San Cristobal: Zigor mendia

  • 22 urte behar izan ziren Ezkaba mendiko (Iruñea) San Cristobal gotorlekua eraikitzeko. Hasiera batean gerra gaztelua izateko eraiki bazen ere, ondoren, kartzela bihurtu zen. Eta ez nolanahikoa. 1936tik aurrera 200 soldadurentzat egindako galerietan 2.000tik gora preso metatu zituzten. Jasan behar izan zituzten baldintzen ondorioz, 795 preso ihes egiten saiatu ziren. Hiruk lortu zuten askatasuna. Beste askok biziarekin ordaindu zuen saiakera.

2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Itoiz omen da Miguel Sanzen arabera Nafarroan azken urteotan burutu den lanik erraldoiena. Erabili duten porlanaren kopurutan edo segurantza neurritan xurgatu duten dirutza ikusita baliteke horrelako dimentsio itzelera iristea. Baina zailtasunak, arotzek zein harginek buruturiko murruak, galeriak, tunelak eta mota guztietako zerrailak eta obraren iraupenari begiratuta, oker zebilen Corellakoa. Bere Iruñeko jauregitik askoz gertuago duen San Cristobal gotorlekura hurbilduko balitz, aise konturako zen lana askoz handiagoa izateaz gain, zer nolako dimentsioak har ditzakeen giza ignonimiak.

Izan ere Bigarren Karlistaldia amaitu eta gero, Ezkaba mendiko mutur batean, San Cristobal izena izan zuen baso elizaren eremuan, ingeniarien koronela zen Miguel Ortegaren agindutara, gerra gaztelu edo gotorleku ikaragarria hasi ziren egiten. Bukatu berria zen gerra horretan karlistek artilleriarekin Iruñea eraso zutelako militarrek egokitzat jo zuten ia-ia 900 metroko altuera duen mendi horren tontorreko magalean gerra gaztelu bat paratzea.

1878ko Estatuko aurrekontuen bitartez dirua luzatuta, urte horretan bertan hasi ziren lehen lanak. Artikatik gailurreraino eramaten duen zazpi kilometrotako suge-bidea atondu zuten ehunka harginek. Sei-zazpi hilabetetan burututa, hasi ziren gotorlekua bera eraikitzen. Kontuan izaten badugu 1910 arte Alfonso XII izena hartu zuen gaztelu hori ez zutela amaitu, 22 urtetan iraun zuten lan horiek oso atzean uzten dituzte Itoizko urtegiko hamar urte gorabeheratsuak.

Bukatu berria dugun mendea hasi zenetik Espainiako armadak Afrika aldean gerrari ekin ziolako, San Cristobalek militarrek egindako gotorleku berantiar bezain handinahia zirudien. Baina Bigarren Errepublikaren "biurteko beltzean" eginbehar berezia bilatu zioten CEDA-PRRko gobernuburuek gerra gaztelu horri: 1934ko urriko iraultzaren ondorioz, Asturiasen, Bizkaian eta bereziki Eibarren atxilotutako ehunkaren kartzela militarra bilakatu zen. Bertako kartzela probintzialarekin batera hasi ziren erabiltzen mendi muturrean zegoen kartzela berria. Orduz geroztik, militarrek eta presoek bat egingo zuten, lubakiz inguraturik zegoen harkaitz zulo horretan, baina oso leku eta egoera desberdinetan. Geroxeagoko gerra garaian izango zituen baldintza larrietara iritsi ez bazen ere, komunikabide ezkertiarrek kartzela berezi horren egoera salatu zuten, baita Madrilgo Parlamentuan bertan ere. Kartzela horren itxiera eskatu zuten 1935eko azaroaren 29an izandako saioan, baina alferrik. Hilabete pare bat beranduago, Iruñean bertan, ehundik 172 eibartarren aurkako epaiketa erraldoia burutu zutenean, bertan luzatu zituzten zigorrekin, San Cristobalgo galeriek jende asko eta luzarorako gorde beharko zutela zirudien.

Espetxeak gainezka

Hala eta guztiz ere, Cedatarren eta epaile militarren asmo errepresiboak antzuak suertatu ziren, Fronte Popularrak 1936ko otsaileko hauteskundeetan izandako garaipena zela medio. Horren ondorioz gauzatu zen amnistiarekin hustu egin ziren Iruñeko kartzela zein Ezkabakoa. Dena den, gutxi iraun zuen egoera horrek. Urte horretako uztailaren 18an hasitako Gerrarekin berriro ere bi espetxe horiek kate maila errepresibo sendoena osatu zuten. Atxilotu aunitz, bortxaz eta indarrez, beraien herritako kartzeletatik aterata, kartzela probintzialera edo mendi tontorreko harkaitzuloko ziegetara bideratuak izan ziren. Nafarroan zehar barreiaturik zeuden tokian tokiko kartzelak berehala bete zituztelako, Tuteratik, Azagratik, Zangotzatik, Lizarratik, eta antzeko herrietatik, makina bat ezkertiar, errepublikano eta nazionalista eraman zituzten batera eta bestera. Horiei berehala gehitu zitzaizkien beste lurraldetako erretagoardia frankistan atxiloturiko galiziarrak, Valladolidekoak, segobiarrak eta palentziarrak.

Geroxeago, Gipuzkoa frankisten esku gelditu zenean, epaiketak burutzen zituzten heinean, jende dezente bidali zuten San Cristobalera ezarritako zigorrak betetzera. Horietako bat Salbador Zapirain "Ataño" Errenteriko gaztea izan zen. Bere anaia bi, Antonio eta Jose Ramon, Donostiako Ondarretako kartzelan bertan fusilatuak izan ondoren, anaia Juan Joxerekin batera 30 urtetako zigorra betetzera eraman zuten, 1936ko Gabonetan. Ondarretako heriotzaren segatik libratu bazen ere, infernuan sartzea iruditu zitzaion "Ataño"ri San Cristobaleratzea. Danteren aipu ospetsua "honuntz zatozen orrek uztazu atean itxaropena" gogoan, kartzela horretako sarrera hain beldurgarria bazen bere barruak nolakoak izanen zituen pentsatu zuen. Laster oso jabetu zen tamaina berdintsuko sufrikarioan edo apokalipsian sartzen ari zela.

Soldadu zaintzaileak

Kanpo aldean 331. batailoiko soldaduak ziren nagusi. Konpainia ia-ia oso bat baitzegoen kartzela zaintzeko. 100era iristen ez ziren soldaduekin batera, bost kabu, hiru sarjentu eta alferiz bat. Gehienak sarrerako Guardia-Gorputza delakoan zeudelako, inguruko muinoetako garitetan zeuden soldaduak ikus zitzaketen soilik. Entzun bai, gauero entzuten zituzten gauerdiko isiltasuna puskatzen zuten beraien «Alerta 1a», «Alerta 2a», «Alerta 3a»... bederatziraino iristen ziren oihuak.

Soldadu eta kartzelako agintariek eguteran etxebizitza koxkorrak zituzten bitartean, presoek barrualdean, mendi magalean zeuden galerietan bizi behar izan zuten, kartzeletako funtzionarioen aginduetara. Zuzendaria Alfonso de Rojas y Rueda bazen ere, benetako agintariak, beste bi hauek ziren: batetik, Juan Sanchez Pescador, "Mitxelin" izengoitiaz bataiatu zuten zerbitzu burua; eta bestetik, kartzelako administraria Manuel Muñoz, "Artza" izenordea jaso zuena. Falangez jantzita lehiatzen ziren beti biak euren gilborra zabaltzen presoen eguneroko janariaren kontura. Bigarrena, "Artza" deiturikoa, bereziki nabarmendu zen Ekonomatoan eta eguneroko jatorduetan egindako iruzurretan, 1938an mugan dirutza bestaldera eraman nahian harrapatu zuten arte.

Ezaugarri propioak zituen espetxea

Honaino, beste gatibulekuetan suertatzen ari zena errepikatzen zen San Cristobal aldean. Baina benetako egoeraz jabetzeko oso kontuan izan beharko genituzke espetxe horren ezaugarriak. Hasteko, azpimarratu behar dugu berrehun soldaduentzat eginak omen zeuden galerietan 2.000tik gora preso metatu zituztela 1936ko udazkenetik aurrera. Horien guztien artean banatu behar zuten 100 metro eskaseko luzera eta 20 metro inguruko zabalera zituen patio bat eta hiru galeria. Lehenari dagokionez, lau aldetatik itxita zegoen frontoia zirudien: hiru aldetan galerietako leiho burdindunak zituen, eta laugarrenean murrua eta burdinazko ate handi bat. Bere harrizko zoluaren gainean, ehunka presok etengabeko ibilian erretzen zituzten eguneko orduak. Atzera eta aurrera, inolako eserlekurik gabe, goiko aldean ikus zezaketen zeru errektangularrari begira. Patioko alde batean, goitik behera, hiru galeria zeuden. Goikoan, epaitu gabekoak zeuden bitartean, erdikoa eta behekoa epaituentzat ziren. Azken honetan, erabat lurpean zegoelako, leiho zirrikitu batzuek bakarrik uzten zuten argi pixka bat sartzen. Udan eta neguan giro berdintsua zuten: betiko usain ustela eta hezetasun ikaragarria.

Beti presaka

Espetxeratuen jarduna beste kartzeletakoen antzekoa zen. Militarren kornetak finkatzen zituen presoen une eta jarduerak: goizeko seietan jaikitzeko jotzen zuen. Garbiketa burutzen zuten orduan, ahal zuten bezala. Pixka bat beranduago, ura esne pixka batekin nahastuta hartu eta patioratzen ziren, binaka-binaka, «Hautsi lerroak» entzun eta gero. Hor hasten ziren bere eguneroko hormen arteko ibilaldiak. Dirua zuenak ondoan zegoen Ekonomatora »presoek "Tragaperras" deitzen zutenera» jotzen zuen urrearen truk azukrea, sardina latak edo tabakoa erostera. Eguerdian puntu-puntuan, kornetak jotzen zuen galerietara itzultzeko. Bertan, pertz batetik bazkaria hartzen zuten azpil txiki batean. Garbantzu bakan batzuk saldarekin jasotzeko ez zegoen gehiagoren beharrik. Beraien ziegetan etzanda egoteko parada zuten berriro turutak patioratzeko agindua eman arte. Arratseko zortzietan, afaltzeko tenorea zuten eta ordubete beranduago, lastaira zikin baten gainean edo hormigoi gogorrenean lo egiten zuten. Koartela eta kartzela nahastuta zeuden jardun hori ongi azaltzen zuen «Ataño»k honako hitz hauekin: "Egun guzian ezer egitekorik ez eta denetara presaka".

41 garbantzu batez beste

Jateko deiek egunerokoak mugatzen bazituzten ere, jatekoaren gabeziak larritu zuen presoen bizimodua, gosea baitzen gatibu horien sufrikariorik latzena. Bertako janaria ez zen nahikoa urrundik ere gizon bat bizirik edukitzeko. Kanpoko jatekoa eta paketeak jasotzea debekaturik zegoelako familiek bidalitako diruarekin zer edo zer eros zezaketen presoek aipaturiko "Tragaperras"en. Baina horrelako laguntzarik ez zuena, pixkanaka pixkanaka akitzen joaten zen, "Ataño"ren erranetan, "egurrez egindako gurutze jantzia" bilakatu arte. Gosaria edo iturriko ura berdintsuak ziren eta bazkaritan zein afaritan saldan zeuden barazki aleak kontatzea erraza bezain ohikoa bilakatu zen presoen artean. Orduko testigantzetan sarritan errepikatzen da kontaketa xelebre hori. Jacinto Otxoaren arabera, 28 garbantzu zeuden. Zapirainek, hilabete oso bat antzeko ariketak burutuz, batez bestekoa 41etan kalkulatu zuen.

Baina apokalipsian bezala, gosetea ez da bakarrik ibiltzen den kaltea. Eta ezarritako heriotz zigorrez gain, beste gaitz batzuek larriki gutxitu zuten hara eramandako presoen kolektiboa. Sendagilea baldin bazegoen ere, berak agintzen zuenak eragin eskasa zuen presoen osasunean. Diagnostikoaz haruntzago ez baitzegoen neurri eraginkorrik: ez sendagairik, ezta bizibaldintzen aldaketarik ere. Euren hilzoria besteen aurrean ez igarotzeko eramaten zituzten zenbait preso gaixotegira. San Cristobal eta inguruko eremuetan burutu ziren fusilamenduez gain, tuberkulosiak, minbiziak eta antzekoek tragikoki orekatu zuten kartzela horretara sartzen zen preso andana. 1937ko urtarrilaren hasieratik kartzela itxi zuten eguneraino, 1945eko uztailaren 6a arte alegia, 305 hildako suertatu ziren gaixotasunen ondorioz. 1941ean, hau da, kartzela erietxe izendatu zuten urte berean, 51 hildako izan ziren. Hurrengo urtean, marka hori gainditu zuten 62rekin.

Hilkortasun ikaragarri honek ez zuen moteldu espetxe horretan zegoen gainpopulazioa, bederen 1943a arte. Urte horretan hasi baitziren hainbat preso beste kartzeletara edo Langileen batailoietara eraldatzen edo zigorren errebisioei esker askatzen.

1945a arte ez zion San Cristobalek behin betiko kartzela izateari utzi. Orduz geroztik, militarrek gerra gaztelu honentzat bere jatorrizko funtzioa berreskuratu zuten, 1980 aldean utzi zuten arte, jakinik XX. mendeko erdialdean, gerra eremuan izandako berrikuntzak zirela medio, horrelako eraikuntzek oso zeregin eskasa zutela. Baina, ikusi ditugun baldintzetan 2.000 preso izan zituztenak, nola ez ziren gauza izanen 20ren bat soldadu erretenean izateko, lubaki eta horma horien artean gertatu zen giza ignonimiaren arrastoak ikustea oztopatzeko?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Aurreskua, bertsoak eta musika emanaldiak German Rodrigezen omenez

Aurten ere, uztailaren 8an, astelehenean gogoratuko dute German Rodrigez haren omenezko oroitarriaren alboan. 13:00etan izanen da: aurreskua lehenbizi, Mikel Lasarteren bertsoak gero eta La Furia eta Fermin Balentziaren emanaldiak bukatzeko. Iluntzean, Peñak, isilik eta... [+]


Angel Berrueta eta bere senitartekoak indarkeria polizialaren biktima moduan aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Naiz.eus-ek aurreratutakoaren arabera, 2004ko martxoan Espainiako polizia batek eta bere semeak erail zuten Angel Berrueta eta bere alargun zein seme alabek, Nafarroako Gobernuaren aitortza ofiziala jasoko dute, indar polizialen indarkeriaren biktima moduan.


Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraiki zuten frankismoaren esklaboei omenaldia egin diete

1939 eta 1941 bitartean Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzera behartu zituzten frankismoaren 2.400 esklaboak omendu zituzten larunbatean, Igariko gainean. Errepresaliatu antifaxista haien memoriak gure bidea izan behar duela aldarrikatu zuten omenaldia antolatu zuen... [+]


Nafarroako Gobernuak 2005-2011 aldian torturatutako herritarrak onartu ditu biktima gisa

Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi du hemeretzi biktima berri onartu dituela Nafarroako Gobernuko Aitortza eta Erreparaziorako Batzordeak, horietariko bost 2005-2011 urte artean torturatu zituzten Mikeldi Diez, Iker Aristu, Oihan Ataun, Garbiñe Urra eta Mikel... [+]


Frankistek fusilatutako Modesto Manuel Azkona Garaicoechea Arabako Diputatu eta Saratxoko bizilagunaren gorpua identifikatu dute

Alesbesekoa jaiotzez, Saratxon bizi zen Unión Republicana alderdiko kidea, bere emaztea hango maistra baitzen. 1936ko irailean erail zuten frankistek eta ostiralean lortu zuten bere gorpuzkinak identifikatzea.


Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]


“Ezin da kontsulta baten emaitzetatik erabaki Iruñeko Erorien Monumentuaren etorkizuna”

Erorien Monumentua eraisteko eskatzen duten memoria elkarteen ustez ezin da eraikin frankista horren etorkizuna utzi herritarren esku: “Faxismoa omentzen duen eraikinarekin zer egin frankismoaren oinordekoek ere parte hartzen ahal duten galdeketa batek ezin du... [+]


2024-05-22 | Euskal Irratiak
Ezkabako presondegi frankistako ihesaldia oroitu dute Urepelen, ‘La Fuga’ lasterketarekin

86 urte bete dira asteazkenean Iruñean 795 preso errepublikarrek Europako ihesaldi handiena egin zutela. Aldiz, abantzu 800 iheslari horietarik bakarrik hiruk erdietsi zuten muga trabeskatzea.


1936ko biktimak eta kolpistak berdintzeko UPNren saiakera atzera bota du Nafarroako Parlamentuak

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintza eta Euskarako Batzordeak atzera bota du UPNk aurkeztutako mozioa, 1936ko Gerran Errepublikaren kontrolpean zeuden lurraldeetan izandako biktimak Oroibidea memoriaren datu-basean sartzea eskatzen zuena. Mozioak PP eta Voxen babesa jaso du,... [+]


Eneko Etxeberria
“Ez nioke nire semeari Jose Miguelen bilaketaren zama utzi nahi”

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua aurkitu gabe bukatu da Frantziako Landetan egindako bigarren indusketa. 44 urte dira militantea desagertu zenetik eta bere familiaren belaunaldi batetik bestera pasa da bere bilaketaren zama.


Cuelgamuroseko indusketetan eskuin muturraren presio eta sabotaiak salatu dituzte auzitegi-medikuek

Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]


Eguneraketa berriak daude