutela, maila pertsonalean egin zen lana ahaztu gabe. Beraz, lehenik irabazitakoa gozatu dugu eta orain lanean ari gara berriz ere. Alderdiak nahiz independenteak proiektua egituratzen ari dira Nafarroarentzat. Bistan da, Europako hauteskundeak tartean izanik, une hau ez da egokiena iraunkorra finkatzeko. Proiektuaren ibilbidea oso erritmo lasaian egiten ari gara, eta uda aldean NB nola egituratzen den ikusiko da.
Proiektua sostengatzen duten lau alderdi eta independenteen artean tirabirak izango dira. Norberak ura bere aldera eraman nahia. Politikaren tentsioak eta presioak.
Tentsioa eta presioak badaude, noski. Kanpainan ikusi ziren. Nola ez? Zeinek pentsa dezake koalizio politiko batean horrelakorik ez dagoenik. Politikan normala da. Hori argi dago. NBko alderdi nagusien artean tentsioak badaude eta izango dira. Baina momentuz gauzak ondo doaz. Tentsioak gainditzeko lan berezi bat egiten ari gara. Orain arteko gorabeherak gainditu dira, eta aurrerantzean horiek gainditzea da gure lanetako bat.
Independenteak al dira berme?
Baita alderdiak ere. Batez ere, hauen militantzia.
Aralar eta EA alderdi nagusiak izaki, nola ikusten dituzu berauek koalizioan?
Ez pentsa tentsio handienak alderdi horien artekoak direla, benetan esaten dizut. Zentzu horretan konpromiso handia hartu dute alderdiek. Demagun, diru edo botere gehiago duen alderdia, orokorrean, EAJ da. Alabaina, alderdiek neurri praktiko bat jarri zuten mahai-gainean: denok dirua jarriko dugu eta neurri berdinean. Neurria diru gutxiago zuen alderdiarena izan zen. Justu proiektuaren egonkortasuna bermatzeko eta sendotzeko. Erabakiak modu kolegiatuan hartu dira aurre-kanpainan, kanpainan eta ondorenean ere halaxe egiten ari gara.
Europako hauteskundeetan ez doaz elkarrekin. Ez da Euskal Herria Bai osatu, adibidez. Zer iradokitzen dizu horrek? .
Euskal Herria Bai proiektua aurkeztu baino pare bat egun lehenago Patxi Zabaletak proiektuaren berri eman zidan. Nik »publikoan dena», denborak proiektuaren aurka jokatzen zuela esan nion. Ezinezkoa zela proiektua aurrera ateratzea, alegia. Eta jendeak hori horrela ulertu du. EAJk Galeuscarekin konpromisoa zeukan, EAk ERCrekin. Proiektua urte bat lehenago plazaratu izan balitz, agian, arazoak arazo, eragozpenak eragozpen, aurrera egingo zuen. Nahiz eta gauzatzea zaila zen Aralarrek bere proposamena mahai-gainean jarri du. Proposamena interesgarria da eta gerorako hor dago. Hau da, denok badakigu Nafarroan eman den akordioa Euskal Herria mailan ematea zailagoa dela. Beharrak ere ezberdinak dira. Baina azkenean beharrak edo La biarrak »Nafarroako Erriberan dioten bezala» salbatuko gaitu. Jendea eztabaida politikoa eta publikoa eskatzen ari da eta hori eskatuta, formula berriak ere etorri beharko du Euskal Herria mailan.
Madrilgo Kongresuko zure zeregina hizpide. Zer moduz diputatu gisa zure lehen agerraldian?
Dena da berria. Lehen uneak urduritasun uneak izan dira. Nahiz eta une horiek ondo gainditu ditugun, duintasunez. Inbestidura saioa idazten ari nintzela hauxe bururatu zitzaidan: azken 25 urteetan, Kongresuko tribunatik ez da nafarren beharrak aipatu dituen nafar bakar bat ere. Hitzaldia prestatu nuen egunean, hitzaldiaren nondik norakoa azaldu nien nafar sozialistei. Rodriguez Zapaterori ohartarazteko eta Nafarroari buruz zerbait presta zezala eskatu nien: "Seguro que no ha preparado nada", esan nien. Inbestidura saioan, Espainiako presidenteek ez dutela inoiz Nafarroari buruz ezer adierazi nabarmendu nahi izan nuen. Eta horrela izan zen berriz ere. Zapaterok Kataluniaz, EAEz, Galiziaz edota Kanariez jardun zuen. Kanariei buruz hitz egitean bazekizkien tomatearen eta platanoaren prezioak. Nafarroaz hitzik ez. Alegia, 25 urtetan inork ez dio presidenteari Nafarroaz ezer galdetu. Nafar diputatuen aldetik ez dago ohiturarik eztabaida sustatzeko. Arazo hori nafarren arazoa da. Nafarroak hautatu duen ordezkaritzaren arazoa. Eta orain ezin zaio erantzukizun osoa Zapaterori egotzi. Bien bitartean, lehengo aldiz, Nafarroaren arazoa begi bistan utzi dugu Kongresuan. NB zer den ageri da: ahots abertzale eta ezkertiarra izateaz gain, nafarren interes orokorrak defendituko dituen ahots bakarra.
Harrezkero, UPNk Nafarroarentzako ahots gehiago aldarrikatu du Kongresuan. Nola ikusi duzu UPN?
UPNn barne tentsioak agertu dira. Nik pena sentitu nuen UPNko diputatuek esandakoarengatik »ez Del Burgoren aldetik, berak ez zuen ezer esan»: «Nafarroan erantzun antidemokratiko bat izan zen. Ez da posible nafar abertzaleen eskuetan Nafarroako interes orokorren defentsa uztea". Zergatik ez? Haiek bakarrik ote dira gai nafar guztion interesak defendatzeko? Horixe izan da UPNren gogoeta bakarra. Nire ustez, horrek demokraziaren aurkako bere jarrera eta ezintasuna erakusten ditu.
PSNren erreakzioa, berriz, nolakoa izan zen?
PSNk pasatzen utzi du.
Zein lan talde edo laguntza duzu Kongresuan?
Kongresuan aritzeko taldea osatzen ari gara. Alde batetik, alderdiek udaletan duten hainbat egitura baliatu nahi dugu informazioa eskuratu eta baliatzeko. Bestetik, independenteen laguntzarekin kontatzen dut. Independenteen zerrenda luzea eta oparoa da. Nafarroan ari den profesional anitzak dira, sindikatu eta erakunde askotako jendea dago. Hori guztia eratzeko lana daukagu, baina ilusioa ere bai. Oso ilusionatua nago. Adibidez, irailean aurrekontuen proiektua iritsiko zaigu. Proiektua NBko alderdien nahiz profesionalen laguntzaz aztertuko dugu. Ziur naiz erantzun egokia emango dugula.
Talde mistoan zaude, BNG, CHA, EAko diputatuekin batera. Defentsa, enplegu eta gai sozialak, eta garapen batzordeetan ari zara, eleduna izaki. Nola ikusten duzu zure lana berauetan?
Bardeako tiro eremua gai funtsezkoa da legealdi honetan. Defentsa Ministerioaren eta Bardeako Batzordearen kontratua 2008. urtean amaituko da, legealdiarekin batera. Gure lana argi dago zein den: Bardeako Batzordeak kontratu hori bertan behera uztea. Defentsa Ministerioarekin duen kontratua ez dezala berritu lortu behar dugu. Une honetan Bardeako tiro eremua Europa osoan NATOk duen bakarra da. Inork ez du tiro eremua nahi, eta Nafarroak "onartzen" du. Gainera, Natur Parke babestu bezala agertzen digute. Egoera kafkiarra da. Kontratua ez berritzea da gure helburua. Horregatik batzorde horretan egoteko nire interesa.
Beste batzordeetan aritzeko interesa, berriz?
Garapen batzordean, Euskal Herrian oro har, baina Nafarroan bereziki, atzerrian lan egiten duten zenbait erakunderen urteetako lana bermatzen lagundu nahi genuke. Atzerri politikan dagoen erronketako bat garapen lana da. Inbestidura saioan atzerri politika aldatu beharra ageri zen, beraz, espero dut Gobernuak arlo hori ere kontuan hartzea. Nafarroan tradizio handia dago arlo honetan. Enplegu eta gai sozialen batzordeko lanaren bitartez, oinarrizko errenta eta pentsioen igoera lortu nahi dugu.
Beste gaietara etorriz: Terrorismoaren aurkako Ituna delakoak PP eta PSOE bildu ditu berriz ere. Zer balorazio egin duzu bileraz?
Bere lanaren balorazioa egiteko ehun egun eman nahi diot Zapateroari. Eskariak egiteko unea da eta guk zer nahi dugun esan diogu: atzerri politikan azaldu duen bizkortasuna eta ausardia bera barne politikarako. PSOEk duen arazo larriena PPtik datorkion presioa da. Beste arazo bat PSOE pila izatea da. Zein da Zapateroren PSOE? Rodriguez Ibarra, Bono, Maragal, Alonso, Moratinosen PSOE? Bere azken adierazpenak ez zaizkit batere gustatu.
Zertan datza Zapateroren algodoiaren froga? PSOEk PPren politikatik aldendu nahi duen froga.
Zapaterorenganako gure sinesgarritasuna Terrorismoaren aurka Itunak izango duen bizi iraupenaren araberakoa izango da. Hasteko, lehen froga horretatik beltza ez dakit baina zikina atera da.
PSNk zein rol joka dezake Nafarroako politikan. EAEko PSE-EEk aitzindari gisa jokatu nahi duela dirudi. Egiguren-en jarrera lekuko.
Baina, berriz ere, zein PSE-EEz ari gara? Patxi Lopezena, Javier Rojorena edo Jesus Egiguren PSEz? Haiek erabaki behar dute. Politika egiteko ardatz bat lortu behar dute, jarrera ezberdin horien inguruan ardatz bat. Azken bost urteetan bai Madrilen bai Euskal Herriko EAEn eta Nafarroan alderdi sozialista asko dago. Ferrazen dagoen indefinizio politikoa agerikoa da hemen ere.
PSNk eragin dezake Nafarroako politikan?
Bai. Nahiz eta eragin txikia izan PSNk zer egiten duen erabakigarria ere bada PSOEn. Adibidez, PSCren jarrera garbia da. Extremadurako sozialistena ere bai, baina kontrakoa. PSEk buelta ematen badio Redondo Terrerosen ildoari, eta Nafarroako sozialistek ildo zehatz bat hartzen badute, federazio hauen eraginak zerbait berri ekar dezake.
Nola ikusten duzu Juan Jose Lizarberen PSN?
Lizarbek etxe barruan arazo pila dauka. Inbestidura saioan nafarren une historikoa zela aipatu nuen eta Zapaterok, nolabait, Nafarroan sozialisten emaitzak zirela historikoak erantzun zuen. Emaitza historikoak izan dituzte, baina ez dezatela ahaztu zein baldintzatan eman diren. Orain arte "nafar abertzale nazionalista hauek diskurtso existentzialista besterik ez dute», esan dute Kongresuan. Baina honezkero, nafar abertzale bat Bardeaz, pentsioez, eta gai sozialez arduratzen ari dela jabetzen hasiak dira. Eta horrek, inbestidura saioan hasteko, PSN nahiz UPN oso egoera deserosoan jarri ditu.
Kataluniako jarreretara hurbiltzeko ahalmenik ikusten duzu hemengo sozialisten artean?
Alderdi baten jokabidea goi karguko agintarien esku dago gehienbat. PSCren kasuan Pasqual Maragallen eskua oso garrantzizkoa da. PSEn, berriz, Redondo Terrerosek hautatu zuen bidea nora joan zen ikusi dugu. PSEk edota PSNk eman dezaketena ikusteko dago. Federazio batek beste federazioetan eragin dezakeela baztertu gabe, benetako aldaketa PSOEn eman beharko da. Arazoa, finean, ez dezagun ahaztu, Estatu arazoa da. Une interesgarri eta erabakigarri batean gaude nolanahi den ere.
NBk kezkak sorrarazi ditu UPN eta PSNn. Bien bitartean, hauteskundeen emaitzen ondoren, Nafarroako Ezker Batua zuengana hurbiltzeko gisan ikusten al duzu?
Proposamena egin zitzaion eta ez zuten entzun nahi ere. Agian, egoera berri honek Ezber Batua aldatzera bultzatu lezake. Baina haiek esan beharko dute. Denok dakigu Nafarroan abertzaleekin joateak kostu berezia duela, estrategia politikoa dena delakoa baita.
HZ kandidatura ez onartzeak zer iragarri dezake?
Orain arte, PSOEk deklarazio politiko bat egin du. PPk HZren hautagai zerrenda erabiliko du PSOEren aurka. Hori da PSOEren aurkako PPren estrategia bakarra. Orain, fiskalaren erantzuna entzun behar dugu, hori da funtsezkoa. Epaileek esango dutenez gain, fiskalaren jarrera adierazgarria izango da.
Zein izango da NBko jarrera HZ legez kanpo geldituko balitz?
Gu nafarren guztien interesak defendatzeko prest gaude. Horrela balitz HZ hauteskundeetatik kanpo ustea salatuko dugu. Defentsa horretan Alderdien Legearen aurka arituko gara, demokraziaren kontra dagoen legea da, nafar askoren ahotsa isilarazten duen legea. Printzipioz legea txarra da eta estrategikoki aukera politikoa isilarazteko egina dago. Oro har, legea abertzaletasunaren aurka egina da, terrorismoaren aurkako estrategiaren mozorropean. Gu lege horren printzipioen eta bere estrategiaren aurka gaude.
Zer moduz Batasunarekin edo Nafarroan legez kanpo direnekin oro har? Kanpainan interpelatuak izan zineten, nolabait.
Taldearen aldetik baino, taldearen atzean ari diren agintari politikoen interpelazioak izan ziren. Harremanik ez dugu. Baina, NBren ateak ez ziren martxoaren 14an itxi. Hau da, proiektua ez zen martxoaren 14ko hauteskundeetarako sortu. Gure ateak irekita daude. Gure printzipioak direnak dira. Eta ez bakarrik NBren geroari begira edota bere osaketari begira. Puntu ahula denok badakigu zein den, biolentziaren gaia.