Breakdance: kaleko akrobatak


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Iruñean, ilargiaren pasabidean aurkitu ditugu Team Rockers taldeko kide batzuk, grabitateari desafioka. Pasaeran, jende dena begira geratzen da, harrituta, eta komentarioekin jokoan sartzen da. Hala ere, Patxi Cía «Soker», Carlos Alocer «Khawo» eta Jon Eneriz ez dira publikoarekin batere kikiltzen, ezta kamerarekin ere. Astirik duten aldiro biltzen dira, taldeko beste bi kideak diren Pablo García «Polini» eta Diego Picamillsekin batera. Txandaka irteten dute pasabidearen erdira, eta bakoitzak pauso edo posturaren batzuk egiten ditu. Besteek esango diote noiz egin duen ondoen. Elkarrengandik ikasten dute: «Nola arraio egiten duzu hori? Ezker edo eskuin eskua jartzen duzu lurrean lehendabizi?».

Kaleko bizitzan egiten denez, breakdance-a sarri lotzen da kaleko beste aktibitateekin, graffiti eta musikarekin, alegia. Patxi Cíak, Euskal Herriko breaker edo dantzari onenetakoak kontatzen duenez: «Ni graffitiak eginez hasi nintzen, eta horrela ezagutu nuen breaka dantzatu eta rapa kantatzen zuen jendea. Lehen denok egiten genuen denetik, baina orain bakoitza gauza batean zentratuta dago». Edozer musikarekin aritzen dira, ez hip-hoparekin bakarrik: 70eko funkyarekin dantzatzen da, houserekin ere bai...

Gazteen kulturan hezi

Donostiako Intxaurdanza kultur taldea, graffiti, breakdance eta errimadoreen mugimendua lantzen eta forma ematen ahalegintzen da. Antolatzen dituzten graffiti festak dira horren adibide: «Graffitiak duen kutsu negatiboa izanda, eta egiten diren zirriborro pila ikusita, festa bat antolatzen dugu guk, jendeak graffitiak marrazten ikasteko aukera izan dezan, erakusteko arte bat dela eta ez bandalismo hutsa. Marrazten hasi aurretik hitzaldi bat ematen diegu, gazteek jakin dezaten zer den graffitia, nola egiten den, zer gerta dakiekeen harrapatzen badituzte». dio Intxaurdanzako kide Marta Olaldek. Graffiti festan panelak eta sprayak jartzen dituzte, girotzeko musika ere bai, eta bitartean errimak inprobisatzen eta breaka dantzatzen aritzen dira.

Guztiz espontaneoa edo antolatuagoa izan, zuzenean kalean aritzea esperientzia bizia dela ziurtatzen du Olaldek: «Ni eszenategien mundutik nator, eta kalean dantzatzea gogorra egiten zait. Adrenalina igotzen da, eta publikoa bertatik bertara dugu. Beraz, publikoaren erreakzioek zuzenean eragiten digute».

Intxaurdanza kultur taldearen barruan dago Intxaurbreak taldea, eta bertako kide Diego Picamillsek kalearen alderik txarrena nabarmendu du: «Toki batetik eta bestetik bota egiten gaituzte». Negu gorrian kaleko baldosen gainean aritzea ere, ez da txantxetako kontua. Kalean hasi eta hezi ziren breaker hauei orain aretoetatik ere deitzen diete. Gaztetxe, gazteleku eta dantzalekuetatik, besteak beste.

Kaleko bizitza bezala, breakdancea ere aldiro da desberdina. Olalderen hitzetan, «beti dantza akademikoan aritu nintzenez, Breakdancean hasi nintzenean gehien kosta zitzaidana inprobisatzea izan zen». Txapelketetan gutxiago inprobisatzen dela aitortzen du Iruñeko Patxi Cíak: «Batzuek nahiago dute dena prestatuta eramatea, eta beste batzuek libreago ateratzea. Guk biak uztartzen ditugu: oinarri bat prestatuta eramaten dugu, baina gustatzen zaigu momentukoa atera dadin».

Erronkak eta txapelketak

Kaleko joko horretan sartzen da probokazioa eta erronka. Borobilean bilduta, bat erdira ateratzen da, eta beste norbaiti erronka botatzen dio, begiradarekin. Pauso bat egiten du, eta besteak pikea hartzen badu, erdira atera eta pausoa hobetzen saiatuko da. Esaterako, besteak baino buelta gehiago emanda.

Olalderen hitzetan: «Borobil horietan asko ikasten da. Lehendik ezagutzen ez genuen jendea ateratzen da eta gauza berriak ikusten dira. Hor sortzen dira breakerren arteko harremanak. Edozein lekutan hasten gara dantzan, biziatuak gara».

Txapelketetan ere izaten dira buruz-buruko erronkak, eta baita taldeko koreografiak ere, antolatzailearen irudimenaren esku dago. Taldea eta norbanakoa elkartzen dira breakean, Patxi Cíak azaltzen duenez: «Talde bat gara, baina nahiko dantza indibiduala ere bada. Bakoitzak gehien gustatzen zaizkion mugimenduak egiten ditu, eta taldean denak lotzen dira, dantzari bakoitzari leku bat egiten zaio».

Iruñeko eta Donostiako breakerrek oraindik oso presente dute orain dela gutxi Bilbon, Europako talde onenek parte hartu duten Break on stage lehiaketa. Sumatzen da gazteen artean gero eta zabalduago den kaleko kulturak beste eszenategi eta baliabide batzuk ere eskatzen dituela.

Break on stage: dantza herrikoia duintzeko Europako lehen esperientzia
Aurten hirugarren aldiz antolatu da Break on stage lehiaketa. Arriola Kultur Aretoak eta Logela Multimediak antolatuta, Bilboko Euskalduna aretoa zalez bete zuten Europako toki desberdinetatik etorritako 7 taldeek.
Irudi montajeak, argiak eta musika gehitu dizkio breakdanceari Break on stage lehiaketak, eta talde koreografia da bultzatu dutena. Hau dena, breaka arte eszeniko bihurtzeko. Horrela, kaleko mugimendu bat taularatzea, duintzea, eta normalizatzea nahi izan dute antolatzaileek.
Europan esperientzia berritzailea izan da. Eta bertako breakerrek benetan eskertzen dute dantza serioago lantzeko eskaintzen duen aukera. Intxaurbreak talde donostiarra, esaterako, lehiaketa horretan parte hartzeko sortu zen, iaz.
Hala ere, kosta egiten da gazteen mugimendu berri hauei euskal gizartean leku egiten. Esaterako, ikuskizun betea den maila honetako saio batekiko telebistak ez interesik agertzea, hutsune nabarmena da.

Oreka, arintasuna eta indarra
Jauzi mortala
Atzera buelta osoa. Kirol-gimnasia pausoa.

Power moove
Buruaren gainean jiraka.

Moxala
Bueltaka, hankak lurrean. Kirol-gimnasiatik datorren pausoa da.
Breakdancea oso estilo zabala da. Pauso asko kirol-gimnasiatik datoz. Beste muturrean daude dantza hutsa diren pausoak. Gimnastikoak edo akrobatikoak dira zailenak, fisikoki gehiago eskatzen dutenak eta ikusgarrienak. Baina bakoitzak aukeratzen du gustatzen zaiona.

Patxi Cíak adierazten duenez, «oreka da zaindu beharrekoa, eta, bueltaka hastean, inertziaren indarrez eusten zaio norabideari. Denborarekin, zure pisua nola mugitu ikasten da».

Marta Olalde bat dator horretan: «Mugimendu gehienetan funtsezkoagoa da oreka indarra baino. Oso breaker edo dantzari arinak ikusten dira orain, indartsuak baino gehiago».

Autodidaktak irakasle
Kaleko erakustaldi batzuek ikusita hasi zen Iruñeko Team Rockers taldea. Diego Picamills donostiarrak, berriz, horrela gogoratzen du breakak txundituta utzi zuen garaia: "Beat street pelikula ikusi nuen, breakdance mugimendu asko zituena, eta pentsatu nuen: 'hau ez zait niri sekula aterako'. Praktikatzen hasi, eta gauza txiki batzuk ateratzen zirenaz ohartu nintzen. Bideoak ikusiz ikasten da dantza honetan». Iruñean gero eta jende gehiago ari da breaka ikasten, gehiago ikusten delako telebistan, eta modan jartzen ari delako berriro. Patxi Cíaren arabera, «orain baliabide gehiago dago ikasteko ere. Gu hasi ginenean, informazio bila aritzen ginen. Orain Interneten denetik dago». Bere kasa kalean trebatu zirenak, eskolak ematen ere hasi dira gaztetxetan, dantza akademiatan eta gaztelekutan.


Azkenak
Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


Burlatako gaztetxearen aldeko protesta amaitutzat eman dute Gazte Asanbladako kideek

Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]


Etxegabetzeetara ohitu zaitezke, baina egon, badaude

Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro... [+]


2025-03-20 | ARGIA
“Kateekin ateak hautsi” goiburupean ospatuko da Nafarroaren Eguna apirilaren 27an

Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean eta Baigorriko Bixentainean aurkeztu da aurtengo Nafarroaren Eguna, egun berean. Ohi bezala, apirileko azken igandearekin bat egingo da festa Baigorrin, eta horrez gain, apirilean hainbat ekitaldi egingo dira eskualdean.


2025-03-20 | Patxi Azparren
Europa eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa

Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Euroasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako... [+]


Hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Ikamak deitutako ikasle greban

Hezkuntza eredu propioa "ezinbestean" independentziatik etorri behar dela adierazi dute, eta sistema propio hori "publikoa eta komunitarioa" izatea nahi dutela. Ikamak deituta, goizean zehar piketeak egin dituzte Euskal Herriko hainbat hezkuntza zentroetan.


Euskal Pilotan euskal selekzioa aitortzearen alde kokatu da Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiko lehendakaria

Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioaren eta Espainiako Federazioaren arteko gatazkak bere horretan jarraitzen duen bitartean, Jose Manuel Rodriguez Uribesek euskal selekzioaren aldeko adierazpenak egin ditu. Desadostasunak direla eta, Nazioarteko Pilota Federazioaren eta... [+]


2025-03-20 | Iñaki Inorrez
Euskaraldia ez! Euskal Oldarraldia bai!

Badakizuenok badakizue, beste gauza asko bezala, euskararen aldeko borrokan ere politikoek, eragile batzuek eta hedabideek beraien antzezlana saldu nahi digutela, benetakoa balitz bezala.

Lehen urtean pozik jaso nuen, "Euskaraldi" hau. Zer edo zer zen, ezer ez zegoela... [+]


Eguneraketa berriak daude