Xabi Larralde: «Barnealdean abertzaleen garaia iritsi da, baina ez dugu alternatiba gauzatzen jakin»

  • Batasuneko kide Xabi Larralderekin bildu gara Baionan. Batasuna Iparraldean legaltasunean ari da. Martxoko bozak »eskualde zein kantonamendukoak», ekaineko Europako hauteskundeak, Nazio Eztabaidagunea eta Udalbiltza izan ditugu hizpide. Iparraldeko barnealdean abertzaleen garaia iritsi dela erran digu. Alta bada, abertzaleek ez dute alternatiba bateratu bat gauzatzen jakin. Batasunak ere batasuna amets, agidanez.

2021eko uztailaren 28an
Xabi Larralde ezaguna egin da Hegoaldeko politikan azken urteetan. Politikagintzan bere esperientzia azaldu digu hastapenean: «Nahiz eta ezker abertzalean une gogorrak bizi izan ditugun, esperientzia polita eta interesgarria bizitzen ari naiz. Batasuna sortu eta berehala, errepresioa izugarri azkartu zen. Alta, Hegoaldean legez kanpo izan arren, Batasunak bizirik jarraitzen du».

Duela hiru urte zatiketa izan zen ezker abertzalean »ABren baitan zehazki». Erabaki hura arrazoitu digu: «Batasunaren sorrera pisu handiko erabakia izan zen. Bere mementoan gauzak ez zirela guztiz ongi egin onartzen dut. Iparraldean bereziki, ezker abertzalearen zati batek ez zuen erabakia ulertu, egin zen moldean egin zelako. Baina erabakia arrazoizkoa izan zen. Hemengo errealitatearen azterketatik begiratua »euskararen hil ala biziko egoeratik eta Iparraldeak dituen arazo sozial eta demografikotik» gure erabakiak bazuen funtsa eta funtsa izaten jarraitzen du».

Eskualdeko eta kantonamenduko bozetan AB eta Batasuna bakoitza bere aldetik aurkeztu dira. Zertan da ezker abertzalea Iparraldean egun?
Batasuna »Iparraldean» ABk ez zeukan ikuspegi estrategiko bat zela kausa sortu zen. Pausoa ez zen erraza izan, baina guretzat sorrera funtsekoa izan zen oinarrizko diren hainbat gai birplanteatzeko. Hau da, izaera nazional osoko egitura bat sortzeko eta prozesu nazionalari begira Hegoaldearekin elkarlanean aritzeko. 2002ko Frantziako Legebiltzarreko nahiz eskualde eta kantonamenduetako hauteskundeetan, ABrekin hitz egitean, ikusmolde hau jarri genuen mahai gainean. Ezker abertzalea batzen eta gaineratiko indar abertzaleekin batera aurkezten ahalegindu ginen. Oro har, hauteskundeetan ez ezik, gaineratiko borroka eremuetan »nazio estrategian oinarrizko diren gaietan, kasurako» abertzalearen ahotsa entzunarazteko eta elkarrekin aritzeko proposamenak egin ditugu. 2001etik bide horretan saiatzen ari gara.

Ez duzue elkarrekin aritzea erdietsi, ordea.
Ez dugu erdietsi. Eta zergatia aztertu behar dugu. Zergatik AB eta Batasuna ez garen elkarrekin joan azken bozetan. Alabaina, bi salbuespen izan dira: Zuberoan eta Angelun. Bi barrutietan ezker abertzaleak bat egin zuen eta hautagai bakarrak izan ziren. Angelun gainera, ezker abertzaleak nahiz gaineratiko indarrek hautagai abertzalea sostengatu zuten. Hurrengo bozetan esperientzia horietatik ikasi eta beste barrutietan adostasuna lortu behar dugu. Hori da gure xedea.


Norbaitek «zatiketen gainetik, abertzaleen boz kopuruak gora egin du» erran zuen. Zuk zer diozu?
Oro har, bai. Baina, maleruski, zatiketak zenbait tokitan lor zitezkeen emaitza konkretuak zapuztu zituen. Iholdin hautagai abertzaleek boto kopuru politak egin zituzten, baina zatiketak kontseilari abertzalea izatea oztopatu zuen. Hazparnen, adibidez, kontseilaria lortzeko aukera galdu genuen zatituta aurkeztu ginelako. Beraz, emaitzak gazi-gozoak dira.

Jean-Michel Galant da kontseilari abertzale nagusi bakarra. Zure ustez abertzaleek beste bat lor zezaketen orduan? Non?
Bai. Garazin. Baina hori ez da berria. 1998an Peio Iralur izan zen hautagai abertzalea. 1992an, berriz, Koxe Larre. Honek Frantxua Maitiak baino boto gehiago erdietsi zuen. Maitiak, alta, bigarren itzulian ez zuen Larre sostengatu. Koxe Larrek Michel Intxausperen aurka lehiatzeko benetako aukerak izan zituen. Barnealdean abertzaleen aukera sinesgarria da, baina bozetik bozera ez dugu jakin aukera hori baliatzen.

Nola baloratzen duzu Maitia hautetsi nagusi aukeratu izatea? Bigarren itzulian abertzaleen bozekin gainditu baitzuen UDF-UMPko Alphonse Idiart.
Garaziko ezker abertzalearen plataformak ez zuen Maitiarentzako boza galde egin. Guk ez dugu Maitiarengan konfiantza politikorik. Orain beste gisa batez agertzen bada ere, ikastolen aurkakoa eta eskola errepublikarraren aldekoa izan da arrunt. Intxauspe gainditzeko aukera izan genuenean ez zuen hautagi abertzalea sostengatu. Beraz, aldi honetan guk ez genion zergatik lagundu behar. Sozialistak boterean izan direnean ez dute gure aldarrikapenak aitzinatzen lagundu. Alta, abertzale frankok Maitia bozkatu izan du bozetik bozera.

Iparraldeko bozemaileek zigorra eman zioten eskuinari. Zuk nola baloratu duzu bozen emaitza, oro har?
Bozek Jean-Pierre Raffarin-en Gobernua zigortu dute Estatuan, eta horrek Iparraldean eragin du. Iparraldean aldaketa bat eman da. Adibidez, Hazparneko UDF-UMPko Jacques Coumet kontseilari atzerakoiak muturreko alimalea hartu du. Sozialistek kontseilari gehiago erdietsi dute, baina ez dakigu joera hori behin betikoa izango ote den.


Zerbait espero duzu sozialistengandik?
Sozialistak ez dira alternatiba sinesgarria abertzaleen aldarrikapenak azkartzeko. Ezker abertzalea da alternatiba bakarra. Batez ere, barnealdean. Baina, erran bezala, azken hauteskundeetan jendeak aldaketaren beharra sentitu duen unean, ez dugu behar bezalako alternatibarik gauzatzen jakin.

Abertzaleak elkartzeko garaia da, beraz.
Premia badago. Norberak bere erantzukizuna hartu behar du, ordea. Tere Irastortza idazleak honela esan zuen Nazio Eztabaidagunean: «Mahai bat osatu dugu, baina nik hamaika mahai ezagutzen dut eta hainbat mahaitan parte hartzen dut herri honetan". Hori da gure errealitatea. Iparraldean ere hainbat mahai daude: ikastolak altxatzeko, ingurumenaren aurkako desmasien aurka aritzeko… Mahai horietako akordioen esperientzietatik ikasi eta politikan ari garenok elkartzeko lanean segitu behar dugu.

Europako hauteskundeak datoz. Nola ikusten dituzu?
Europako bozetan hautagai zerrenda abertzalea osatzearen aldekoa naiz. Itun Konstituzionala laster onartuko da. Europa hau jite neoliberalekoa da, Konstituzioak oinarrizko eskubide sozialak zanpatzen ditu. Guk gizarte gai ek nahiz nazio gutxituek Europaren eraikuntzan eragin dezaten nahi dugu. Europa ez da goitik bakarrik eraikitzen, behetik ere eraiki behar da. Europaren eraikuntzan ere, Iparralde eta Hegoaldearen arteko harremanak lantzea da bidea. Eta hori ez da abertzaleen xedea bakarrik, jakobinoak ere Euro-eskualdearen eraikuntzan interesatuta daude. Pirinio Atlantikoetako Jean-Jacques Laserre presidenteak ardatz atlantikoaren eskualdea aintzat hartzen du, mugaz gaindi doana: Pirinio Atlantikoak, Baskongadak, Nafarroa eta Aragoi lurraldeak bilduko lituzkeen eskualdea. Ardatz estrategiko hori frantses jakobinoei ere interesatzen zaie. Beraz, argi dago, Europa tokian tokiko nazio eta lurraldeetan ere eraikitzen ari da. Eta guk abertzaleok zeregin horretan eragin behar dugu. Euskal Herriko ikuspegi koherente batetik ikusita, Europako eraikitze prozesua desegituratzailea bihur daiteke gure herriarentzat. Hartara, abertzaletasuna gutxiengo den lurraldeetan abertzaleek bat egin beharko genuke elkarrekin joateko.

Gorka Torre Berdeen zerrendan doa. AB, EA eta EAJren sostenguarekin? Zuek batasuna aldarrikatzen duzue, baina ez zarete beste abertzaleekin joaten.
Zein da hauturik logikoena? Guk kanpainaren mezua eta ekitaldiak ikuspegi nazional batetik eraman nahi ditugu. Gorka Torre Berdeekin doa. Gu prest gaude Euskal Herriaren aldarrikapen nazionala egiteko, hau da abertzale batentzat naturalena. Ez dut ukatzen beste indar abertzaleek egin duten aukera, bere zentzua badu ziurrenik. Errespetagarria da. Guk Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzeko adostasunik ez lortzea deitoratzen dugu. ABk gurekin joateko aukera izan du, baina Berdeekin joatea erabaki du.

Bestalde, nola ikusten duzu Nazio Eztabaidagunea Iparraldetik begiratua?
Euskal gatazkak, nahitaez, izaera nazionala du. Parisek Iparralderari buruz egiten duen politika ez da bertara begira egindakoa bakarrik. Ikuspegi orokorragoa du. Euskal departamenduaren inguruan Aznarrek berak esku hartu zuen, beldurra sorrarazi zuen eta urratsik ez emateko eskatu zuen. Madrilek Parisek Iparraldean hartu behar duen erabaki politikoetan eragiten du. Bestalde, abertzaleon arazoa, errealitate anitzak biltzen dituen Euskal Herria eraikitzea da, denbora berean. Lurraldeen desberdintasunak begi-bistakoak dira. Eskualde ezberdinetan sentimendu kultural eta politiko ezberdinak daude. Beraz, soluzioak ere anitza izan beharko du. Abertzaleok gutxieneko adostasuna lortu behar dugu bat egiteko. Oinarri horrek subjektu bakarraren printzipioa bermatu beharko luke eta, aldi berean, urrats praktikoetan, dauden aniztasun horiek errespetatu. Hori da abertzaleek lurraldetasun gaian askatu behar dugun korapiloa.

Azkenik, Baionan hautetsia zara. Udalbiltza bateratzeko garaia iritsi ote da?
Udalbiltzak balio izugarria du. Euskaldunon erakunde nazional bakarra da. Zatituta dago. Baina borondate politikoa izanez gero, bien arteko ezberdintasunak gaindi daitezke. Azken urteotako errepresioaren ondoren, ez da gutxi ere Udalbiltza bizirik egotea. 2000. urtearen hondarrean, EAJk eta EAk Udalbiltza ekimena bertan behera utzi nahi izan zuten. Su-etenik ez zegoelako aurrekontuen izoztea proposatu zuten. Besteok Udalbiltza bizirik atxiki genuen. Zenbait hilabete beranduago EAJ-EAko hautetsiek Udalbiltzaren aurrekontua zabaldu zuten. Udalbiltza izozteko beharra argudiatu zuten eta gero, adibidez, bi Udalbiltzek Uda-Lekuri dirua eman zioten. Zergatik ez zen dirua elkarrekin eman? Zer nahi gisaz, batasuna berreskuratzeko garaia heldu da, nik uste.


Azkenak
“Errebeldia hazi egin da Argentinan, herri oso bat bultzaka ari da”

Argentinako Abokatuen Gremioa erakundean egiten du lan Laura Taffetanik (Buenos Aires, Argentina, 1963). Gobernuaren errepresioa pairatu duten maputxe ugarirekin lan egin du azken urteetan, eta Askapena antolakundeak antolatutako topaketa antiinperialisten barnean izan da Euskal... [+]


Ertzaintzak Etxarri II gaztetxea hustu du Bilboko Errekalde auzoan

Iragarrita zegoen moduan, Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea hustu du Ertzaintzak 9.00etan abiarazi duen operazioarekin. Arratsaldean protesta manifestazioa egingo dute auzoan, 19:00etan Amezolako tren geltokitik abiatuta.


2025-04-04 | ARGIA
Langile bat hil da Agoitzen obra batetik jausita

Ezbeharra ostegunean gertatu da eta SOS Nafarroak 16:00 orduak jotzear zirela jaso du haren berri. Medikua, anbulantzia et Foruzaingoa bertarako dira, baina ezin izan dute gizona suspertu eta bertan hil da.


2025-04-04 | ARGIA
Euskaraldia Hika-rako 83 herrik eman dute izena

Aurtengo berritasuna da. Ahobizi eta belarriprest rolen artean aukeratzeaz gain, herritarrek Euskaraldia Hikan parte hartzeko aukera izango dute. Hitanoa erabiltzen ez den herrietan, toka eta noka, bien erabilera bultzatuko da, eta hitanoa bizirik dagoen herrietan nokaren... [+]


Interview. Urez eta hondarrez
Lurra zapaltzeko moduak

Interview. Urez eta hondarrez
Egileak: Telmo Irureta eta Mireia Gabilondo.
Aktoreak: Telmo Irureta eta Dorleta Urretabizkaia.
Zuzendaria: Mireia Gabilondo.
Konpainia: Tentazioa.
Noiz: apirilaren 2an.
Non: Victoria Eugenia Klub Aretoan,... [+]


2025-04-04 | Sustatu
Kneecap filma, orain euskarazko azpitituluekin

Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]


Haur filosofiari buruzko podcasta igandean estreinatuko du ARGIAk: ‘Galdera Basatiak’, Iñigo Martinezek gidatuta

Galdera batzuen aurrean, behin eta berriz helduok ume sentitzen garela dio Iñigo Martinezek, “bizitza zulo existentzialez beterik” dagoelako. Galderaz galdera "behin-behineko erantzunen bila" aritzeko asmoa du irakasle eta filosofoak. ARGIA... [+]


2025-04-04 | Euskal Irratiak
Beñat Molimos: “Herritarren babesari esker du Laborantza Ganbarak iraun hogei urte hauetan”

Euskal Herriko Laborantza Ganberak hogei urte bete ditu. 2005ean sorturik, bataila anitzetatik pasa da Ainiza-Monjoloseko erakundea. Epaiketak, sustengu kanpainak edota Lurramaren sortzea, gorabehera ainitz izan ditu hogei urtez.


Itsasadarreko tunelaren obretarako leherketak legeztatzearen aurka mobilizatuko da ostiral honetan ‘Subflubiala Ez!’

Giza-katea antolatu du Subflubiala ez! plataformak eta hitzordua Artaza-Romo Institutuan jarri du gaurko 18:00etan. Bizkaiko Foru Aldundiak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena (IIA) aldatzea du helburu eta horrelakorik ez du onartzen plataformak.


Kutsadura maila handi eta arriskutsuak behatu dira Zubietako erraustegiaren inguruetan

Europan kutsadura maila aztertzen aritzen den Toxicowatch erakundeak egindako ikerketaren emaitzak dira. Erraustegia martxan jarri aurretik egin zituzten lehen azterketak, eta ondoren 2024ra arteko laginak aztertu dituzte. Iazko laginen emaitzak dira honakoak.


Instituzioek preso atzerritarren birgizarteratzea oztopatzen dutela salatu du Salhaketa Nafarroak

Elkarteko Andoni Burguetek nabarmendu du espetxean dauden presoek egindako delitu gehienek behar sozioekonomikoekin lotura dutela.


Eguneraketa berriak daude