Familia ereduak: bikotean, bakarka, umeekin edo gabe

Dagoeneko, bikoteak seme-alabekin osatzen duen familia ereduak Euskal Herrian zuen nagusitasuna galdu du. Eredurik jarraituena izan arren, ez du familia guneen erdia biltzen. Hortaz, bestelako ereduak zabaltzen hasi dira: guraso bakarrekoak, familia harremanik gabekoak, seme-alabarik ez duten bikoteak eta, batez ere, bakarrik bizitzea erabakitzen duten norbanakoak.

Eustatek kaleratutako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren familien %20,3 lagun bakar batek osatutakoak ziren 2001ean. Bizitzeko bigarren eredu bilakatu da, familia gune tradizionalaren atzetik (%44,4). Ondoren, seme-alabarik ez duten bikoteak (%18,5) eta guraso bakarreko familiak daude (%11,8). Azkenik, badira familia loturarik izan ez, bikoterik osatu ez eta elkarrekin bizi diren lagunak (%3,4).


Izatezko bikoteak

Ezkontza kopurua gutxituz joan da eta, ezustekoa bada ere, izatezko bikoteekin gauza bera gertatzen ari da. Bakarrik bizitzeko joera hori kolektibo homosexualetan ere gertatzen ari da. Horretarako, ordea, Mediterraneoko kulturen eragina gainditu behar izan da, zeintzuk familian bizitzea banakotasuna baino gehiago hobesten duten, Genero Ikasketetan Doktore Kenneth Reinnicke-k azaldutakoari jarraituz. Behin gizarteak onartu eta gero, bikote aukeraketa era kontzienteagoan egiten da. Alde horretatik, oinarri horretan sendotutako gaur egungo bikoteek aurrekoek baino «egonkortasun handiagoa» erakusten dutela azaldu digu Lourdes Dominguez Carrascosok, Zientzia eta Genero gaietan adituak eta UPV-EHUko Genero Errektoreordegaiak, Iñaki Antiguedad errektoregai izandakoaren hautagaitzan.

Bikotean bizitzea aukera gisa ikusten hasi da; are gehiago, ezkontzea bigarren hautu bat izan daiteke. Horrela uler daiteke, 2001ean, ezkontza zibilak katolikoen ia erdira heldu izana. Hau da, ezkontza tasak beheranzko joera azaltzen badu ere, ezkontzen artean zibilak hazten dira, errito katolikoaren kaltetan. Era berean, elkarrekin bizitzea erabakitzen duten bikoteak gero eta gehiago dira, ezkontzen diren bikoteekin alderatuta. Kasu horretan, gainera, posible da sexu harremanik gabeko bikoteak elkarrekin bizitzea. Izan ere, Frantziako legeak eratu eta Ipar Euskal Herrian aplikagarria den PACS erakunde juridikoak horixe arautzen du. Izenak berak argi uzten du sexu harremanik ez dela beharrezkoa legezko egoera horri heltzeko. Pacte Civil de Solidarité (elkartasunezko hitzarmen zibila) delakoaren akronimoa da PACS. Legearen arabera, bi pertsona helduen arteko kontratua da, sexu ezberdin edo berdinekoak, elkarbizitza antolatzeko. Kontratu horrek eskubide eta betebeharrak ekarriko dizkio bikoteari, elkarrekiko laguntza materiala bereziki.


Bakartasunean oinarritutako ereduak

Azken hamar urteetan bi gurasoetako batek eta seme-alabek osatutako familien kopurua %50 igo da. Eta Espainia osoan dagoeneko, 100etik 7 dira horrelako familia osatu dutenak. Horien artean, amak »eta ez hainbeste aitak» dira protagonista nagusiak. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, horrelako familien artean %81,5etan ama da familiako burua. Gehienetan bikote hausturen ondorioz, alargun geratu ondoren edota bakarrik ama izateko erabakia hartu duten amek osatzen dituzte.

Aitak eta «etxeko gizonak» diren gizonek euren seme-alabekin osatzen duten familien kopurua ere goraka doa, baina txikia da emakumeenaren aldean. Eta gehienetan horrelako familiak osatzen dituzten aitak dibortziatuak edo bikotearengandik bereizita daude.

Era berean, gero eta gehiago dira aitatasun baja ahalbideratzen duten herriak. Are gehiago, gizonezkoak eskubide horiek erabiltzen hasi direla adierazi digu Eguzki Urteaga soziologoak. Uste daitekeena baino adierazgarriagoa izan daiteke datu hori, Danimarkan, adibidez, 1984tik eskubide hori araututa egon arren, oso gizonezko gutxik erabiltzen dutelako. Ildo beretik, Islandian, derrigorrezkoa da aitatasun baja hartzea. Nahiz eta aitaren rola asko aldatu eta aktiboagoa bihurtu den, oraindik ere teoria eta praktikaren artean «alde handia» dagoela argitu du Urteagak. Dibortzioa «porrot» gisara definitzeak ez dio bat ere laguntzen, Lourdes Dominguez Carrascosok, Zientzia eta Genero gaietan adituak, azaldu duenez.

Gaur egun orokorrean bakarrik bizi diren lagunen %60 emakumeak dira; horien erdia ezkongabeak dira. Fenomeno berri horren atzean, andrazkoa lan mundura gerturatu izana dago. Emakumea eremu publikoan presente egoteak bikoteek izan nahiko lituzketen umeen kopurua mugatuko lukeela aurreikusi zen garai batean. Emakumeek lortutako independentzia ekonomikoak, baina, familia eredua bera kuestionatzera eramango gaituela ez zen aipatzen oraintsura arte. Eta egungo datuek argi frogatzen dute aldaketa hori ematen ari dela.

Horrekin batera suertatu da haurrak izateko adina atzeratzea. Lehenengo haurra izateko adinak atzera egin du, egonkortasun ekonomikoa ziurtatuta eduki arte, hain zuzen. Gaur egun, lehenengo umea izateko batez besteko adina 29,5 urte da, Euskal Herri osoko datuen arabera. Bikotea eta seme-alabak «geroaren proiekzioaren isla» direla azaldu digu Urteagak. Hortaz, egoera ekonomiak baldintza dezake ziklo hori. Urteagak gogoratu duenez, «hazkunde ekonomikoak, esaterako, jaiotze-tasan eragin nabarmena izaten du».


Gazteen hautua

Gero eta gazte gehiagok bakarrik bizitzeko hautua egiten dutela adierazten dute estatistikek. Etxegune baten buru bihurtzen diren gazteen kopuruak gora egin du EAEn. Eustaten datuen arabera, 20-24 urte bitarteko gazteen artean, %5,6k bakarrik bizitzea erabaki zuen 2001ean eta, 25-29 urte bitartekoen kolektiboan, %18,9k. Gora egin duten kopuruak dira eta azken hamar urteotako datuak bikoiztu ditu, adibidez, lehenengo kasuak. Gainera Urteaga soziologoak Ipar eta Hego Euskal Herriko gazteen bizimodua, azken hamar urte hauetan, parekatzen hasi dela suma daitekeela dio. Izan ere, Hegoaldean gero eta gazte gehiago gurasoen etxetik alde egiten hasi da, ikasketak, bidaiak edota kanpoan lana aurkitu dutelako. Iparraldean, kontrara, egoera ekonomikoak independentziari frenoa jarri dio. Era berean, ikasketak luzeagoak bihurtu direnez, urte gehiago eman behar ditu gazteak etxekoen babesean. Hala ere, gurasoengandik independizatzeko trantsizio horrek errito izaera baztertu duela dirudi. «Lehen, ezkontza, lana eta seme-alabak izatearekin lotzen zen heldutasuna», adierazi du Urteagak. Orain, aldiz, «kanpoan bizi izan den gazteak traumarik gabe autonomia izaten ikasi du».


Ezkongabe boteretsuak

Orain hamar urte ezkongabea izatea eta galtzailea izatea guza bera zen, 25 urtetik aurrera behintzat. Gaur egun, ordea, Espainian ezkondu gabe 25 eta 49 urte bitarteko 5 milioi pertsona baino gehiago bizi da. Eta hain zuzen ere, horiek dira egun gizartearen talde kontsumitzaile indartsuenetakoa: ezkongabeek diru kopuru handiak xahutzen dituzte modan, dekorazioan, aisialdian, bidaietan, produktu teknologikoetan... Gehienak hiri handietan bizi dira eta maila kultural eta ekonomiko handia dute. Oraindik gehiengoa ez diren arren, asko hazten ari den klase soziala da gazte ezkongabeena. Soziologoek diotenez, Espainian kopurua oraindik txikia da Europako beste hainbat herrirekin alderatuz. Eta horren arrazoia, orain artean gazteak gurasoen etxetik beranduago ateratzen direla izan da.


Adinduak etxeen buru

Horren guztiaren ondorioz, ezinezkoa izango da gizartean aitona edo amona gazteak izatea. Egungo joera mantenduz gero, zaila izango da, batez beste, 60 urte baino gutxiago dituen amama izatea. Bizi-itxaropenarekin konpentsatu beharko da gure aitita-amamen eredua eta guk izango duguna.

Dagoeneko, gero eta gehiago dira euren etxean bizitzen jarraitzen duten adinekoak. Horietatik asko 90 urtetik gorako familiaburuak izaten dira. Azken hamar urtetan, gainera, etxegune baten buru diren adin horretako pertsonen kopurua ikaragarria da, %37 izatetik %54,9 izatera pasatu baita. Horrek ondo islatzen du bizi-itxaropenaren gorakada, autonomian oinarrituta.

Horrez gain, gaur egungo bizimoduaren ondorioz, aiton-amonek beste rol bat dute familietan. Bai bikote gazteetan eta bai seme-alabekin bakarrik bizi den ama edo aitaren kasuan, aiton-amonak dira sarri »eta batez ere amonak» bilobak zaintzen dituztenak. Arazo ekonomikoak eta denbora falta dira horretarako arrazoiak. Kontua da amona asko eta asko 65 urtetik gora, seme-alabak hazita, gurasoak hilik eta senarra jubilatuta dagoenean, bilobak zaindu beharrarekin aurkitzen direla. Modu horretan emakume asko aisialdirako denbora berreskuratzen hasi direnean aurkitzen dira bilobak eta askotan seme-alabak »otorduak prestatuz eta baita etxea garbituz ere» zaindu beharrean. Egoera horrek adineko emakume ugari eramaten ditu estres egoerak bizitzera.

Hain zuzen ere, gizarte garaikidearen erronka da kolektibo horren beharrizanei dagokien moduan erantzun ahal izatea.


Mitoak desegiten

Familia tradizionalaren eredua krisian dago 60ko hamarkadaz geroztik. Hala diote behintzat zenbait adituk. Krisian egon edo ez, familiaren definizioa ezkontzatik bereizi da. Eta orain galderak sortzen dira: Zerk definitzen du familia bat? Nortzuk osatzen dute?

Eredu berriez gain, bioteknologiak ere aldatuko du aurrerantzean familia bera. Izan ere, 25 urte baino gehiago igaro dira Louse Brown lehen ume probeta jaio zenetik, eta ordutik, milaka jaio dira. Ez hori bakarrik, hildako gizonen hazia erabili da bere neskalaguna ernaltzeko, amona biologikoen sabelean hazi dira ama antzuen haurrak, menopausia iritsita erditu diren emakumeak ezagutu ditugu...

Gizartearen aldaketek eta zientziaren aurrerapenek familia eredua aldatu dute. Baina egungo familiek garai batekoen funtzio bera dute: familiako kideei babes ekonomiko eta emozionala eskaintzea, haurrak izatea eta hauek heztea eta adinekoak eta gaixoak zaintzea. Eta horrek, behintzat, berdin jarraitzen du.

Legeak betiko gurasoen alde egiten jarraitzen du
Banaka adoptatzeko aukera ematen du Espainiako legeriak. Bikoteek era askean ume bat adoptatzeko eskaria egiterakoan, berriz, gizon baten eta emakume baten arteko ezkontza hartzen da eredutzat. Horrela, banaka adopta dezaketen gay eta lesbianek ezinezkoa dute horrelakorik egitea bikote gisa.

EAEk eta Nafarroako Foru Erkidegoak Izatezko Bikoteak arautzean, adopzioa sexu bereko bikoteei ere luzatu diete. Norbanako gisara dituzten eskubideak, bikotea osatu eta gero ere, bermatzen ditu legeria berriak. Bi legeei helegitea aurkeztu zaie eta, gaur egun, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak euren konstituzionaltasunaz ebatzi behar du. Ebazpena heldu bitartean, baina, ondorio ezberdinak sortuko dituzte bi arauok. EAEko legea indargabetuta dago eta, beraz, ez da aplikagarria. Nafarroakoak, ostera, ondorioak sor ditzake. Horrela, lege horren babesean eratutako familia gune berriak behin-betikoak dira.

Hain zuzen ere, aurten eman dira ezagutzera Espainian bi gizonek edo bi emakumek osatutako familiak aztertzeko egin den lehen ikerketaren emaitzak. Sevillako Unibertsitateak eta Madrilgo Psikologoen Elkargoak egin zuten ikerketa, hain zuzen ere, horrelako familietan hazitako haurrek zein egoera bizi duten jakin ahal izateko. Homosexualek aitatasun eta amatasun froga gainditu dutela esan daiteke, txosten honen arabera.

Izan ere, gay eta lesbianek autoestimu handia dutela eta genero roletan oso irekiak direla ondorioztatu du ikerketak, eta beraz, guraso izateko gai dira. Horrez gain, diru nahikoa izaten dute eta oso arduratsuak izaten dira seme-alaben heziketarekin.

Eguneroko bizimodu erabat arrunta dute horrelako familiek. Haurrek eskolara joateaz gain, hainbat jarduera egiten dituzte, beste haurren moduan. Azterketak argi uzten du, gainera, ikasle lagunen onespena dutela.

Ikerketak bi ezaugarri nabarmentzen ditu soilik gay eta lesbianen haurrengan: batetik, homosexualitatea hobeto onartzen dutela; eta bestetik, genero rolak malguagoak dituztela.

Ezkongabea bai, baina hirian
Hirian bizi diren ezkongabeek sarri ezkondutakoen edo bikotea dutenen inbidia jasaten dute. Bakarrik bizitzea ez baita bakarrik egotearen sinonimo. Baina herri txikietan, nekazal guneetan erabat ezberdina da egoera. Horrelakoetan gizonezkoak dira batez ere bikote gabe bizi direnak, eta horrek hainbat herriren hazkundea eragotzi du. Izan ere, 70eko hamarkadatik abiada bizian ari da emakumea nekazal guneetatik desagertzen. Horren arrazoia, batez ere, bertan zituen funtzioen galeratik dator.

Poligamiak
Monogamia da mundu osoan bikote bizitza arautzen duen modu nagusia. Hala da behintzat Mendebaldean. Eta poligamiaz hitz egiten entzuten dugun bakoitzean Afrikara edo herri musulmandarretara begira jartzen gara. Baina kontua da ikerketek frogatzen dutela gizonezkoen %85ak nahiago lukeela emazte bat baino gehiago izatea. Eta hala ere, Espainian Kode Penalak zigortu egiten du bigamia espetxearekin. Espainian bizi diren atzerritarrek poligamia praktika dezakete, baina beti ere, ezingo lituzkete Espainian euren ezkontzak legeztatu. Ezkontzeko, Espainian, libre izan behar du batek.

Zerbait exotikoa dirudien arren, poligamia «informala» herri guztietan ematen den fenomenoa da. Poligamia modu ezberdinak daude: emakume askorekin ezkontzen den gizonarena; gizon ugarirekin ezkontzen den emakumearena; eta emazte askok aldi berean senar askorekin harremanak dituzten erlazio poligamoak ere badira. Dirudienez, hiru modu horien artean ugariena lehenengoa da.

Gizarte poligamoetan familiako kide bakoitzak dituen rolak oso ongi antolatuak daude: gizonezkoak ezin du dituen emazteen artean ezberdintasunik egin; emakumeen artean jerarkia handia egoten da, egin beharreko lanak modu eraginkorrean banatzen dituzte euren artean eta mesedeak elkar trukatzen dituzte senarrarekin gau bat pasatzearen truke, adibidez.


Azkenak
Patri Urkizu euskaltzale, ikertzaile eta idazle lezoarra zendu da

78 urterekin hil da ibilbide oparoa izan duen euskaltzalea. Euskal Filologian doktore izateaz gain, hamarnaka lan argitaratu zituen, poesian, nobelan zein saiakeran, baita biografiak eta bertso bildumak ere. Lan handia egin zuen antzerkigintza ikertzen.


2024-12-18 | ARGIA
Euskal Y-a ez da Ipar Euskal Herriarekin lotuko gutxienez 2042 urtera arte

Frantziako Gobernuak Espainiakoari baieztatu dionez, Abiadura Handiko Trena ez da Hego Euskal Herrira iritsiko (Irungo loturara) gutxienez 2042 urtera arte. Ez dago Parisen lehentasunen artean.


2024-12-18 | Mara Altuna Díaz
Migratzaileen Nazioarteko Eguna | Alberto Flores-Uranga, artzaina
“Amerikak asko eman dit, baina nik ere asko eman diot Amerikari”

20 urte zituela, Alberto Flores-Uranga Mutrikutik Idahora (AEB) joan zen artzain. Bakardadean, mendietan galduta, maiz koiote eta hartzak begira zituela."Berriro egingo nuke, zalantzarik gabe", dio, garai haiek gogoratuta.


Siemens Gamesak 423 langilerentzako erregulazio espedientea proposatu die sindikatuei

Aldi baterako erregulazio espedienteak aerosorgailu konpainiak Asteasun eta Zamudion dituen lantegietako langileei eragingo lieke eta batzarrean bozkatuko da aurreakordioa.


Mezu kristaurik gabeko Gabon kantak, ikastetxe ugariren aukera

Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.


2024-12-18 | Leire Ibar
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Kontseilua sortu dute Nafarroan

Sortu berri duten organoaren eginkizun nagusien artean daude, besteak beste, diskriminazioaren aurkako politikak sortzea, migratzaileen eta gutxiengo etnikoen elkarteen parte hartzea sustatzea, Nafarroako arrazakeriaren egoera globala aztertzea, eta Arrazakeriaren eta... [+]


2024-12-18 | Julene Flamarique
BSHko langileek lantegiaren “deslokalizazioa” salatu eta manifestazioa deitu dute larunbaterako Iruñean

Alemaniatik etorritako goi kargu batek eman die 655 langileei enpresaren itxieraren berria, ohar bat "hoztasunez" irakurrita, eta langileei “lehiakortasun falta” egotzi die. Langileek presazko bilera eskatu diote BSHko operazio arduradun Pepe Justeri, eta... [+]


2024-12-17 | ARGIA
ETAren armagabetzeaz “esateko zeukan dena” esana duela adierazi du Jaurlaritzak Bakegileen salaketaren aurrean

“Jaurlaritzak esateko zeukan dena esanda dago txosten horretan” adierazi du asteartean Maria Ubarretxena bozeramaileak, Jaurlaritzak 2019an egindako txostenari erreferentzia eginez. Txosten horretan egiten den kontakizuna “faltsua eta interesatua”... [+]


2024-12-17 | Julene Flamarique
Igor Kirillov hil du Ukrainiak, Errusiako armadako babes nuklearrerako, biologikorako eta kimikorako tropen burua

Atentatua astearte goizean izan da, Kieveko auzitegi batek Kirillovi Ukrainako tropen aurka arma kimiko debekatuak erabiltzea leporatu eta hurrengo egunean. 300 gramo TNTko karga zuen lehergailuak, eta Errusiak jazotakoa argitzeko ikerketa bat jarri du abian.


2024-12-17 | Leire Ibar
Gasteizen bizi diren Gazako bost familien egonaldia era mugagabean luzatzeko eskatu dute

Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]


2024-12-17 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Autoktonoa ala inportatua da Hego Koreako krisia?

Hego Koreako presidente Yoon Suk Yeol-ek abenduaren 3ko arratsean gerra-legea ezarriz sutu zuen krisi politikoa itzaltzetik oso urruti dago oraindik. Nahiko argi badago ere kolpea sustatu zutenak ez direla irabazten ari. Oraingoz.


2024-12-17 | Leire Ibar
Urretxindorra Ikastola sexu abusuen “konplize” dela salatu dute

Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]


2024-12-17 | Jon Torner Zabala
Otso edo hartz, abeltzaintzarekin duten elkarbizitza eztabaida-iturri da

Urriaren 19an, Xiberoko Batzorde Sindikalak bozketa egin eta adostu zuen lurraldea "babesteko zaila den eremu gisa" (ZBD) izendatzeko eskaera abiatzea, otsoaren "arriskuari" aurre egitea helburu. Artaldeei eraso egin ez badie ere, artzainek otsoari tiro... [+]


Eguneraketa berriak daude